LIBURUA


2002ko otsailaren 03an
HENDAIA 1940
Ramon Barea Unzueta
HENDAIAKO UDALA
68 orrialde
24,05 euro


HENDAIA, INDAR ARMATU ALEMANIARREN MENPEAN

Oraindik orain Hendaiak eta hendaiarrek jasan behar izan zuten aldi ilun baten erakusgarri da Ramon Barea Unzuetak plazaratu duen "Hendaia 1940" liburua, non nazien okupazio garaia jasotzen den. Irudiak dira, bereziki, liburu honen oinarria, eta haien bitartez ezagutu edo oroitu ahal izango dugu indar armatu alemaniarren okupaziotik ihesari eman behar izan ziotenen egoera latza, Poloniaren inbasioan parte hartutako 88 Verfügunstruppe Unitatekoek eta beste soldadu tropek Hendaia beren mendean hartu zutenekoa, Hitler eta Franco Hendaiako tren geltokian elkartu zirenekoa eta beste hainbat gertakizun gogoangarri. Irudi horiek, ordea, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz eskaintzen den idazlan labur bezain zehatza daramate lagungarri. Ramon Barea historialaria, Bigarren Mundu Gerran indar armatu alemaniarrek eraikitako Atlantikoko Murrua deitutakoa osatzen zuten bunker eta defentsak aztertzen dituen "Le Mur" elkarteko kide da. Antza denez, indar aliatuek Normandian burutu zuten ahalegina Hendaia inguruan gertatuko zela uste zuten Hitler eta bereek, eta hori izan zen herri txiki euskaldun hau defentsa militarrez eta bunkerrez josteko arrazoia.

BESTE BAT APALERAKO
Batzuen artean
MIKELAZULO KULTUR ELKARTEA
197 orrialde
7,81 euro


HAMAR IDAZLE ETA SEI MARGOLARI GAZTEREN LANAK

Mikelazulo Oreretako Kultur Elkarteak argitara ematen duen hirugarren liburua duzue "Beste bat apalerako", non hamar idazle eta sei margolari gazteren lanak bildurik agertzen diren. "Beste bat apalerako" bertan parte hartzen duten guztiek irakurle orori egiten dioten gonbita da, beren amets eta sentimenduetan murgiltzeko. Bere orrietan, Aitzol Ezeizak, izena isilean gorde nahi duen Gazte Txartela orain bi urte kendu zioten batek, Asier Sarasolak, Garazi Urdanpilletak, Javi Barandiaranek, Jokin Zuzuarregik, Jon Pikasarrik, Juanma Sarasolak, Miren Salaberriak, Oier Guillanek eta Urtzi Urkizuk idatzitako narrazio laburrak eta olerkiak aurkituko dituzue. Eta baita Asier Errazkin, Idoia Beratarbide, 1907 (Igor Errazkin), Iker Badies, Maider Kalonje eta Txuma Vazquez ilustratzaileek sortutako irudiak ere.

ORIOKO PATROIAK. HERRI TXIKI BATEN HISTORIA HANDIA
Iñaki Iturain Azpiroz
ORIOKO UDALA
241 orrialde
6,01 euro


ORIOKO ARRAUNAREN MUNDUA

Zeinek eman dio gehiago zeini, arraunak Oriori edo Oriok arraunari? Hauxe da Iñaki Iturain Azpiroz lan honetan erantzuten ahalegindu den galdera. "Orioko patroiak. Herri txiki baten historia handia", izan ere, ez da soilik herri marinel horren trainerak 1901. urtetik hona izandako patroien inguruko idazlana. Patroiz patroi estropadetan, batez ere Kontxakoan, Oriok lortutako garaipenak kontatzen dituen arren, galdutako estropadak ere ez ditu ahazten (alegia Orio aurrena iritsi gabeko estropada horiek); eta kontuan hartzen ditu, baita ere eta, besteak beste, kanpoko ontzietan buru izan diren oriotarrak, Orion gazterik hildako arraunlariak, bere herriaren alde lan handia egin ondoren oso bukaera mingarria izan dutenak, estropadak direla-eta gertatutako liskar eta ezin ikusiak, apustuetan ondasun asko galdutakoak, apustuekin lotuta dagoen tongoa...

