Aginagako erriberetatik

  • "Gure bazterrak bustitzen dituzun ibaia..." grabatu zuen Benito Lertxundik duela 27 urte, Lizardiren "Oro laño mee batek" hitzekin bataiatu zuen diskoan. Errio likitsa zen garai hartan Oria, aparra zeraman gainean, korkoi zikinjale batzuk baino ez ziren ausartzen bere uretan gora... eta hala ere, Goierri eta Tolosaldeko paperfabriken pozoiak eta gainerako zaborrak zekartzan ur haietan bainatzen ginen, haur eta gaztetxook.Antzina oso aberatsa izana zela errio ura, hala zioten zaharrek. Aginagaraino -ekaitzen baten ihesi?- marzopa bat ere iristen ikusia zuten gure aitak eta. Baita hil ere. Haiek gaztetan ezagututako arrainen izenak ere kontatzen zizkiguten. Gure ibaia usteldua eta kasik hila zen 60ko hamarkadarako, baina Usurbildik hasita Orioko barraraino haren inguruan bizi ginen asko hala ere. Tarteka angula batzuk harrapatuko zituzten, negu-udaberrian. Udan papertegiek opor hartzen zuten tarte labur horretan -Franco zetorrelako errekak garbi nahi zituztela esaten zuenik bazen- ixkirak eta bestelako arrainak harrapatu zitezkeen, baita hamarrak-karramarroak ere. Ustel usaina kentzeko, egosterakoan hainbat martingala erabiltzekotan, noski.Gure garraiobide ere bazen Oria, antzinakoentzako bezala. Urez beste aldean ziren lurretara alaz joaten ginen. Ez begiratu Azkueren hiztegian: ala zer zenik ez zen enteratu. Azpi planoa duen ontzia -txanela- da ala, eta arraun luze bat den polainarekin gidatu eta mugiarazten da. Ala asto-karroak edo idi parea eta gurdia urez beste aldera eramateko, ala belarretarako, ala anguletarako. Eta ala Orioko Uribezar hondartzatik -Oibazar, Oribazar eta antzeko izenez bataiatu diguten paraje haren izena hori omen da- hondarra edo area ekartzeko.

2007ko otsailaren 21ean
Errioa eta mareak ditu Aginagak, eta horrek bihurtzen dizu paraje berezi. Oriak eta egunero bi aldiz igo eta beste hainbestetan jaisten den mareak markatu dute Aginagaren historia, bizitza, eta paisaia. Badu mendia eta badu erribera, ur geza eta gazia, sekainak eta erriberak. Behetarrek ibai bazterreko lur oparoak landu izan dituzte. Menditarren baserriek soro eta zelai malkartsuagoak dituzte. Hizkeran ere bereizi daitezke batzuk eta besteak, denetara 500 biztanle izango badira ere. Gaztetako joerak ere hala izan ditugu diferenteak, Aia edo Zizurkil aldera, edo Orio aldera.
Gipuzkoako kostaldean, Usurbildik Oriorako bidean -edo Oriotik Usurbil aldera zoazela- seguruenik oharkabean pasatua izango zara behin baino gehiagotan handik. Geratu zaitez nirekin, gaurkoagatik. Eta agian pare bat ordu (edo nork daki, egun oso bat) dotore pasatzeko artea egingo dugu.
Tamalez, Aginagako kaxkoan erakutsi genezakeen gauzkarik politena galdua dugu. Eliza ttiki eta polit baten jabe zen Aginaga, inguruan teilatupe edo zimitorio xarmangarri bat zuela. 60ko hamarkadan, apez megalomano baten ametsak eta diru berriaren pozetan modernitatean sartu nahi zuten herritarrek pikutara eraman zuten eliza hura. Haren eraikina zutik geratu da eta ikus dezakegu, askotarako balio ez duela geratu bada ere. Aldiz, 60ko hamarkadako euforiak zer ziren ulertzeko ondo balioko dizun eliza berria bisitatu dezakezu. Neurtu itzazu haren metro koadroak, kalkula ezazu haren mantenu kostea, pentsa barruan 200 lagunentzako zinea ere badagoela, ikusi dorre bitxia... eta tristetu zaitez pixka bat nirekin.
Oinezko ibilaldi polita egin dezakegu elkarrekin. Lehenik, Aginagako kaxkotik hilerrian barna gaineko muinora igo, eta parajearen ikuspegi orokorraz jabetu: hamar minututan zaude Alejandro Tapiak estudiotzat daukan etxe txikiaren ondoan: ezkerrean duzu Lasarte, han hasten baitira Oria ibaiaren meandro-erribera zabalak, eta begiek eramango zaituzte zokoan geratzen den Zubieta, Usurbilgo kale zaharra, San Esteban gaina, Txokoalde bitxia, Aginagako errio bazterrak... eskuinean Orio inguruetan begiak galtzeraino.
Etxebeste, Galdagorri... goazen Aginagako kaxkotik Orio aldera, errepide nagusiaren ondotik. Ezkerretara, antzinako karobi bat daukazu, Lertxundiko nagusi gazteek txukun atxikia. Eskuinean antzinako familien izena daraman Mutiozabal baserri ederra, eta aurreraxeago seguruenik errepidetik hainbat aldiz hain eder ikusi duzun Urruzmendi. Aurreraxeago, Uriberri-berri etxearen ondoan, antzinako teila labe bat ere ikusi dezakezu. Anguleroen etxe berri dotoreen ondotik paseaz, kilometro bat egiterako iritsi zara Mapil aldera.
Oria ibarrean ontzigintzan egon diren ola zaharren azken hondarretako batzuk hor zeuden. Etxea bera bota berria dute berria eraikitzeko, baina harrituko zara ibai bazterrean halako kai-molla ikusten duzunean: Oriotik hondarra honaino ekartzen zuten duela hogei urte arte, ontzi handi batean, marearen sakonera aprobetxatuz. Inguru horretan oraindik badira aipatutako alak eta horiek lotzeko alagune edo aluneak. Ikusi Uriberri zaharberritu politean nagusiak bertan diren, eta han badira eta gure lagunak zaretela esan, ala eta angulen hainbat kontu esango dizute. Mapilko Patxi aurkitzen baduzue kasualitatez, Aginagak Donostian arraunean irabazi zituen bi banderen albistea ere zuzen kontatuko dizue.
Eta ibai bazterretik abiatuko gara gorako norabidean, Gipuzkoako erriberarik ederrenak ikusiko dituzue. Laborantza era berrietara moldatu da hemen ere -marka propioa aldarrikatzen duen piper sailak eta beste- baina duela mende bateko laborantzaren aztarnak ere ikusiko dituzue: artoa eta babarruna, lur sailen arteko azekiak, errotazio sistema... Oinetako sinple batzuekin, errio bazterretik berriro Aginaga aldamenetik pasa eta Txokoalderaino joango gara.
Antzinako usaina dario inguru honi guztiari. Hemen daukazue, Zumeta pintorearen jaiotetxe berritua den ostatuaren parean, Zataraindarren dorretxea. Erdi Aroko dorre baten gainean eraikia -arku zahar bat atxiki du hartatik- XX. mendean eraikitako palazio bat da. Anbrosio Zatarain eta bere aita Anbrosio -Don Anbrosio, ingurukoentzako- XX. mende hasierako euskalgintzan ezagunak izan ziren, eta ARGIAren gerraurreko historian erdi-erdian zeuden. Zataraindarrenak ziren inguru hauetan hainbat baserri: aipatu dugun Urruzmendi hura, tren geltokiaren inguruetan diren Iparragirre eta Ilunbe, eta beste hainbeste, baita ondoan duen eta oraindik ere seguruenik funtzionatuko duen errota ere... Jon Etxaideren aita zen Inazio Mari Etxaiderena zen aldiz karreteratik hurbil dagoen Galardi Azpi: udaretan haruntza nola etortzen ziren samur aski kontatzen zuen Jonek.
Bidez bide, errekazulo batetik barrena, Zentrala pasa eta Goiko Errota eta Txanka dauzkagu. Izenak eta eraikinen estiloak antzinako garaietara garamatzate. Eta zulotik gaina hartzen goazen neurrian, Urda, harri zilarrezko horma eta Erdi Aroko leiho eta guzti. Bidean, lehentxeago, ondo begiratu: aipatu dugun errota eta txankarako urak biltzen zituen antzinako presa ere ikus daiteke, pinudi bihurtuta. Laster gara San Estebango elizaren ondoan. Urdaiagako San Esteban: hemengo fraideenak ziren ermita, aipatu Urda baserria, errota eta txanka, eta baita gaur Aginagako sagardotegia den Urdaira ere, ibarraren beste aldean, parez pare. Erromeri leku aparta zen San Esteban, eta kokagune estrategikoa ere bai. Santa Kruzek liberalekin izandako batailako tiro hotsak ere ez dira oraindik erabat isildu. Urtegiaren gainean Usurbilgo udalak egin duen jolastokiarekin eta Leize ondoko paraje bitxiarekin, bazkaltzeko bezala ordu pare bat pasatzeko aukera polita ematen du.
San Estebandik Usurbil aldera jaitsi. Santuene, zubi zahar honetaraino iristen da marea. 50-60ko hamarkadan hona heldu zen Espainiatik ekarri zuten etorkin marea ere. Etxe itsusi ahal bezala edertuetan nabari da. Eta hemendik, tunela egin aurretik trenak egiten zuen bidetik barrena itzuliko gara horko erribera eta baserri politak ikusiz berriro Txokoaldera eta hemendik Aginagara.
Itzuli honetan, urrats lasaia eginez eta tarteka geratuz, hiru ordu baino ez dugu eman. Ba al duzu ordubetetxo bat gehiago? Galde ezazu nondik joaten den Arrillaga Aundi baserrira. Kokagune diskreto eta aldi berean oso estrategikoan eraikia, XVII. mendeko baserri honek bere ganbara edo mandioan tailatutako zurak ditu, irudi antropomorfoekin. Bitxi bat da, ondoan dituen artadi txikien ondoan, eguzki betean.
Trenez edo txalupaz
Usurbildik Oriora bazoaz trenez, eta batik bat irail-urrian egokitzen bazara, orduan ulertuko duzu bere osotasunean Lizardiren "Oi Lur" zaharra. Txokoalde eta Aginagako erriberak beste ikuspegi batetik erreparatuz, hortik Orioraino dauden soro oparoez harrituko zara. Eta harrituko zara nola dauden oraindik espekulazioen hatzaparretan ito gabe. Borroka gogor batek -herritar urri batzuk eta herri politikari argi batek egindako lanari esker- erdietsi zen. Txanponaren beste aurpegia? Oriora iritsi aurreko erribera, bi sosetan Gipuzkoako Diputazioan informazio pribilejiatua zuen notable batek erosi eta izorratua, hondatzen segitzen dutena.

Baina badugu paraje hauek ezagutzeko garraiobide are eta hobe bat: txalupa. Alan eta polainean egitea luzeegi eta neketsuegia litzateke. Baina Orion galdetuz, Goenkalek eman dion famari esker pentsatzekoa da aurkituko duzula -ez dakit zenbat kobratuko duen- bere motorrean paseatuko zaituen norbait. Horrela, edo zure kasara, ibiltzea lortu baduzu, abiatu zaitez Orioko barratik. Behetik gora abiatuta, eskuinetara duzu Uribezar edo Torretxoko hondartza. Eta ezkerrean, erriberak erriotik babesten dituen lur muntoa: zanpiura deitzen zioten zaharrek. Oriok -bere fisonomia hondatzeko egin dituzten astakerien gainetik- eta ibaiaren beste aldean den Santio Errekak egun oso bateko paseoa merezi du.
Ibaian gora, Ortzaika auzoa daukazu, oriotarrak baina Orioko kaxkokoak ez diren arraunlari handi eta heterodoxoen auzoa, Kortarena bidenabar. Aurreraxeago, zanpiuraz -eta marearen arabera funtzionatzen duten konportaz- babestutako erriberak. Itzao eta Zalmaztegi aurrerago, eta Sarikola: ala eta txalupen gune klasikoa, inguru hauetan izandako bertsolaririk handienaren -Gazteluren- sorlekua. Hemendik aurrera Aginaga da.
Lehen aipatu dugun Mapil horretan egiten omen ziren inguruko ontzirik handienak, eta famatua zen. Bidean, legar bat pasea dugu, eta gorago, Txorkoan, marea behean ageri eta goran ezkutatzen den beste ugarte bat dugu. Honaino iristen ziren Andatza menditik ateratzen ziren zuhaitzak eta ola zaharretako burdin eta ikatzak, itsasoratzeko. Eta aurrerago joanez, Txokoalde. Portutxo baten aztarnak baditu oraindik. Hemen ere ontziolak baziren, eta horko etxe batek zerbaitengatik izango du Sutegi izena. Neguko ilunabarretan, ondo erreparatzen baduzu eta sasoia bada, farolen bat ikusiko duzu: anguletan ari diren seinale.


Azkenak
2025-05-02 | Mikel Zuloaga
Askatasunaren Ontzidiko Mikel Zuluaga ‘Mikelon’en adierazpena Maltatik

Deshumanizazioa barru-barruraino sartu da Mendebaldeko botereetan, eta axolagabekeriaz begiratzen diote Gaza pairatzen ari den holokaustoari; Gazan, bonbek hiltzen ez bazaituzte, goseak hilko zaitu.

Gure itsasontzia bonbardatu duten honetan inpotentzia erabatekoa da, gu ondo... [+]


Palestinaren aldeko Askatasunaren Ontzidia bonbardatu dute Maltatik gertu

Ostegunetik ostiralerako gauean dronekin egin diote eraso Gazako blokeoa apurtu eta genozidioa salatu nahi duen nazioarteko ekimenaren itsasontziari, Maltatik hamahiru miliara, nazioarteko uretan. Aktibisten artean Mikel Zuluaga Mikelon euskal herritarra dago. “Hemen hau... [+]


Immigrazioa eta sindikatuak, eskubide unibertsalak ala porrot kolektiboa

Gabezia guztiekin ere, sindikatuek gizateriaren alde inoiz egon den beste edozein giza erakundek baino gehiago egin dute. Duintasunari, zintzotasunari, hezkuntzari, ongizate kolektiboari eta giza garapenari beste edozein pertsona-elkartek baino gehiago lagundu... [+]


Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada

Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera... [+]


Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak

Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde.


Itzalaldiaren biharamunean, Espainiako Gobernuaren eta Red Eléctrica de Españaren arteko tirabirak dira nagusi

Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia... [+]


Homo erectusek hitz egiten zekiten?

Rudolf Botha hizkuntzalari hegoafrikarrak hipotesi bat bota berri du Homo erectus-i buruz: espezieak ahozko komunikazio moduren bat garatu zuen duela milioi bat urte baino gehiago. Homo sapiens-a da, dakigunez, hitz egiteko gai den espezie bakarra eta, beraz, hortik... [+]


Iraultza, iraultza baino lehen

Böblingen, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1525eko maiatzaren 12a. Georg Truchsess von Waldburgek Wurtembergeko nekazari matxinatuak mendean hartu zituen. Handik hiru egunera, maiatzaren 15ean Filipe Hessekoak eta Saxoniako dukeak bat egin zuten errebelde turingiarrak... [+]


2025-04-30 | Jon Torner Zabala
Aramu + AimarZ
Bizirik bada, musikaren berotasunagatik da

Aramu + AimarZ
Noiz: apirilaren 26an.
Non: Zumarragako Zelai-Arizti frontoi irekian.

---------------------------------------------------------

Udalaren webguneak dio: "Bide Bizia marka turistikoa eta izen bereko jaialdia Zumarragaren arima munduari erakusteko,... [+]


Gorputz hotsak
“Oso literala naizenez, marrazten dudana ulertzea gustatzen zait”

Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]


Eguneraketa berriak daude