AITZOLEN PAPER GORDEAK


2002ko apirilaren 28an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Ez dakit euskal izendegian pareko kasurik ba ote den. Jose Ariztimuño Olasok bere bi abizenen hasierekin asmatutako izenordea, Aitzol, izen propio arrakastatsu bihurtu da azken urteotan. Izen eufonikoa sortu zuen Ariztimuño apaizak eta hortik datorkio onespena, ziur, eta ez horrenbeste Euskal Pizkundeko protagonista eta gerrako martiri izatetik. Gure «per cápita»ko jakintza maila ez da horraino iristen.


Paisanoz jantzita ikusi zuen Polixene Trabudua EAJko mitinlariak Aitzol Donostian; 36ko uztailaren 19a zen eta Altxamenduaren mehatxua gainean zeukaten. Emakumea izan Polixene, eta ez zuen apaiz kamuflatuaren jazkerako detailerik galdu: praka «milrayas»ak, alkandora zuria eta gerriko gorria. Handik gutxira Iparraldean ihesi zebilela egindako argazkietan alkandora koadrodun zabalaz ageri da, eta txapela Goenkaleko D. Luisek erabiltzen duen estilora.

Beste emakume donostiar bati adituta nago «Aitzol, planta oneko gizona. Harro samarra agian apaiza izateko. Ze sotana erabiltzen zituen!». Ikusi berri dudan fakturan extra bat ageri da, bai, merinozko sotanan: zetaz forraturiko botoiak. Sotana hori listera ez zen iritsiko Aitzol. Segurasko milrayasak soinean zituela joango zen Fausto Arozenarengana, eskuartean zerabiltzan paperak gordean uztera. Arozenak hain gorde zituen isilpean, urteak egin dituztela Gipuzkoako Diputazioko Liburutegiko zokoren batean, inork ikutu ere egin gabe. Eskerrak Diputazioan badirela funtzionario «sherlock»ak, eta haritik tiraka paperak miatu, klasifikatu eta jarri dituzte Fondo Gordeetan ikerleren batek noizbait aztertu nahiko balitu prest.
Ni, kontakatilu ofizioaz, kuxkuxean ibili naiz, besterik gabe. Eta aurkitu ditut, adibidez, Manuel Irujok Aitzoli idatzitako gutun sutsuak, edo artikulu are beroago bat apaiz eta maisu erdaldunen kontra, non Danteren Inpernura bidaltzen dituen batzuk eta besteak. Marcelino Oreja Elosegi diputatuaren karta ere bai, Mondragoetik igorria, zorionak emanez Aitzoli «El Día»ko artikulu batengatik. Egunkari horretan argitaratzeko eskatuz Gotzon (sic) Sukiak Zaldibitik bidalitako poemak. Orixek «Euskaldunak»erako egindako hitzaurrearen zirriborroa.
«Yakintza» aldizkariko harpidedunen zerrenda oso osorik dago. Harpidedunen artean, eliz jendeaz eta Alderdiko sareaz gain, herrietako idazkari, farmazilari, mediku, alkate, maisu eta jende ilustrea orohar. Diasporan, misiolariak, eta horien artean adibidez Pablo Mandazen nafarra, iazko euskaldun unibertsala, sasoi hartan Colombiako Barranquillan zegoena.
Aitzolek ez zuen astirik izan «Euzkadi continental, lucha, muerte, resurrección» izenburupean Iparraldeari buruz idatzi nahi zuen liburua osatzeko, «La democracia en Euzkadi»ren jarraipena izan behar zuena. Hor dago, eskuz idatzitako koadernotxotan, liburuaren egitura, atalez atal. Azkenengoa, «Resurrección de Euzkadi», erabat hutsik dago.


Badator ekaitza. Gasteizko Gotzainaren partetik Bikarioak kontuak eskatzen dizkio Zegamako papelerako langileen aurrean Solidarioen alde egindako hitzaldiarengatik. Aitzol ez da kamusten erantzunean. Bere argudioa, besterik eskaini ezean, gazteak komunismora doazela. Horri eusteko, dio Aitzolek, gazte komunista asko Muñoaren ikastoletatik -Donostiako lehen ikastola izan zen hura- irten direla (!).

Aitzolen paperek, isil izkutuan, nagusiak baino paradero hobea izan dute. Jacques Pelletier kazetari frantziarrak «Ariztimuño apaiza desitxuraturik» ikusi zuen Ondarretako gartzelan, «aurpegi beltz eta puztuarekin», eta horrela eraman omen zuten afusilatzera, Hernanira. Eskerrak Espainiako Gobernuaren ordezkaria ez den ohartu gero eta mutil gehiago dagoela Aitzol deritzana


Azkenak
Eguneraketa berriak daude