JAINKOAREN ANTZERKIA: INFERNUA
Dante Alighieri
HIRIA
172 orrialde
15,93 euro


DANTEREN "DIVINA COMMEDIA"KO LEHEN PARTEA

Hiria argitaletxeak plazaratu duen "Jainkoaren antzerkia: Infernua" izenburua duen liburuan, Jose Antonio Agirre itzultzaileak eskaintzen digu oraingoan euskaratuta Dante Alighierik idatzi zuen "Divina Commedia" haren lehen partea. Jakina denez, idazle italiarraren epopeia mistiko eta poetiko hau hiru ataletan banatuta dago. "Infernua", "Purgatorioa" eta "Paradisua" ataletan, Florentziako poeta Beatrice eta Virgilioren eskutik Jainkoaren itzalera hurbildu zelako "Jainkoaren antzerkia"n, baina ez infernuko izua eta ikara ezagutu gabe. "Infernua" aspaldi euskaratu zuen Aita Santi Onaindiak, eta hark egindako bertsioan sustraitu da Jose Antonio Agirre berea egiterakoan, ahalik eta gehien bere hartan utziz Onaindiarena, euskara batuaren arauek ezinbestekotzat jotzen dituzten aldaketak izan ezik.

KARRAMARRO UHARTEA. AKEITA GOL
Batzuen artean
TTARTTALO
34 orrialde
4,15 euro


KARRAMARRO UHARTEAN, AKEITA GOL

Joxean Muñoz eta Inazio Mujikak asmatu eta Jose Angel Lopetegik marraztutako "Karramarro uhartea"n abentura berriak bizitzen dituzte Dimitri kapitainak eta bere lagun piratek. Batik bat Akeitak, Kaineko mutiko beltzak, bereak eta bost jasan behar izango ditu, futbolari dion zaletasuna dela-eta. Gauero isilean joaten da gure mutikoa Karramarroren parean dagoen uharte txiki batera, bera bezain beltzak diren gazte trebe batzuk futbolean jokatzen ikustera. Gusturago arituko zen Akeita ere pilotari ostikoak ematen, baina txikiegia izateagatik, besteek ez diote uzten. Eta futbolean arreta guztia jarrita dutenez, inor ez da ohartzen Walker maltzurra eta beste esklabu trafikatzaileen etorreraz, harik eta tiro batek beren pilota lehertzen duen arte. Akabo jokoa. Eta akabo jokalarien eta Akeitaren askatasuna.

HISTORIA DE LA LITERATURA VASCA
Koldo Mitxelena
EREIN
175 orrialde
12,02 euro


GERRA AURREKO EUSKAL LITERATURAREN HISTORIA

Koldo Mitxelena jauna beti gogoratua izango da bere azterketa filologikoen ekarpenagatik, eta batik bat euskara batua osatzeko egin zituen ahaleginengatik. Nolanahi ere, ez zen horretara mugatzen haren arreta erakarri zuten gaien zerrenda, 1960an argitara eman zuen "Historia de la literatura vasca" honek agerian uzten duen bezala. Jakina, Koldo Mitxelenaren historiak hirugeiko hamarkada du muga, alegia ordura arte bakarrik jasotzen dituela ahozko zein idatzizko euskal literaturak bizitako urrats eta gorabeherak. Baina hain ondo jaso zituen, gaur egun ere nahitaezko erreferentzia liburua dugula, 1936ko gerra aurreko euskal literatura ikertu nahi duen orok ezinbestean kontsultatzera beharturik dagoen lana izanik orain Erein argitaletxeak berrargitaratu duen Koldo Mitxelenaren "Historia de la literatura vasca" hau.

MATTA.
AGITAR EL OJO ANTES DE MIRAR
Paul Haim
ARTOLA
136 orrialde
15,03 euro


MATTA MARGOLARIAREN HITZAK ETA EKINTZAK

Paul Haim bildumagile eta arte merkataria Roberto Matta margolariaren lagun handia da, eta txiletar honekin 1985-1990 urte artean izan zituen elkarrizketak plazaratzen ditu, hain zuzen ere, "Matta. Agitar el ojo antes de mirar. Vagabundeos, recuerdos y otras divagaciones" liburuan. Roberto Matta talentu aparteko pertsona dugu. 1933an Txile utzi eta Parisera joan zen, Le Corbusierekin lanean hasiz, arkitekto gisa. Gero, 1937an, surrealisten taldean sartu zen. Paul Haimekin dituen elkarrizketetan azaltzen dituen gauzen artean, haurtzaroko oroimenak, bizi izan zituen lehen amodioak, Motherwell, Max Ernst, Picasso, Michaux, García Lorca, Dalí eta beste askorekin izan zituen harremanak, André Bretonengatik sentitzen zuen miresmena, margolarien eta margo lanen ingurukoak eta beste hamaika gai ageri dira.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude