«ESTILOEN GAINETIK, INDARRA DA DAUKAGUNA»


2002ko otsailaren 24an
Kuraia" du izena Joseba Poncek (Dut) eta Fernando Jimeno (El Corazón el Sapo) abeslari aragoiarrak sortu duten proiektu berriak. Horretarako, aski ezagunak diren beste bi musikarirekin elkartu da bikotea: Mikel Kazalis baxuan (Anestesia, 2 Kate, Negu Gorriak) eta Galder Izagirre (Dut) baterian. Pasa den urteko azaroan argitaratu zuten taldearen izen bereko diskoa, Metaken eskutik. Artean Euskal Herrian ez zenez, ezinezkoa egin zitzaigun Fernandorekin solastea. Mikel, Galder eta Joseba, ordea, izerdi patsetan topatu genituen Zarauzko entsegu lokalean.

Joseba, nola bururatu zitzaizun horrelako proiektu bat sortzea?
JOSEBA PONCE: Etxean gitarra jotzen kanta batzuk ateratzen hasi nintzen, baina Dut-entzat ez zirela aproposak ikusi nuen. Zortzi pistako mahai bat daukat eta besterik gabe grabatzen joan nintzen. Eta bat batean dozena erdi abesti eginak nituela konturatu nintzen, baita abeslari bat behar nuela ohartu ere. Garai hartan, orain dela urtebete eta gutxi, Dut-en jotzen Corazón-ekin dezentetan elkartu ginen zuzenean. Hortaz, Fernandori abestietan ahotsa sartzea nahi ote zuen galdetu nion. Berak baietz. Animatu egin zen. Gainera, euskaraz egin nahi zuela ere esan zidan. Horrela sortu zen ideia. Ideia bat zen, besterik gabe. Ni zintak pasatzen hasi nintzaion. Berak banatzaile moduan-edo lan egiten zuen, beraz, kotxean zihoala pila bat entzuten zituen. Horrela, ahotsaren melodiak ateratzen joan zen. Noizbehinka igotzen zenean, etxean gelditu eta ahotsak zentzurik ez zuten letrekin grabatzen zituen. Horrela joan zen ideia gorpuzten. Abesti gehiago egin, hitzak atera... eta bat batean maketa bat geneukan esku artean. Beraz, grabatzea pentsatu genuen, proiektua polita zelako. Fernando Aragoikoa da eta kolaborazioa polita zen. Orduan, grabatzeko banda bat behar genuenez, Mikel eta Galderri komentatu genien. Lehendik ere bageneukan elkartzeko gogoa. Gitarra jo nahi nuen eta Mikel ere baxuarekin gogotsu zebilenez, batzuetan elkartu eta besterik gabe soinua egiteko gogoa geneukan. Hortaz, aukera hau aproposa zela ikusi genuen. Horrela hasi zen guztia, ez zen hasieratik finkaturik genuen ideia bat, prozesu bat izan da.

Zergatik Galder, Mikel eta Fernando? Zerk erakarri zaitu?
J. PONCE: Fernando oso abeslari ona da, punk edo hard-core arloan hemendik ezagutzen dudan onena. Guk hirurok hitzeginda genuen, Mikelek lokal hau zeukala aprobetxatuz, elkartzeko. Horregatik, jende interesgarria, aproposa iruditzen zitzaidan. Beharbada, honetarako Galderren jotzeko era ez zen aproposena, baina konfiantza nuen bere aukeretan.
G. IZAGIRRE: Ni kasu honetan berez hirugarren erreserba bezala nago, hau da, bi bateriek ezin izan zuten eta ni sartu nintzen. Patuak nahi izan zuen nik diskoa grabatzea.
J. PONCE: Hasiera batean ideia ez zen Galderrek grabatzea, urte askoan egon naizelako berarekin jotzen eta nik ere probatu nahi nuen beste estilo bat. Baina besterik gabe.

