«JOSEBA EGIBARREN TESIAK ZUTABE NAGUSIAK IZANGO DIRA ALDERDIAN»


2001eko abenduaren 09an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Ana Isabel Arostegi eta Javier Mijangos ertzainak hiltzean, ETAk Ertzaintza bere jomuga nagusien artean sartu duela berretsi da. Zein da zure balorazioa?

Hasteko, hauxe azpimarratuko nuke: ETAk bere jardueran mendekua sartu du. Ertzaintzaren aurka eraso eginez herriak sorturiko poliziaren aurka ari da ETA. ETAk ez du onartzen herriak aukeratutako poliziak berari aurrea egitea. Ertzaintza ETAren helburu nagusia izatera pasa da; Euskal Herriaren izenean, bere hitzetan. Oraingoan ETAk beste pauso bat eman du, latza. Izan ere, batetik, Batasuna alderdiaren diskurtso politikoa ezerezean utzi du, eta bestetik, maiatzaren 13an euskaldunok eman genion ikasbide hartatik -bai ETAri bai Madrileko Gobernuari- ETAk ez duela ezer ikasi erakutsi du. ETA da Batasunak duen etsai politiko handiena. Ezker abertzalearen munduan ere gero eta gutxiagok ulertzen ditu ETAren iragarpenak eta hilketak.

ETAk Ertzaintzaren sindikatuak eta Javier Balza sailburuaren arteko nolabaiteko krisia eragin du. Zer iritzi duzu sindikatuen jarreraz?
Sindikatuek bultzatu duten eztabaida ez zait eraginkorra iruditzen, aitzitik, gaiztoa eta zitala da. Ertzaintzako sindikatuek mahai gainean jarritako eztabaida ez da beste ezein estatuan gertatzen, ez beste inongo polizian ere.

Zergatik gertatzen da, ordea?
Bada, prentsak eta zenbait sektore interesatuk sindikatu batzuen salaketei aparteko oihartzuna ematen diotelako, oihartzun horiek euskal autogobernuaren zutabeetako bat mintzea eta iraintzea helburu izaki. Hemen inork ez du ehunetik ehunean seguritatea bermatzerik, inork ez; ez hemen eta ez beste inon. Egingo dira ahalegin guztiak, baina aitor dezagun denok ezinezkoa dela ehuneko ehunean gizartearen seguritatea bermatzea. Beraz, hortik haratago doazen kritikak ez dira bidezkoak. Sindikatu hauei -beren ertzainkideek bizi duten drama gogorra ulertuta ere- barne sailburuarekiko erakutsitako jarrera kritiko hori, ea gizarteak haiengandik espero duena ote den, gogoeta dezaten eskatuko nieke. Galde diezaioten beren buruari ea beren jarrera horrekin Ertzaintzaren benetako maila ematen duten.

Lizarra-Garaziko Akordioa gauzatu zen arte ETAk ez zuen Ertzaintzaren edozein kiderik hiltzen. Orain bai, ordea. Datu berria da.
Hori ez da guztiz horrela ere. Lizarra-Garaziko Akordioa gauzatu baino lehenago, guk ertzain eta alderdi kideak lurperatu genituen ohore osoz. Joseba Goikoetxea duela 8 urte hila eta duela sei Montxo Doral. Hilketa haiek, beste ertzain hildako batzuk ahaztu gabe, Ertzaintzaren aurkako eraso zuzena izan ziren. Egia da, Beasaingo atentau honek badu plus bat, hau da, informazio zerbitzuetako kideen aurka jotzeaz gainera, ETA Ertzaintzaren kolektibo osoa erasotzera pasa da. Horrek aldaketa bat dakar: ETAk izua areago zabaldu nahi du, argi eta garbi. Baina, herriak sortutako ertzaintza izanik, herriak nekez ulertuko du ertzainak hiltzen ETA Euskal Herriko askatasunaren alde ari dela. ETA amildegi baten barrena sartu zen aspaldi eta ezker abertzalea berekin darama norabide ulerkaitz horretan.

Zure alderdira etorriz, Emilio Guevarak EAJko buruzagitzaren aurkako adierapen zorrotzak egin ditu berriz ere. ETAk EAJko sektoreen arteko ezberdintasunak areagotzen ditu, antza.
Emilio Guevara EAJko kide soil bat besterik ez da, eta bera bezala, bakarren bat ere bada Gipuzkoan. Hauek beren burua desprestigiatzea baino ez dute lortzen, ez ditugu aintzakotzat hartzen. Nik ez dut onartzen Emilio Guevara sektore baten ordezkaria bezala agertzea, bere atzetik inor ez dagoelako. Sektore ezberdinen arteko itxurazko parekatze horrekin EAJren baitan dagoen elkartasuna haustea bilatzen du Guevarak. Pertsona hauek alderditik kanpoko indar batzuei hauspoa ematen diete, gure artean eta errealitatean ez dauden ezberdintasunak irudikatuz. Bai beraiek bai espainolek badakite, presioak presio, EAJk indartsu jarraitzen duen neurrian kapaza dela bere norabidea mantentzeko. EAJ gero eta indartsuago agertu da herriarekiko duen konpromisoa hezurmamitzeko eta bere estrategia gauzatzeko leial agertu ere bai.
EAJk 2000ko urtarrilean bere ponentzia politikoa onartu zuen batzar politiko berezian, barne erakunde guztiek aho batez onartua. Horren gauzapena Ibarretxek Kursaalean agertu zuen egitasmoan datza. Hau da, giza-eskubideen errespetuan oinarrituta, autodeterminazioaren aldeko eskubidea eta, eraikuntza nazionala eta soziala gauzatzea dira gure helburuak. Eusko Jaurlaritzak oinarri hauetan eraiki nahi du bere politika eta EAJk bere hautesleekin daukan konpromisoa norabide horretan bete egingo du.

Xabier Arzalluzen ordezkoa EBBko buruzagitzan Joseba Egibar izaki?
Eztabaida hori ez da alderdian planteatu oraindik. Emilio Guevarak Egibarren aurka esandakoa astakeria iruditzen zait. Joseba Egibarrek herri honetan bakearen alde egin duen saiakera ez da behar bezala eskertua eta aitortua izan. Josebaren ekarpen eta sakrifizio pertsonala kontuan harturik, etorriko da hori gauzatzeko garaia. Ni oso hurbil sentitzen naiz Joseba Egibarren tesiengandik eta berauek alderdiaren zutabe nagusietako bat izango dira etorkizunean, ez daukat dudarik.

Lehendakariaren egitasmoa aztertzera paseaz. Berriz ere, oso urrun gaude balizko bake-prozesu batetik. Baduzu esaterik zein unean gauden?
Lizarra-Garaziko Akordioa bake saio baterako bidean gauzatu zen. ETAk ordea, EAJk eta ezker abertzaleko munduarekin landutako harremana eta konfiantza hautsi egin zuen. Hausketak hor dirau eta ETAk gogoeta serio eta sakona egiten ez duenez gero, berak ozenki bultzatzen omen duen batasuna gero eta urrunagoa dago batasuna izatetik. Ezker abertzalearen baitan dabiltzan alderdi eta sektore politiko ezberdinen arteko zatiketa gero eta handiago bihurtu du ETAren jarduerak. Su-etenak Lizarra-Garaziko Akordioari hauspoa eman zion, herriko sektore abertzaleek izugarrizko babesa eman zioten, baina akordioak sorrarazitako ilusioa ETAk zapuztu zuen. ETAk herriaren jabe eta egia bakarraren adierazle gisa agertu nahi du, baina eskema hori aldatzen ez duen bitartean jai dauka. Herriak ETAri bizkarra eman dio dagoeneko, eta herria bere inguruan dabilen aukera politikoari bizkarra ematen ari zaio gero eta nabarmenago.

ETA beste ziklo luze batean sartu eta epe motzera ez dela su-etenik izango pentsa daiteke, beraz?
Ez da erraza iragarpenik egitea, nik ez nuke eperik aipatuko. ETAk borondate soilez hartzen ditu bere erabakiak, nor hiltzen duen bere borondate soila da. Bere desprestigioa gero eta handiago da ordea, herri honek ETA bere lekuan jarriko du denbora luze baino lehen. ETAren jarduera luzerako edo motzerako izan, guk tinko jarraituko dugu gure aldarrikapenetan, lehendakariak esandako bidetik.

ETAk su-eten berri bat erabakiko balu?
Beste su-eten bat etortzen bada ondo etorria. Baina, jakina, gauzek aldatu beharko lukete. Konfiantza maila jaitsi da, harremanak apurtu dira, eta ETAk ezin du inola ere lehen egin zuena errepikatu, hau da, alde bakarreko su-etena eman bere erabakiz eta gero su-etena bertan behera utzi alde bakarreko bertsioa azalduz. Alegia, ETAk ezin du bere aldetiko interpretazioak egin eta errugabe agertu mundu guztiaren aurrean. Beste su-eten posible bat gauzatzeko bere jarrera hori aldatu beharko du guztiz.

EAJ eta Batasunaren arteko harremanak mantentzen al dira?
Ez. Eta mantendu beharko lirateke, ez delako ona elkarren berri ez izatea. Baina, testuinguruak eta tarteak dira, eta gaur egun harremanik gabeko tarte batean gaude.

Bi aldeen jarreren ondorioa al da, edo alde bakar batena?
Bi aldeen arteko kontua da. Su-etena hautsi arte elkarrekin egindako lana porrota izan zela onartu genuen bi aldeek. Ez genuen ahalmenik izan ETA geldirik mantentzeko, beraz, porrota konstatazio bat izan zen; alde bakoitzak besteari errua leporatuz, jakina. Elkarlana bertan behera gelditu zen garai berriak etorri bitartean. Baina, gauza bat argi gera bedi, lanerako eta iritzi trukaketarako zegoen ilusioa hirugarren eragile batek zapuztu zuen, ETAk alegia. Eta ETAk edozein elkarlan posiblea zapuzten segitzen du gaur egun. Ezinezkoa da ilusioa eta interesa jartzea ETAk dena izurratzen badu. ETAk herri honetako ordezkarioi iseka egiten digu.

Herri kontsultaren aukera bizirik mantendu ote daiteke egoera horretan? Legealdi honetan?
Herri kontsultaren aukerak tinko jarraitzen du. Momentu politikoak aginduko du noiz egingo den. Horrelako pauso bat hartzeko ahalik eta babes gehiena jasoko lukeen unea beharrezkoa ikusten dugu; momentu horren bila goaz. Nire inpresioa da -neurea- kontsulta legealdi honetan gauzatuko dela. Politikak gainontzeko faktoreei gaina hartzeko garaia da, politikoena da herri honetara bakea ekartzeko erantzukizuna. Herri kontsulta bideratu behar da bakea ekartzeko eta euskaldunok geure etorkizuna erabakitzeko esparrua prestatzeko. Ezin daitekeena da epe laburrerako ikuspegi batetik jardun, dena berehala egin daitekeen ustean. EAJk epe motzeko politikak soberan daudela berretsi nahi du aldi berean.

Lizarrako Akordioaren antzeko aukera epe motzera ez dela etorriko ikusita, aztertu al duzue PSE-EErekin akordioak gauzatzeko aukera gobernagarritasuna mantentzeko?
Aukerak daude, baina akordiorik ez gauzatzeko posibilitateak ere bai. Aukera sortzen bada, aurrekontuetara mugatuko da soilik. Baina aurreko garaia aipatu duzunez gero, hauxe gogoratu nahi dut: Lizarra-Garaziko Akordioan zeuden lau alderdietatik hiru Eusko Jaurlaritzan daude, EAJ, EA eta IU-EB. Kanpoan dagoen bakarra Batasuna da. Akordioaren bilera haietan Alderdi Sozialista sartzeko saiakera egin zen. Saio hartan denok ados ginen, hori lortzeko kapaz izan bagina izugarrizko aurrerapausoak ezagutuko genituen gaur egun. Ez genuen lortu, baina, hala ere, guk bidean segitu genuen, eta onura ekarri genion herri honi. Esparru hura zabaltzeko aukera egon bazegoen, denbora kontua zen, ETAk zapuztu zuen aukera. Gaur, berriz ere, abagune edota esparru hura zabaltzeko aukera errepikatuko balitz ongi etorri bedi. Baina, kontuz, ez ditzagun akordio mota hori eta Jaurlaritzan nahiz Foru Aldundietako aurrekontuetan izan daitezkeen akordioekin nahastu


Azkenak
Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


Putin eta Trump ostiralean bilduko dira, baina Zelenskik argi utzi du Ukrainak ez duela “lurralderik oparituko”

AEBetako presidenteak Ukrainarekin su-eten akordio batera iristeko ezarritako epea amaituta, Alaskan bilduko dira Trump eta Putin ostiralean. Bloomberg hedabidearen arabera, Errusia eta AEBak gerra "izozteko" plan bat prestatzen ari dira, Moskuk orain arte Ukrainan... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebistak gaztelerazko edukia areagotu dituela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


Amaya, altxor ia ezezagun hori

Zer: Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza

Zuzendaria: Gorka Miranda

Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya, Luken... [+]


Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]


26 urteko nafar bat hil da Pirinioetan

Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.


Zarrakazteluko sutea perimetratu eta kontrolpean dute suhiltzaileek

Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


2025-08-12 | Mikel Aramendi
Zergatik halako muga-zerga AEBek Indiari?

Asteko albiste nagusietako bat izan da, zalantzarik gabe: ehuneko 50eko muga-zerga ezarri die Trump administrazioak Indiatik datozkien esportazioei. Brasilekin parekatuta, zerga estatubatuar astunenak pairatu beharko dituen ekonomia handia izango da, aldaketarik ezean,... [+]


2025-08-12 | ARGIA
GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]


Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


Gizon bat atxilotu dute Erriberagoitian beste bat hiltzea leporatuta

Gizona Bilorian (Araba) hil dute, ustezko hiltzailea atxilotu dute Añanan (Araba).  


Al Jazeerako bost kazetari hil ditu Israelek

Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


Eguneraketa berriak daude