«Zientzialarioi jakin mina erronka bihurtzen zaigu»

Autoinmunitateari erantzuna aurkitu nahian zabiltzate; zergatik da hain zaila gaixotasun horiei sendabidea aurkitzea?

Kontua da autoinmunitatea zerk sortzen duen ez dagoela batere argi. Autoinmunitatea zaku handi bat da, eta hor sartzen da hainbat eta hainbat gaixotasun. Gaixotasun horiek zer genek sortzen dituen oso gutxi dakigu. Gainera badakigu ez dela gene kontua bakarrik, inguruneak ere baduela bere eragina. Ingurunearen barnean sartzen da bai kanpotik jasotzen duguna (adibidez, birusen infekzioek autoinmunitatea sortu dezakete), baina baita gure barruan dagoena ere. Esaterako, hormonek eragin handia dute. Horregatik, gaixotasun batzuek gehiago eragiten diete emakumeei gizonei baino.
Baina inguruneaz gain, uste dugu geneek zerikusi zuzena dutela, gene bariante batzuk dituzten pertsonek joera handiagoa dutela gaixotasun bat garatzeko, besteek baino. Kontua joera hori zein genek duten jakitea da, eta zehazkiago zein gene bariantek. Izan ere, geneak, guztiok ditugu berdinak, baina bariante ezberdinak ditugu.

Zer da zuek azken ikerketarekin lortu duzuena?
Guk lortu duguna lupua gaitzaren eragile izan daitezkeen hainbat geneetatik bat identifikatzea da. Ezin dugu aho betez esan lupua denik, saguetan egin dugulako ikerketa. Pertsonetan ikertu behar da ondoren, gure geneek gaitzean berdin eragiten duten ikusteko.

Zuen aurkikuntzaren ondotik, zer beste pausu eman behar dira sendabidea aurkitzeko?
Badaude gaixotasun batzuk gene bakarraren mutazioagatik sortzen direnak, esaterako, Huntington edo fibrosi kistikoa. Behin gene hori aurkituz gero, hasi gaitezke pentsatzen zer egin hori konpontzeko. Badira beste gaixotasun batzuk gene asko inplikatuta daudenak: diabetesa, parkinsona, alzheimerra… Lehenengo egin behar dena gene horiek zein diren identifikatzea da. Gero ikusi behar dugu zer gertatzen zaion gorputzari gene hori mutatuta dagoenean, lehen gertatzen ez zitzaiona. Beraz, ikusi behar dugu zer mekanismo dituen gene horrek, zer bidezidor metabolikoetan parte hartzen duen. Orduan hasi gaitezke pentsatzen zer egin dezakegun hori konpontzeko. Guk egin duguna lehen pausua besterik ez da, gene hori saguetan identifikatzea. Hurrengo pausoa pertsonetan gaixotasun hori dutenek guk identifikatutako genea gaizki daukaten ikustea litzateke.

Pertsonatik pertsonara ere aldatuko da gaitza...
Oso gaixotasun konplexua da, eta izan liteke, kaukasiarren artean ematen den lupuari gure geneak ez eragitea, eta aldiz, agian mexikarrei eragitea. Talde etniko bakoitzari gene ezberdin batek eragin diezaioke gaixotasun bera.

Zenbat denbora barru etorriko da sendabidea?
Urteetako kontuak dira. Atera kontuak, gene hau identifikatzeko bakarrik hiru-lau urte behar izan ditugu.

Laborategiko saguekin egin duzue ikerketa; zer berezitasun zuten sagu horiek?
Guk nahi genuen genea mutatuta zuten saguak sortu genituen. Sagu horiek lehengoen berdin berdinak dira, baina gene bakarra dute mutatuta. Horrela ikusten dugu gaitza gene horrek sortzen duen eta nola garatzen den. Beraz, sagu mutatuak lortu behar dira, eta ez da batere erraza. Hori Harvarden egin nuen, hona etorri baino lehenago.

Zer erreakzio izan zuten saguek gene hori mutatuta?
Guk uste genuen saguak gutxi haziko zirela, eta zelula gutxiago ugarituko zituztela. Baina aztertzen hasi, eta justu kontrakoa gertatu zen. Besteak baino gehiago hazten ziren eta zelula gehiago ugaritzen zituzten. Saguak zahartzen joan ziren, eta normalean 18-20 hilabete irauten badute, sagu hauek 15 hilabeterako hasi ziren hiltzen. Zer zuten aztertu, eta ikusi genuen ilean arazoak zituztela, belarri atzean zauriak… Saguek autoinmunitate gaitzekin horrelako ezaugarriak izaten dituzte. Autoinmunitate kasuetan infiltratuak ere egoten dira, hau da, odol zelulak sistema inmuneko organoetan bakarrik egon beharrean, beste organo batzutan sartzen dira, esaterako biriketan, gibelean… Eta ikusi genuen halaxe zela. Autoinmunitatean ohikoa da baita ere nork bere kontrako antigorputzak sortzea. Eta hori ere aurkitu genuen. Lupu gaixo askok arazoak izaten dituzte giltzurrunarekin, eta saguek ere hala zuten.
Beraz, bi emaitza izan ditu gure ikerketak: ikusi dugu saguek gene horrekin lupua sortzen dutela, eta bestetik badakigu gaitz horren ondorioa zelula gehiago ugaltzea dela.

AEBetara joan zinen postdoktoratua egitera. Zergatik, nola dago hemengo ikerkuntzaren egoera hangoarekin alderatuta?
Euskal Herriko Unibertsitatean 86an egin nuen tesia, eta orduantxe hasi zen diru apur bat iristen unibertsitatera. Ordura arte ez zegoen txakur txiki bat ere, birziklatu egin beharra izaten genuen guztia. Birziklatzea noski ona dela, baina lan batzutan benetan ondo eta zehatz aritu nahi baduzu, gauza asko ezin dira birziklatu. Tesia egiten ari nintzela konturatu nintzen hemen egiten zena XIX. mendeko ikerketa zela, eta denak genbiltzala berdin, ezinbestez. Ezberdintasun handia ikusten nuen irakurtzen nituen artikuluen eta nik egiten nuenaren artean. Artikulutan irakurritako mila gauza nik Euskal Herrian ezin nituen egin. Klaseak ematen nituen, eta tesia bukatzean momentu ona iruditu zitzaidan artikuluetan irakurritako hori guztia nola egiten zuten ikusteko. Europan baino AEBetan aukera gehiago dago, askoz zentro gehiago daudelako, denbora gehiago daramatelako ikerkuntzan, eta orohar zientzia aurreratuago dagoelako.

Geroztik Euskal Herrian gehiago inbertitzen al da ikerkuntzan?
Orduan AEBetan egin nituen gauzak, esaterako, sagu mutatuak lortzea, egun Espainiako zentrotan lortu daiteke, baina hori gaur lortu da, orduan ez zen posible. Orain diru gehiago iristen da unibertsitatera, baina Europako beste herrietan gehiago inbertitzen da ikerkuntzan. Egia da Euskal Herria txikia dela, baina barne produktu gordina ikusi, eta hortik zenbateko portzentaia bideratzen den ikerkuntzara, ez dut uste beste herrietan adina indar egiten denik.

Ikerkuntzan diru gehiago inbertitu behar da, beraz. Azpiegitura aldetik, nola dago Euskal Herria?
Nik AEBetako eredua ezagutzen dut, gurearekin konparatzeko, eta gure arazorik larrienetakoa horixe da, azpiegiturarena. Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle izateagatik ordaintzen digute, gure ikerketa lanak ez dira diruz laguntzen; alegia, laborategian ikertzen ematen ditugun orduak gure borondatezkoak direla, erabat bokaziozkoak. Unibertsitateak ordaintzen diguna laborategiko materiala da.
AEBetan berriz, ikerlariei proiektu bakoitzeko ordaintzen zaie; ikerlariak bere proiektua diseinatu eta unibertsitateari saldu behar izaten dio, eta unibertsitateak onartzen badu, proiektua garatzeko behar duen denboraldirako kontratatua da. Jakina, Euskal Herrian lasaiago bizi gara irakasleok, funtzionarioak garenez, gure soldata ziurtatua baitago irakasle izanda. Baina AEBetako sistemak ikerketa berriak sustatzen ditu, han ikerlariak aurkikuntza berrietatik ateratzen duelako ogia, eta bere lanordu guztiak laborategirako dituelako, eta urtean 5 klase baino ez dizkie emango ikasleei. Euskal Herrian ikerketara zentratuak dauden profesionalak beharko lirateke, bestela aurrerakuntzak beti etorriko dira beste herrialdeetatik, eta beti egongo gara besteren lapikotik jaten!

Zientzia ere boterea da. Hainbeste ikerkuntza eta aurrerapen lortzen badira nazio aberatsetan, ez al da gehiago desorekatuko hirugarren munduarekiko harremana?
Nik hala uste dut. Zientzia gustatzen zaigunoi, pertsonak garelako, badugu jakin-min bat, erronka moduan sortzen zaiguna: zergatik dauzkagu gaixotasunak? Zergatik sortzen zaizkigu? Barneko interes hori dugu, jakiteko gauzek nola funtzionatzen duten eta nola konpondu daitekeen funtzionatzen ez duena. Baina gero, hortik sortzen den informazioa modu askotara erabil daiteke. Gaur egun modu batera erabiltzeko bideratuta dago: hortik produktu bat atera eta dirua irabazteko. Gure gizartera mugatuta dago, eta beste gizarte bat erabat ahaztuta dugu. Azken batean oso lotuta dago zientzialarien lana, politikariena… Gure buruari begira bizi gara, eta hirugarren munduan askoz gaixotasun errazagoak badira, baina ez dugu ezer egiten konpontzeko.

Laborategien arteko konpetentzia handia dago. Ez al dira informazio sekretuarekin gehiago aritzen, elkarlanean aurrerapen bila baino?
Hala da. Egun, bi eratako ikerkuntzek funtzionatzen dute: bata da diru publikoarekin egin eta aldizkarietan argitaratzen duguna, denek jakin dezaten. Gero badira farmazi enpresak, aurkikuntzarik kaleratzen ez dutenak. Badakigu aurkitu dituztela hainbat eta hainbat gene berri, baina konpainien arteko konpetentziari eusteko ez dute argitaratzen.

Zientzia eta etikaren arteko muga non dago?
AEBetan egon naiz uda honetan, eta egunkari batean irakurri nuen zelulen kontua zela-eta egindako komiki bat. Justu orduan onartu zuen Ingalaterrako Lord-en ganbarak zelulekin lan egitea, ez pertsonak klonatzeko baina bai organoak sortzeko. Eztabaida hori iritsi zen AEBetara, eta Bushen aholkua tartean zela, erabaki zuten organuetarako ere klonazioa ez onartzea. Zientzialari gehienak ez zeuden ados erabakiarekin… Egunkariko komikiak zera zioen: zaldi bat agertzen zen, "zientzia" jartzen zuena, eta bere atzetik zihoan bakero bat, lazoan harrapatu nahian, eta "etika" jartzen zuen. Zientziak aurrerakuntzak egiten ditu, baina zaldi ero bat da, beti aurrera tiratzen duena. Askotan aurkikuntza bat egitean ateak zabaltzen dira, baina ez dakizu norantz eramango gaituen. Baina hori horrela da ez gaur bakarrik, betiko kontua izan da. Etikak eta zientziak beti joan behar dute elkarrekin.

Nola uztartu behar dira zientzia eta etika?
Komunikabideek hor funtzio erabakigarria dute: aurkikuntza bakoitzaren berri eman behar lukete eta azaldu horrek zer gauza on ekar ditzakeen, eta zer gauza txar. Eztabaidak egin behar dira, izan ere, zenbat eta gehiago hitz egin horretaz, gauza gehiago jakingo dugu. Aurkikuntza baten aurrean, egoera berriei beldur diegulako edo, normalean gizakien jarrera atzera egitea da, esaterako pertsonak klonatu daitezkeela jakinda. Baina gero hasten zara pentsatzen, eta badirudi organoak klonatzea baliagarria izan litekeela. Gauza bera inbitroarekin, hasieran denak aurka egon arren, gaur egun bikote antzuentzat beste aukera bat da.
Aurkikuntza batek erantzun ezberdina jasotzen du gizartean garai bakoitzean. Eugenesia edo antzutzeko sistema sortu zenean, 1920an, bere erabilpena izan zen lehenengo atzeratu mentalak aurretik kentzea, eta gero mozkorrak, drogazaleak eta hau eta bestea. AEBetan, kanpotik zetozenak, asiarrak eta abar, esterilizatu egiten zituzten. Gizartean ideia zabaldua zen pertsona horiek maila baxuagoa zutela, eta gainera ugaritu egiten baziren, estatuaren kaltetarako izango zela. Suedian ere esterilizatu zituzten atzerritar pila. Horregatik da garrantzitsua eztabaidatzea, bestela ez dakigu zer ari garen aukeratzen ere.

Zientzia munduan euskara ze osasun egoeran dago?
Ikerketa berriak mundura plazaratzeko garaian, euskararen presentziarik ez dago; ingelesak du indarra. Baina ingelesaren botere absolutua ez da euskararentzat bakarrik arazo: gaztelera, frantsesa, alemana... denak gelditu dira itzalpean, indarrik gabe, eta zientzian behintzat, alde horretatik begiratuta euskara berdinduta dago beste hizkuntzen artean (alegia, presentziarik ez duen bat gehiago dela).
Unibertsitate mailan urteetan euskarak indar hartu duela nabaritu dut; laborategiko lantaldean gehiengoa euskalduna gara, eta geure artean euskaraz hitz egiten dugu zientziaz ari garenean ere.

Zientzian berrikuntzak etengabe datoz. Euskarazko hitz berriak sortzea noren lana da?
Hizkuntzalariek garrantzia handia dute, azken batean hizkuntzaren sekretuak eta jatorriak eurek ezagutzen dituzte. Baina batzuetan zientzilariok ikusten dugu termino berriak ez direla guztiz zehatzak, zientifikoki ez direla xuxenak. Hizkuntza sortzeko orduan zientzilari eta hizkuntzalarien elkarlana ezinbestekoa da

- Jaio: Foruan, 1957an.
- Biologoa, genetika irakaslea eta ikerlaria.
- Biologian lizentziatu eta tesia atera ondoren, postdoktorala AEBetan egin zuen.
- Biologia molekularrari buruzko lanak eta inmunologiari buruzkoak kaleratu ditu; bere azken ikerketa «Inmunity» zientzia aldizkari garrantzitsuan atera dute.

Doinua: Aita izena
Gaixotasunen sendagai bila
genetikaren harira,
kate maila bat ezagututa
hurrengo mailari tira.
Gu lasai egon gintezke zuen
ikerketari begira,
saguei probak egin zaizkie
eta bidea hori da,
maiz gizakiak eta xaguak
oso antzekoak dira.
Aitor Mendiluze

Nire bizitzako erabakia izan zen lana utzi eta abentura bila AEBetara joatea. Horrek markatu egin ninduen. Une hartan unibertsitatean irakasle postua lortua nuen, baina ikerlari gisa jakin-mina, ikasteko irrika nuen, Euskal Herrian ase ezin zena; artikuluetan irakurtzen nituen aurkikuntzak neronek esperimentatu nahi nituen, posible zela ikusi nahi nuen neure begiez, eta alde egin nuen, lanpostua utzita. Aurreiritzi asko nituen AEBen aurka. Eta ikusi nuen, baietz, politikariek bide bat markatzen dutela, baina gizarteak baduela beste izaera bat oso aberasgarria dena. Boston oso kosmopolita da. Ez hori bakarrik, oso dinamikoa ere bada. Hango laborategiak erabat berriak dira, eta gizartea ere bai. Guri zailagoa egiten zaigu gauza berriak hartu eta asimilatzea. Han mutur batetik besterainoko jendearekin egiten duzu topo, eta horrek ikuspegia asko zabaldu zidan.


Azkenak
2025-05-20 | Aiaraldea
Etxegabetzea burutu gabe joan da AMA Desokupa enpresa Amurriotik, “herri erantzunari esker”

Airaldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) jakinarazi duenez, larunbatean hartu zuten itzulera hegazkina desokupazio enpresako kideek. 


Pepe Mujica eta Lucia Topolansky
“Bi euskaldunek Peperi eta Lucíari poema bana xuxurlatu nahi diete”

2015eko urtarriletik maiatzera bitartean, 25 urterekin ikasketak amaitu ondoren, Irati Astobieta laguna eta biok Txilen, Argentinan eta Uruguain zehar ibili ginen Kalabazan Ibiltaria proiektuaren barruan. Poesia xuxurlatua tresna poetikoa baliatuz euskal poemak ahotik belarrira... [+]


2025-05-20 | ARGIA
Behatokiak uko egin dio “gaztelania sustatzea helburu duten” jardunaldi batzuetan parte hartzeari

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argudiatu du kontraesanean daudela jardunaldien helburua, hau da, gaztelania bultzatzea, eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea. Observatorio Global del Español erakunde antolatzaileari gutunez eman dio erabakiaren berri, eta 2024an... [+]


65.935 etxebizitza turistikoren iragarkiak kentzeko agindu dio Espainiako Gobernuak Airbnb-ri, tartean Euskal Herriko zenbait

Espainiako Gizarte Eskubide eta Kontsumo Sailak enpresari eskatu zion Espainiako Estatu osoan 65.935 etxebizitzaren iragarkiak webgunetik kentzeko, araudia betetzen ez zutela egotzita. Airbnbk helegitea aurkeztu zuen, Madrilgo Auzitegi nagusiak arrazoia eman dio gobernuari,... [+]


Aroztegiako epaiketaren kronika (lehenbiziko eguna)
Akusazioek izen bat nabarmendu dute lehen saioan: Garbiñe Elizegi

Goiza epel esnatu da Iruñean, eta Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean epela beroa zen, elkartasunaren beroa. Baztandik hurbildutako Aroztegiko Elkartasun Komiteak karpa jarrita zuen auzitegiaren aurrean eta dozenaka pertsonak haien elkartasuna adierazi diete zazpi... [+]


Iheslarien kolektiboko sei kidek Auzitegi Nazionalean deklaratu dute

Bideokonferentzia bidez deklaratu dute Euskal Iheslari Politikoen Kolektibo sei kideak, astelehen goizean. Zitazioetan adierazten zenez, 2013ko gertakarietan oinarrituta ireki dira eginbideak. Sumarioa sekretupean dago.

 


Sorzabalen epaia oinarri hartuta tortura bidez eraikitako frogak indargabetzeko eskatu du Euskal Herriko Torturatuen Sareak

"Erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela esan du Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela onartu eta horregatik errugabetu ostean. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko aitortza eta erreparaziorako... [+]


2025-05-19 | ARGIA
Aroztegiako epaiketari jarraipen berezia

Aste osoan ARGIAko kazetari bat dedikazio osoz izango da auzitegi barruan gertatzen denaren berri ematen, baita kanpoan Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuen absoluzioa eskatzeko antolatutako egitarau zabala jarraitzen ere. Argia.eus-en aurkituko duzue informazio guztia... [+]


2025-05-19 | Bertsozale.eus
Maiatzaren 23an eta 30ean jokatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako sailkatze saioak

Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.


Ezustea Errumanian: Europar Batasunaren aldeko hautagaiak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak

Bukaresteko alkate Nicusor Dan-ek eskuin muturraren hautagai George Simion garaitu du bigarren itzulian. Danek bozen %55 eskuratu du, Simionek %45. Hala ere, eskuin muturra hazi egin da lehen itzuliarekin alderatuta. Errusiaren "esku hartze" polemikan... [+]


Gazaren erabateko okupazioari ekin dio Israelek, eta egun bakarrean gutxienez 150 palestinar hil ditu

Maiatzaren hasieran iragarri ostean, Gaza erabat okupatzeko eta hango palestinarrak kanporatzeko plana martxan jarri du Israelgo armadak. Zerrendan jada hasiak dira ofentsibaren ondorioak pairatzen: azken 24 orduetan eginiko erasoetan, Israelek gutxienez 150 palestinar hil ditu... [+]


2025-05-19 | ARGIA
Bridgestoneko erregulazio espedienteak Basauriko fabrikako 232 langileren kaleratzea jaso du

Bridgestone Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko eta Puente San Migueleko (Kantabria) fabriketan dituen 420 langileri eragingo die CCOO, UGT eta BuB sindikatuek astelehenean sinatuko duten erregulazio espedienteak. Ostiralean egindako bozketan, Basauriko plantan... [+]


Etxegabeen kontrako bi eraso egin dituzte Bilbon eta Lekeition

Larunbat gauean gizon batek Bilboko Zorrotzaurreko pabiloi bat erre zuen, bertan bizi diren etxegabetutako pertsona batzuen kontra egiteko. Lekukoen arabera, 33 urteko gizonak errezelei su eman zien bertan zeuden batzuekin eztabaidatu ondoren. Bestetik, pasa den astean... [+]


Beste behin, Israelen inguruko polemika nagusitu da Eurovision jaialdian

Lehiaketan parte hartu izan duten 72 artistak iazko edizioa "historiko politizatuena eta desatseginena" izan zela salatu dute, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Online botoari esker gertu izan du garaipena Yuval Raphael Israelgo ordezkariak. Polemikaz beteriko... [+]


Eguneraketa berriak daude