Kazetaritza ikasten nenbileneko kontuak dira. 70eko hamarkada, Vietnamgo gerra egunkari guztietako osagarrietako bat zen, ia ia atal finkoa, urtetan zehar. Hor hezurmamitu zen guretzat gerrako kazetariaren irudi jakineko hori, kanpainako txalekoa lehen ezaugarri, gizonezkoen kasuan egunetako bizarra eta emakumezkoak berriz, bakan batzuk artean, makilaiarik gabe. Ez dut gogoan berbetan jartzera ausartzen ote ginen, baina klasean bizi zen halako giro bat, irudipen bat, denok gerra korrespontsal izan nahi genuen. Halako batean bukatu zen Vietnamgoa, gu lizentziatu baino lehentxoago, eta harrez gero ez da nahikoa gerra izan horrenbeste kazetarirentzat. Gure kurtsokootan, gizonezko gehienak enpresa haundi, banketxe edo erakunde publikoren bateko komunikazio arduradun korbatadunak dira. Emakumezko gehienak berriz halakoren "señora", diseinatzaile, boutique txiki bateko jabe eta antzeko ofizioetakoak.
Belaunaldi batzuk geroago, Joseba Iriondori "Egunkaria"n egin dioten elkarrizketan ikusten dut gerrako korrespontsaletarako joera horrek irauten duela: "Arlo profesionalean nork bere ametsak baditu, eta nirea betidanik halako gatazka baten berri ematea izan da". Gure lankidea gaztea da oraindik, eta korbata "Gaur Egun"a aurkezteko bakarrik jazten du. Eta hortxe dabil, nazioarteko edozein korrespontsal bezala, Pakistandik kronikak bidali eta bidali, Afganistanera sartzeko zain. Bide batez esan dezadan bereak eta Euskadi Irratiko Mikel Reparazenak izango direla horrelako toki eta egoera batetik euskaraz egiten diren lehen kronikak. Josebak telefonoa lotarako itzaliko du, nik uste, baina gainerantzean hortxe aurkitzen duzu, mobiletik zintzilik, kroniketan sartzen ez zaizkion xehetasunak emateko prest.
Xehetasunetatik haratago Iriondok gerra korrespontsalaren nahi eta ezina adierazten du: "Larriena zera da: Afganistanen barruan zer gertatzen ari den inor gutxik dakiela". Eta berekin dagoen Manu Leginetxeren ahotan jartzen du, gerra informazioak Vietnamen bukatu zirela: "Gerora desinformazioa nagusitu da gerra guztietan; Irakeko guduan esaterako". Eta horrela teleikusleok filma errepikatuta ari gara ikusten. Ontzi erraldoietatik abiatzen diren hegazkin harroak hasteko; hurrengo sekuentzian zeru beltza zeharkatzen duten su artifizialak, edo pantaila berdean lokalizatu behar omen diren helburuak; eta gero, hozta-hozta, biharamuneko egun argitan, suntsitutako etxeren bateko hondakinak miatzen ari diren gizakumeak. Eskerrak Golkoko gerran jaun eta jabe izan zen CNNri lehiakide bat azaldu zaion azken egunotan, Al Jazeera kate arabiarra, eta horrela pelikulari falta zaizkion fotogrametako batzuk behintzat berreskuratu ditzakegun.
Kameraren objektiboa, bere izenari erantzunez, munduko mezularirik objektiboena izan daiteke, eta bada berez. Beste zer bitartekok eskaini dezake ba gertakizunen irudia eta soinua bere horretan jaso eta eman ahal izatea. Baina objektiboak kameralariaren begitik so egiten du, eta haren ikuspegiaren mende dago. Bada egun hauetan nazioarteko agentzietatik igortzen dituzten irudien artean bat oinarri horren "katoi"ko adibide dena; errefuxiatuentzako prestatzen dituzten janari biltegietan zakuak garraiatu eta pilatzen ari dira; barruan zer dagoen juxtu juxtu irakurri liteke -wheat , garia- baina hori bai, lehen planoan, eszena guztiaren ardatz, beti agerian izaten da zakuen sabelean USA letrero erraldoia.
Aurreko hori ikusita behin eta berriz datorkit gogora "Apocalypse now"en nola azaltzen ziren vietnamdarrak txinaurrien pare, gerrak zoratu omen zituen militar amerikarren sofrikario sikologikoa hurbil hurbiletik senti genezakeen bitartean, izerdi eta malkoek ia ia bustitzen gintuztela. Kameraren kokapena aldatu eta autokritika egiteko aukera paregabea galdu zuten estatubatuarrek Vietnamen ondoren. Segurasko dorre bikietako sarraskian hildako sei mila lagunak eta ordainetan-edo doazenak eta joango direnak salbatzeko modu bakarra.
Bitartean gerrako korrespontsal ez lerratuek eskuratu dezaketen informazioarekiko distantzia gordetzen segi beharko dute. Eta teleikusleok kamerak eskaintzen ez digun hura imajinatzen