BEGIAK ERNE!


2002ko otsailaren 10an
Belodromoak betekada bikaina eta irrati nahiz telebistaz ikusentzule ugari, Web gunean milaka bisitari, gazte multzo ikusgarria jarraitzaile. Zer behar du besterik bertsolaritzako ekintza gorenak?

Harriduraz eta inbidiaz egon nintzaien entzuten zortzi finalistei (zorionak denoi!). Nire ustez, bertso luze hain beteak erabat ez dira sekula bota finalean. Hasieratik arrazoiak bata bestearen tolesturan. Neurri laburragoetan ere zaila den tripak betetzeko lana, bikain burutu zuten denek. Entrenamentua nabari zen.
Hori azpimarratu nahi izan dut Txapelketa Nagusi honen lehen ezaugarri gisara baina, zortzikote hain gazterik ere finalean kantatzen ez genuen egundo izan. Norbaitek tenisfikazioa deitu omen dio. Ez dakit izen egokia den ala ez baina giharrak lantzeaz gain, arrazoiak sakontzeko gaitasuna adinak eta egoten jakitea esperientziak zekartela ere entzuna naiz sarritan.
Gaiak, oro har, asko gustatu zaizkit eta ariketak ere bai. Behar bada puntuetako saioak izan dira ahulenak, nire gusturako eta bertsolari bat baino gehiagori entzun diot ariketa hau kentzea litzatekeela egokiena. Nire harridurarako, ordea, ikasle gazte dezentek aitortu dit berak puntuetako saioekin gozatu duela batik bat. Neurri luzeko bertso onak denok estimatzen ditugun honetan, ez ote gara neurri motzekoak gutxiesten eta edonork egiteko lan arrunt modura epaitzen ari? Puntuatu nahi bada luzeetara derrigor jo beharra dagoela, alegia. Eta Belodromoko gazte sail hari grazia gehien puntuz puntu elkarri erantzunak ematea gustatu! Guri bertso eskasenak aletu zituztela iruditu zitzaigunak, hain justu. Zer pentsatua ematen du.
Gorago aipatu kezka hori ondorengoarekin lotu nahiko nuke: zergatik joaten zen hainbeste entzule bertso saio bakoitzeko komun edo tabernara? Nik ez dut ezagutu horrelakorik. Saio bat amaitu orduko ehun lagun inguru mugitzen zen kanpora nahiz barrura. Zerbait aldatzen ari da. Kontzentrazio gaitasuna urritzen? Aldiko lau orduko jardunak luzeegi? Egun ekintza labur eta intentsoak bizitzen ohitu gaituztela telebista, zinema...? Hausnarketarako joera gutxitu zaigula eta astun egiten dela?
Ez dakit hala den baina, gizartea aldatzen ari da eta bertsozale berriak beste joera batzuk dakartza. Puntua puntuarekin erantzuten den ariketa bizia du atsegin eta ez daki, entzun-pentsatu-hausnartu jardunean mugitu gabe luze irauten.
Lagun batek inon diren albiste berezi denak inguratzen dizkit eta esan dit Ameriketako telebistan iragarkiak ere 2/3 segundutan mezua emateko eran jartzen ari direla. Guk ezagutzen dugun futbolak ez duela arrakastarik 45 minutuko bi zati luze eta aspergarri direla hangoen ohituretarako. Horregatik nahiago dutela saskibaloia eta bereziki futbol amerikarra: jokaldi motzak, biziak eta berehala erabakitzen direnak.
Bertsoa entzuleekin komunikatzeko tresna den aldetik, badugu zer pentsatua gai honen inguruan eta irtenbidea(k) aurrez moldatzen joatea hobe. Ni ez naiz final goizean zortzirak aritu eta gero eliminatuz lau bi eta bat hautatzearen aldeko, bertsolariak beraiengatik batik bat. Hotz hasi eta gero hobeto sentitzea gertatu ohi delako txapelketa gehienetan eta, orduantxe bikain hasi dena kalera uztea gehiago aukerarik eman gabe injustizia handiegia iruditzen zait, lau urtean behin egiteko bada ere edo egiten delako.
Ariketa berriak, bertso-neurri berriak, puntuatzeko era bereziak (edo puntuak emateko), komunikazio teknika berriak erabiliz gaien trataera edo kantatzerako orduan bertsolarien antolaketa... Baliabide denak aintzat hartu eta jokatu beharko dugu atzoko formulak biharko balio dezan


ASTEKARIA
2002ko otsailaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude