«EZ DA EUSKARA BATUA VERSUS EUSKALKIAK, PLUS BAIZIK»

Hezkuntza eta Kultura Batzordean eginiko agerraldian, kulturaren alorrean kontsentsu eta kohesioa hitzak entzun dira sozialisten eta popularren aldetik. Uste duzu kulturak une honetan euskal gizartea kohesionatu dezakeela?
Bai. Kultura kultur garapena bezala kontsideratzen bada -aurrerantzean planteatu nahi dugun bezala-, herri agintetako ordezkariak eta gizarteko agente ezberdinak batzordetan eratzen badira, bai hizkuntza politika bai kulturaren alor bakoitzaz eztabaidatzen bada eta plan estrategikoan iritzi diferenteak biltzen badira, dudarik gabe, kohesio faktoreak sortuko dira.

Aurreko legealdian alderdien arteko kohesio falta izan omen zen. Oposizioko partaideek zure jarrera irekia aurreikusi dute eta norabide berri bat espero dutela esan ere.

Ez dakit zer espero duten oposizioko taldeek. Nik hitz egiteko borondatea badut, baina, nire aurreko sailburua ezagututa, ez dut uste bera elkarrizketari itxia egon zenik. Ez dut uste erantzunkizuna Mari Karmen Garmendia sailburuarena bakarrik izan zenik, ez eta aurrerantzean nirea soilik izango denik ere.

Batasunak Kultura Sailak hainbat ekimenetan agertzen den nazio kontzeptuari buruzko zalantzak aipatu ditu, sozialista eta popularrek errezeloak dituzte bestalde. Nazioa aipatzean Jaurlaritzak euskal lurraldetasuna ulertzeko duen ikuspegiari buruzko zalantzak ageri dira.
Euskal Herriaren nazio kontzeptua zazpi lurralde kontuan harturik har dezaket herritar bezala. Kultura Sailburu bezala, ordea, gustatu zein ez gustatu, ezin dut lurralde eremu hori osoa kudeatu. EAEko Jaurlaritzaren kide naiz eta Kultura Sailaren arduradun. Nire eskumena hiru lurralde historikoetara mugatzen da. Nik erabakiak, proposamenak, dekretuak edota lege egitasmoak aurkezteko ditudan eremuak Gobernu Batzordea eta Legebiltzarra dira. Horrek ez du esan nahi -gure sailan jasota dagoenez- bai hizkuntza politikan bai beste alorretan ere, Nafarroako eta Iparraldeko administrazioekin lan egiten ahaleginduko ez garenik. Hori Batasunekoen nazio kontzeptuari dagokionean erantzunez. Popularren eta sozialisten kontzeptuari dakogionez, berriz, nazionalista esaten dutenean, ez dakit izena den edo izenordea den, baina hauen nazio kontzeptuari zerbait falta zaio. Batzuk euskal nazionalistak gara eta beste batzuk espainol nazionalistak. Lurraldetasunaren iritzian badago oso aukera kontzientea. Batzuen eta beste batzuen aukeraren artean, aukera esklusiboa ez egiten ahalegindu beharko dugu. Izan ere, bakoitza zenbat eta muturrerago joan bere jarreretan, orduan eta zailago izaten da gizartean dauden sentiberatasunak eta iritzi ezberdinak integratzea eta kohesionatzea.

