PAPER ARTEKO «HAURDUNALDI» LUZEA

Hogeita bederatzi haur adoptatu ziren Hego Euskal Herrian 1995ean. Iaz 326 izan ziren euren etxeetan haurra hartu zuten guraso ez biologikoak. Zalantzarik ez dago, beraz, adopzioak gora egin duela nabarmen azken urteotan. Hala ere, eskaera eskaintza baino handiagoa da eta aurrerago azalduko dugun hainbat arazo medio, eskaintzak behera egin du azkenaldian. Horregatik epe laburrean adopzioen goranzko joera arriskuan da.

Kopuruen gora beherak alde batera utzita, adopzio prozesua oraindik luzea, sarritan neketsua eta garestia da, 1996an adin txikikoen inguruko legeriak garatu zirenetik adopzioaren alorrak hobera egin badu ere.
LEHENIK, ONDO PENTSATU. Adopziorako lehen pausoa erabakia garbi hartzea da, aukera honen inguruan hausnartzea eta haur bat adoptatzeak zer esan nahi duen oso argi izatea. Ume Alaia Adopzioan Laguntzeko Elkarteko idazkari Henrike Eguzkitzaren esanetan, «adopzioa ez da solidaritate ekintza bat, bizitza apustu bat da eta, nolabait, ekintza egoista ere bada, guk hainbeste nahi dugun umea lortzen dugulako». Egoismoa aipatzen du Eguzkitzak, baina ez da ahaztu behar, noski, haurrak berak lehen ez zituen baldintza egokiak eta benetako familia bat lortzen duela.

Behin erabakia hartuta Hegoaldeko biztanleak dagokion Foru Aldundira jo beharko du eskaera egitera, eta orduan beste erabaki bat hartzea egokituko zaio: bertako haurra edo atzerrikoa adoptatzea.

Barne adopzioa gaitza da une honetan, haurraren zain pasatzen den denborari dagokionez. Espainiako zein Frantziako Estatuetan ez dago adoptatzeko haurrik; eskaera eskaintza baino askoz handiagoa da. Alde batetik antisorgailuen hedapenak nahi ez diren haurren jaiotzak murriztu ditu. Nerabe ezkongabeen haurrak abandonatzeko joera ere asko murriztu da eta gaur egun diru sarrerarik gabeko ama gazteek gurasoen laguntza ekonomikoa izan ohi dute.
Eskaintza murrizteaz gain eskaera asko handitu da gure gizartean. Lehen nolabaiteko tabu bat bazegoen adopzioaren inguruan, zailagoa zen asumitzen. Gaur haurrak biologikoki izateko ezintasuna dutenek askoz errazago hartzen dute adoptatzeko erabakia.
Arrazoi hauengatik, egun EAEn 0-1 urte bitarteko haurra adoptatu nahi duenak 8-9 urte itxaron beharko du batez beste eta 3-5 urte bitartekoen zain 5-6 urte pasa beharko ditu. Eta guraso asko ez dago hainbeste denbora itxaroteko prest. Eskaera egiten duten gehienak ekonomikoki egonkortuak daude, urte batzuk dira ezkondu zirela eta haurrak biologikoki izan ezin dituztenez, adopziora jo dute. Ez dituzte, beraz, 20 urte eta ia beste hamarkada bat itxaronez gero euren eta adoptatutako seme-alaben arteko adin diferentzia altua izango da. Barne adopziora jotzen dutenen adina 28-35 urte bitartekoa da; atzerrira jotzen dutenek aldiz 36-40 urte izan ohi dute. Finean, azkarragoa da atzerrian adoptatzea eta hori garbi islatzen dute eskaera kopuruek. 1995ean barne zein atzerriko eskaera kopuruak paretsu zeuden, 200dik gora bi kasuetan. 2001ean bertako haurrak adoptatzeko 61 eskaera egin ziren eta 597 izan ziren atzerriko haurrak eskatu zituztenak.


atzerrira haur bila.

Berez mundu osoko haurrak adoptatu daitezke (herrialde musulmanetan salbu, bertako legeriek ez baitute aukera hau jasotzen). Beti ere, baldintza batzuk bete behar dira, hots, eskaintza eskaera baino handiagoa den herrietara jo behar da. Ingalaterra joz gero, edo berdin Argentina edo Txilera, gurean duten arazo berdina topatuko dugu, adoptatzeko haurrik ez dela. Beraz Bolivia, Peru, Txina, Nikaragua, Errusia, Ukraina, Errumania... moduko herrialdeetara jo beharko da. Herrialde horietako bakoitzak bere baldintzak ezartzen ditu. Baina aldaketa politikoak direla medio, askotan baldintza horiek aldatu egiten dira eta azkenaldian trabak gehitzen ari dira herrialde batzuetan.
Guatemalaren kasuan, esaterako, duela urtebete-edo Espainiako Estatuko erkidego guztiek adopzioak moztea erabaki zuten, baldintza egokiak betetzen ez zirela-eta. Unicefek eta hainbat GKEk hainbat salaketa egin zuten, haurrak erosi egiten zirelako, batzuk organo trafikorako bideratzen zirelako eta horren inguruan mafia moduko bat sortua zelako.
Ecuadorren dagoeneko ez dituzte espediente berriak onartzen eta Perurekin ere gauza bera egitea erabaki da duela aste pare bat. Kontuan izan behar da duela gutxi arte Peru EAEtik eskaera gehien jasotzen zituen herria zela.
Egun eskaera gehien jasotzen dituztenak Errusia eta Txina dira. Baina Txinar Errepublikak iturria erabat moztu ez badu ere, eskaintza nabarmen murriztu du. Orain arte urteko 80.000 haurreko kupoa zuen eta horietatik 1.200 haur Espainiako Estatuari zegozkion, gutxi gora behera eskaerari erantzuteko adinako kopurua. Bada, aurten Espainiako Estatuko kupoa 400 haurrera jaitsi da. Oraindik ofiziala ez bada ere, EAEri 23-25 haur egokituko zaizkiola uste da eta Nafarroara 8 besterik ez dira iritsiko. Murrizketa honen arrazoiengatik galdetuta, Eguzkitzak zera diosku: «Ez zaigu erantzunik eman, baina arrazoi politikoengatik izan daitekeela pentsatzen dugu, Pekingo 2008ko Olinpiar Jokoak, haize kapitalista berriak...».
Errumaniako kasua ere deigarria da. Une honetan adopzioei itxita dago herrialde hau. Europako Batasunean sartzeko baldintzen artean, adin txikikoen egoera hobetzea dago, eta Errumaniako haurtzaindegien egoera tamalgarria da egun. Horren erakusgarri da Ume Alaiako guraso batzuek duela hilabete batzuk Errumaniatik ekarritako 3 urteko neskatoaren adibidea. Hanketako hezurrak garatu gabe zituen eta kadera, aldiz, deformatua, beti eserita edukitzen zutenaren seinale. Jaiotzetik atzerapen mentala izan zezakeela ere pentsatu zuten, bere adinerako oso atzeratua zelako. Baina atzerapen intelektuala adoptatu arte bizi izan zuen ardura faltarengatik izan da. Pediatra baten zaintza behar izan du eta ikastolan ere irakasle berezi baten ardurapean dago. «Oso egoera kaxkarrean datoz, izugarria da, - dio Henrike Eguzkitzak- zentru horietan ehunka haur biltzen dira, eta pertsona gutxi daude haiek zaintzeko, bitartekorik gabe, elikadura egokirik gabe... Eta ez da soilik Errumanian gertatzen». Errumaniak EBn sartzeko adin txikikoen inguruko legeak aldatu beharko ditu eta azpiegiturak hobetu. Horretarako EBn laguntza ekonomikoa izango badu ere, denbora beharko du eskakizunetara egokitzeko eta bitarte horretan adopzioak etetea erabaki du bertako gobernuak. Ondorioz, Espainiako Estatuan 2.000 bikote inguru bat-batean jokoz kanpo geratu dira, kasu batzuetan 3 edo 4 urte tramitetan pasa ondoren. Horietako batzuek berriro hutsetik hasi eta beste herrialde batera jotzea erabaki dute. Beste batzuek, ordea, nahiago izan dute Errumanian gauzak noiz konponduko zain geratzea.
Indian ere adopzioa konplikatu egin da azkenaldian. Egun, 3-4 urteko haurra adoptatzeko prozesuak laupabost urte irauten du (barne adopzioaren pare, beraz). Indiak adopzio espediente guztien sarrera CARA izeneko erakundean zentralizatua du eta ECAI (Nazioarteko Adopziorako Elkarte Laguntzailea) baten bitartekaritza derrigortzen du. Baina haurrak saltzen ote ziren hainbat salaketa izan dira eta horrek epeak asko luzatu ditu.
Atzerrira joateko aukera ere, beraz, zailtzen ari da. Hala ere eta Eguzkitzak esan digunez, «duela urte batzuk adopzioan aitzindari izan ginenok bestelako arazoak topatu genituen. Administrazioaren ezjakintasunarekin borrokan aritu ginen, legeria ez zegoen garatua... baina aurrera egitea lortu genuen». 1996an eman zen lege garapenetik hona gauzak hobera egin badute ere, oraindik administrazioak zer hobetua baduela kritikatu du Ume Alaiako idazkariak.

Egokitasun Ziurtagiria.

EAEn administrazioaren esku dago egun adopziorako giltza: Egokitasun Ziurtagiria. Foru Aldundietan eskaera eginda, bertan froga batzuk egiten dituzte (Bizkaian 6 hilabete itxaron behar da, Gipuzkoan 2 eta Araban hilabete eta erdi). Ziurtagiria eskuratzeko hiru froga pasa behar dira. Lehenean, adoptatu nahi duenari elkarrizketa sakona egiten zaio. «Nolabaiteko ‘hirugarren gradua’ ezartzen dizute. Jaio zinenetik gaur egunera arte, zure bizitzaz egin daitezkeen galdera posible guztiak egiten dizkizute» dio Eguzkitzak. Galdera horiei erantzun eta erantzunak agirien bitartez frogatu behar ditu elkarrizketatuak. Bigarren pausoa, froga psikologikoa da, pare bat ordutan erantzuteko 300 bat galderako ohiko izaera testa. Azkenik etxera bisita egiten dute, haurra biziko den tokiak arau eta baldintza batzuk betetzen dituela ziurtatuz. Eskaera bideratu dutenen gehiengoak froga hauek gainditu, eta beraz, ziurtagiria lortzen du. Horietatik gehienak bikoteak izan ohi dira (%95 inguru) eta gainontzekoak guraso monoparentalak, gehienak emakumezkoak. Bikote ezkongabeen kasuan bietako batek eskatu eta berau soilik izango da ofizialki guraso. Berdin bikote homosexualetan; teorian adopziorik ezin dutenez egin homosexual gisa, praktikan bietako batek egin beharko du adopzioa, beti ere bere joera sexuala administrazioaren aurrean agertu gabe.
Behin Egokitasun Ziurtagiria eskutan, jatorrizko herrialdean aurkeztu behar da. Eta orduan herrialde bakoitzak bere baldintzak eta eskakizunak egingo ditu. Herri batetik bestera desberdintasunak badira ere, lanaren eta baldintza ekonomikoen inguruko ziurtagiriak, etxebizitzari dagozkionak, familia eta osasunari buruzkoak eskatzen dira. Horiek guztiak lortu, batean eta bestean zigilua ipini, behar den kasutan jatorrizko herrialdeko hizkuntzara itzuli... «Berez ez da lan zailegia, baina egin egin behar da eta denbora asko ematen du» Ume Alaiako idazkariaren esanetan. Eta denbora horretan, espedientearen jarraipena egitea ez da beti posible; norbait behar izaten da, abokaturen bat, jatorrizko herrialdean eta ECAI batengana jotzeko aukera ere badago, derrigortua ez bada ere (ikus goiko koadroa). Azkenean, eskaera egitetik haurra lortu bitarte batez beste bi urte edo bi urte eta erdi inguru pasatzen dira. Epe luzea da, baina beti ere barne adopzioan baino askoz laburragoa. Horregatik etorri da azken urteotan nazioarteko adopzio eskaeren booma.
Denboraz gain, dirua ere behar da adoptatzeko. Berez, haurrak ezin dira erosi, noski, baina prozesuan gastu ugari dago, tramiteak direla, abokatu bat edo ECAI bat ordaindu behar dela, bidaiak... Ume Alaiaren irizpideen arabera, adopzioarengatik orotara 12.000 euro baino gehiago ordaintzea gehiegizkoa da. «Baina nor gara gu inori esateko 20.000 euro ez gastatzeko haur bat lortzeko, familia bat egiteko? Prezio exageratua iruditzen zaigu, eta norbaitek probetxua aterako duela, hemengo abokatuak, hangoak, haurtzaindegiak... Baina adoptatu nahi duenak, kopuru hori badauka, eskubide osoa du horretan gastatzeko».
Azkenik etxean. Beraz, denbora, dirua, pazientzia eta gogo handia behar dira ume bat etxera ekartzeko. Henrike Eguzkitzak ederki daki hori, Ume Alaiako kide guztiak bezalaxe, bera ere haur adoptatuen guraso baita. Haizea eta Itxasok 7 eta 5 urte dituzte orain. Eguzkitzak eta bere emazteak Nikaraguatik ekarri zituztenean, 3 urte eta 9 hilabete besterik ez. Bi haur eskatu zituzten, berdin zitzaien zein sexukoak, eta bi ahizpa eman zizkieten. Haiek aukerarik egin ez bazuten ere, «gauza bat dugu oso garbi: haurraren sexua eta gutxi gorabeherako adina aukeratzeko, eta haurra baldintza psikiko eta fisiko egokietan jasotzeko eskubidea daukagu». Saiatu, barne adopzioarekin saiatu zen lehenik bikote hau, baina hiru urteko itxaronaldiaren ondoren, aukera hau baztertu eta nazioartera jo zuten. Espainiako 1996ko 1. Legea (adin txikikoen legea) jaio berri zela, EAEko administrazioaren informazio eskasiari egin behar izan zioten aurre. «Oso garai gogorrak izan ziren».
Egun egoera hobea dela onartuta ere, funtzionario batzuen jarrera kritikatzen dute oraindik: «Duela 30 urteko adopzio moldeetan geratu dira eta hori ez da ona egungo adopzioarentzat». Beste gabezia bat ere ikusten diote administrazioari: behin adopzioa lortuta haurrei laguntza psikologikorik ez ematea. Haurrak, 5 urte, 2 urte edo hilabete gutxi batzuk izan, egoera berezia bizi izan du adoptatua izan baino lehen. Bizikizun horiek gogoratu gabe ere, askotan subkontzientean egoten dira. Gurasoak sarri harritu egiten dira haur horiek izaten dituzten erreakzio ulertezinen aurrean. «Zauri horiek sendatu egin behar dira, bestela nerabezarora iristean sor daitekeen cocktail-a lehertu eta dena pikutara joan daiteke. Eta gurasook ezin dugu hori onartu». Besteak beste, haurrari adoptatua dela noiz eta nola esan ere jakin behar du gurasoak. Horregatik guztiagatik, haurrak adoptatzen dituzten gurasoen beste hainbat elkartek bezala, Ume Alaian garrantzia handia ematen diote formazioari. Gurasoen Eskola delakoa sortu dute, gurasoei informazioa eta laguntza eskaintzeko, psikologo edo pedagogoekin hitzaldiak eta solasaldiak antolatzen dituzte...
Desberdintasunak oso handiak ez badira ere, guraso hauek garbi dute familia adoptiboak eta biologikoak berdinak direla esatea ez dela zuzena. Euren haurrak adoptatuak dira, eta hori betiko izango da. Erreportaje honetan ageri diren haurren argazkiak ederrak dira, baina gero errealitatea ez da beti hain polita eta erraza izaten. Solasaldiaren hasieran, adoptatzeak zer esan nahi duen garbi jakin behar dela esan digute. Eta gure hizketaldia amaitzear dela gauza bera errepikatu digute: «Adopzioa ez da paperak betetzea, tramiteak egitea... Prozesu hori gure bi urteko haurdunaldi berezia besterik ez da. Benetako adopzioa haurra etxera iristen denean hasten da»

Adopziorako baldintzak
Haur bat adoptatu nahi duten gurasoek EAEko administrazioaren Egokitasun Ziurtagiria lortu behar dute. Horretarako hainbat froga gainditu behar dute eta baldintza batzuk bete. Ondoren laburtu ditugu baldintza horiek (iturria: Bizkaiko Foru Aldundia):

- Motibazio egokia izatea: haurraren interesaren alde egin behar da, finean, adopzioa haurraren eskubidea da.
- 25 urtetik gora izatea.
- Adoptatutako haurraren eta adoptatzen duenaren arteko aldea 42 urte baino gutxiagokoa izatea.
- Osasun egoera egokia izatea, fisikoki zein psikikoki.
- Bizitzeko modu egonkorra eta ekonomikoki nahikoa izatea.
- Egoera berrietara egokitzeko malgutasuna izatea.
- Haurraren adopzio aurreko historia errespetatzea.
- Bikoteen kasuan, bien arteko harremana egonkorra izatea

Kolonbiatik Arrigorriagara
Ander Roman eta Maribel Ortizen kasua berezia da, haur bat adoptatzea erabakitzen duten gehienek haur biologikoak edukitzeko arazoak izaten baitituzte egun. Baina Ander eta Maribelek Kolonbiatik ekarritako Nahikariz gain, Asier 4 urteko seme biologikoa dute.

Garbi dago, beraz, ez dutela haurrak izateko ezintasunik. Zailtasunak ordea, bai. Duela hainbat urte haur bat izatea erabaki zuten, baina haurrik ez zetorren. Fertilizazio prozesu batean ere murgildu ziren, baina emaitzarik ikusi ez eta prozesua baztertu zuten. Adopzioaren aukerari heldu zioten orduan eta, dagoeneko euren espedientea haurraren jatorrizko herrialdean, Kolonbian zela, Maribel haurdun geratu zen. Asier jaio zen eta hala ere Kolonbiara deitu eta adopzio prozesuarekin aurrera jarraitu nahi zutela jakinarazi zioten bertako administrazioari. Horrek prozesua beste urtebete atzeratu zuen, epe hori gehitzen baitzaie haur biologikoa izan berri dutenei edo beste bat adoptatu dutenei, bi haurren artean adin desberdintasun minimo bat egon dadin.
Azkenik, duela bi urte, 2000ko martxoaren 5ean, hilabete gutxiko Nahikari Arrigorriagara iritsi zen bere guraso berrien eskutik.
Hasi, ordea, urte batzuk lehenago hasi zen prozesua. 1996ko apirila-maiatza aldera hasi omen ziren aukera horretan pentsatzen eta urte bereko azaroan egin zuten eskaera. Bidean zailtasun berezirik ez zutela topatu esan digute eta luzatu, lehen aipatutako arrazoiagatik luzatu zela. 96ko dekretu baten ondoren, ECAIak 1997an hasi ziren lanean eta, beraz, Ander eta Maribelek ez zuten horrelako entitaterik erabili euren espedientea aurrera eramateko. Ordurako Kolonbiak bazuen esperientzia adopzio gaietan, prozesua ondo antolatua zuen eta hizkuntzaren trabarik ere ez dago kasu horretan. Arrigorriagako bikoteak ez zuen haurraren adin edo sexu aldetik eskakizun berezirik egin; haurra baldintza fisiko eta psikiko egokietan egon zedin besterik ez zuten eskatu. Eta Kolonbian, beste leku batzuetan ez bezala, hori lor daiteke, Canguro izeneko programa baten bitartez, haurrak, adoptatuak izan bitarte, familietan egoten baitira. Beraz, Nahikari baldintza egokietan eta hilabete gutxirekin iritsi zen hona eta horregatik ez du adoptatua izateak ekar ditzakeen ondorio fisiko nahiz psikikorik izan bi urte hauetan.
Nahikari gaztea da oraindik adoptatua dela ulertzeko, baina bere 4 urteko anaia Asierrek badaki dagoeneko arreba txikia Kolonbiatik etorri dela eta ez zela Maribel amaren sabelean sortu. Denborarekin naturalki Nahikariri ere adierazteko asmoa dute.
Kasu berezi hau ezagututa norbaitek galde dezake: bata biologikoa izanda eta bestea adoptatua, berdinak al dira bi seme-alabak gurasoentzat? Asierren kasuan haurdunaldia eta erditzea bizitzea garrantzitsua izan zela ez dute ukatzen, baina harremana bera odola baino garrantzitsuagoa dela diote. Garbi esaten dute biak berdin tratatzen eta hezitzen dituztela. «Familia bat gara, eta desberdintasunen gainetik maitasuna gailentzen da»

ECAI: haur eta gurasoen arteko bitartekaria
ECAI bat (Nazioarteko Adopziorako Elkarte Laguntzailea, gazteleraz) nazioarteko adopzio prozesuan erreferente garrantzitsua da, berez derrigorrezkoa ez bada ere. Atzerriko ume bat adoptatu nahi duten gurasoek, behin administrazioaren eskutik Egokitasun Ziurtagiria lortuta, haurraren jatorrizko herrialdeak ezartzen dituen eskakizunak bete behar dituzte. Bidaia luzeak, hizkuntz arazoak, tramiteak... sarritan adoptatu nahi duenari ezinezko egiten zaio hori dena bakarrik betetzea eta bitarteko bat behar izaten du. Bitartekaritza lan hori burutzeko sortu ziren ECAIak. Adin txikikoen babeserako eta, horrekin lotuta, nazioarteko adopzioaren inguruko legeria 1996an garatu zen Espainiako Estatuan, Hagako Hitzarmenaren ondorioz, eta egun alorraren eskuduntza autonomia erkidegoek dute. EAEn urte bereko abenduaren 24ko 302/1996 legeak arautzen ditu ECAIak. Bertan zehazten dira erakunde hauen baldintza eta ezaugarriak.

Besteak beste, entitate hauetako bakoitzak gutxienez hiru profesionalez osatutako talde multidiziplinarra behar du: zuzenbidean lizentziatu bat, psikologo bat eta gizarte langile bat. Bestalde, ECAIek irabazi asmorik gabeko erakundeak izan behar dute. Horrek ez du esan nahi euren bitartekaritza lana doan egiten dutenik, hainbat gasturi aurre egin behar baitiote, derrigorrezkoak diren hiru profesionalen soldatatik hasita.
Entitate hauek, gainera, adin txikikoen babes eta adopzio legeak ezagutu eta bete behar dituzte, nazioartekoak, bertakoak zein haurren jatorrizko herrialdekoak. Haurraren adopzioagatik konpentsaziorik ez dagoela ere ziurtatu beharko dute.
Hasieran esan bezala, haur bat adoptatzeko orduan ez da ezinbestekoa ECAI batera jotzea. Baina herrialde batzuek, Indiak esaterako, bertako haurrak adoptatzeko ECAI baten bitartekaritza derrigortzen du. Erakunde hauetako bakoitzak herrialde jakin batekin edo batzuekin lan egin ohi du.
Duela gutxi arte 10 ziren EAEn adopzioan jarduteko baimena zuten ECAIak. Azkenaldian, ordea, Indiako adopzioak asko zaildu dira, hauen epea luzatu egin da eta Indiarekin lanean jarduten zuten EAEko ECAIek, gastuei aurre egin ezinda, baja eskatu dute. Azkena egoitza Donostian duen Haurralde Fundazioa izan da. Fundazio honek tramitean zeuzkan adopzioekin lanean jarraitu du Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin. Egun ACI (Txina), ANDAI (Errumania), Mimo (Bulgaria), Asociación Navarra Nuevo Futuro (Peru), ASEFA (Brasil, Kolonbia, Peru, Honduras eta Errumania) eta ADECOP-Euskadi (Errumania, Kolonbia, Peru eta Bolivia) dira EAEn lan egiten dutenak


ASTEKARIA
2002ko martxoaren 03a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude