«Taldea Tourrean sartzea lortuta, utzi egin nahi nuen»

  • eta telebista txikian gaurko etapako irudiak. Gora Euskadi!
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Zer beharrei erantzuteko sortu zen Euskadi Fundazioa, eta zein izan da bere ibilbidea?
Beti joan izan naiz Tourrera eta Girora etapak ikustera, eta jabetzen ginen hemengo txirrindulariek ez zeukatela irteerarik, afizionatu mailan gelditzen zirela. Hemengo lasterkarien parekorik Espainian bazegoen, Espainiako taldeek beti euren lasterkariak hartzen zituzten.
Horregatik jaio zen Euskadi Fundazioa. Agian ilusio gehiegirekin hasi ere. Pentsatzen nuen afiziorik onena genuela hemen, eta egia da; oinarririk onena genuela pentsatzen nuen, eta egia da; eta pentsatzen nuen laguntzarik onena edukiko genuela. Hori ez da izan egia. Sozioen kaptazioa egin eta esperantzagarriak izan ziren lehenengo berbak, 11.000 sozio edukitzeko modua ikusi genuelako. 11.000 horietatik sozio izateko modukoak azkenean 2.000 izan ziren. Hori oso hasiera gogorra izan zen, Diputazioek ere ez zutelako behar bezala erantzun. Bizkaikoak beti ondo erantzun du, baina Gipuzkoakoak proiektua ontzat joagatik ez du askorik eman, eta Arabakoak berdin.
Zabuka-zabuka, akaboan heldu ginen 1997ra. Une horretan ikusi genuen taldeak bide bi zituela, edo babesle ona topatu eta aurrera egin, edo osterantzean fundazio moduan talde txiki bat izan. Afizioari Tourrera joateko hitza eman zitzaion eta ilusioa piztu genien, baina gero dirurik ematea ez zaio inori gustatzen. Orduan ikusi genuen, taldeak babesle on bat topatzen ez bazuen ez zeukala zer eginik.

Afizioa badago beraz, dirua jartzea da arazoa.
Afizio ona dago hemen, baina toki askotan gertatzen den bezala, agian afizioak uste du besteek egin behar dituztela lan guztiak. Orain ere ikusten da taldeak zer egin duen Tourrean eta gure herriko taldea da, baina afizioa hortxe mantentzen da, 3.100 lagunen bueltan. Horrek esan nahi du afizioak ez duela eskua poltsikora sartu gura. Alde batetik, ulertu behar dena da lasterketa bat ikusteko ez duzula ordaindu behar, hori egia da. Tira, dugunarekin aurrera egingo dugu, eta ez badator laguntza gehiagorik, pentsatu egin beharko da ondo. Une honetan, mundu mailan hamabosgarren lekuan dago gure taldea, eta aurrekontu honekin ezinezkoa da hor eustea.

Zein irizpiderekin aukeratu zenuten babeslea?
Babesle ona topatzeak bere zailtasunak ditu, Euskadi bezala edonorekin ezin zarelako joan. Dagoen etxerik onena Eroski zela ikusi genuen. Eroskirekin bilerak egin genituen, baina azkenean eurek ezin zutela esan ziguten (gero begira non bukatu duten). Hori ikusita apurtxo bat nekatuta egon nintzen, dena uztekotan. Baina lagun onen bidez Euskaltel topatu genuen. Enpresa berri bat, hemengoa, bidean elkarrekin ondo joateko modukoa.

Euskaltelen babesa lortu duzuenetik, aldaketaren bat izan da filosofian?
Ez, filosofian ez. Aldatu diren gauzak onerako izan dira. Euskalteli esker, bertan ateratako txirrindulariak hemen gelditzea lortu dugu. Lasterkari askok jaso dituzte eskaintza onak, baina hemen geratu dira, eta hemen geratzeko dirua eman behar izan zaie. Dirurik ezean, ezin zaio taldeari eutsi. Azkenean txirrindulariek bizitza profesional laburra dute, eta nahiz eta aberriaren koloreak barruan edo kanpoan eraman, behar dutena dirua da.

Elastikoan aldaketa bat ikusten da. Lehen ikurriñaren koloreak eramaten ziren, orain berriz erabat laranja da. Uste duzu zaletuek kolore laranja Euskadirekin lotzen dutela?
Egia esan, aldaketa hori gertatu zenean sozio askok alde egin ez, baina pena handia hartu zuten. Badakit oso polita litzatekeela, emozioz negar egiteko modukoa, gure koloreekin Tourrera joatea. Zaletuek bizi egiten dute Tourra, eta askok lantokian egunean ordu laurden bat gehiago sartzea eskatu du, hartara gero Tourra ikustera joateko tartetxo bat hartu ahal izateko. Baina zaletuek ulertu behar dute Euskaltelek diru mordo bat jartzen duela. Guk %30 jartzen dugu eta eurek jartzen dute %70a. Uste dut ulertzekoa dela Euskaltelek bere ordainak jaso nahi izatea.

Afizionatu eta jubenil mailan lan handia egin duzu. Maila horretan, zer motatako lana da garrantzitsuena?
Afizionatu eta jubenil mailako mutilekin, lanik gogorrena psikologia mailakoa da. Gazteek mentalizatu egin behar dute profesional mailara iristearekin ez ditezen obsesionatu. Txirrindularitzan ahalik eta gehien saiatu bai, baina zure ikasketak edo ofizioa atera behintzat. Txirrindulari bizitza azkar amaitzen da, eta diru iturria agortzean, gero dator datorrena! Berez motza bada bizitza profesionala, gainera arriskua dute gaztetan istripu bat izan eta oso urte gutxitan bizikleta gainean aritzekoa. Diru aldetik bakarrik ez, psikologikoki ere oso kolpe gogorra izaten da bat-batean txirrindularitza bukatu zaizula ikustea eta zertan hasi ez jakitea.
Etxean ere denek ez dute ulertzen semearen ikasketek zer garrantzia duten. Zoritxarrez, gurasoak dira askotan itsu-itsu sinesten dutenak euren semea txirrindulari izango dela.

Txirrindulari euskaldunez osatutako taldea da. Zein irizpideren arabera erabakitzen duzue nor den euskalduna?
Gure estatutuetan jarria dagoenez, txirrindulariak hemen jaioa izan behar du, edo hemen egina bestela. Hemen egina izateak zera esan nahi du: hasiberritatik, jubeniletatik, hemengo sarietan aritzea. Maila bera duten bi txirrindulariren artean, lehentasuna bertakoak du, baina osterantzean atzerrian jaioak onartzen dira.

Joane Somarribak, bi Tour eta bi Giro irabazi ostean babeslea aurkitzeko arazoak izan ditu. Nola esplikatzen da hori?
Ez da gauza polita, ez ona, baina txirrindularitza mailan existitzen den matxismoa da azkenean. Emakumeen mailako txirrindulariek ez dute behar den moduko babesik, ez telebistan ez beste inon. Nik uste babesleei horregatik ez zaiela errentagarria iruditzen emakumeen taldean inbertitzea. Gainera beste arazo bat badago. Emakumeek denboraldia urte sasoi batean jokatuko balute, eta gizonezkoek beste urte sasoi batean, egoera ezberdina litzateke. Baina urte sasoi berean jokatzen dira biak, eta telebista eta bestelako komunikabide guztiak gizonezkoen maila erreparatzen dute.
Dena den, nik uste Joane Somarribak ate bat ireki duela. Kostata baina azkenik lortu du bertako babesle bat, eta beste pausoak ere etorriko dira. Baina jabetu zaitezte gauza batetaz, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpora ere ez daude emakumezko txirrindulariak. Italiak apurtxo bat gaina hartu zuen, baina nik ez dakit zergatik behera etorri zen, eta egun ez dago askorik. Dauden txirrindulari onenak errusiarrak eta poloniarrak dira. Zergatik? Irteera bat ikusten zutelako kirol honetan eta bidea ireki dutelako. Gure kasuan, nik uste emakumeen falta bi gauzagatik dela: afiziorik ez dagoelako emakumeen mailan, eta ez dutelako biderik irekitzen, ez duelako amurik.

Iazko Tourrean dopinaren kontuarekin zuen gainean egon zirela sentitu zenuten. Zergatik?
Gonbidatu egin gintuzten Tourrera, eta beraz talde italiar on asko gelditu ziren kanpoan, baita italiarrak ez zirenak ere. Nik uste, talde horiek euren figurak edukita, ez zutela ongi ikusi Euskadiko talde batek leku hori betetzea. Hortik etorri zela uste dut presioa. Hemen inor ez bazara, inor ez da zutaz kezkatzen. Baina gorantza zatozela ikusten badute, eta eurek kanpoan gelditu direla, orduan bai axola zaiela zer gertatzen zaizun. Eta gu azkenean jausi egin ginen. Halako talde batean positibo bat agertzen denean zarata gehiago ateratzen da beti. Guk eman genuen bezala beste talde askok eman zuen positibo, eta inor ez da ohartu. Interesak daude azkenean. Bestalde, Euskadiko talde bat Euskadiko txirrindulariekin Tourrera joatea Madrilen ez dute oso ondo hartzen.

n Dopina eman duen txirrindulari bat taldean edukitzeak zenbaterainoko mina egin dezake irudian?
Gure taldearen moduko bati min handia egin dakioke, beti azpimarratzen dutelako taldean positibo eman duena daukazula. Halere, irudiaren arazoaz gain, positibo eman zuen Txema del Olmok diru asko eskatu zuen eta ezin genion eman.
Talde nagusiek ere hor dituzte positiboa eman zutenak, Virenqueren Vuelta España ikusi bestela, eta Zülleren Vueltan berdin. Baina eurenak talde handiak direnez, hori ez da nabarmentzen.

Dopina dela-eta, talde txikia izanik arazoak izan ditzakezue babeslearekin edo Tourrera deitzen zaituztenean?
Nik lehenengo mementotik jakin nuen Tourrean ez genuela arazorik izango, baina beti ikusten dituzu arriskuak. Lehenengo zigorra izan da, txirrindulari horrek Frantzian hiru urtean ez aritzea. Txemak taldea uzteko arrazoi bakarra ez da hori izan, baina horrek ere bere eragina izan du. Txemak bere bidea jarraitu du, talde onean dago, eta guk hara joan bitartean lagundu egin genion, eta oraindik ere, taldean gurekin ez dagoen arren, berari laguntzen diogu.

Dopinaren ardura txirrindulariarena bakarrik da ala taldeak ere bere inplikazioa izan behar du?
Nik uste taldea orokorrean ez dela jabetzen. Zaila da kirolari bat kontrolatzea. Lasterkariak taldeko medikuaz gain, bere prestatzailea izaten du, bere ingurua du eta hori dena taldearen eskutik kanpora geratzen da. Positibo ematen duenean, inork ez du "ni izan naiz" esaten, baina zure talde barruan eman du positibo, eta taldeak egin behar du ardura horren jabe.

Aurrera begira, zer erronka ditu Euskaltel Euskadi taldeak?
Gure kezka eta helburua da iazko moduko denboraldia egitea, zeren eta egiten ez baduzu txarrera egin duzula azpimarratzen dizute, eta iazkoa adina egiten baduzu, "normala" dela esaten dute. Jakin behar duguna da noraino heltzeko modua dugun, eta gero gutxienez gure eskura dagoen hainako denboraldia egiten saiatu. Nik uste iaz haina egitea gure ahalmenen gainetik dagoela, baina tira, ea lortzen dugun.

Bide luze honetan inoiz etsita egon zara?
Askotan. 1997ko udan, dena enbargatuta eduki nuen, etxebizitza, kontu korrontea... dena. Taldeak 414.698,35 eruroko zuloa zuen. Dirurik ez zetorren eta txirrindulariei ordaindu egin behar zitzaien. Bizkaiko Diputazioak eta BBK-k lagundu ziguten, eta gero Euskaltelekin irten ginen aurrera, baina uda oso gogorra izan zen. Afizionatu mailan sekula ez dut une txarrik pasa, baina profesionaletan bai, behin eta birritan. Nire ilusioa taldea Tourrean sartzea zen, eta hain egon nintzen nekatuta, Tourra bukatzean taldea uzteko ordua iritsi zitzaidala pentsatu nuela. Baina ezinezkoa izan nuen uztea. Nik utziz gero ez zutela dirurik jarriko esan zidaten, bazkideek ere berdin, eta segi egin behar. Baina ez dut umore onarekin segi. Memento honetan, hainbeste egur hartu dut, ez dudala ilusio askorik

- Jaio: Lemoizen, 1944. urtean.
- Bizi: Mungian.
- Txirrindularitzako Euskadi Fundazioko buru, eta Euskaltel-Euskadi taldeko buru.
- Talde jubeniletan eta afizionatu mailako taldeetan manager eta zuzendari lanetan aritua. 1966an «Ceus Carpi» eta «Fagor» taldeetan hasi zen laguntzaile. 1967tik 1969ra jubeniletako «Goimar Mungia» taldea zuzendu zuen. Afizionatuetako «Olsa» taldean sei urtetan jardun zuen zuzendari lanetan. «Teca» (1976) eta «Super Ser» (1977) taldeak zuzendu ostean, 1982an Mungiako jubeniletako «Garza» taldean manager lanak egin zituen. «Beiena» taldean bost urtez izan zen manager, eta «Seguros AV»n jarraitu zuen gero. «Cafés la Fortaleza» izan zen afizionatu mailan zuzendu zuen azken taldea.
- 1993an Euskadi Fundazioa sortu, eta urtebetera profesional mailan taldea atera zuten.

Garai hartan jubeniletako talde indartsu batean nenbilen. Palentziako lasterketa batean geunden. R6 batean 5-6 mutiko heldu ziren, bizikletarekin. Lasterketa hastera zihoala, justu-justu heldu ziren. Berriketalditxo bat izan genuen. Haietako mutiko bat gaur Lehendakaria da.

Doinua: Ursus Tibetanus
Hasierako ahaleginetik
Tour bateko helmugara,
bide luzea izan da baina
bide motzik ba al da ba?
Kolore berri bat izan arren
lehengo hiruren islada,
hasieratik bilatzen zena
ez duzue galtzen laga,
eta helmuga zain izango da
horrela jarraitzen bada.


Azkenak
Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Indendentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean lau kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


Israelek eta Hamasek su-etenerako negoziazioekin jarraitzen dute, Gazan gosetea “larritzen” ari den bitartean

AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]


Gaskoia irakatsiko dute lehenengo aldiz Samatzeko eta Bidaxuneko eskoletan

Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.


Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Eguneraketa berriak daude