LITERATUR JAZZA: POESIAREKIN HITZORDUA


2021eko uztailaren 19an
Hileko lehen asteazkenak bereziak dira Bilboko Zazpikalen euskal literatura zuzenean entzun gura dutenentzat. Iazko urtarriletik, poesia eta jazz zaleek txoko bat egin diote agendetan Kalderapeko tabernan egiten diren errezitaldiei. Urtea amaitu berri dela, literatura irakurri ez eze entzutea maite dutenek ezin hobeto erantzun diote hileroko erronkari.

Alde Zaharreko Euskal Txokoa eta Lizardi euskaltegia daude Literatur Jazza ekimenaren atzetik. Euren eskutik izan dira Perro kaleko Kalderapeko txokoan, besteak beste, Andolin Eguzkitza, Igor Estankona, Harkaitz Cano edo Iñigo Aranbarri, eta jendearen harrera beroa izan da hilerik hile.
Lutxo Egia idazlea da antolatzaileetako bat eta gogoratzen du aurretiaz ere literaturaren inguruko hainbat ekitaldi egin izan dutela. "Poetak tabernaz taberna eraman genituen, musika eta literatura batuz eta oso ondo irten zuen hark, baina orain zerbait finkoagoa nahi genuen, ez zedila egun bakarreko kontua, aurkezpen edo erakusketa hutsa izan".
Gaiaren inguruan berbetan hasi eta gauzak zehazten joateko, 2000ko Durangoko azokaren ostean Bilbo inguruko zenbait idazle eta literatur zalerekin ere batu ziren, ideiak elkarbanatzeko eta horrela irten zuen musika zehaztapenak, "jazza egokia izan zitekeela pentsatu genuen, kontu ugari direla-eta. Musika mota bera hasteko, oso egokia da azpitik jotzeko, poemak entzuten diren bitartean; eta gero musikariak daude, ezaguna baita jazzlariek inprobisaziorako daukaten gaitasuna".

Libitum taldea.

Egindako ideia aurrera eroateak jazz taldea aurkitu beharra zekarren ordea. Euskal Txokokoak hurbilen zutenetik hasi ziren bila, "gure inguruan hasi ginen galdetzen, ea musikaririk ote zegoen. Euskaldunak nahi genituen, hori ziur, idazlearekin hitz egiteko, ados jartzeko eta ikuskizuna alde biek presta zezaten".
Inguruan bila hasi eta ez ei zuten luzaroegi bilatu Libitum taldearekin topo egiteko, Lutxo Egiaren hitzetan, "auzokide batek esan zidan ezagutzen zituela musikari batzuk, gainera nire auzokoak ere baziren eta hortik aurrera gaur arte ederto joan da kontua". Izan ere, idazlea aldatu arren, musikarien taldea finkoa da, eta hasieratik ezin hobeto girotu dituzte Bilbora joan diren idazleen hitzak. "Guretzat garrantzitsua zen taldea finkoa izatea, ezagutzea, ze badakizu horrela ez dizula hutsik egingo". Aitortzen du ikuskizunari begira, agian, hobe litzatekela idazleak bezala aldatzea musika taldeak ere, baina Libitumekin oso esperientzia ona izan dute.
Esanguratsua da gainera, musikak berak ikuskizunean daukan garrantzia. Egia da errezitatzen diren poemen lagungarri ere badirela, eman gura den giroa sortzeko, baina bestalde autonomoa ere bada kontua, alde literarioaren menpe egon barik, sarritan ohi denez. Jazzak leku duina dauka inondik ere, laguntza hutsetik haratago, eta zabalak dira poeta isildu eta Kalderapeko jazz doinuz janzten diren tarteak. Perro kaleko tabernaraino doazenen artean antzematen da, literatur zaleen artean, batez ere jazza maite dutenak. Minoritario samarrak diren mundu bi elkartzen dira-eta.

Harrera bikaina.

Bilbo, poesia, euskaraz eta jazzaz lagunduta. Zenbaitentzat sobera erakargarria baina hotzean pentsatuz beldurra ere ematen du ilusioz abiatutako ekimena ilusio hutsean ez ote den geldituko, jendearen erantzuna espero bestekoa ez bada. Egiak ere aitor du hasierako zalantzak hor zeudela, "beldurra beti dago, baina hori baino lehenago poetak tabernaz taberna eroan genituen ostiral batez eta ekimenak oso erantzun ona izan zuen. Bilbon literaturak beti izan du harrera ona, euskaraz ere bai, hara oraintsu Gabriel Arestiren omenaldia".
Lokalaren garrantzia ere ezin da ahaztu, Kalderapeko txikia da, hirurogei bat lagun badatoz, gainezka dagoela ematen omen du. Eta neguko asteazken hotzetan berotasun berezia pilatzen da, urtebete eskasean bilbotar eta Bilbon bizi diren -ikasle jende asko ere ikusten baita emanaldietan- literatur zaleentzat erreferente bihurtu den gunean.
Edozer hastea nekeza eta gogorra bada, zer esanik ez horri eustea. "Hori da gure asmoa eta nahi duguna, hilean behin honekin jarraitzea eta erreferentzia izatea. Asmo handiegirik ere ez dugu, beti nolabaiteko ghettoan, baina horren baitan erreferente". Bide ona hartu dute behintzat.
Iazko urtarrilean Andolin Eguzkitzak hasi zuen literatur jazza, eta antolatzaileek promozio kontuari ere ondo erreparatu zioten. Zazpikaleko bazterretan eta euskal guneetan kartelak jarriz eta Bilbo inguruko hainbat pertsonari gutuna ere bidaliz, hastear zen ekimenaren berri emanez. Eta erantzuna egindako lanaren parekoa izan zen, egun hotza eta Athleticen Kopako partida lehiakide izanagatik. Hortik aurrera, idazle eta musikariak gonbidatzeko begirunea ez eze, ikuslearekiko alderdi hori ere ondo zainduz, bere bidea hartu duela ematen du, jendeak lekua egin baitio hileko lehen eguazten horri bere egitekoetan.

Musikaren garrantzia.

Oro har giroa berotzeko eta idazlea bera gustura sentiarazteko taldea finkoa osatu da, ia hutsik egin gabe poesia errezitaldietara joaten dena. Horiekin batera, tarteka hurbiltzen direnak eta idazle baten edo bestearen zaletasunak erakarritakoak, "azpimarratzekoak gazteen saioak dira oro har, Harkaitz Cano lasartearrarena batez ere". Apirilean izan zen Bilbon Cano, eta ekainean Iñigo Aranbarrik ikasturteko azken emanaldia egin ostean, azaroan eman zitzaion hasiera berriz. Susa argitaletxearen eskutik «Aingurak erreketan» lehen poema liburua argitara eman berri duen Jon Benito zarauztarrak ere jende asko bildu zuen, kostako herritik bertatik etorriak tartean.
Urtea amaitzeko Kirmen Uriberen txanda izan zen Kalderapekon. Abenduaren hamabostean izan zen ondarrutarra Bilbon, ohiko lehen asteazkenean beharrean bigarrenean, Durangoko Azoka eta jai zubia luzea baitzegoen aurretik. Hain zuzen ere, aurtengo liburu azokan arrakasta handia izan du Uriberen lehen poema liburuak, «Bitartean heldu eskutik» izenekoak, eta Susa argitaletxeko standeko lanik salduena izan da. Ondarrutarra baina ez da hasi berria euskal literaturan, eta literatur zaleentzat aski ezaguna izaki, asko ziren liburuaren zain zituenak. Ez du alferrik hainbat argitalpen eta txoko literariotan parte hartu, Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalek musikatutako «Bar Puerto» egitasmoa ere berak abiarazi zuen, eta Sautrela programako gidoilari da.
Jende asko bildu zuen Uribek Kalderapekora -kasualitatea ere bada, berriz ere Athleticen Kopako partida izanagatik- eta ondarrutarrak berak aitortzen du lehenengo aldia zuela literatur jazzeko emanaldi batean. Jendearen harreragatik poztuta ere, zenbait zalantza ez ditu ostentzen Uribek: "Musikarekin oso ondo egon nintzen, baina nik nahiago dut musika planoagoa, gitarra edo teklatu hutsa, edo jazza ere bai, baina planoagoa". Tarteka ahotsa musikaren azpitik doan irudipena izan baitzuen, eta «Bar Puerto» arrakastatsuan hitza, musika eta ikusentzunezkoak nahastu bazituen, beste muturrera ere joan nahi luke Kirmen Uribek: "Ahalik eta gauza biluziena egin nahi dut, ahotsaren indarra aldarrikatzeko. Berbak badu berez indarra eta musika batzutan ona bada ere, inoiz nahastu ere egin dezake, edo zentzua aldatu. Biluztasun hori probatu nahi dut, berba biluziaren indarra agertu, besterik gabe. Baina edozelan, Kalderapekon dena oso ondo joan zen, gero! Lekua bete-beteta eta musikariekin ere ederto".
Iazkoak beraz, Kirmen Uriberen poemekin eman du berea. Alde Zaharreko Euskal Txokokoek eta Bilboko literatur zaleek oro har, Eguberri bueltan jarraituko dute literatur jazzarekin. Orduantxe lehen urteurrena beteko du Kalderapekon abiarazitako esperientziak, eta urtebetetze osasuntsua ematen du, jendearen harrerari erreparatuz gero. Urtarrilerako Jose Luis Otamendi azpeitiarraren poemez eta errezitatzeko dohain eta ahots bereziaz gozatu ahalko dutela entzuleek, antolatzaileek iragarri dutenez. Otamendiren atzetik, uda bitartean beste dozena erdi poetak hartu beharko lukete Kalderapekoko oholtza


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


2024-05-16 | Uriola.eus
Eusko Jaurlaritzak Bilboko Zorrotzako Profersa enpresa kautelaz ixtea erabaki du

Astelehenean egindako inspekzioaren ostean hartu da erabakia, azken asteetan izan diren istripuen harira.


Eguneraketa berriak daude