«Ez dugu ezer asmatu, baina geure estiloa sortu dugu»

  • Bekatuari horzkadaka bizi garen mundu transgeniko honetan, laukote natural honek Golden sagarrari egin dio gorazarrea, kanturako barrenean zuten harra aterata. Ziritik atera dute zukua, bakoitzak bere onenak emanda: Eduardo, kokospekoduna, sagar gazia da, gorri bizi-bizia, eta sateliteen pare, inoiz ez dago jakiterik zein zuhaitzetatik eroriko den. Loiola sagar leuna da, bixarrak moztuta trapuarekin distira ateratzen diena masailei, adarretan gora joan diren sagarrak ordenatu zale. Kike gozoa da, azukretsua, bibotea dantzatzea gustatzen zaion sagarra. Eta Larrañaga berriz, ganbara txokotik mundura ihes egiten duen sagar beltzarana, bizarrean beste herrialdeetako jaki-arrastoekin itzultzen dena beti. Gaur ere «Larra» auzoko larreetan dabil, eta beraz hiru sagarren jarioa edatera gonbidatzen zaituztegu... Txootx!
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nola egin zuten topo lau tipo sinpatikok eta elkarren osagarri diren lau ahotsek? Nola sortu zen taldea?
KIKE OTXOA: Lauron ametsa zen abestea eta horrek batu gintuen; baina garrantzitsuena zera da, laurok kanturako gustu bera genuela. Gospel generora jo genuen (beltzek zoragarri abesten dute), guri asko gustatzen zitzaigun.
LOIOLA GARMENDIA: aitzakia bat ere bagenuen, gure temarioa prestatzeko. Lagun batek ezkondu behar zuen eta ezkontzan kantatzeko eskatu zigun. Elizaren atzealdean abesten ari ginela, sorpresa itzela hartu genuen, jendeak ezkonberriei begiratu beharrean guregan jarri zuelako arreta.
K. OTXOA: Eta «Hau formula bat ote da?» pentsatu genuen. Estilo hori da Golden Apple Quarteten zigilua: musika hori bera kantatzea, beste irakurketa bat emanez, umore tonuan.

Musika eta umorea nahasteko formula hori beste talderen batengandik jaso zenuten?
L. GARMENDIA: Jakina, guk musika serio landu nahi genuen, baina hasieran oso ondo irteten ez zenez, txantxetan egin behar!
K. OTXOA: Musika eta umorearen irrika betitik egon izan da. Esaterako, 50eko hamarkadan Euskal Herrian talde enblematikoa izan zen "Los Xei». Eta ez zuten ezer berririk asmatu, modu sinpatikoan kantatzen zuten. Beraz, beti egon izan dira formula hauek. Eta geurea ideia horri beste buelta bat gehiago ematea izan da. Baina agian berezi egiten gaituena da, hautatu dugun musika estiloa: gospela. Estilo horretatik abiatuta, gerora beste musika estilo guztiei ireki diegu atea. Beraz, guk ez dugu ezer asmatu, baina geure estilo propioa sortu dugu.

Golden Apple Quartet izena bera xelebre askoa da...
L. GARMENDIA: Izen hori Eduardori bururatu zitzaion. "Golden Gate Quartet"en gaiak lantzen hasi ginelako, hitz jokoa atera zuen.
EDUARDO DORRONSORO: Harrezkero denetik deitzen digute: "Golden Opel Kadett", "Golden Globe Trotter"; "Golden Gay Garden"… Behin, Bergarako festetan, kalean gindoazela tipo bat guri seinalatzen hasi zen, gu parean pasa ahala: "begira, begira, hauek zerakoak dira, zera… zera…" Eta gu dagoeneko kalean barrena galdu ginela entzun genion "baina nola ostia izena dute!".

Zein musika mota gustatzen zaizue lantzeko?
L. GARMENDIA: Dibertigarria iruditzen zaigun dena, eta harmonikoki interesgarria zaiguna, polita dena. Hasieran ez zitzaigunez oso ondo ateratzen, disimulatu beharra izaten genuen. Denborarekin hain gaizki ez egiten ikasten da, kalitate musikala mailaz igotzen da, eta musikalki gero eta gauza konprometituagoak egiten ditugu. Umorearena zerbait paraleloa da, helburua beti da dibertigarria izatea.

Eneko Olasagasti hasi zen lehenengoz zuen emanaldiak zuzentzen. Zertan antzeman zen Eneko Olasagastiren ukitua?
L. GARMENDIA: esmokinetan!
E. DORRONSORO: Ordura arte hiru esmokin beltz bakarrik genituen, eta beraz nik, esmokin zuri bat edo Yogi hartzaren mozorroa nituen aukeran.Yogi hartzaren mozorroa agian gehitxo nabarituko zela-eta, esmokin zuriarekin irteten nintzen. Enekok azkar jantzi arazi zidan esmokin beltza.
K. OTXOA: Enekoren lana gu zuzentzea izan zen. Kantuak bagenituen, baina antzerki egitura behar zuten eszenategi gainean jartzeko, ordu eta erdian ikuskizunari eutsiko zion egitura. Abesti batetik bestera pasatzeko loturak bilatzea izan zen bere lana, emanaldiak koherentzia izan zezan.
E. DORRONSORO: Eta egitura hori, batez ere, ni isilarazteko zen. Eszenategi gainean hitz eta pitz hasten naiz, eta ezin gelditu, ordena pikutara bidalita. Lehen, ikuskizunak orduerdia edo ordu eta erdi iraun zezakeen, egun horretan nuen hitz jarioaren arabera.

Bakoitzak zer funtzio betetzen du taldean?
K. OTXOA: Taldeari 15 urtean eutsi diona da, partaide bakoitzak nortasun eta abildade ezberdinak izatea. Horri esker, lana nortasunaren arabera banatu ahal izan dugu:
Loiolak gaitasun musikala du, moldaketak egiteaz edo sortzeaz bera arduratzen da. Xelebre hau, Eduardo, ganberro hutsa da, txorakeriak egiten jaio zen eta berari bururatzen zaizkio astakeria handienak. Ni berritsu hutsa naiz, eta antolamenduaz arduratzen naiz. Eta Larra da, orain bidaian dagoena (ARGIAk elkarrizketa egin zionean) mundua ikusteaz arduratzen dena, eta gastronomiaz.

Zuen izaera oholtzara igotzen duzue?
L. GARMENDIA: Kike ez beste denok garen bezalaxe ateratzen gara oholtzara, hein batean garena transmititzen dugu. Ni beti zuzentzen aritzen naiz, lagunak nahas-mahasean ibil ez daitezen. Xelebrea beti irten egiten da ezarritako ordenatik. Larrak beti zabarrarena egiten du, bere itxuragatik (eta berez ere pixka bat astoa badelako). Baina Kikek bere nortasunaren aurkako funtzioa betetzen du: xinplearena, tontoarena.
E. DORRONSORO: Arrazoia ere oso xinplea da: kantatu egin behar dugu. Eta Kike, berez den bezain berritsu agertuko balitz, ez liguke abesten utziko!

Jendeak estimatzen du zuen ahots kalitatea? Ala arreta osoa txisteetan jartzen du?
K. OTXOA: Egiten ditugun ikuskizun guztietan garrantzia gehien gai musikalari ematen diogu eta bere kalitate musikalari. Eta gero, gai musikal horrek beti du umorezko kontakizun paralelo bat, detailetxo batzuk baino ez direnak, baina azkenean gai musikala da agintzen duena. Orokorrean jendeak estimatzen du hori eta oso ondo abesten dugula esaten digute, eta gainera sinpatikoak garela.
E. DORRONSORO: Ez dute esaten "a zer algarak botatzen ditudan kantatzen duzuen bakoitzean!". Hori da entzun nahi nukeen azkena!
L. GARMENDIA: Sinpatikoa izatea lortuz gero, edozerk funtziona dezake, ikusleak eskertu egiten du. Baina umore bortxatua egitea da arriskutsuena, grazioso izan nahi hori, nabarmen gelditzen baita barre eginarazten ari zarela eta azkenean ez du graziarik egiten.
E. DORRONSORO: Taldearen helburua ez da inoiz izan jendeari grazia egitea. Lehen kontzertuan, 3-4 abesti baino ez genituen prestatuak. Orduan, konfetiak botatzen genituen… soinu asko eta mami gutxi. Jendea ohartzerako kontzertua bukatzen genuen. Baina gure tenperamentua dela-eta, sortu egiten da grazia izpi hori eszenategira igotzerakoan. Gu halakoxeak gara, xelebrekeriatan hasten gara eta jendeari grazia egiten diola ikusten duzu. Eta hortik aurrera, ateratzen zaiguna egiten dugu. Ez bazaigu ezer ateratzen, serio asko ere kantatu izan dugu. Baina jendea ohitua dago gu beti xelebrekeriatan ikustera eta gu serio ikusteak grazia egiten dio, barrez lehertzen da orduan ere.
L. GARMENDIA: Erne egon behar izaten dugu, gure mugimendu bakoitza bi aldiz pentsatu behar da: lepondoan azkura izan eta eskua lepondora eramateagatik jendea algaraka hasten da!

Enkarguzko lanak eta publizitatea egiten dituzue.
K. OTXOA: Enkarguzko lan bat eskatzen diguten bakoitzean, beti estrategia bera erabili izan dugu (urteek erakutsi baitigute oso eraginkorra dela): eskatutako lana gainditzea beste proposamen bat erantsita. Erronka horixe hartzen dugu beti. Eskatutako lana betetzea, baina gainera guk proposamen berezi bat gehiago eranstea.

Euskadiko Orkestrarekin ere aritu zarete saltsan. Zer moduz?
K. OTXOA: Oso gogorra izan da. Bost hilabetez eduki gaituzte lanean, 200 kilometro orduko abiaduran. Bi egun soilik izan genituen orkestrarekin entseatzeko, beraz, nork bere aldetik egindako lan guztia bi egunetan uztartu beharra genuen! Baina gustura aritu gara abentura honetan. Harrigarriena izan da musikari jendearekin sortutako harremana. Orkestrako gehienak, musika irakasleak dira, oso jende serioa. Eta gu sartu ginenean, jendea lasaitzen hasi zen, hasieran irribarretxo bat egiten zuten eta azkenerako algaraka ari ziren. Musikariek eskerrak eman zizkiguten, gurekin aritutako denbora jolastordua izan zelako, euren entseguen zurruntasunaren barruan.
E. DORRONSORO. Nik emankizunen bideoa ikusten dudanean, gehien estimatzen dudana ez da publikoaren erreakzioa, baizik eta atzean ditugun musikarien irribarrea. Harritu egiten zara, sekulako lorpena da!
L. GARMENDIA: Batzuk esaten ziguten: "Une batzuetan ezin nuen instrumentua jo!".

Biretan ahitzen duzue zuen denbora.
L. GARMENDIA: Gure kontzeptua ezberdina da. Rock taldeek-eta hilabete mordoa ematen dute disko bat prestatzen, eta behin diskoa aterata, kontzertuak eskaini behar izaten dituzte. Gure diskoek ez dute izugarrizko salmentarik eta ez ditugu arrakasta lortzeko esperantzan ateratzen; guk saltzen duguna ikuskizuna da.

Gaurko gizartean zer etorkizun dute otxoteek?
E. DORRONSORO: Etorkizuna iraganaren berdina dute. Zirkuitu egin bat dute eta ez dute apustu berririk egiten, lehengoari eutsi baizik.
K. OTXOA: Euskadiko zirkuitura mugatuta daude, hizkuntza dela-eta (berdin gertatzen da Kataluniako kantu taldeekin, galiziarrekin...). Eskualdetako musikan hizkuntzak asko baldintzatzen du. Guri, estatura zabaltzea ahalbidetu diguna, hain zuzen gaztelera erabiltzea da eta beraz, ulermena ez da oztopo estatura irteteko. Musika euskaraz egiten duen jendeak horixe du, etxean gelditzen dela. Badira salbuespenak, izar ospetsuak, esate baterako, Kepa Junkera. Sekulako arrakasta lortu du, baina beti merkatu oso konkretuetan gertatzen da hori.
E. DORRONSORO: Gainera, kantugintza bultzatzeko beste arazo handi bat, tabernetan jartzen duten musika da. Belarriak lehertzerainoko bolumena izaten du. Nola abestuko duzu orduan!
L. GARMENDIA: Lehen, tabernatan afaldu ostean kantatzeko ohitura handia zegoen. Garai batean Donostiako tabernetan "Kantatzea debekatuta dago" zioen kartela zintzilikatzera heldu ziren!
K. OTXOA: Euskadin oso proiektu interesgarriak sortzen ari dira. Koro gazte asko daude, gazteentzat eskolak… Baita esperientzia berritzaileak ere (txalaparta ahotsarekin uztartzea, Nacho Duatok txalapartarekin koreografia bat prestatzea)… esperientzia horiek denek pista bat ematen dizute musikak nondik joko duen jakiteko. Otxoteak ez ziren duela 500 urte existitu ere egiten eta agian gerora desagertu egingo dira. Baina desagertu denok desagertuko gara!

Oso esperientzia potentea izan zen, Placido Domingorekin kantatu genuenekoa. Antena 3 telebistak telemaratoi bat antolatu zuen, duela 7 bat urte, eta bertan abesteko proposatu ziguten. Placido Domingo ere joatekoa omen zen. Guk orduan beste erronka handiagoa proposatu genien telebistakoei: Placido Domingori "O Pepita" kantatuko diogu (Xeik kantatzen zuen "O Pepita", hain justu Placidoren amari eskainitako kantua baita). Eta gainera, lortu behar duzue Placidorekin gabon kantu bat abestea.
Inpaktantea zen guretzat operako munstroarekin kantatzea. Sekula ez genukeen imajinatuko halako aukerarik izango genukeenik, ametsa zirudien.

- Taldea: 1986ko urrian sortu zen.
- Egindako lanak:
Besteren artean, «Toy Story II» filmaren bertsio espainiarrari soinu banda jarri diote. «Karramarroen uhartea» filmeko ahotsak jarri dituzte. «Kilometroak 99» (Errenterian) festaren abestia egin zuten.
- Partaideak:
+Loiola Garmendia: Donostian jaio zen, 1959an. Taldeko baritonoa eta musika zuzendaria. Rock eta jazz taldeetan jo izan du eta San Inazio Koroan eta Donostiako Kamara Koruan abestu izan du.
+Eduardo Dorronsoro: Donostian jaio zen, 1959an. Taldeko tenorea da. Flauta eta baxu elektronikoa jo izan du era guztietako taldeetan: rock, pop, jazz, folk...
+Cruz Maria Larrañaga (Larra): Deban jaio zen, 1957an. Taldeko baxua. Dultzaina jotzen du eta koru askotan kantatu izan du: Donostiako Orfeoian, Oiartzunak-en, Etorki-n...
+Enrique Otxoa (Kike) :1950ean jaio zen. Taldeko baritonoa. Antzezle lanetan aritua, Errenterian antzerki klaseak ematen ditu.

Doinua: Agur sagar beltzaran
Lana egin liteke
serio edo ez
umoreari beti
tartetxo bat gordez
estilo hori landuz
jarraitu adorez
musikari barreak
erantsiz umorez
barreari koruak
soilik egin ordez
Aitor Mendiluze


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Eguneraketa berriak daude