Euskararen Biziberritze Plana eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osagarri izateko jaioak dira, baina badirudi zenbaitetan ez dela horrela. Hainbat udaletan baten edo bestearen plana aukeratzeko beharrean suertatu dira. Hori gainditzeko zerbait egitea pentsatua al duzue?
Osagarritasuna Kontseiluari zer dagokion, herri aginteei zer dagokien, eta Jaurlaritzari zer dagokion kontuan hartuta neurtu behar da. Udaleko euskara planei dagokienez, udalak euskalduntzeko plana garatu da, eta aurkezpena egin zitzaien Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian aipatzen diren irizpideekin. Irizpide horiek kontuan hartuta lehentasunak markatzea administrazioari dagokio. Eta ez hori bakarrik, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Legebiltzarrean onartu zenean, politikoki Euskararen Kontseiluko kide batzuengandik gertu egon daitezkeen indarrek ere horren aldeko botoa eman zuten. Areago, egun Kontseiluan dagoen jendeak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian parte hartu zuen, eztabaidatu zuen, gainerako gizarte agenteekin eta herri aginteetako ordezkariekin. Kontseiluak bere plan estrategikoa egin du horren ondoren. Niri elkarlana beti ondo iruditzen zait. Baina aldez aurretik ikusi beharko genuke, zer arlotan lan egin behar dugun batzuek, eta zer arlotan lan egin dezaketen besteek. Edozein udal euskalduntzeko plana euskara zerbitzuak egingo du, baina ez du zentzurik Kontseiluak udal bat euskalduntzeko plana egitea eta aldi berean, udalak euskalduntzeko plan orokor bat egotea.

EITBri dagokionean, euskaldunon artean bigarren mailako hiritarrak garen nolabaiteko sentipen bat dago, euskal hiztunok ez gaudela euskaraz erdaraz bezain ongi informatuak. Uste al duzu horrelako politika diskriminatzailerik badagoela?
Ez. EITBk ahalegina eta apustu estrategikoa egin baldin badu programazioan, euskararen aldekoa izan da. Dirutan apusturik indartsuenak oso ondo funtzionatzen duen «Bertatik bertara»ren eguerdiko saioan edo euskaldunontzat erakargarri izan daitekeen «Sorginen Laratza» magazina antolatzen egin ditu. Umeen programazioa lehentasun osoko arloa da, ETB2-n ez dago umeentzako programaziorik. Saio bat baino gehiago egin da 10-12 urtetik aurrerako gazte jendea erakartzeko, «Hasiberriak»en bidetik adibidez. Gero gerta daiteke, baliabideak direnak direlako, eta dagoen jendea dagoelako, mementoren batean sentsazio hori izatea. Baina azken urteetan EITB nahiko barrutik ezagutu dut bertan hizkuntza aholkularia izan naizen bitartean. Eta inon ahalegin estrategiko bat eta oso kontzientea egiten bada, euskaldunon alde da.

ETB1eko «Sorginen laratza»n erdarak gero eta presentzia gehiago du...
Ez gaitezen hipokritak izan. Nik onar dezaket -Euskaltzaindiaren txapela jantzita- bestela jokatu behar dela. Eta jantzi gabe ere, euskararen mesederako onartzen dut hizkuntzaren erronka nagusia eremu formaletik kanpoko erregistroa lantzea eta horretarako balioko duten esamoldeak lantzea dela. Baina gero kalera ateratzen bagara, eta benetan entzuten badugu nola jarduten dugun guztiok, zenbat bider jotzen dugun erdarara euskaraz hitz egiten ari garela, memento batean gure diskurtso lineala hausteko, edo gatz puntu bat emateko? Azken batean, EITBri ere ezin zaio eskatu gizartea modu batekoa baldin bada bera beste era batekoa izatea. Eska diezaiokegu eta eskatu behar zaio ahalegina bide erakusle izateko. Eta hor batzuetan oso ahalegin txalogarriak egiten dira. Baina kontuan hartu behar dugu geuk egunero benetan zer egiten dugun. Eta azken batean, kameraren aurrean jartzen dena geu bezalako euskalduna dela.

Prentsa idatzian, Eusko Jaurlaritzak daraman diru laguntza politikari zer irizten diozu? Uste duzu lortu dela irakurle potentzialik?
Ez dut uste irakurleetan aldizkariek edo "Euskaldunon Egunkaria"k irakurle gehiegi irabazi dutenik. Baina ez dakidana da horren irakurketa egiten. Azken batean, irakurleak irabazteko esperantza gazteetan dago, euskaraz eskolatu eta gero irakurle potentzial bihur daitezkeen horietan. Horiek prentsa irakurtzen al dute? Berdin zait zein hizkuntzatan, hori izango litzateke lehenengo galdera. Eta gero, irakurtzen baldin badute, zein hizkuntzatan eta zergatik. Gauza horiek azterketa sakon bat merezi dute. Espero dut aukera izango dugula oraingo legealdian patxada pixka batekin horrelako gauzak aztertzeko. Bestalde, esate baterako «Gaztetxulo» edo «Ipurbeltz» bezalako produktuak oso ondo irakurtzen dira, eta beharbada, hortik lor daiteke eguneroko prentsara jauzi egitea.
Ni naizen belaunaldikoa naiz, eta orain beste istorio bat da. Irakurle potentzial hori handitzeko uste dut atzetik datozenek egin behar dutela. Guk eman dezakeguna, eman dugu.

Halaber, diru laguntzen menpekotasun hori kultura arlo guztietara hedatzen da. Bai literaturan, bai artean, bai musikan, antzeko fenomenoa gertatzen da. Izan ere, produktu amaitua laguntzen da, baina ez da planifikazio bat egiten edo promozioa sustatzen.
Kulturaren Euskal Plana egiten denean, alorrez alor, horretan dabiltzanak bildu beharko lirateke. Dagoeneko EIEk eta beste hainbatek hainbat gauza helarazi dizkidate eta bilerak eskatu. Lehen bezala, orain ere Kultura Saila prest egongo da, sektore bakoitzetik datozen iradokizunak eta eskaerak kontuan hartzeko. Azkenean erabakitzen bada diru laguntzen politika askoz emankorragoa izan daitekeela egindako produktua sustatzen baino diru hori beste modu batean erabiltzen, kontuan hartuko da.

Aurreko legealdieetan, proiektu erraldoiek zalaparta sortu zuten kultura arloan. Bai Guggenheimen inguruan bai Kursaalaren inguruan hika-mika ugari egon zen. Legealdi honetan hortxe daude Artium Arte Garaikideko Museoa, eta baita Donostiako Tabacaleran egingo den egitasmoa. Artiumen inguruan dagoeneko polemika sortu da. Hainbat artista kexatu dira honen indefinizioaz...
Nik dakidaneraino, Artium eraikina amaitu gabe dago. Eraikina izan ondoren, dudarik gabe, horren erabilera definitzeko artistek zer esaten duten entzun egin beharko da, eta horrekin definitu beharko da erabilera egitasmo bat.
Kritika asko entzun izan dira Gu-ggenheimi buruz, eta nik badakit euskal kulturaren munduak errezelo handiz hartu zuela, besteak beste, kulturarako laguntzak irentsiko zituelako, baina apustu bikaina izan da. Herri honek horrelako apustuak behar ditu. Eta nahiko nuke Artium ere Arabarentzako Gu-ggenheim Bilborako, Bizkairako eta Euskal Herri guztiarentzako izan den mailakoa izan dadin. Euskal kulturan geure baratzetxoari begira bizitzeko arriskua izan dezakegu. Erronka bat baldin badaukagu, geurea zaintzeaz gain, berau zabaltzea dela esango nuke. Herri honek behar ditu honelako egitasmoak, kanpora ateak zabalduko dizkiotenak, eta kanpoan erreferente izateko balioko digutenak. Eta Artiumen bidetik, eta Donostian Tabacaleraren egitasmoaren bidetik, uste dut ezinbestekoa dela horrelako sare bat sortzea, eta eskaintza interesgarri bat egitea.

Euskal kulturan lanaren kalitatea baino garrantzitsuagoa euskara bera dirudi. Kulturak ez ote du hizkuntzarekiko menpekotasun handiegia?
Literaturan literaturak izan behar du garrantzitsuena, hizkuntzak ez du tresna besterik izan behar. Horretan oraindik ere bidea egin behar da, esperientzia lortu behar da. Hala ere, orain 25 urte erabiltzen zen hizkuntza eta egungoaren artean aldaketa handia dago. Euskara batua omen zen hartan nola idazten zen eta gaur nola idazten den ikusita, aldea narbarmena da. Euskararen estandarizazioak urte gutxitan bide luzea egin du, kalitate hitza sarriago entzuten da lehen baino. Euskaltzaindiaren arauak betetzeari edo ez betetzeari garrantzi gutxiago ematen zaio, hizkuntzaren goxotasunari ordea gero eta gehiago.

«Euskara batua versus euskalkiak». Gure historia bitasunean eraikia da. Zer adierazten du horrek?
Honetan ziria sartu behar dizuet. Euskaltzaindiaren Nazioarteko Biltzarrean planteatutakoa zenbateraino izan da benetan «euskara batua versus euskalkiak» eta zenbat izan da zenbait komunikabidek atera duen izenburu «interesatua»? Euskaraz euskara batua, estandarra, eta bestelako erregistroak beste edozein hizkuntzatan bezala hitz egiten eta erabiltzen dira. Adibidez, akademian ikasten den espainol dotore hori eta guk kalean erabiltzen duguna ez dira berdinak. Andaluziara joaten garenean hango gaztelera ulertzeko problemak izaten ditugu. Hizkuntza bakar baten barruan erregistro estandarra eta bestelakoak elkarrekin bizitzea guztiz normala da. Euskaraz ere, normaltasun osoa lortu ahal izateko, horretan ikasi beharko dugu. Gertatzen dena da urte gutxitan aurrerapauso ikaragarria egin dugula. Beste hizkuntzek aspaldian egin zuten prozesu hori eta guri orain tokatu zaigu bizitzea. Tirabirak egotea normala da. Beraz, ez da euskara batua versus euskalkiak plus baizik.

Euskaltzaindiaren XV. Nazioarteko Biltzarra dela-eta Bilboko Udalak ikur bat eman zion bere lana eskertze aldera. Ikurra erdara hutsean idatzia zegoen ordea. Zer iradokitzen dizu horrek?
Hizkuntza irizpideetan guardia jaisten dugula. Gehiegi larritu gabe hurrengoan hobeto egiteko ahalegina egin beharko duela Bilboko Udalak.

Euskal Hiria oso urrun dago, ezta?
Egunetik egunera gertuago hala ere

Izen propioak
- Joxe Miguel Barandiaran: Joan den mendeak eman zuen gizon handi bat.
- Koldo Mitxelena: Beste gizon handietako bat. Niretzat maisu, gidari eta denetik izan zena.
- Wilhelm von Humbold: Euskal Herria Europari deskubritzen laguntzeaz gain, zorionez zenbait gauzetan igarle txarra izan zena.
- Jean Haritselhar: Beti miretsi izan dudan pertsona.
- Patxi Altuna: Segurutik, ate gehien zabaldu didan pertsona.
- Pello Salaburu: Aspaldiko adiskidea.
- Juan Jose Ibarretxe: Nire oraingo nagusia eta benetan miresten dudan pertsona.
- Mari Karmen Garmendia: Aspaldiko laguna eta lan bikaina egin duena, eta azken boladan ateren bat edo beste zabaldu didana.
- Joseba Arregi: Errespetatzen dudan pertsona.
- Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi": Oso pertsona maitagarria eta euskararen alde lan asko egin duena. Euskara batuak asko zor dion pertsona.
- Koldo Zuazo: Bizkaieraz eta hika berba egiteko dudan lagun hoberenetako bat.
- Andoni Egaña: Ordutan eta ordutan bertsotan entzungo nukeen pertsona. Garai batean, barre puxka handiak egiteko aukera eman zidana

«Militante izaten hilko naiz»
Zuk esana duzu emakumezkoa eta gizonezkoa maila berdinean egonik, emakumea hobesten duzula, emakumeekin ondo eramaten zarelako. Beraz, diskriminazio positiboaren alde zaudela dirudi. Zure sailean aplikatuko duzu hori? Zurekin aplikatu al dute?

