Ondoko hauek dira euroa indarrean jarri aurretik Europako Batasunak bidean izandako data esanguratsuenak:
- Pariseko Ituna (1951). Urte bat lehenago Frantziako Atzerri Arazoetarako ministro Robert Schuman-ek Frantziak eta Alemaniak ikatza eta altzairua elkarrekin ekoizteko premia aldarrikatu zuen, bi herrialde horien arteko betidaniko lehiaren kalteak baztertzeko xedez. Pariseko Itunean Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Batasuna sortu zen, hau da, Europako eraikuntzaren lehen kimua.
- Erromako Ituna (1957). Gaur egungo Europako Batasunaren jatorria. Hor sortu ziren Europako Erkidegoa eta EURATOMa, Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa. Honako organo hauek ditu: Batzarra, Batzordea, Ministro Kontseilua eta Justizia Epaitegia. Eta EBaren sortzailetzat hartzen diren honako herrialde hauek sinatu zuten: Italia, Frantzia, Alemania, Belgika, Holanda eta Luxenburgo.
3 Lehen handitzea (1973). Danimarka, Britainia Handia eta Irlanda sartu ziren.
3 Europako Monetaren Sistema, EMS (1979). Jendartean Europako sugea izenez ezagutzen da, eta herrialdeetako diruaren gorabeherei %2,25eko muga jartzen die inflazioari eusteko xedez. Gerora euroa izango denaren lehen urratsa dela esan daiteke.
- Bigarren handitzea (1981). Grezia Europako Erkidegoko kide egin zen.
- Hirugarren handitzea (1986). Espainia eta Portugal Europako Ekonomi Erkidegoko kide egin ziren.
- Europako Akta bakarra (1986). Europako Parlamentua sortu eta erkidegoaren nortasun demokratikoa indartu zuen, eta, halaber, erkidegoaren jarduera eremuak ugaritu zituen (ingurumena, ikerketa eta garapena). Barne merkatua sortzeko asmoa iragartzen da.
- Delors Plana (1988). Adituen batzorde batek, Europako Batzordearen lehendakari Jacques Delors-en gidaritzapean, barne merkatua, kapitalen zirkulazio askea eta ekonomiaren konbergentzia eratzeko plan bat zehaztu zuen.
- Europako Batasuna (1992). Maastricht-eko Itunak Europako erakundeen berrikuntzarik handiena bultzatu zuen. Aurrerantzean EEE izan ordez Europako Batasuna izango da, eta pixkanaka diruen batasuna eta diru bakarra ezarriko da. Ekonomia eta gizarte arloko kohesioan sakontzen da eta Europako hiritarraren kontzeptua finkatzen da, eta are gehiago ugaritzen dira erkidegoaren jarduera eremuak.
- Moneta Sistemaren krisialdia (1993). Espekulazio handiko hainbat mugimenduren ondorioz zalantzan jartzen da Europako diruen egonkortasuna. Mugimendu horiei aurre egiteko garaian Europako gobernuek hasieran egindako zalantzak gainditzeko modu bakarrak banku zentralen esku-hartze gogorrak eta diruen balio galtze orokorra izan ziren.
- Laugarren handitzea (1995). Austria, Finlandia eta Suedia egin ziren EBko kide.
- Amsterdameko Ituna (1997). Maastricht-ekoa baino indar gutxiagokoa, helburu nagusia EB hiritarren kezketara hurbiltzea izan zen. Hainbat arlotako akordioak lortu ziren: segurtasuna, enplegua, atzerri politika, defentsa eta Europako erakundeen legezkotasuna. Lortu ez bazen ere, Ekialdeko herrialdeak sartzeko aukera prestatzeko ahalegina egin zen.
- Diru Batasunaren aitzindariak (1998). Bruselako Europako Kontseiluak diru batasunaren barruan zein herrialde sartuko ziren erabaki zuen: Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Holanda, Irlanda, Italia, Luxenburgo eta Portugal. Hasiera batean, kanpoan gelditzen dira: Danimarka, Erresuma Batua, Suedia eta Grezia. Izan ere, Grezia 2001eko urtarrilean sartu zen.
- Euroaren jaiotzea (1999). Ofizialki 1999ko urtarrilaren 1ean jaio zen Europako diru bakarra, euroa.
- Botere banaketa berria (2001). Nizako Itunak eratu zuen EBko botere banaketarako sistema berri eta korapilotsua, Europako erdialdeko eta ekialdeko herrialdeak bertan sartzen direnerako prestatzeko.
- Euroaren erabileraren abiatzea (2002). 2002ko urtarrilaren 1etik urte bereko otsailaren 28ra elkarrekin batera ibiliko dira pezeta eta euroa edo libera eta euroa. Eta 2002ko martxoaren 1etik aurrera euroa izango da erabili daitekeen bakarra