Zergatik Kuraia?
J. PONCE: Hori ere besterik gabe. Hiztegian begiratzen aritu ginen eta gustatu egin zitzaigun, bai esanahia eta bai fonetikoki zuen soinua ere.
M. KAZALIS: Lehengoan entzun nuen abesti batean, Iparraldeko abesti batean. Euzkitzek eta Panpi Laduchek abesten zuten Iparraldeko pilotari buruz: "Kuraiaz beterik frontoira goaz..."
J. PONCE: Printzipioz "Kuraia" hitza gehienbat Iparraldean erabiltzen dute. Beharbada, hemen ez da ezaguna. Frantseseko "courage" hitzetik dator, gazteleraz, "corage" izango litzateke.

Gero eta talde gehiagok grabatzen du entsegu lokalean. Zuek ere hala egin duzue, hemen Zarautzen.
M. KAZALIS: Grabaketa hemen egin genuen, baina berez grabaketa arduraduna Karlos Osinaga izan zen, Lisäbokoa. Berak Dut-en azken diskoa ere grabatu zuen. Nahiko kalitate oneko grabagailu domestiko batzuk dituenez, hona ekarri genituen. Izan ere, hau areto bezala nahiko aproposa zen, lekua dagoelako eta akustika nahiko ona duelako. Eta azkenean grabaketa hemen egin genuen, hilabetez egon ginen hemen, oso lasai, gure erritmora. Gero grabatutakoa Garate estudioetara eraman genuen, lana bolkatu hango ekipora eta nahasketak bost egunetan egin genituen.
J. PONCE: Zergatik egin genuen hemen? Gehienbat lasaitasun pixka bat bilatzeko. Estudio batean presio asko dagoelako eta hemen behintzat horrelako gauzak askoz ere lasaiago egin ditzakezu. Badakizu kalitate aldetik, agian, galdu egiten duzula, baina, beharbada, beste gauza askotan irabazi egiten duzu.

Hamaika abesti euskaraz, bat gazteleraz eta beste bat aragoieraz.
J. PONCE: Finean, Fernandoren hizkuntza naturala gaztelera da eta gurea ere neurri batean bai. Nik ez daukat abesti bat gazteleraz ez sartzeko aurreiritzirik.
M. KAZALIS: Fernandok, nahiz eta Aragoikoa izan eta kanta bat aragoieraz abestu, haiek ez dute hizkuntza horretan hitz egiten beraien artean. Hizkuntza oso minoritarioa da Aragoien bertan ere. Gaztelera bere hizkuntza naturala da eta orain arte bere taldean abestu duena beti gazteleraz izan da.
J. PONCE: Aragoieraz abesteak ilusioa egiten zion. Bere herriko kultura maite du eta bultzatzen du.
J. PONCE: Badaude aragoieraz abesten duten taldeak, Corazón-ek ere abestu ditu kanta batzuk aragoieraz.

Nola moldatu da Fernando euskaraz abesteko?
M. KAZALIS: Kontuan izan behar da berak aurretik ere Euskal Herriarekin harreman handia izan duela. Hemen askotan izan da jotzen, horrez gain, hemengo musika guztia ezagutzen du eta entzuten du, euskaldun askok baino hobeto. Eta horrek ere pentsatzen dut erraztu egingo ziola pixka bat hitz egiterako mementoan, hau da, doinuak-eta ezagunak egiten zitzaizkiola. Horrez gainera, Josebarekin egon zen entseatzen.
J. PONCE: Sortzen genituen hitzak, lehenengoz, grabatzean laguntzen nion, nola ahoskatu... Hori grabatu eta gero, zinta entzuten berari errazagoa egiten zitzaion. Bere aldetik asko jarri du eta niretzako "chapeau". Betiko euskalduna ematen du.
M. KAZALIS: Bai, jendea harrituta gelditu da.

Hitzak intimistak eta egungo gizarte modernoarekiko nahiko kritikoak direla esan daiteke, ezta?
M. KAZALIS: Bete-betean asmatu duzu, bi ardatz horiek dira hain justu diskoa betetzen dutenak.
J. PONCE: Bai, bi ardatz horiek dira. Batetik, medioen indarraren aurrean gu non gauden, pentsamendu txikiak... Eta bestetik, maitasun testuak daude, nahiko pertsonalki landuak. Kritika beti egon da.

Guztiak beste talde batzuetatik zatozte. Kuraia proiektu paralelo bat dela esan daiteke?
M. KAZALIS: Ez dakit nora eramango gaituen honek, baina nik uste ez dagoela kalkulatuta noiz arte iraungo duen edota zer egingo duen talde honek. Hasieran bi edo hiru kontzertu eskaintzea pentsatzen genuen. Badirudi jada gehiago egin behar ditugula, auskalo, ez dakit.
G. IZAGIRRE: Ondo pasatzen dugun artean behintzat jarraituko dugu.
J. PONCE: Oraingoz jo eta gero auskalo. Askotan ea gero zer egingo dugun galdetzen digute. Ezin diegu erantzun, ez dakigu zer egingo dugun.
M. KAZALIS: Eta hori da onena, mementoan sentitzen duzuna egitea, hemendik hilabete batzuetara zer egingo duzun ez jakitea, mementoan ikusi.

Sustrai gogorretatik zatozte, punk-rocka egiten duzuela esan daiteke?
M. KAZALIS: Guztion nahastea da. Talde askotan gertatzen da, zaila da hitz batez zer egiten dugun esatea. Adibidez, punk-rocka egiten dugula idatzi da egunkari askotan. Denetatik dago. Hitz batean laburtu behar bada, agian, punk-rocka izango litzateke? Nik uste dut hori baino zabalagoa dela. Abesti batzuetan heavyaren edo hard-rockaren eragina ikusten da, besteetan garagearena, killer, noise... batzuek hardcore ukitua ere badute.
J. PONCE: Denetarik dago, betiko musika da, ez da batere berritzailea. Nik rocka dela esango nuke, itsatsirik aipatu ditugun adar horiek guztiak dituela.

Noiz hasiko zarete zuzenean jotzen?
J. PONCE: Apirilean hasiko gara. Badaukagu Italian bira bat. Eta gero, hemendik, oraindik egutegia egiten ari gara. Proposamen pila bat ditugu, baina oraindik ez gara horiek aztertzen jarri.

Azkenaldian euskal merkatua dezente zabaltzen ari da Italia aldetik.
M. KAZALIS: Diskoetxe mailan egin dira gehienbat harreman horiek. Metakek aspalditik du harremana leku askorekin, Frantzia, Italia, Alemania, Suitza... Horren bitartez lortzen dira halako kontaktuak kontzertuak-eta egiteko. Egia esan, diskoak ere banatzen dira, saldu ez dakit.
J. PONCE: Betikoa gertatzen da, oso zaila da leku batean disko batek aurrera egitea ez bazara joaten jotzera. Ez bazaituzte ezagutzen...
J. PONCE: Egun musika eskaintza handia da maila eta estilo guztietan. Merkatu horretan muturra sartzea oso zaila da. Sartzeko garrantzitsuena jotzea da. Bestela, kristoren dirutza eta marketing kanpaina handia behar duzu. Xumeki sartzeko bidea egin behar duzu, orduak sartu.

Apirilean hasiko zarete zuzenean. Zer eskainiko diozue publikoari zuen emanaldietan?
HIRURAK: Indarra, energia!
M. KAZALIS: Estiloen gainetik hori da daukaguna, indarra. Gu ibili garen talde guztiak lotzen dituen haria denak indartsuak eta potenteak direla izango litzateke. Hau ere horrelako zerbait da, nahiz eta estilo ezberdina izan.
G. IZAGIRRE: Indar aldetik diskoarekin konparatzen, zuzenean irabazi egingo dugu. Azken finean lau entsegurekin grabatu genuen. Orduan, nahita nahiez orain diskoa grabatu aurretik baino gehiago entseatu behar dugu. Horrela, konpaktoago entzungo da


Eguneraketa berriak daude