Zenbait pertsonekin lehen harremanean iruditzen zaizu harreman ona izan dezakezula eta beste batzuetan, eta ez du profesionaltasunarekin zerikusirik, harreman korrektoa izango duzula, bestelako inplikaziorik gabe. Nik emakumeekin oso harreman ona izan dut askotan. Euskaltzaindiari dagokionez, hutsune bat gertatu den bakoitzean, eta galdetu didatenean emakumea bai ala ez, nik beti esan izan dut ez zaidala gustatzen, eta uste dut «orain emakumearen txanda dela» esatea emakumeen kontra joatea dela. Mementoan beharren, hautagaien, merezimenduen arabera ematen duzu botoa. Tartean emakume bat badago, ni pozik baino pozago sentituko nintzateke. Baina emakume izatea, lehen euskaraz egotea gauza guztien gainetik ona ez zela esan dudan bezala, ez dut uste irizpide bezala ona denik. Beraz, ekipoa osatzeko ere irizpide berberak ditut. Ez ditut emakumeak nahi gauza guztien gainetik, ezta ez emakumeak nahi.

«Kale Gorria» aldizkarian argitaratutako albiste baten arabera, zure alabak Donostiako San Patrizio Ikastetxe ingelesean ari omen dira ikasten. Ez da euskara sustatzeko adibiderik onena, edo bai?
Ez dakit nondik atera zuten hori. Komentatu zidaten eta mundiala da. Santo Tomas Lizeoan ibili dira hiru urte zituztenetik. Hori ez da inongo sekretua. Ez dakidana da nondik atera duten informazio hori.

Zuk adierazia da alabek «pilak kargatzen» dizkizutela. Baina zure agenda ikusita, zer ordutan gertatzen da hori?
Ikusten dituzunean, goizean gosaltzen ari zaren bitartean, iluntzean etxera iristen zarenean, ordubete baldin badaukazu besterik ez bada. Eta hori ere ez badaukazu, besterik ez bada, lo daudela joan eta musu bat ematea nahikoa izaten da.

Militantziaren belaunaldikoa zara, eta zuk esana da ezetz esateko eskubiderik ez duzula iruditzen zaizula. Kultura sailburu bezala zerbaiti ezetz esan beharko diozu, ezta?
Adibidez, unibertsitateko irakaskuntzari, ikerkuntzari neurri handi batean, Euskaltzaindiko lanari guztiz ez, baina neurri handi batean ezetz esan beharko diot. Bestalde, aisialdiko ordu mordotxo bati ezetz esan beharko diot...

Militante izaten jarraitzen duzu, ezta?
Hala hilko naiz, pentsatzen dut

Hitzen zirikan
- Kultur edo Kultura Sailburua? Kultura Sailburua.
- Europarra edo europearra? Araututa dago: europarra.
- Mendebalea edo Mendebaldea? Mendebaldea.
- Euskaraz berba, hitz edo ele egin behar da? Hiruretan behar da egin.
- Euskaraz trabes egin edo pario? Biak segurutik.
- Eta pario egin edo pairatu? Pario egin, dudarik gabe.
- Apostu edo apustu egiten duzu? Nik posturiak egiten ditut.
- Euskaraz lanerako tresna duenak pairu handiko pertsona behar al du? Hori bakoitzak esan beharko du.
- Sofritu edo sufritu? Sufritu.
- Ados, akort edo bale? Hirurak, aldian aldian.
- Euskaldun samurtu batek egin dezake euskara samurrean? Auskalo.
- Egon, itxoin, itxaron edo goaitatu nahiago? Hor ere egoeren arabera, denak.
- Zer igurikatzen duzu Kultura Sailburu gisara? Ahal dudan lanik txukunena egitea.
- Zer nahiago duzu lagun diezazutela edo lagun zaitzatela? Nire euskalkian, lagun diezadatela.
- Emakume engaiatua izaki, engainatua sentitu zara inoiz? Ez.
- Politikan konpromisoz, engaiatua edo engainatuta sartu al zara? Engaiatua dudarik gabe, ez nau inork engainatu.
- Nahiko zenukeen gairen bat ez dugu ikutu? Uste dut nahikoa ikutu dugula.
- Edo ukitu nahiago? Aukeran hunkitu.
- Ukitu dugun gairen batek hunkitu ote zaitu? Ez.
- Beharbada hunkitu zaitugu, edo apika, agian, akaso, ausaz? Ez naiz hunkitzen erraza, ez elkarrizketetan behintzat


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude