Xabi Camarero da Urtzeko abeslari eta gitarra-jolea, eta jario ederra dauka hitz egiteko nahiz melodia zuzenak eta itsaskorrak osatzeko tenorean. Horren lekuko dira, hurrenez hurren, ondoko elkarrizketa eta Pasai Antxoko taldeak plazaratu berri duen diskoa, «Aingeru», zeinak bosgarrena egiten duen taldearen diskografian. Urtzek hiru urte eman ditu ezer argitaratu gabe, eta denbora tarte honetan hainbat gauza gertatu da laukotearen baitan. Alde batetik, Bittorrek eta Asierrek taldea utzi dute hamar urtez jardunean izan ondoren eta horien ordez Javi Estella (gitarra) eta Ritxi Barrenetxea (baxua) sartu dira. Laugarren taldekidea, hau ere beterano, Josu Ariztegi bateria jolea da. Bestetik, inoiz baino disko garbiagoa osatu dute soinuari dagokionean, non pop-aren gardentasunak rock distortsionatuaren indarrarekin uztartzen den lanak biltzen dituen hamar abestietan. 13 urteko ibilbidearen ondotik, ilusioa eta poza jalgitzen zaizkio Xabi Camareroren hitzei.
Durangorako atera zenuten diskoa. Zer moduzkoa izan da orain arteko harrera?
Benetan oso-oso ona izan da. Durangoko azokan izan genuen diskoa aurkezteko aukera; irrati batentzako kontzertu txiki bat egin genuen era akustikoan. Oso esperientzia polita izan zen. Lehenengo aldia zen abesti horiek jotzen genituela eta, hain zuzen, Oihukaren standa hor ondoan zegoen. Konturatu ginen bazegoela jende dezente oso interesatua diskoarekin eta adin guztietako jendea hurbiltzen zen diskoa hartzera. Egun horretan Oihukakoak diskorik gabe gelditu ziren. Eta orain, diskoetxekoek esan digutenez, Gabonetan harrera oso ona izan omen du. Oso kontentu gaude.
Hiru urte joan dira azken diskoa argitara eman zenutenetik. Denbora horretan gauza asko gertatu dira taldearen baitan.
Orain dela hiru urte laugarren diskoa grabatu genuen. Taldean aldaketak egon dira. Taldea hasi zenetik 13 urte pasa dira jada. Asier eta Bittorrekin hamar urte generamatzan. Denbora dezente zen eta norberak bere bidea erabaki behar du, ezta? Bittorrek lan kontuengatik ezin izan zuen aurrera jarraitu eta ondoren Asierri gertatu zitzaion. Urte bateko epean eman ziren bi aldaketa horiek. Orduan jende berria bilatzen aritu ginen eta, egia esan, zorte handia izan dugu, aurkitu ditugun partaideak primeran ulertu dutelako Urtz taldearen ideia. Entseatzen eta elkar ezagutzen aritu gara denbora horretan eta azkeneko urte eta erdi inguruan taldean mugitzen ari ziren ideiak landu ditugu. Denbora dezente izan dugu aukeraketa apropos bat egiteko. Genituen abesti guztien artean guretzako onenak ziren hamar abestiak aukeratu genituen. Hiru urte horiek beharrezkoak izan dira holako disko bat egiteko, denbora justua gure artean hobeto ezagutzeko eta kontzertuetarako prest egoteko.
Taldekide berriek ekarpenik egin al dute disko honetan?
Soinu aldetik disko hau dezente garbiagoa da, ez du hainbeste distortsiorik. Hala ere, guretzako esperientzia berri eta aberasgarria izan da soinu garbiagoekin jokatzen ibiltzea. Teknikariekin izan dugun harremana oso ona izan da, aurreko diskoan bezala. (Sonido XXI Estudioan grabatu zuten). Partaideei dagokienez, gu baino dezente gazteagoak dira eta esperientzia aberasgarria izan da bai eurentzat bai guretzat. Hamar urtez egon gara Asier eta Bittorrekin, oso ondo ezagutzen genuen elkar eta bagenekien nondik nora zihoan bakoitza. Orain, elkarren artean ezagutu behar izan dugu eta norberak bere apurtxoa eman du.
Distortsioa kentzearena, edo, nahi bada, poperoagoa egitearena adin kontua izan daiteke?
(Irri egiten du). Azken finean denborarekin denok aldatzen gara. Esperientzia berriak dituzu, gauza berriak ezagutzen dituzu... Urtz taldeak ez du inoiz ezer finkoa bilatu. Beti taldean edo etxean sortu eta lokalean landu dena aurrera eraman dugu eta taldeko partaide guztiak gustura egon arte ez dugu ezer burutu. Disko honetan ere, nahiz eta adin desberdinetako jendea izan, oso ziur egon gara egin dugun lanarekin eta horrekin aurrera egin dugu. Ez dakit kasualitatez-edo izan den, baina agian pixka bat suabeagoa atera da diskoa. Hala ere, ez da aurretik pentsatua izan. Ez dakigu hurrengoa nola izango den.
Urtez urte belaunaldi berriak sortzen dira eta baita musikarekin interesatu ere. Hala ere, badirudi gazte jendea rock doinuetatik aldentzen ari dela pixka bat. Disko honekin belaunaldi berriak erakarriko dituzuela uste al duzue?
Azkenaldian kanpoko marketingak eta multinazionalek duten indarra gero eta handigoa da. Uste dut indar hori adin guztietara iristen dela, eta azken finean, Euskal Herrian ere gero eta indar gehiago du kanpoko musikak. Azken urte hauetan ikusten da jende gehiago dagoela musika berdina entzuten duena. Orduan, bertako musika -rocka edo euskal kantariak- entzuteko edo disko bat erosteko nolabaiteko esfortzua egin behar da. Hemengo disko batean gelditzea eta disko horri behar duen atentzioa ematea ez da erraza. Durangon egon ginenean adin guztietako jendeak erosten zuen diskoa. Beraz, oraindik ez dakigu. Zuzenean laster hasiko gara eta ikusiko dugu.
Zer egin beharko litzateke egoera hori bideratzeko?
Pentsatzen dut norberaren aldetik esfortzu txiki bat egin beharko genukeela eta, nolabait, ez hain erraz irentsi erraz datorkiguna. Batzuetan informazio asko datorkigu kanpotik eta segituan xehatuta daukagu. Pentsatzen dut esfortzu txiki bat egin beharko genukeela denok inguruan dagoen musika laguntzeko. Saiatu beharko ginateke horren ezagunak ez diren taldeei aukera bat ematen. Izan ere, talde askok gauza interesgarri ugari egiten du, baina galdu egiten dira ez diegulako aukera hori ematen. Hemengo komunikabideetan-eta saiatu beharko ginateke garrantzia ematen hemengo lanei, eta baita tabernetan ere.
Lehen euskal musika gehiago entzuten zen tabernetan.
Baietz uste dut. Orain denetarik entzuten da, baina euskal musika badirudi murriztuagoa dagoela ezta?
«Ai amatxo» edo «Kaixo» bezalako kantuek arrakasta handia izan zuten. Horiek gainditzen saiatu zarete inoiz, hau da, horien adinako arrakasta izango duen kantua egiten?
Taldeak argi eduki du gauza bat: guk lehenengo sinestu behar dugu egiten dugun lan horretan. Gero lan hori jende multzo batek onartzen badu, ondo. Baina, «Ai amatxo» sortu zenean ez genuen inoiz bilatu, ezta inolaz ere pentsatu, izango zuenik eduki zuen arrakasta. Eta agian, gu izan ginen lehenengo harrituak, guretzako abesti bat gehiago zelako. Gero, askotan, jendearen erantzuna ikusterakoan konturatzen zara zer nolako eragina izan duen abesti horrek eta zergatik. Baina Urtz taldeak, nahiz eta batzuetan agian iruditu, ez du inoiz horrelakorik bilatu. Hala ere, oso pozik gaude abesti horiekin eta guretzako esperientzia zoragarria izan da kontzertuetan jotzen ditugunean oraindik jendeak abesten dituela ikustea. Nolabait, pertsona bakoitzak bere bizitzan baditu une berezi batzuk, eta askotan memento horiek musika batekin identifikatuta daude. Urtzen zenbait abesti jende askorentzako bizitzaren zatitxo bat bihurtu dira, edozein talderen abestiekin gertatzen den bezala.
Melodiari garrantzi handia eman diozue betidanik, eta azken diskoan hala gertatzen da...
Urtz melodiaren inguruan mugitu da beti, garrantzi handia eman diogu. Abestien aldetik Urtz beti izan da oso talde irekia eta ez ditugu inoiz mugak jarri. Ez dugu inoiz esan: Urtzek disko heavy bat edo popero bat egingo du... Beti irten da irten dena, eta memento horretan irten behar zuena, behartu gabe. Eta disko honetan berdin gertatu da. Melodiek eta hitzek garrantzi handia dute, badira erritmo medio gehiago, soinua pixka bat garbiagoa da. Hala ere, nahiz eta soinu garbiak izan, indar asko ere badu memento askotan. Oreka bat lortu dugu indarraren eta gauza lasaien artean.
Bertsioak egiten hasi zineten ikastolako lagun talde bat. Zer oroitzapen dituzu hasiera horietaz?
Oroitzapen oso politak. Hamazazpi urterekin hasi ginen ikastolan. Hasieratik zorte handia izan genuen lokal bat genuelako. Askotan lokalarena izaten da talde batentzako gauzarik zailena. Leku bat ez badago ideiak gauzatzeko, askotan ez dago zer eginik. Gu edonor bezala, talde bat osatzeko ilusio horrekin hasi ginen bertsioak egiten. Denetarik jotzen genuen: Itoiz, Kortatu, La Polla, Barricada... Talde askoren bertsioak jotzen genituen eta atzerriko talde batzuenak ere bai