Horixe izan zen Espainiako Alergologia eta Inmunologia Klinikoko Elkartearen Fundazioak (FSEAIC izenekoak) Alergiaren Lehenengo Mundu-mailako Egunerako aukeratu zuen lema edo ikurra. Lehen jardunaldi hori, beraz, alergia profesionalaren esparrura bideratu zen bereziki, hau da, bere iturria laneko giroan duen alergiara. Eta telefono bat ere jarri zuten martxan, Alergiaren Telefonoa izenekoa (650 777 676), gai honen inguruan zalantzak dituen edonork alergologian aritzen diren profesionalekin bere kezkak kontsultatu eta argitu ditzan.
Jardunaldiaren aurkezpenean esan zen bezala, alergia jasaten duten profesionalen % 20k lanbide-asma esaten zaiona dute. Herrialde garatuetan nahiko ezaguna den asma okupazional horrek laneko giroan aurkitzen ditu bere arrazoiak, eta herrialde horietan bronkioetako asmaren kasu guztien % 15 lanbidearekin lotuak daude. Orain arte 300 baino gehiago dira asma okupazionalaren sortzaile edo eragile bezala identifikatutakoak, eta pertsonak agente horiek arnasten dituenean, aire-fluxuaren butxadura bat sortzen da, horrek arnas krisiak edo asma eraginez. Agente horietako batzuk oso ezagunak dira: zerealen irina, esate baterako, okindegi eta pastelgintzan erabilia; edo tolueno isozianatoa, plastikoak manipulatzen dituzten langileei erasaten diena; edo persulfatoak, produktu kosmetiko edo ile-apaindegietako produktuetan nahiko usuak direnak.
Adituen ustez, asma mota hori eraikin edo etxe itxietan lan egiten duten pertsonetan nabarmentzen da, eraikuntza horien bentilazio-bide bakarra artifiziala denean, edota aire girotuko aparatuen bidez egiten denean