PENEA GARAILE FRANTZIN!


2002ko maiatzaren 05an
Hala gertatu da Frantzian eta orain larri dabiltza ia denak. Ez da bakarra Europan, ordea, hor dira Austria, Danimarka, Espainia... Demofaszismoa eta Totaldemokrazia nagusi dira horietan ere. Lasai beraz frantziarrok, ez zarete bakarrak moda berri hau pairatzen edo gozatzen!

Baina, gogoratuko al dugu zertan oinarritu duen bere jarduna Le Pen jaunak? Familia eta Patria sendotzea izan dira bere bi mezu nagusiak. Betikoa egin du baina, zera azpimarratuz: morenoak eta beltzak Mediterraneora! Eta amua irentsi egin du hamaikak, zergatik ote? Ez ote daukagu arrisku bera gure inguruan ere? Arrazistatik zerbait ez ote dugu gehiegik?
Gipuzkoako Goierrin, gu bizi garen paraje ederrean, gero eta etorkin gehiago ikusten dugu. Garai batean ere hala izan zen, trenbidea pasatzen den inguruko herriak etorkinez bete ziren: Beasain, Ordizia, Zumarraga... Bi kulturak eta bi edo herri gehiagok talka egin zuten. Orduan, baina, agintean zegoena zegoen eta guk isilik egon behar gehienetan!
Egun, bestelakoa da egoera. Sekulako inmigrazioa bizi dugu Goierrin eta, egunez behintzat, oso ongi-etorri abegikorra egin zaie esku lan merkea direlako, egoera ekonomiko ezinhobean gabiltzalako eta lanik deserosoenak egiteko ere prest daudelako, bizilagun berriok. Guk nahi eta behar ez dugun lana isil-isilik (askotan esker onez) egiten duten artean, denok gustura!
Uste dut, hala ere, benetako arazoa sortzen hasi zaigula, zer diote hainbeste moreno eta beltz hartzen ari diren herrietan: Zaldibi, Lazkao...? Ghetizazioa begien bistan ikustean zer sentitzen dute? Herri askotako auzorik pobreenek, jada, zirrikitu guztiak beteta aurkitu dituzte gauetik goizera! Onartzen al dugu lana eginez bizitzera etorri direnak ghetizazio egoera horretan edukitzea? Axola al digu euren bizitzak eta bizi ezinak? Arrazistak ote gara? Eta, hala ez dela garbi daukanak ere, zer esango ote du denbora pixka edo puska bat etorkinez inguratuta daramanean, bere hizkuntza erabili ezinik, lehen zeukan lasaitasunik gabe, haien aldean aberats garenon erosotasunak kolore nahasia hartzean, bizi ezinak eragindako "daukanari kentzeko edo harrapatzeko" joeren aurrean, belaunaldi gazteenek inguru hauetan ezagutu ez dituzten eskaleen aurrean... zer?
Euskaldunok ere etorkin izan gara zenbait lekutan eta ulertu behar dugu esatea, ez da irtenbidea. Badakigu horrela izan dela baina, hori bizitzea tokatu zaionari galdetu behar, zertzuk pasa zituen. Eta hobe galdetzea: zer behar eta ez zuen izan egoera hartan.
Nik, hari horri tiraka, konponbide bakarra daukagula uste dut: integrazioa berehala. Bitartekoak jarri behar dizkiogu bizimodu bila borondate onez datorrenari ezagut gaitzan eta ikas dezan guretik guk beretik ikasten dugun heinean. Bai, denon dirutik asko daukagu jarri beharra horretarako. Eta zer? Ez al gara ari azken 30 urtean gauza bera egiten? Beharrago genuen, hasiera-hasieran integraziorako urratsak nork emana izan bagenu, bitartekoak nork jarria, beste kuku batek joko liguke orain!
Batetik, gero dionak bego diola erakutsi digu atsotitzak eta bestetik, heldu zaizkigun helduenak ez baditugu eskolaratzen, beste belaunaldi bat ari gara atzeratzen gure hizkuntzaren berreskuratzean. Hobe dugu, beraz, haur eta gaztetxoekin soilik ez hastea presupostu eta adin aitzakiak medio. Gainekoz azpira hastea hobe: helduak aurrena, hauek etortzen baitira lehenik eta haiek ondoren.
Integrazioa, dena den, eskolara mugatu dudanik ez bekio inori burutik pasa. Ni jabetzen naiz lanik zailenetakoa izango dela, bizitzeko behar duena atera ezinik dabilena eskolan "denbora galtzen" egon dadin konbentzitzea. Sinestarazi behar diogu gure eginkizuna dela berari laguntzea eta, berea, gure gizartea bere osotasunean onartzea eta bertan integratzea. Horretarako lanean, soldatan, harremanean, bizimoduan... ere, integratzeko bitartekoak eskura jarri behar dizkiogu.
Hoixe kontue, esangoo goierritar bapaino gehiok baina eztaukeu beste aukeraik, eo hori eo txakurre ta katue bezela hasi berrize! Eta baator hori, hobetogo esanda, hemen dau!


ASTEKARIA
2002ko maiatzaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude