IBERDROLAK ENERGIA NUKLEARREN ALDE JARRAITZEN DU


2001eko azaroaren 11n
Mundu guztiko ehun enpresa inguruk, eta horien artean Iberdrola euskal enpresak, joan den uztailean gutun ireki bat helarazi zioten hainbat Administraziori, non energia nuklearraren aldeko jarrera nabarmentzen zuten. Aldi berean udako itzalaldi batzuen kezka ohartarazten zuten, penintsulako sistema elektrikoa behar baino indar gutxiagorekin zebilela eta dagoen elektrizitate eskariari erantzuteko gaitasunik ez zuela adierazi nahian. Jokabide horrekin munduko zaindari nagusiaren, Estatu Batuetako lehendakari George Bushen erronkarekin bat egin zuten. Gerhard Schröder-en Alemaniako Gobernuak, aldiz, 2020tik aurrera bere herrialdeak energia nuklear gehiago ez ekoiztea erabaki du.

Testuinguru horretan, energia nuklearraren aldekoek, Espainiako Foro Nuclear-ek esaterako, hilabete hori (uztaila) prentsa idatzian eta liburuetan klimaren aldaketari buruzko tesiak argitaratu eta zabaltzeko baliatu zuten. Eraso horri erantzunez, ekologisten iritziak ere entzun ahal izan dira, eta hauek energia berriztagarri eta garbiagoen aldeko jarrera erakutsi dute.

NUKLEARRAREN ERRONKA.

Munduko Energiaren Kontseiluak dionez, datozen 50 urteotan herrialde garatuek bikoiztu egin beharko dute beren energia ekoizpena, demografiaren hazkundeagatik eta ekonomiaren nahiz teknologiaren garapenagatik. Halaber, garapen bidean dauden herrialdeak kontsumoaren bideari ekingo diote. Gaur egun, munduko biztanleen heren batek ez du inolako energia aukerarik.
Oinarri horretatik abiatzen dira energia nuklearraren aldekoak. Espainiako Estatuaren kasuan, bertako erakunderik esanguratsuena Foro de la Industria Nuclear Española (Foro Nuclear) delakoa da. Energia nuklearraren aldekoek duten jarrera adierazteko, foroko zuzendari nagusi Santiago San Antoniok egindako azterketa berriak erabiliko ditugu. Beren iritziz Estatu Batuak, eta energia horren alde nabarmendu den bertako lehendakari George Bush, argindarra hornitzeko arazoari irtenbideak ematen ari dira etengabean, eta besteak beste zentral nuklear berriak eraikitzeko proposamena egin dute. Energia mota hau bultzatzeko honako arrazoi hauek azpimarratu dituzte: energia nuklearrak ez du kutsatzen, ekonomikoki lehiakorra da, elektrizitate salneurriaren egonkortasuna ziurtatzen du eta oinarrizko energia elektrikoa eskaintzen du erregaiaren prezioarekiko, eguraldiaren aldaketekiko eta abarrekiko inolako mendekotasunik gabe. Horregatik Estatu Batuek 50 zentral nuklear berri eraikiko dituzte eta orain daudenen bizia 40 urtetik 60ra luzatuko dute.
Europako Batasunaren barruan, energia nuklearraren alde daudenek gogor diote ezinbestekoa dela epe luzerako plangintza energetikoa prestatzea, elektrizitatearen horniketa ziurtatzeko. Eta, beren ustez, plangintza horrek funtsezko osagaitzat hartu behar du "energia nuklearraren geroz eta erabilera handiagoa" eta, horrekin batera, egungo erregai fosilen aprobetxamendu hobea, energia berriztagarrien garapena eta, inolako zalantzarik gabe, energia aurrezteko neurriak ezartzea.
Espainiako Estatuan kontsumitzen den energiaren heren bat bertan dauden zentral nuklearrek hornitzen dute. 2000. urtean aurreko urtean baino %7 energia gehiago ekoiztu da. Eta PPren gobernu espainiarra ustiapen nuklearrei emandako baimenen epea luzatzen ari da. Horrela gertatzen da Burgoseko Garoñako zentral nuklearrarekin, eta horixe da hain zuzen ere Euskal Herritik hurbilen dagoena. Dagoeneko zaharkitua egonik ere, luzatu egin zaio ustiapenerako baimena. Abuztu bete-betean, Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluko lehendakari Maria Teresa Estevanek jendaurrean defendatu zuen zentral nuklear berriak eraikitzea eta gaur egun jardunean ari direnen ustiapenerako baimena luzatzea, eta, besteak beste, Zoritakoari hamar urte gehiagorako baimena ematearen alde agertu zen. PSOEk eta IUk gogor salatu zituzten adierazpen horiek, eta energianuklearraren aldeko adierazpen horiekin ados zegoen ala ez argitzeko eskatu zioten Gobernuko presidenteari. Garai horretan Menorcan oporretan zegoen Aznarrek ezentzunarena egin zuen.
Foro Nuclear-ek Kalifornian gertatutako itzalaldiak zekartzan gogora, eta, «Kalifornian gertatutako moduko krisialdi bat gertatzea zaila» dela aipatu arren, «honelako arazorik ez izateko, eta prezio igoerarik izan nahi ez bada, garaiz ibiltzea komeni dela» ohartarazi zuen.

438 ZENTRAL NUKLEAR MUNDUAN.

Gaur egun 438 zentral nuklear ari dira jardunean munduan, eta beste 31 ari dira eraikitzen; hauetako gehienak Txina, Japonia eta Korea bezalako herrialdeetan. Zentral horiek munduko argindarraren %17 sortzen dute. Energia honen aldekoek behin eta berriz diote berotegi efektua eragiten duten gasik ez dutela isurtzen, nuklearraren teknologiak asko aurreratu duela eta gaur egun energia ekoizteko dauden beste aukerekiko abantaila handiak eskaintzen dituela. Gainera, erregai gisa uranioa erabiltzen dutenez eta mineral hori egonkortasun politiko handiko herrialdeetan aurkitzen denez (esate baterako Kanada eta Australian) epe luzera orduko kilowattaren ekoizpen kostuak finkoak eta iraunkorrak izateko ziurtasun handia eskaintzen duela diote. Uranio tona batek ikatzaren 17.000 tonaren pareko energia sortzen du.
Foro Nuclear-en ustez, "erronka gizartearen premiei eta garapenari erantzuteko, epe luzerako plangintza bat bultzatzean datza, eta horretarako energia nuklearraren ekarpena objetibotasun eta zorroztasun teknologikoz neurtu behar da. Energia nuklearraren alde egitea aurrerapenaren alde egitea da, eta ez litzateke egokia iraganeko inertzia politiko erosoen eraginez horri uko egitea".

IBERDROLA EKOIZPEN NUKLEARRA ETA MOZKINAK GEHITZEN.

Iberdrolak bere ekoizpen nuklearra areagotzen jarraitzen du. 2000. urtean 25.696 milioi kw/or. ekoitzi zituen, eta aurreko urtean 24.550 milioi kw/or. Ezin da ahaztu Iberdrolak ekoizten duen energia guztiaren barruan energia nuklearra dela arlorik garrantzitsuena: zentral nuklearretan 25.696 milioi kw/or. ekoizten ditu, hidraulikoetan 13.085 milioi kw/or., ikatzaren bidezko produkzio termikoan 8.120 milioi kw/or. eta fuel eta gasaren bidezko produkzioan 4.268 milioi kw/or.
Aldi berean, bere mozkinak ere areagotzen jarraitzen du. Aurtengo lehen seihilekoan euskal enpresa elektriko honek 70.115 milioi pezeta (2.805 milioi libera) irabazi zituen guztira, hau da, joan den urtean baino %10,1 gehiago. Mozkin garbiak, hau da, zergak ordaindu ondoren, 2000. urtean 141.821 milioi pezetakoak (5.673 milioi libera) izan ziren, eta aurreko urtean, berriz, 121.532 milioi pezetakoak (4.861 milioi libera), hau da, %16,69 gehiago.


ALDEKO ARGUDIOEN GAITZESPENA.

Sektore ekologistak eta aurrerakoiak energia nuklearraren aldeko argudioen aurka ageri dira. Adibide zehatzak jartzearren, duela gutxi egindako hainbat adierazpen jasoko dugu. Greenpeacek aurre egin zion enpresa elektrikoek energia nuklearraren alde egindako aldarrikapenari: "Energiaren sektoreko enpresek, eraginkortasunaren eta energia garbien aldeko apustua egin ordez, estrategia maltzurraren bidea hartu dute gizartearen iritzian nahasmendua sortu nahian, zentral termikoak abian jartzeko eta zentral nuklear arriskutsuen ustiapenarekin jarraitzeko".

Beren ustez, joan den udako itzalaldi arriskuei buruz ezagutzera eman zuten kezka "itxura hutsa" besterik ez zen, zentral nuklear berriak eraikitzeko eta lehendik daudenen ustiapena luzatzeko premia sinistarazteko gizarteari. Horregatik, zentral termiko berriak irekitzea eragozteko eskatzen dio erakunde ekologista honek Espainiako Gobernuari. Horrez gainera, honako eskariak egin dizkio gobernuari: lehentasuna eman diezaiola energiaren eraginkortasunari energia eskariaren kudeaketarako programen bidez; energia berriztagarriek dituzten oztopoak kendu eta horien aldeko jarrera har dezala, gutxienez, energia eskariaren %12 bete dezaten 2010. urtean; eta erregai fosilen eta energia nuklearraren alde dauden diru laguntzak energia berriztagarrien eta eraginkortasun energetikoa lantzen duten teknologien alde jar ditzala.

NBEko Global 500 sariaren irabazi zuen Joaquin Araujo idazleak dioenez, airea kutsatzen ez dutela esanez energia nuklearra ekoizteko plan zaharkituak eguneratzeko argudioa «duela hogei urte bezain maltzurra eta zentzugabea» da. «Batez ere, gezurra delako ez dituela airea, lurra eta ura kutsatzen, beroarekin eta erradiazioekin kutsatzen baititu; oso erradiazio txikiekin ia beti, baina gogoratu beharra dago edozein erradiazio artifizial, oso txikia izanik ere, arrisku onartezina dela". Hondakin nuklearren kontrola eta kokapenak inolako irtenbiderik ez duela gaineratu, eta zera gogoratzen du: "Inork hilerri nuklear baten ondoan bizi nahi ez duen bezalaxe, inork ezin du ziurtatu erradiazio hilgarri horiek bizirik iraungo duten ehunka mendetan zehar, hondakin horiek kontrolatzeko baliabiderik eta egonkortasunik izango denik"

Sei energi proiektu ekinean Bizkaian
Gaur egun, abiadura eta urrats ezberdinekin, sei energi proiektu dira ekinean Hego Euskal Herrian, guztiak Bizkaian, Eusko Jaurlaritzak bultzaturik eta etengabeko protestak eragiten ari dira proiektuak egingo diren herrietako biztanleen artean. Hainbat gizarte plataforma eratu da denen ahaleginak elkartzeko, eta, diotenez, bertan gerta daitezkeen leherketek eta kutsadurak Bizkaia osoan izan dezakete eragina. Zornotzan, Boroan aurreikusten den proiektu termikoari dagokionez, herri horretako alkateak iragarri zuen herri galdeketa galarazi egin du Bizkaiko EAJko exekutiboak. Kontuan izatekoa da deialdia iragarri duen alkatea ere EAJ alderdi politikoko kidea dela.
Honako hauek dira ekinean dauden sei energi proiektuak:
Bizkaiko Badia Gasa (BBG) birgasifikazio lantegia Zierbenan ari dira eraikitzen, eta 100.000 milioi pezetako (4.000 milioi libera) inbertsioa izango du, BBErekin batera. Bere lehengaia gas natural likidotua da, eta azken emaitzaren produktua gas naturala. Bere azalera, BBE, Bizkaia Badia Elektrizitatearenakin batera, 230.000 metro koadrokoa da.
Bizkaiko Badia Elektrizitatea (BBE) zentral termikoa Zierbenan ari dira eraikitzen, aurrez aipatu dugun azalera horren barruan. 100.000 milioi pezetako (4.000 milioi libera) inbertsioa izango du, BBGrekin batera. Bere lehengaia gas naturala da, eta azken emaitzaren produktua elektrizitatea. Sortuko duen potentzia 800 Mw-ekoa izango da. Hozteko itsasoko ura erabiliko da. Proiektu honen eta birgasifikazio-lantegiaren sustatzaileak BP, EEE, Iberdrola eta Repsol dira.
IGCC ziklo konbinatuko zentral termikoa Abanton kokatuko da, 250.000 metro koadroko azalera izango du, eta Petronor enpresak sustatua izango da. 150.000 milioi pezetako aurrekontua du. Bere lehengaia sintesiko gasa izango da, eta bere azken emaitza elektrizitatea. 824 Mw-eko potentzia izango du eta itsasoko urez hoztuko da.
SANTURTZI III izeneko zentral termikoa, Santurtzin kokatua eta Iberdrolak sustatua, 25.000 milioi pezetako aurrekontuarekin egingo da. Bere lehengaia gas naturala izango da, eta bere azken emaitza elektrizitatea. 400 Mw-eko potentzia lortuko du eta itsasoko ura erabiliko da hozteko.
BOROA ENERGIA izeneko zentral termikoa Zornotzan kokatuko da, 70.000 metro koadroko azalerarekin eta Irlandako ESBI enpresak sustatua. Bere aurrekontua 60.000 milioi pezetakoa da. Lehengaia gas naturala izango da, eta azken emaitza elektrizitatea. 800 Mw-eko potentzia izango du. Hozteko sistema gisa araztegi bat eta ibaia erabiliko ditu.
ZABALGARBIko Erraustegia. Ziurrenik Enkarterrietan kokatuko da eta, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundia, Sener Ingeniaritza, EEE eta BBK ageri dira berau sustatuko duen enpresan. 50.000 milioi pezeta inguruko aurrekontua eta 90 Mw-ko potentzia izango du


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude