DAGOENEKO DEBEKATU DUTE BOLANTEKIN ARRANTZATZEA


2002ko martxoaren 17an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Aurtengo urtarrilaren 1az geroztik, legez kontrakoa da deribako sareekin »pelagikoak edo bolantak ere esaten zaie» arrantza egitea ur komunitarioetan, indarrean sartu baita arrantzako aparailu horiek erabiltzeko legezko debekua. Europako Batzordeak 2001. urtearen bukaeran onetsi zuen arrantzako aparailu horiek erabiltzeko debekua agintzen zuen dokumentua. Aparailu horien erruz, espezie asko desagertuz joan dira, modu masibo eta intentsiboan harrapatzeagatik, eta lehendik ere ernatua zuten organizazio ekologisten arbuioa.

Hastear da urteko lehen kanpaina garrantzitsua, antxoarena, eta, itsasora abiatzeko bezpera hauetan, komeni da gogoratzea Euskal Herriko arrantzaleak eta haien organizazioak izan direla azken urte hauetan horrelako arrantza motaren kontra borrokan jardun dutenak. Hain zuzen ere, arrantzako aparailu jadanik legez kontrako horiek erabiltzearen ondorioz, liskar larriak izan dira, azken urteotan, Euskal Herriko arrantzaleen eta Europako beste batzuen artean; batez ere, frantsesekin, haiek erabiltzen baitzituzten gehienbat.
Euskal Herriko arrantzaleek eta haien organizazioek gogotik jardun dute horrelako aparailuak errotik desagerrarazteko. Bidaia asko egin dituzte Europako Parlamentura, eta beren azalpenak eta eskakizunak parlamentarioei banatu dizkiete, sare pelagiko horiek kentzeko. Harreman ugari izan dute Espainiako eta EAEko gobernuekin. Azkenean, aitortu diete egindako lana eta emandako azalpenak, ur komunitarioetan horrelako arrantza modua legez abolitzearekin.
EUSKALDUNEN ESZEPTIZISMOA. Orain, ikusi beharko da Frantziako, Irlandako eta Italiako arrantzaleek (batik bat haiek erabili izan baitituzte 1985az geroztik horrelako aparailu jadanik legez kontrakoak atuntxikia harrapatzeko, eta, ondorioz, espezie hori urritu egin da Bizkaiko Golkoan) ea errespetatzen duten hemendik aurrera lege hori, baina bada halako eszeptizismo bat arrantzale euskaldunen artean.
Euskal Herriko arrantzaleen ordezkariak, Esteban Olaizolak, dagoeneko esan du kezka duela, zeren Frantziak eta Irlandak eginahalak egin baitituzte sare pelagiko horiekin jarraitzeko, eta beldur dela ez ote duten erabiltzen jarraituko, legezko debekua gorabehera. Arrantzale euskaldunen ordezkariak harritu egin dira sare pelagiko horien erabilera beste urtebetez luzatuko delako Mediterraneo itsasoko uretan, ezen hori ez dator bat Europako Ministroen Kontseiluak horretaz hartutako erabakiarekin. Horregatik, euskaldunen ordezkarien buruetan dabilen galdera da zergatik utziko duten beste urtebetez Mediterraneoan eta ez duten debekatuko gainerako ur komunitarioetan bezala.
Mediterraneoko atun gorria, espezie migratorioa da-eta, Bizkaiko Golkora lekualdatu ohi da. Hortaz, Euskal Herriko arrantzaleengan eragina duen kontua da Italiakoek hegalaburra harrapatzen jarraitzea. Europako Parlamentuak, batetik, baieztatu du Irlandak eta Frantziak ezingo dutela atuntxikia bolantekin edo sare pelagikoekin harrapatu; bestetik, ordea, beste urtebeteko baimena eman dio Italiari Europako Batasunak orain legez kontrakoak diren aparailu horiek Mediterraneoko uretan erabiltzen jarraitzeko.


ARCACHONGO AKORDIOA.

2002. urte hau aurrekoak baino baikorrago ikusten dute arrantzale euskaldunek, atuntxikia sare pelagikoekin harrapatzeko debeku horrekin, baina bada beste alderdi garrantzitsu bat ere, antxoaren arrantzarako mesedegarri zaiena: Arcachongo Akordioa. Izan ere, han hitzartutakoa parte guztiek betez gero, saihestu egingo litzateke aurrerantzean liskar gehiago izatea Euskal Herriko eta Frantziako arrantzaleen artean. Horrela, Arcachongo Akordio horrek ezartzen du Frantziako arrantzaleek ezin dutela arrantzan egin Bizkaiko Golkoan udaberriko denboraldian, eta ez du esplizituki esaten Euskal Herriko eta Kantabriako arrantzaleek udazkenean egin ezin dutenik.
1992an Akordio horretako dokumentua izenpetu zutenean, antxoa arrantzaleak ez ziren udazkenean espezie horren arrantzan aritzen; iaz, ordea, bai, aritu ziren, eta liskar gogorrak piztu zituen horrek. Izan ere, Frantziako arrantzaleek eragotzi egin zieten harrapatutako arrantza aldi batez hango portuetan deskargatzea, hala nola gertatu baitzen Arroxelako edo Lorienteko kasuetan. Urte garai hartan, iazko udazkenean, 37 itsasontzi aritu ziren antxoaren arrantzan Frantziako uretan: 12 Getariakoak, 7 Oriokoak, 1 Donostiakoa eta gainerakoak, 17 ontzi, Kantabriakoak.
Arrantzale euskaldunen ordezkariek espero dute aurrerantzean horrelako liskarrik berriro ez gertatzea eta zorrozki aplikatzea Arcachongo Akordioko puntu guztiak. Akordio horren arabera, Bizkaiko Golkoan harrapa daitekeen antxoaren muga maximoa 33.000 tonakoa da, eta horietatik 30.000 Euskal Herriko eta Kantabriako arrantzaleei dagozkie eta beste 3.000ak Frantziakoei. Akordio horren baitan, orobat hitzartu zuten 9.000 tona uztea Frantziako Estatuari, baldintzatzat jarriz hango arrantzaleek ez zutela arrantzan egingo udaberrian »martxoaren 20tik maiatzaren 31ra bitartean», Euskal Herriko eta Kantabriako flotak arrantzu aldia egiten dutenean.


ARRANTZA KUOTA MURRIZTUAK AURTENGO.

Europako Batzordeak oso arrantza kuota murriztuak ezartzea lortu zuen 2002. urte honetarako. Euskal Herriko arrantzaleez den bezainbatean, alturako arrantzaleek desengainua hartu zuten Bruselak ezarritako legatz kuotagatik. Baxurako arrantzaleak, aldiz, kontent dira Europako arrantzako ministroek aurtengo onetsitako antxoa kuotarekin, zeren, Bizkaiko Golkorako, bere horretan mantendu baititu 33.000 tonak, eta horien %90 baitagozkio Espainiako Estatuari; hau da, 29.700 tona.
Europako ministroek Europako Batzordeak hasieran proposatutako murrizketak biguntzea erabaki zuten, eta 26.900 tonatan ezarri zuten legatzaren Harrapaketa Baimenduen Guztizkoa (TAC) flota komunitarioarentzat. Horrek esan nahi du %22 gehitu dela 2001eko 22.000 tonen aldean, nahiz eta kopuru hori 42.000 tonara iristen zen 2000. urtean. 26.900 tona horietatik, Espainiako Estatuari 12.678 dagozkio, eta horietatik 7.560 arrantzale euskaldunek arrantzan egiten duten zonan harrapa daitezke: Iparreko Kalan (Bizkaiko Golkoa, Eskozia eta Gran Sol).
Sektoreko ordezkariek lehendik ere erakutsi zuten kopuru horrekiko ezadostasuna, zeren, 2001. urterako agindutako 6.300 tonen aldean %20 gehitu bada ere, oraindik oso urrun geratzen dira 2000. urteko 12.600 tonak. Gainera, oso harrituak zeuden, eta ez zekiten zer irizpide erabili zituzten murrizketa horiek ezartzeko, zeren EBko Komite Zientifiko eta Teknikoak berak determinatu baitzuen biomasaren egoera ez zela horren kezkagarria, eta TAC kopurua 39.000 tonaraino goratzera iritsi baitzen.
Beste espezie batzuez den bezainbatean (alboko taulan ikus daiteke), Europako arrantzako ministroek murrizketak agindu zituzten txitxarroaren kuotan. Ondorioz, %23 beheratu zen, 47.095 tonaraino, eta horietatik 30.932 Bizkaiko Golkoari eta Portugalgo mendebalari dagozkio. Zapoa da beste espezie penalizatuetako bat. Horrela, Espainiako Estatuarentzako kuotak %26,8ko murrizketa izan du Eskoziako iparreko eta mendebaleko uretan; Irlandako itsasoari eta Gran Soli dagokiona, berriz, 683 tonara jaitsi da. Azkenik, oilarraren kuotak %14,2ko murrizketa jasan du Bizkaiko Golkoan.


BaxuraKO FLOTAREN BERRIKUNTZA.

Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako flotaren berrikuntza erritmo onean doa aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako datu ofizialetatik ondorioztatzen denez. Datu horien arabera, flotaren batez besteko adina 8 urtetan kuantifikatu dute 2002. urte honetarako, 1999. urtean kalkulatu zen 21eko haren oso azpitik. Euskal Herriko baxurako flota berritzeko prozesuaren eragina, itsasontzien adinean ez ezik, haien tipologian eta eraikitzeko metodoan ere ari da nabaritzen. Horrela, azken hiru urteetako aldi honetan, zurezko kroskoa zuten ontziak flota guztiaren %80 izatetik %35 izatera pasatu dira.
Berritzeko prozesu asmo handiko horren barruan, ontzi jabeek 1999tik 2001era bitartean 55 itsasontzi berri eraikitzea onetsi zuten, eta horietatik 28 Gipuzkoako kaiei dagozkie eta beste 27 Bizkaikoei

Harrapaketa gehiago baina diru sarrera gutxiago 2001ean
Eusko Jaurlaritzak emandako datu ofizialetatik ondorioztatzen denez, Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako flotak 2001ean arrain gehiago harrapatu zuen, baina diru sarrera gutxiago izan zituen salmentetatik. Horrela, datu ofizial horien arabera, Hegoaldeko Euskal Herriko itsasbazterreko flotak, 2001ean, 67.851,3 tona arrain harrapatu zituen guztira. Horrek esan nahi du harrapaketak %4 gehitu zirela aurreko urtearen aldean. Salmentatik ateratakoa, ordea, %5 gutxiago izan zen, 92,8 milioi eurokoa izan baitzen.

Espezieka, antxoaren harrapaketak %11,3 gehitu ziren; hegalaburrarenak eta atuntxikiarenak, aldiz, %60raino murriztu ziren. Baxurako sektorean, Gipuzkoako kaiek Bizkaikoek baino gehiago harrapatu zuten: lehenek 34.478 tona eta bigarrenek 33.373,1 tona. Diru sarreren aldetik, diferentziak are handiagok dira, zeren salmentatik izandako sarreren bi heren Donostiako, Getariako, Hondarribiko, Mutrikuko eta Pasaiako kaiei dagozkie.
Bizkaian, Ondarroakoa da Euskal Herriko hamaika kaietatik handiena arrain harrapaketen kopuruaz den bezainbatean; izan ere, iaz, 18.433, 6 tona sartu ziren, eta horietatik 5.778,8 antxoa eta 4.174,8 berdela izan ziren. Ondotik darraio Bermeoko kaia, 13.789,7 tona harrapaturekin, zeinetatik berdelaren harrapaketa baita nagusia, 9.329,4 tonarekin. Getariako kaia doa atzetik, 11.222 tonarekin, zeinetatik antxoarenak nabarmentzen baitira. Euskal Herriko kaien artetik, 2001ean diru sarrera gehien izan zituena Pasaiakoa izan zen, 22 milioi eurorekin, eta ondotik jarraitu zion Ondarroakoak, 21 milioi eurorekin


Azkenak
‘Stabat mater’ borobila

Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana. 

Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia. 

Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.

Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]


Bakioko jaietako gau bateko egitaraua bertan behera utzi dute, sexu erasoen eta borroken gorakadagatik

Abuztuaren 29ko gaueko egitaraua bertan behera utzi dute, iazko jaietan gau horretan izan baitziren indarkeria kasuak: sumisio kimiko bidezko sexu erasoak eta borrokak "nabarmen" areagotu zirela azaldu du Amets Jauregizar herriko alkateak. Abuztuaren 28tik 31ra bitarte... [+]


Plastikoaren kutsadura mugatzeko itun baten negoziaketan ari dira NBEko herrialdeak Genevan

Erabilera bakarreko plastikoen ekoizpenari eta erabilerari jarri nahi dizkiete mugak bereziki. Plastikoaren ekoizpena bikoiztu dute mende hasieratik, eta igoera horren arrazoia erabilera bakarreko plastikoak dira nagusiki.


600.000 milioi euro inbertitu ezean, %35eko muga zergak jarriko dizkio Trumpek Europako Batasunari

Von der Leyenek eta Trumpek akordioa lortu eta astebetera egin du mehatxua AEBetako presidenteak, Europako herrialdeek hitzartutakoa beteko ez dutela kezkatuta. Europako produktuei %15eko muga zergak ipintzeaz gain, Europako Batasunak AEBetan 600.000 milioi euro gehiago... [+]


Kontrolpean dute Nafarroako baso sutea, eta gobernuak suteak saihesteko neurriak hartu ditu

Suhiltzaileek kontrolpean dute Ibarbeibar ibarreko sutea, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan egondakoak hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak behin-behineko debekua ezarri dio nekazaritzan sua erabiltzen duen edo sor dezakeen makineriari. 


2025-08-05 | El Salto-Hordago
Plastikoak eragindako kutsadurak 1,3 bilioi euroko osasun gastuak eragiten ditu

The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa batek eman du datua eta ohartarazi du plastikoaren ekoizpenak osasunean eragina duela bere ekoizpen prozesu osoan eta gazte zein helduei eragiten diela. Gehitu du 1950tik 200 aldiz biderkatu dela plastikoen ekoizpena.


Etxeko atxiloaldia ezarri diote Bolsonarori, 2023an estatu kolpe bat ematen saiatzeagatik

Brasilgo Auzitegi Gorenak eman du sententziaren berri, Bolsonaro oraindik Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo egungo presidentea pozoitu eta Alexandre de Moraes epailea hil nahi izateagatik epaitzen ari diren bitartean. Sare sozialik erabili ezin zuenean,... [+]


Bilboko Konpartsek “gustu guztientzako” 600 ekintzatik gora antolatu dituzte

Bilboko Konpartsen Federazioak 2025eko Aste Nagusirako prestatu duen egitaraua aurkeztu du Arriaga Plazan. Federazioak, konpartsek eta Jai Batzorde Mistoak 600 jarduera baino gehiago prestatu dituzte, "gustu guztientzako ekintzez betetako Aste Nagusiaz gozatzeko". 


2025-08-05 | Mikel Aramendi
Gero eta fede gutxiagorekin esanda: ‘No More Hibakusha!’

Hiroshima eta Nagasakiko masakre nuklearren 80. urtemuga heldu zaigu, eta inoiz baino eskasagoak dira itxaropentsu izateko inputak. Hala ere, No More Hibakusha! aldarrikatzen jarraitu beharko dugu... ordukoei ez ezik geure buruari zor diogulako.

Iazko Bakearen Nobel... [+]


Gaza osoa okupatzeko erabakia, atzeratuta

Israelgo lehen ministroa Segurtasun Kabinetearekin biltzekoa zen asteartean, "Gaza osorik okupatzeko planaz" eztabaidatzeko eta hori aurrera eramateko; baina atzeratu egin dute bilera. Israelgo armadaren buru Eyal Zamirrek, aldiz, Gazan diharduten lurreko soldaduei... [+]


Sendo eta dotore

Zer: Orquestra de la Comunitat Valenciana
Zuzendaria: Mark Elder
Bakarlaria: Nelson Goerner (pianoa)
Egitaraua: Txaikovsky eta Xostakovitxen lanak
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren 3a.

-------------------------

Orquestra de la Comunitat Valenciana... [+]


Poloniak berriz ireki du Pablo Gonzalezen kontrako prozesu judiziala

Pablo Gonzalez Polonian atxilotu zuten 2022an espioitza leporatuta. 2024ko abuztuan aske utzi zuten baina ez zuten bere prozesua itxi. Orain, prozesua berriz ireki eta epaileek 2025eko udazkenean epaitu nahi dute Gonzalez.  


Konstituzioa aldatu eta betiereko presidente bihurtzeko ateak zabaldu ditu Nayib Bukelek

Bigarren aldiz da El Salvadorko presidente Bukele, konstituzioak legegintzaldi bat baino gehiagoz presidente izatea debekatzen badu ere. Orain, konstituzioa aldatu eta nahi beste aldiz hautatu dezakete presidentea.


20.000 sinadura bildu dituzte txosnak Euskal Herriko ondare immaterial izendatzeko

Gasteizen igandean eginiko agerraldian, Txosnak. Gureak, denonak dinamikako kideek gaitzetsi dute txosnak ez direla enpresen gisara tratatu behar: "Gure ospakizunak edukiz hustu nahi dituztenen kontra, konpromisoaren, aniztasunaren eta autogestioaren alde egiten... [+]


Sarek eta Etxeratek mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan

Urtero legez, hitzordua izan dute igandean Sare eta Etxerat elkarteek Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko aldarriak egin dituzte. 


Eguneraketa berriak daude