LETRAZ JOSITAKO ZURRUNBILOTIK...

Stand-ez betetako karpa zirimola handi samarra da, baina ibilibideak errazte aldera eta nahi dugun hori berehalakoan aurki dezagun, Gerediaga Elkarteak informazio gunea jarri ohi du Azokako sarrera nagusian, eta Durangoko kaleen izenak ematen dizkie mahaiz jositako bideei. Norabide jakinik gabe ere ibil gintezke batetik bestera, baina... Zerrendatxoa aldez aurretik pentsatu eta ibilbidea prestatzen has zaitezen aurtengo nobedade batzuk -guztiak ezinezkoa baita- aipatuko ditugu jarraian.

Egutegian gorriz markatutako egunak iritsi dira. Poltsikoa bete eta Durangorako bidea hartuko du milaka eta milaka euskaltzalek. Bakoitzak buruan izango du karpa zurian barrena egin beharreko ibilbidea, baina barrura sartu orduko, ongi lerrotutako bideak zurrunbilo bihurtzen dira.


HAURREN GOZAMENERAKO


Etxeko txikienek Barrenkale aldera joko dute. Hantxe daude Ibaizabal argitaletxearen Mikela Igelaren, Tentoren eta Matxinsaltoren bilduma berriak. Ereinen standean izenburu xelebre bat ikusi dute gure begiek: «Txomin Ipurdi», Joxe Arratibel eta Patxi Zubizarretarena. Haur literaturan hain ospetsu diren Grimm Anaiak ere mahaian ditugu beren «Maiteminduak» liburuarekin. Bidean aurrera, Jasone Osororen «Jara» izeneko liburuarekin egin dugu topo, Manolito Laubegiren «Trapu zikinak» ere hor dago. Zubiaren erakustokia da hori, eta bestea Descleé De Brouwer-ena. Askoren artean, Seve Callejaren «Sator Jator jauna», Jose A. Tellaetxeren «Ariadna eta Hankapalo», eta Garbiñe Salaberriaren «Holaxe dira gauzak» nobedadeak ikus daitezke. Aizkorri argitaletxeak ere badu berri-berririk: Xipri Zarragaren «Gladiadore euskaldun bat Erroman» eta Karlos Santistebanen «Ezin da makilaz hitz egin?», besteak beste.
Bekokalen, Elkarlanean argitaletxearen mahaian erakusgai: Mariasun Landaren «Galtzerdi suizida», Xabier Mendigurenen «Kosk egiten dut» eta «Harry Potter sekretuen ganberan». Igarkizunak gustuko dituenak badu lanik Juan Kruz Igerabideren asmakizunekin: «Isilik mintzo naiz». Arantxa Iturbe ere hortxe dabil galdezka: «Beldurtia naiz, eta zer?», «Eserita egiten dut, eta zer?», eta «Honelakoxea da nire arreba, eta zer?». Ana Urkizak, berriz, «Betaurrekoak ditut, eta zer?» idatzi du. Erakustokia gainezka dago, Txalapartarena bezala. Stand horretan, besteak beste, Ariel Dorfman-en «Untxi magikoen matxinada»; Iñaki Egañaren «Euskal Herriaren Historia XXI. mendeko haurrei kontatua»; eta Tahar Ben Jellounen «Arrazismoa nire alabari kontatua» liburuak ikus daitezke.


HELDUAGOEN DURANGO


Karpa kalez josita dago. Zure atzetik sartu den gizonezko bufandaduna bakarrik doa Goienkaleruntz. Norabide horretan etxeko liburutegia osatzeko behar dituenak erraz topatuko ditu. Pamiela argitaletxean badira zenbait: Patxi Juaristiren «Euskaldunak eta ondasunak», Pedro Esarteren «Navarra 1512-1530 conquista, ocupación y sometimiento militar, civil y eclesiastico», edota Maria Luisa Garderen «ELA a traves de dos Guerras 1936-3946». Txertoa argitaletxean, Alberto Perez de la Bordaren «Pais Vasco. Arte, ciudades, costumbres, historia y pueblos». Sendoaren stand-ean Mikel Aizpuruaren «Hasi Azpillaga» ere hartu du. Gero, Barrenkalera jo eta Manu Arregiren «Astronomia», edo Basandere Taldearen «Esklabotzaren historia» erosi nahiko ditu Gaiaken standean.
Gazte batzuk pasa dira korrika eta presaka bufandadunaren ondotik. Goienkalera doaz, Susa argitaletxearen mahaira. Tximaluzeak Jon Benito gaztearen «Aingurak erreketan» poesia liburua nahi du. Eta kuriositateak Jon Alonsoren «Euskal Karma» liburua erostera tentatu du. Baina gehiago ere badira: Iñaki Frieraren «Lehorreko paterak», Mikel Tabernaren «Txokolatezko dinamita»...
Hiruk, besteak beste, Ur Apalategiren «Las relaciones imperfectas», Jose Azurmendiren «La violencia y la busqueda de nuevos valores», eta Fabrica de Teatro Imaginario antzerki taldearen «Olivettis poeticos» lanak argitaratu ditu. Hiria argitaletxeak, berriz, Iosu Igartuaren «Metroko neska» eta Txomin Peillenen «Alarguntsa beltza» mahai gainean ditu. Maiatz argitaletxeak Itxaro Bordaren «Entre les loups cruels» liburua argitaratu du, eta honekin ere Goienkalen egin dugu topo.
Alberdaniaren mahaian Karlos Linazasororen «Ipuin errotikoak» erostera joan da tximaluzea, baina era berean «Manual para extranjeros», Pedro Urteagaren azkena ere hartu nahian dabil. Alabaina, Iñigo Aranbarriren «Hitzak eta giltzak» ikusi du; horren ondoan Petxo Idoyagaren «Euskal gatazkaren begiak». Kale berean dago Bertsozale Elkartearen stand-a ere.


SARRIREN ESTRAINEKOA


«Lagun izoztua». Joseba Sarrionandiak bere lehenengo nobela idatzi du. Elkarlanean argitaletxearen standean, Bekokalen, topatu du tximaluzeak. Mahai horretan daude Jon Arretxeren «Larunbatak», eta Joseba Arrutiren «Stalin» ere. Anaiari Joxemari Urteagaren «Ordaina zor nizun» nobela poliziakoa oparituko dio, izan ere, polizi eta detektibe liburuen zale amorratua da.

Bekokalen dabil gizon bufandaduna ere. Poliki-poliki Elkarlanean, Txalaparta eta Gatuzainen standak ikusi nahi ditu. Txalapartaren mahaira gerturatu eta emazteak emandako zerrenda atera du poltsikotik, aukeraketa egina du: Paulo Coelhoren «Alkimista», Abelin Linazasororen bigarren eleberria («Iraganean galdua»), eta Joxe Iriarte «Bikila»ren «Ekaitz aroa» eleberri laburra. A! Eta Gatuzain argitaletxetik, Gorka Torreren «Gazte idealistak». Aurreraxeago Sua argitaletxeko liburuak ikusi ditu: Claude Dendaletcheren «Documentos históricos de pirineístas» eta «Mujeres y Pirineos», Nanou Saint-Lèberena.


Unibertsalak euskaraz

Lehen ez bezala, atzerriko idazleen lanak euskaraz irakurtzeko joera hartu du bufandadunak eta Ibaizabalen standera gerturatu da Literatura Unibertsala bildumako liburu baten bila. Besteak beste, Jan Nerudaren «Mala Stranako ipuinak» eta Koldo Bigurik itzulitako Giovannino Guareschi-ren «On Camillo» erosiko lituzke. Alberdanian ere topatu du itzulpenik, Juan Garziak Samuel Becketten «Godoten esperoan» itzuli baitu. Txalaparta argitaletxeak Saderen liburu bat dauka euskaraz Literotura sailean: «Filosofia apaingelan», Bego Montoriok eta Juan Martin Elexpuruk itzulita. Bestalde, Artola Ediciones argitaletxeak Patrick Foreister-en («Paris Match» egunkariko kazetaria Afganistanen) «Afganistan eterno» liburua argitaratu du. Silvia de Artolak itzuli du liburua.
Erein agitaletxearen mahaian bi klasiko daude: Ovidioren «Metamorfosiak», eta Omar Khayyam Pertsiako poetarik famatuenaren «Rubaiyatak». Bestelakoak dira Ixiar Rozasen «Sartu, korrontea dabil», Mikel Hernandez Abaituaren «Ohe bat itsasoaren erdian» eta Patziku Perurenaren «Trapuan pupua» saiakera liburua. Euskaratik gaztelerarako itzulpenik ere bada; Ttarttalo argitaletxeak «Nuevas prisiones del viejo Aguirre», Koldo Izagirrerena, argitaratu du. Hori guztia eta gehiago topatu du Barrenkalen.


literaturaz gain...


Goikokalen eta Artekalen era guztietako liburu eta produktuak aurki ditzakegu. Goikokalen, esaterako, zenbait erakunde eta komunikabideren stnad-ak daude, hala nola: ARGIA, «Entzun», «Ostiela», «Putz», «Gara», «Euskaldunon Egunkaria», «Aek-Aizu!», Eguzki, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, «Artez» eta abar. Artekalen, berriz, EAEko Foru Aldundien postuak, Eusko Jaurlaritzarena, eta Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, «Jakin» eta Aranzadirenak aurkituko ditugu, beste mordoxka baten artean.
Ohi bezala, zenbait erakunderen multimedia lanak ezagutzeko aukera ere izango dugu. Besteak beste, Euskaltel, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, UEU eta Gerediaga Elkartearenak.
Kaleetan aurrera eta atzera ibiltzeaz nekatu aurretik musika ekoipenen aldera jo beharko dugu.

ETA ZER?

Elkarlanean argitaletxeak «Eta zer?» bilduman liburu gehiago atera ditu: Arantxa Iturberen «Beldurtia naiz, eta zer?» eta Ana Urkizaren «Betaurrekoak ditut, eta zer?», besteak beste.

ZENBAKITAN

Guztira 774 liburu eta 36 disko berri karpa beteko duten 245 standetan izango dira. 38 argitaletxe, 14 diskoetxe, 8 erakunde eta 22 kultura talde. Aurtengo aurrekontua 56.300 milioi pezetakoa (2.252 milioi libera) da.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude