«Askatasunik gabe ezin da kontsultarik egin"


2001eko abenduaren 23an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
PSE-EEk eta IU-EBk osatu gutxiengo gobernuburu zara Errenterian. Batasuna alderdiak alkatetzak dituen herrietan kentzearen aldekoa al zara?

Alkate naizen ikuspuntutik erantzungo dizut. Batasunako edo EHko alkatea bere herriaren interesen alde ari bada (pertsonen alde eta edozein alderdikeriaren gainetik, alegia) ez dago arrazoirik alkatea aldatzeko. Beste gauza bat da, ekimen eta eraso bortitzen aurrean, udalaren babesean, alkateak deusik ez esatea eta ez egitea. Udal bateko alkateak ezin du herritar edo zinegotzien aurkako mehatxu etengabeei men egin edota hauetako baten hilketa kondenatu gabe utzi, hori onartezina da. Beraz, kasu hauetan, nahiz Batasunako nahiz EAJ, EA, IU-EB, PP edo PSE-EEko alkatea izan, alkatea kendu behar da. Alkateak pertsona guztien askatasuna eta bizitza errespetarazten ahalegindu behar du, herritar eta zinegotzi guztiek berdinak izan behar dute. Printzipio hauek denok errespetatuko bagenitu, ziur aski oso aurreratuak egongo ginateke bake prozesuan.


PSE-EEko eleduna zara Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Foru Aldundi hau iazko aurrekontuekin gobernatua izan da. Zein da zure iritzia?

Aurrekontu luzatu batekin diharduen gobernuak oso mugatua du bere egitekoa, bere ekimena murriztua eta herritarren kalterako izaten da. Beraz, aurrekontu luzatu hauekin gobernatzea oso txarra izan da gipuzkoarrentzat. Gainera, aurrekontu hori EHrekin hitzartua izan zela kontuan hartzen badugu, hau da, ETAk su-etena bertan behera utzi ondoren onetsia izan zela, bada, nire iritzia oso ezkorra da. Nolanahi ere, hau politika orokorraren ikuspuntutik dudan irizpidea da. Batzar Nagusietan PSE-EEko arduradun nagusi gisa dudana zehaztu beharra dago.


Zein da orduan EAJk eta EAk osatu gobernuak Diputazioan eraman duen politikaz zure balorazioa?

Ekonomia arloko balorazioa ez da txarra, zentzuzkoa da, gobernuak eskura izan dituen baliabide ekonomikoek lagundu baitute betiere. Bitarteko ekonomiko franko izan du eskutan etorkizuneko zorrak apaltzeko eta Aldundiaren oinarri ekonomikoak sendotzeko. Haatik, gobernuaren jarrera agintzaile edo prepotentea da. 51 batzarkideetatik 19en sostengua duen gobernu honek bere tesiak inposatu nahi ditu. Sozialistei betiko amarruarekin erantzun digute, PPrekin eta EHkin bat egitea aurpegiratu digute. Guk behin ere ez dugu akordio bat hitzartu EHrekin. Araudiak dioena errespetatu dugu, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan berdin gertatzen ari da. Zuzenketak edo emendakinak ez zaizkio aurrekontuen osoari egiten, itzultzea edo ez itzultzea da bozkatzen dena. Eta araudia ez du PSE-EEk ez PPk ez Batasunak erabaki, araudia -Batzar Nagusietan nahiz Eusko Legebiltzarrean- EAJk gehiengoa zuen garaian bozkatua izan zen.


Gobernu hau 2.002ko aurrekontuen negoziatzeko prest omen dago zuekin. Zein dira sozialisten baldintzak akordio bat iristeko?

Hiru dira gobernuari jarri dizkiogun baldintzak. Lehena, ahaldun nagusiak terrorismoaren aurkako jarrera sendoa izatea. Egiari zor, Roman Sudupe gure ahaldun nagusia baldintza hau kementsu eta duintasun handiz betetzen ari da. Ondorioz, ETAren terrorismoaren jomugan egotea ekarri dioena.
Bigarren baldintza aurrekontuak irekiak izatea da, gipuzkoar guztiei zuzenduak, alegia. Gipuzkoako gizartea herritar nazionalistek eta ez nazionalistek osatua bada, Udalbiltzara -edota Udalbidera- joan daitekeen diru laguntza bertan behera geldi dadila nahi dugu. Hirugarrena, aurrekontuek izaera sozial bat izan behar dute, Gipuzkoan egiten ari diren azpiegituren gauzapenean eta finantziazio moldean akordio batera iritsi behar dugu. Aurrekontu hauek udalekin elkarlanean gauza daitezen proposatzen dugu, edo behintzat, elkar lan hori den baino zabalagoa izan dadila. Adibidez, hirigintza berritzeko egitasmoetan eta lur-zoruaren erosketan udalekin akordio batera iritsi behar du Diputazioak. Kostu sozialei aurre egiterakoan elkarlan zabalago bat izan dadin nahi dugu, eta ez Udalen eta Foru Aldundiaren arteko liskarrik.


n Politikaren eremu nagusira etorriz. Autogobernuari buruzko eztabaidaren aldekoa al zara?

Autogobernuaren eztabaidaren alde naiz guztiz, baina bi aspektu argi eta garbi kontuan hartuta. Joko arauak Konstituzioa eta Estatutuaren markoan jasoak daude. Gure politikan ari den edonork bi marko hauek argi izan behar ditu. Izan ere, legeak gizarteko indarren arteko ondorioz gauzatzen diren hitzarmenak dira, gizarteak berak gobernatzen duenarekin hitzartuak. Beraz, hitzarmen hauek gizarteak aldatu nahi dituelako aldatuko dira. Konstituzioa eta Estatutua baldin badira joko araubideak, eta biek aldatuak izateko beren bitartekoak baldin badituzte, eztabaida dezagun autogobernuaz bi lege hauek markatzen dituzten parametroen barruan, eta ondoren, gure arteko elkarbizitza gauzatu eta arautzeko funtsezko bi lege hauek aldatu behar baditugu, bada, aldatuko ditugu.


PP Madrileko Gobernuan izanda, uste duzu hori posible dela?

Bai. Hor daude Estatutuaren nahiz Konstituzioaren bi xedapen gehigarriak, eskubide historikoei erreferentzia, alegia.


n Alderdi sozialistan bide hauek baldintzarik gabe kontuan hartzen dira?

Bai. Baina argi dago Jesus Egigurenek eskubide historikoei buruz egiten duen irakurketa eta alderdiko beste kide batzuek egiten dutena ez dela bera. Nik, jakina, Egigurenek egiten duen interpretazioarekin bat egiten dut.


Zer espero duzu zure alderdiak datoren urtarrilean burutuko duen Konferentzia politikoaz?

Hasteko, Konferentziak alderdiaren oinarrietara eztabaida zabaltzea nahi nuke. Sarritan, alderdiaren tokian tokiko zuzendaritzetako kideen arteko eztabaidak baino ez ditugu burutzen eta gure oinarrietako kideen jarrerekin bat egiten dugula uste dugun arren, hori ez da beti horrela. Sarritan ustekabeak izaten ditugu. Konferentziak eztabaida bat erraztu behar du, kide guztien tesiak jarri behar dira mahai gainean, tesiak edozein direla ere, inolako beldurrik gabe. Autogobernuan gehiago aurreratzeko tesiak badira edota EAEko autonomiaren aurreko jarreretara itzultzeko tesiak badira ere, bi tesiak legezkoak dira.
Konferentzian euskal sozialista gisara gure jarrera argitu behar dugu, alegia, gure etxean ideiak oso garbiak izan behar ditugu lehenik. Hortik aurrera, alderdi kideek beharrezko ikusten badute, akordioa zein indar politikorekin gauzatu nahi dugun zehaztu behar dugu, baita zein akordio mota ere bai. Horretarako baina, alderdi kide guztiek, gai guztietan, hots, udalgintza, ekonomia, kultura baita autogobernuari edo independentziari buruz duten iritzia ondo ezagutu behar dugu.


Gatazkari gagozkiola. Gatazka ebazteko elkarrizketa finkatzeko esparrurik ba al dago gaur egun?

Gatazkaz hitz egiteko, lehenbizi, hitzen zehazpena adostu beharko dugu denon artean. Zer da euskal gatazka? Nazionalista batzuek dioten bezala, Euskal Herria eta Espainiako -edota Frantziako- estatuaren arteko gatazka? Edo euskaldunen arteko gatazka ote da? Ni azken hipotesi honetatik abiatzen naiz. Ezin da ukatu gatazka bat dagoela, herri bateko populazioaren %50 ez baitago gustura estatuarekiko egokitze instituzionalarekin. Hori horrela da, baina ez gaitezen abiatu gatazka balizko ezagutza baten faltaren ondorioa dela esatetik, bestela akabo. Zeren eta nik ezin dut askatasunez hitz egin, ezta mugitu ere. Hasteko, hor dugu gatazka, gure artean, gaineratikoak honen menpe daude.


Ipar Irlandan gatazkari irtenbide bat emateko formula aurkitu dute. Arriskatu dira. Hemen ez al du arriskatzeak merezi?

Bai, noski. Baina gure egoerak ez du ezer ikustekorik Ipar Irlandakoarekin. Han kolonizazio egoera ematen da, okupazioa dago. Armada eta poliziaz gain, bi talde paramilitar daude gerran, hemen ez. Hemen badago armada bat, polizia bat, baina hiltzen duen talde bakarra ETA da. Iparraldeko irlandarrek nahiko lukete gure autogobernu maila. Han alderdi guztiek eman dute amore, benetan amore.


Abertzaleen ustez kontua ez da eskumen maila, Euskal Herriari autodeterminatzeko eskubidea ezagutzea baizik.

Bai. Baina, Ipar Irlandan, erabakitzeko ahalmen hori partekatua dago Eireko Errepublikarekin eta ingeles herritarrekin.


Alderdi sozialistak onetsiko luke formula hori?

Jakina. Subiranotasuna espainol herri osoaren baitan baitatza.


Euskaldunok ez dugu erabakitzeko geurezko eskubiderik?

Bai. Baina gauza jakin edo determinatu batzuetan, ez denetan. Hainbat erabaki estatuaren testuinguruan kokatu behar da. Irlandan oinarri ezberdinetatik abiatu ziren eta akordio batera iritsi gero. Hemen ere, aldeak alde, hango formula saia liteke, betiere, Ipar Irlandako akordioa subiranotasun partekatuan datzala gogoratuz.


Zein da herri kontsultari buruzko zure ikuspuntua?

Kontsulta Autonomia Estatutuari buruz eta bere bideak urratzeari buruz galdetzeko bada -xedapen gehigarriaren eta eskubide historikoen bitartez aurrera egiteko- kontsulta ez da beharrezkoa, herritar gehienak ados baitaude. Kontsulta Euskal Herriak autodeterminazioa erabiltzeko posibilitateaz galdetzeko bada, galdera tranpa bat izango da. Kontsultak ez lioke euskal gizarteari deus onik ekarriko, gizartea areago zatitzea baizik. Gainera, kontsulta burutu ahal izateko ordezkari politiko guztiek askatasun osoz aritzeko aukera izan beharko genuke, hots, kontsulta kanpaina guztiz libre bat burutu beharko litzateke. Askatasunik gabe ezin da kontsulta bat egin. Kontsulta bat burutu ahal izateko hori da lehen oinarri eta printzipioa.


Edozein dela ere egoera, kontsulta bat ez da erraza, antza.

Bai. Baina, demagun egoera normalizatu batean gaudela, herritar guztiak askatasunean, egin dadila galdera hau: independentzia nahi duzu bai edo ez?


Zuk onetsiko zenuke galdera hori?

Kontsultaren emaitza loteslea ez bada, zergatik ez? Baina kanpaina libre batean betiere, batzuek independentziak ekar ditzakeen abantailak azalduz eta besteek desabantailak

ALKATE OROZ GAIN
PSEko kidea 1982tik. Gipuzkoako alderdi sozialistaren idazkariordea da. Errenteriako alkatea 1987tik. Aurreko legealdian urte batez utzi zuen alkatetza Pasaiako portuaren presidentea izendatu baitzuten. Gipuzkoako Batzar Nagusietan PSE-EEko bozeramalea da. Zaragozako Arbisa herrian jaio zen orain 54 urte. Hogei urterekin etorri zen Donostiara. Historia eta ehiza dira bere zaletasunak.


Azkenak
Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Bilboko Udalak muntatu gabeko eszenatokia, mehatxuak eta kronika faltsu bat

Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.


Israelek Espainiako Vueltan parte hartzeko eskubidea daukala esan du txapelketaren zuzendariak

Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.


Jon Sarasua
“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]


Komunikazioa errazteko eta mintzamenaren errehabilitazioa lantzeko IA-Speak tresna garatzen ari dira Nafarroan

Adimen artifizialarekin garatutako tresna bat da IA-Speak. Bi erabilera nagusi izanen ditu: mintzamena itzultzen duen gailu bat eta erabiltzaileen mintzamena aztertzen duen plataforma bat.


Aste Nagusia manteroen erreparaziorako eta justiziarako aukera gisa

Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.


Sexu-indarkeria Antartikako ikerketa-base estatubatuarretan

AEBko Zientzia Fundazioaren Antartikako Programak (USAP) jakitera eman duenez, Antartikako ikerketa-baseetan 2022-2024an egin duten galdeketan, parte-hartzaileen % 41k adierazi du sexu-erasoa edo sexu-jazarpena jasan duela.


Gasteizen kalean bizi diren maliarrak Oñati eta Tolosara mugituko ditu Jaurlaritzak

50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]


Feng Shui pianoan

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Victoria Eugenia Zikloa. Mitsuko Uchida (pianoa).
Egitaraua: Beethovenen hiru azken sonatak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia Antzokia.
Data: abuztuaren 18a.

Mitsuko Uchidak Musika Hamabostaldia bisitatzen duen hirugarren aldia da. Bere estiloak... [+]


Eguneraketa berriak daude