Ardatza


2002ko urtarrilaren 20an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Ardatza behar du Euskal Herriak. Azken hogeita bost urteotako politikagintzak edo herrigintzak ez diote euskaldunon herriari bizkarrezurrik osatu, eta une honetantxe zaila gertatzen zaigu euskaldun hitzari pausalekua eskaintzen politikan, hizkuntzen eremuan edota, besterik gabe, geografian.

Kontzertuak ere deskontzertu bihurtu zaizkigun honetan, euskaldunon aberria eraikitzeko jaio bide zen alderdiak bi probintzietara murrizten ditu bere domeinuak, eta era defentsiboan kokatzen du bere jokabidea Estatu ahaldunen aurrean, menpean ez esatearren. Ez dago gure lurraldea elkarlotzen duen garraio eta komunikabide egokirik; unibertsitatea lotsa da euskaldun hitza bera ere hartzeko; bost arautegi bereizturen menpe jarri digute euskara, eta beste hainbeste erdal telebistaren azpian. Azken hogeita bost urteotako bide politiko eta instituzionalak ez dio gure Euskal Herriari oinarrizko artikulaziorik eskaini, ez du mundura jaiotzeko bidean jarri, eta posibilista eta pragmatiko bezala aurkezten zen aukeraren porrota nabarmentzen zaigu begien aurrean, gatazkak bere horretan dirauen artean eta Estatuen Europa finkatzera doan une historikoan, bestelako erdibideak alboratuz.
EUSKAL HERRIARI bere osotasunetik eskaini behar zaio ardatza, eta horretarako herrigintza eta politikagintza kontzertatu egin behar dira, nazio-mailako eragileen artean. Eragile guzti-guztiak kontzertatu, alegia, bat bera ere bazterrean utzi gabe, eta sistema demokratiko integrala adostu, gatazkari konponbidea eman eta elkarbizitza baketsua ekarriko duena.
Euskal Herriak orain bizi duen egoeratik eszenatoki berri horretarako bidea egin behar du, eta ez da nonbait bide erraza izango; azken urteetan behintzat ez du bide horretan asmatu ezker abertzaleak berak, eta zangalatrau egin da unetik unera dagoenetik berrira ezin ibiliz. Adostasun berriak beharrezko izango dira hemendik aurrera, dauden erakundeetan jokabide eraikitzailea eta baikorra plazaratu ahal izateko. Gasteizko legebiltzarrean aurrekontuen inguruan ezagutu berri dugun pasadizoak erakusten duenez, zentzu horretan urratsen bat eman den arren, urrun gaude oraindik beharrezko den jarrera adostuetatik instituzio horietako baliabideak euskal gizarte osoaren zerbitzura erabili ahal izateko.
Akordioa eta adostasuna bilatu behar ditugu atsedenik gabe, beti Euskal Herria ardatz hartuta; ezin dugu euskal gizartea denbora gehiagoz espainiar eta frantziar estatuen inguruko meteorito zatikatu izatera kondenatu, era horretan euskaldunon galera etorriko baita luza gabe. Oraingo egoeratik ez dute luzerako irabazpiderik izango, ez eta probintzia bakanetako administratzaile direnak, haraino ere helduko baitira zentroko agintariak leku hartzera.
ESTAKURU edo aitzakia ugari aipa daitezke, badakit, alde batetik zein bestetik, beharrezko akordio eta adostasun hauetarako, baina ez da gaurkoa oztopo hauek baldintza ala ondorio direneko eztabaida antzu horri bide emateko unea. Gaur zera ikusi behar dugu: Estatuen Europa sendo finkatzen ari den une honetan, Euskal Herriari ez diola inork kanpotik lekurik egingo, guk geuk lehenik eta behin ondo errotzen ez badugu.
Estrategia eraikitzaile hori ezin da alderdi batena edo bestearena izan, definizioz kontzertatua izan behar duelako: lortu behar dugu euskaldunok nazio-sistema anitz, demokratiko eta, beraz, kontradiktorioa izango dena aurretik adostea, gure arteko kontradikzioak era natural eta demokratikoan nazio beraren baitan plazaratu eta konpondu ahal izateko. Hauxe da aurrerantzean egin beharko duguna


Azkenak
Eguneraketa berriak daude