BUSHEN PROTEKZIONISMOAK GURE ALTZAIRUAN ERAGITEN DU


2002ko apirilaren 21ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Behin Bushen administrazioak Ipar Amerikako inportazio siderurgikoei muga-zergak ezarrita, iragan martxoaren 20an hasi zuten Amerikako Estatu Batuek eta Europak altzairuaren gerra komertziala. Amerikako politika hori dela medio, gerta daiteke hirugarrengo herrialdeek Europa altzairuz jostea. Horregatik, kontraeraso moduan, Europako Batasunak ere muga-zergak ezarri ditu, altzairuaren sarrera eragozteko eta siderurgiako konkurrentziari lehengoan eusteko. Amerikako neurriek kalte dezakete, halaber, Euskal Herriko altzairugintza.
Munduko beste leku batzuetan ere jasango dituzte, berebat, gerraren ondorioak, hala nola, Japonian eta Korean. Eta, hain zuzen, hirugarrengo herrialdeek altzairua Europara desbideratzea izan daiteke berehalako ondorioetako bat. Horrela gertatuz gero, jaitsi egingo lirateke Europan siderurgiako prezioak eta arriskuan ikusiko lukete beren burua sektoreko enpresaren batzuk.
Halaxe da. Estatu Batuek, barruko industria siderurgikoa babesteko, zeinean ez baitzen gertatu Europakoan bezalako birmoldaketarik eta are gutxiago Euskal Herrikoan bezalakorik, joan den martxoaren 20az geroztik eta datozen hiru urteetarako, hesitu egin dute altzairuaren inportazioa, muga-zergen bidez: %30 ere ezarri diete produktu batzuei. Diotenez, «industria berregituratzeko, gaitasuna gutxitzeko eta produktibitatea handitzeko balioko diete neurri horiek».
Zenbatekoari dagokionez, muga-zerga %30ekoa izango da lehen urtean, %24koa bigarrenean eta %18koa hirugarrenean, dela automobilentzako eta etxetresna elektrikoentzako altzairu laminatuetan, dela janariak, edariak eta bestelakoak paketatzeko latorrietan, dela altzarientzako, ekipamenduentzako eta motorren ardatzentzako barra beroan laminatuetan/hotzean bukatuetan. Ondoko beste produktu hauetan, hots, autobideak egiteko eta eraikuntzako barra indartuetan, oliobideetako tutu soldatuetan, sarrailentzako hagaxketan, automobilentzako eta hegazkinentzako barra herdoilgaitzetan eta medikuntzako, hegazkinentzako eta ixteko alanbre herdoilgaitzetan, berriz, %15ekoa izango da lehen urtean, %12koa bigarrenean, %9koa hirugarrenean eta %8koa hiru urtetan. Horiez gainera, plakekin ikuskizun duten gauzakiei ezarri diete muga-zerga (ia guztiei, baita automobilentzako plakei ere). Azkenik, muga-zergarik ezarri gabe utzi dituzte, hala lanabesentzako altzairua, nola oliobideetako osagarrientzako ertz herdoilgaitza.


BIRMOLDATU GABEKO INDUSTRIA.

Ipar Amerikako administrazioaren arrazoi ofizialen arabera, nahiz eta 2000-2001 urteetan %20an gutxitu, siderurgiako inportazioek kalte handia egin diote hango altzairugintzako industriari, eta, horregatik, noraezekoa gertatu zaie muga-zergak ezartzea. Europako inportazioak, berriz, lau aldiz handiagoak izan dira azken lau urteetan, eta prezioek behera egin dute etengabe. Adituek diotenez, nabarmen aldatu da Europako industria siderurgikoa azken hogei urteetan: berregituratze gogorrak egin dira, gaitasuna eta milaka enplegu murriztu dira eta konkurrentzia oneko industria bihurtu da. Ipar Amerikan, eginkizun dute oraindik hori guztia, eta Bushen administrazioak berak eman dituen datuen arabera, erreka jota omen dago hango enpresa siderurgikoen %30.
Adibide gisa, aski da Espainiako eta Euskal Herriko altzairugintzaren bilakaerari erreparatzea; bereziki administrazio publikoari lotutako Bizkaiko Labe Garaiak eta Ensidesa enpresen kasuei. Birmoldaketa mingarria eta nahiko basatia egin ondoren -instalazioak gutxitu, milaka lanpostu desegin, enpresak berak desegin...-, aktibo errentagarriak elkartu eta korporazio siderurgiko berria sortu zen. Pribatizatu ostean, beste Aceralia bat egin eta nazioarteko talde batean sartu ziren, Luxenburgoko Arbed enpresaren eskutik. Joan den urtean, azkenik, Acelor taldea sortu zuten, Aceralia, Arbed eta Frantziako Usinor enpresekin batera, nazioartean konkurritzeko moduko enpresa nazioartekoa izatera iristeko.
Horrela, munduko altzairu-ekoizleen rankingeko lehen hamarretan, ez da ageri Ipar Amerikako enpresarik. 2000ko datu ofizialen arabera, hauexek dira altzairu-ekoizleen sailkapeneko lehen hamarrak: egoitzaz Luxenburgokoa den Acelor (54,8 milioi tona urteko), Japoniako Nippon Steel (28,4 milioi tona urteko), Hego Koreako POSCO (27,7 milioi tona urteko), Holandako Ispat Int (22,4 milioi tona urteko), Erresuma Batuko Corus (20 milioi tona urteko), Alemaniako ThyssenKrupp (17,7 milioi urteko), Txinako Shangai Baosteel (17,7 tona urteko), Japoniako NKK (16 milioi tona urteko), Italiako Riva (15,6 milioi tona urteko) eta Japoniako Kawasaki (13 milioi tona urteko).
Europako analistek prentsa espezializatuan egin dituzten adierazpenen arabera, Bush lehendakariak bere burua politikoki mesedetzeko hartu du erabaki hori, batik bat. Estatu Batuetan, Ohion, Pennsylvanian eta Virginian ekoizten da altzairua, eta, hain zuzen, datorren azaroan sei aulki izango omen ditu jokoan hango Ordezkarien Ganberan.


ERAGINAK EUSKAL HERRIAN.

Estatu Batuek beren lege propioen kontra hartu dituzte neurri protekzionistak, hau da, neoliberalismoaren aitzindari den Merkataritzako Nazioarteko Erakundearen legeen kontra. Horrela izanik, Europan larritu egin da hainbat jende, zuzeneko nahiz zeharkako eraginengatik, eta Europako enpresen eskubideak zaintzeko neurriak hartzeko eskatu diote Europako Batasunari. Europako Batzordeak 2.500 milioi eurotan balioetsi du muga-zergen zenbatekoa, eta, diotenez, neurriek 6 bat milioi altzairu-tonatan izan dezakete eragina. Nola Europan 160 milioi tona ekoizten baitira altzairu landugabean, sei milioi tonen erasanak ez dirudi hain larria.
Dirudienez, zeharkako ondorio ekonomikoak izango dira larriak. Muga-zergak direla kausa, munduko hainbat lekutako produktuak ezingo dira Ipar Amerikako merkatuan saldu, batez ere Txinakoak eta Koreakoak. Kontuak horrela, beste merkatu batzuetan saltzeko ahalegina egingo dute Asiako ekoizleek, batik bat Europako merkatuan saltzekoa. Konkurrentzia horrek, jakina, prezioen jaistea eta siderurgiako enpresa batzuen iraun ezina ekarriko lituzke, ziur aski.
Euskal Herriko altzairugintzari dagokionez, Bushen administrazioaren neurriak ez dira izango nonbait hasieran uste zen bezain kaltegarriak. Muga-zergak ezarri zirenean, sektore gehiagori erasango zien iritzia zabaldu zen. Hodigintzan, esate baterako, uste zen, Ipar Amerikara ugari esportatzen duten enpresak izanik, bai Tubacexek, bai Tubos Reunidosek, erruz nabarituko zutela egoera. Bateko nahiz besteko zuzendaritzetatik jakinarazi denez, ordea, neurriek ez dute batere eraginik izango beren jardunean. Euskal Herriko enpresen artean, benetan, bi talde hauek nabarituko dute neurrien eragina: Aceraliak (garai bateko Bizkaiko Labe Garaien taldea. EAEn eta Nafarroan dauzka instalazioak) eta Sidenorrek (Hegoaldean eta Espainiako hainbat lekutan dauzka instalazioak), zein baita, bestalde, Espainiako ekoizlerik handiena, altzairu berezietan. Azkenik, Estatu Batuetan saldu ezin den hirugarrengo herrialdeen altzairua Europara iristen bada, jaitsi egingo dira prezioak eta, noski, Euskal Herriko siderurgiak ere nabarmenduko du beheratze hori

Europako Batasunaren erantzuna
Europako Batasuneko merkataritzako ordezkariek eta ministroek plan bat diseinatu dute, Estatu Batuek hartutako erabakiek, hango altzairu-inportazioei %30 arteko muga-zerga ezartzeko deliberamenduek, zein joan den martxoaren 20an jarri baitziren indarrean, Europako altzairuaren industria kalte ez dezaten. Europako Batzordeak inportazioko kuota maximoak ezartzea lehenetsi zuen, Estatu Batuetan sartu ezin den altzairu guztia -batik bat, Txinakoa, Hego Koreakoa, Japoniakoa, Brasilgoa eta Egiptokoa-, Europan merkatura ez dadin. Izan ere, egoera horretara iritsiz gero, ziurtzat jotzen da prezioen beheratzea eta Europako enpresa batzuen porrota.

Neurri babesgarri horiek martxoaren 28an jarri ziren indarrean, sei hilabeterako. Arauen arabera, %14,9 eta %26 arteko muga-zerga ezarriko zaie altzairugintzako hamabost produkturi, baldin inportazioetan Europako Batzordeak ipinitako muga gainditzen badute. Europako Batasuneko arduradunen esanetan, ez dute norgehiagokarik nahi, baizik eta beste hau da kontua: «Gure interesak eta Europako industria siderurgikoarenak defendatu beharra daukagu». Europako Batasuneko Merkataritzako komisarioak adierazi zuen litekeena dela, Europako Batasunean eta urteko, Hamabostek lehendik inportatzen dituzten 27 milioi tonez gainera, beste 15 sartzea.
Europako Batasunaren erabakiek, dena dela, gutxi erasango diete Estatu Batuei, zeren ez baitute altzairurik esportatzen; nabarmen, ordea, Txinari, Brasili, Egiptori eta Hego Koreari, herrialde horiek izango baitute, hemendik aurrera, produktuak Europan merkaturatzeko beharra


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude