«EUSKAL HERRIA DEPARTAMENDUAREN URRATS BATERA GAUDE»


2002ko martxoaren 10an
Ipar Euskal Herriko politikagintza euskal departamenduaren aldeko dinamikari lotuta dago neurri handi batean. Abertzaleen ekimena izatetik gizartearen sektore anitzen eskaera izatera pasa da azkeneko sei urteotan. Denbora horretan, departamenduaren aldeko hautetsien elkartea sortu zen, Andre Darraidou elkarteko burua izaki. Frantziako Senaturako azken hauteskundeetan, Euskal Herria departamenduaren (horrela zehazten du berak) aldeko taldearen zerrendaburua izan zen Darraidou.

Zergatik ez da honezkero, departamenduaren ideia erabat gailentzen?
Funtsean, politikan alderdia edozein eskaeraren gainetik dagoelako. Alderdiaren interesak departamenduaren aferari lehentasuna hartzen dio, kasu. Hauteskundeak iristen direnean, alderdiekiko atxikimendua nagusitzen da hautesleen artean. Horixe dugu eskas departamenduaren aldeko hautetsien elkartean. Senaturako azken bozketan departamenduaren aldeko hautetsi guztien sostengua ukan izan banu, departamenduaren aldeko senadorearen kargua eskuratu izango genuen. Gure elkartean, UDF eta PSko kideak daude, senaturako gure zerrenda aurkeztu dugunean ez dira gurekin etorri. Hauetako asko duda-mudan ibili ziren hasieran, eta azkenean, 50 boz falta izan genuen senadore kargua lortzeko.

Zer ondoriorik atera duzu horretatik? Zer egin daiteke politikoki egoera hau gainditzeko?
Azken urteotan, departamenduaren aferak hautetsiak sentsibilizatu ditu, baina ez norberak alderdiarekiko duen atxikimenduarekin lehiatzeko beste, edo ez hautetsi guztiengan bederen. Departamenduaren auzia bertako afera bat da eta Frantzia mailako politikaren menpe dago, hauteskundeen menpe kasu. Gaur egun, maleruski, horrela da oraindik ere. Hauxe da nik politikan hasten diren gazteei ulertarazi nahi diedan mezua. Hori ulerturik, departamenduaren aferan politika lokalak Frantziako politika orokorrari aitzina har diezaiokeela uste dut. Departamenduaren afera irabazi nahi badugu ikusmolde hori landu behar dugu, ikuspuntu horrek berdin balio behar du politika orokorrean. Hau da, politika lokalak aitzina eginen du, bertako aferak alderdi nazionalen aferen aitzinetik jarriko diren une beretik.

Zentzu horretan, zer berri ekar dezake departamenduaren aldeko «Urriaren 9ko» kolektiboa elkarte izatera pasa izanak?
Elkarte gisa antolaturik kolektiboak ez zuen egitura juridikoa izanen dugu. Kolektiboak alderdi, elkarte eta erakunde ekonomikoetako jendea biltzen zuen. Aurrerantzean, departamenduaren aldeko hautetsien elkartearen ondoan, departamenduaren aldeko gizarte elkarte bat izanen dugu. Gisa honetara, herritar guztiek -hautetsiak, alderdiko kideak edo sindikatuko kideak izan gabe- leku izanen dute departamenduaren aldeko ekimenean.

Elkartea gero eta anitzagoa da, eta gainera, euskararentzat estatutua, Laborantza Ganbera eta euskal unibertsitatearen eskaerak bere egin ditu. Eskaera hauek partaide guztien atxikimendu bera ote dute? Ez ote dira eztabaida zailak jalgiko?
Eskaerak gero eta gehiago dira, eta eztabaidak zailagoak, alta, egunetik egunera, gero eta hobekiago moldatzen ari gara. Laborantza Ganbera, euskara eta unibertsitatearen gaia gero eta lotuago dago departamenduaren aferari. Oixtian, politikan hasi berriak diren gazteengana heltzeko beharra aipatu dut. Unibertsitatearen gaian, kasu, eskuineko, zentroko nahiz ezkerreko gazteek euskal unibertsitatearekiko beharra eta interesa agertu dute. RPR alderdian, unibertsitatearen afera aztertzean, departamenduaren gaia eztabaidatu behar izan dute. Euskal Herriko RPRren kide gazte gehienek departamenduaren aldeko boza eman dute.

Hautetsien Kontseiluko kidea zara. Kontseiluko Alain Lamassoure lehendakariaren ustez, departamendua ez da etorkizuneko egitura bat. Duela bi mendekoa da, laborantza beharrei erantzuteko sortua. Orduan %80 baserrian bizi zen, egun %80 hirian.
Alain Lamassoure gizon eta politiko jatorra da. Euskal Herriak bere ezagutza behar duela erraiten du. Zer da alabaina, ezagutza hori? Arrazoi du, Frantzia orain dela bi mende gaur egun baino nekazariago zela erraiten duenean. Egun, baina, Euskal Herria departamenduaren aldeko eskaera indartsuago da hirietan nekazal munduan baino. Beraz, auzia ez da Frantziako herri asko hiriak bilakatu direlako departamendu egitura zahartu dela; hori ez da arrazoi zuzena. Herritarren eskaera hor da. Beraz, nire ustez, Lamassoure auzi honetan tronpatzen da.

Lamassoure herriak eta hiriak elkargoetan antolatzearen aldekoa da. Euskal Herria «Euskal Eurohiria»ren bidez egituratua ikusten du Europan.
Alabaina, Euskal Herria departamendua bagenu, Euskal Eurohiria askoz errazago egituratuko litzateke. Eurohiriak askoz hobekiago funtziona lezake Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herria departamenduaren kontseiluaren eskutik. Proiektua, maila bereko bi erakundeen artean bideratuko zen eta ez BAMeko distrituaren bitartez. Finean, hemengo aferak trenkatzeko orduan Paue eta Bordeleraino eraman behar baitira. Batzutan, hainbat gauza BAMen bidez egiten dira, ados, baina Donibane Lohizune edota Hendaiaren gainetik iraganez.

Orain gutxi, Andre Viau prefetak iragan azaroan iragarritako neurri administratikoak aurkeztu ditu hautetsien aitzinean. Zein da zure balorazioa?
Prefetaren arabera, neurri administratibo hauek boterearen aldetiko indartze berri bat ekarriko diote Ipar Euskal Herriari. Nik nihaurek, neurriek Baionako suprefetaren boterea indartuko ote duen, galdetu nion bilkura horretan. Berak baietz erran zuen. Nik, ea neurri horiek Euskal Herria departamenduaren eskaerari estatuak ematen dioen erantzuna ote den, galdetu nion berriz ere. Viau prefetak baietz erran zuen. Ados erran nion. Guk neurriak kontuan hartzen ditugu, baina betiere gure herriari dinamismo gehiago ekarriko dioten esperantzan. Hots, oroitarazi diegu gure eskaera departamendua dela, hau ez dela guk nahi dugun erantzuna.

Suprefeta, beraz, jakitun da neurri hauek ez dutela hautetsi guztien nahia betetzen.
Baiki. Estatuaren aldetik emeki-emeki erantzuten ari zaio departamenduaren eskaerari, mailaz maila, nire irudiko, hurrengo urratsa departamenduaren egituratzea izanen da. Prefeta gogorik gabe sentitu dut bere erantzunean. Espero genuen erantzuna da, baina prefeta ez da guztiz konbentzitua agertu. Michel Devret suprefeta berarekin zegoen. Jakina, Parisetik heldu den agindua baino ezin dute eman. Beren lana da. Departamenduaren urrats batera gaude, alta. Ukanen dugu, baina ez dakigu noiz.

Hautetsien Kontseiluaren bilkura aitzin, Alain Lamasourrek kontseilarien jarrera funtsezkoa jo zuen departamenduaren eskaerari beste erantzun bat emateko. Bilkuraren ondotik bere jarrera zein den ezagutzen duzu?
Lamassourrek bilkuraren biharamunean prentsan erran zuena ezagutzen dut. Prefetak ezarritako neurri adminstratikoak baino zerbait gehiago behar dela dio berak, haatik, ez du erraiten departamendua behar dugun edo ez. Inpresioa dut, Lamassoure departamenduari baietza ematetik urrats batera dagoela. Horretarako, ordea, hautetsien artean dagoen blokeoa egoera gainditu behar da. Hor dago gakoa.
Alabaina, badago besterik ere. Adibidez, François Bayrou presidentziarako hautagaia da. Bayrou Lamassoure lagunkide politikoa da eta departamenduaren aurkakoa. Hauteskunde burutu bitartean, adiskidetasun politikoarengatik Lamassourrek ez du urrats hori emanen. Gauza bera gertatzen da beste hauetsiekin. Hauteskundeen ondoren, agian, beste hautetsi batzuk ere libreago sentituko dira urrats hori emateko.

Presidentziarako hausteskundeek zein neurrian erabaki dezateke departamenduaren aferan? Hautetsien elkartea nola ariko da berauei begira?
Hauteskundeetako hautagaiak diren edo hauen inguruko diren hainbat buruzagi politikoekin mintzatzen saiatzen ari gara. Berauek departamenduari buruz duten jarrera agertzea da gure asmoa. Esaterako, Berdeen Noël Mamer hautagairekin mintzatuko gara, laster Ezpeletan bilduko da hemengo auzapezekin. RPR eta PSeko kideekin berdin egin nahi dugu. Hots, Chirac eta Jospin hautagaiak sostengatzen dituztenekin.
Departamenduaren benetako ideia zein den azaldu nahi diegu. Parisko hainbat politikok, departamenduaren ideia, nazionalista eta terroristen nahikari bat bezala ikusten dute oraindik ere, besterik ez. Guk, hori ez dela errealitatea erakutsi behar diegu. Guk, Frantziako departamenduaren egitura eskatzen dugu Euskal Herriarentzat, ezin gaituzte nazionalistatzat ez terroristatzat hartu. Departamenduaren aldarrikapena, bistan da, euskal kulturaren beharrei atxikia dago, baina ez da hori soilik.
Funtsean, hauteskundeen karietara, hautagai bakoitzari departamenduaren eskaera bere programan sartuko ote duen galde egin nahi diogu. Duela hogei urte, François Miterrandek sartu zuen bere programan, baina ez zuen bete. Aldi honetan, irabazleak onartuko balu, menturaz, hitza bete lezake. Esperantza hori atxiki behar dugu

«Kristaudemokraziak bere esparrua zabaldu behar du alternatiba izatek o»
Ezpeletako auzapeza, zentrista eta euskaltzale gisa ezagutua zara. Michel Labeguerie diputatu eta senadore euskaltzale eta kristaudemokratak gauzatu nahi izan zuen aukera politikoaren jarraitzaile gisakoa-edo.
Michel Labeguerieren hurbil sentitzen naiz. Nire anaia Laurence, Labeguerierekin aritu zen politikan. Orduan ezagutu nuen, bihotz-bihotzez maite izan nuen. Labegueriek Euskal Herriaren berpizkunde gisako bat desiratzen zuen eta nik ere bai. Zernahi gisaz, ez dut nire burua haren jarraitzaile gisa ikusten, bera politikan ari zelarik ni gazte nintzen, politikan aritu gabea. Politikara hurbiltzen hasi nintzenean zendu zen Michel.

n Badiola, Jimenez, Etxegarai, Aniozbehere politikoak, Labegueriek zabaldu zuen ildoaren ondorengoak dira nolabait, zu zeu ere barne. Aukera hau eskuinaren alternatiba izan daiteke gaur egun?

Uste dut badagoela leku bat, baina alternatiba izateko aukera horrek bere esparrua zabaldu behar du. Berdeak, sozialistak, nahiz zentroko -UDFkoak kasu- jendeak bereganatu behar ditu. Esparru horretan ari diren hainbat lagun, abertzaletasunari edo euskal nazionalismoari atxikiak izan gabe, euskaltzaleak dira. Frantses alderdietan ari dira, baina gero eta euskaltzaleagoak bilakatu dira. Gero eta gehiago mintzatzen da espazio berri horretaz. Gainera, abertzaleek biziki eboluzionatu dutela erranen nuke, eta aukera hori gauzatzeko funtsezkoa da hori.

n Zergatik EAJ-PNVk ez du lortu aukera hori gauzatzea?
EAJ-PNB ez da gaizki ikusia, moderatua da, baina Frantziako Euskal Herrian, nazionalismoaren ideiak jendea blokeatzen du. Nazionalismo jeltzalea izanik ere, beldurra sorrarazten du. PNBk, «N» hori gabe, leku zabalago bat atzeman lezake, menturaz. Haatik, erran bezala, ideia nazionalistek biziki eboluzionatu dute eta merezi luke eztabaida hori gauzatzea. Hau da, hemen nazionalista izatea estatu independente baten alde egotea da edo benetako indentitate sendo bat gauzatzeko aukera al da? Puntu hori zehaztu beharko litzateke. Abertzaleen artean, nazionalismoari buruzko ideia anitzak daude eta abertzaletasunaren aurka daudenek honela diote: «Abertzaleek independentzia nahi dute, horretarako gerra egin beharko balute ere». Alabaina, egiari zor, erran behar da ere, Ramuntxo Canblong bezalako nazionalisten diskurtso moderatua ontsa ikusia dela

Aniztasuna eredu
ANIZTASUNA EREDU

56 urte ditu. Ezpeletarra. Eskuindarrak, zentristak, ezkertiarrak, abertzaleak eta independenteak osatu udal taldearekin gobernatzen du herria. Auzapeza da azken hamairu urteetan. Independentea. Ezkerrera so egiten duen kristaudemokrata. Ez da abertzale; ez arras abertzalea, bere hitzetan. Euskaltzale bai, eta ekologismoa begi onez ikusten du. Ostalaria da, Ezpeletako «Hotel Euskadi»ren jabea. Bere aita ere -pilotari historikoa- Ezpeletako auzapeza izan zen.


ASTEKARIA
2002ko martxoaren 10a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude