Zerri alenak. Tolerantzia ikono ikur eta Frantziaren Handia pasaportetzat dutenak. Beren ustetan mundu zibilizatuaren sortzaile direnek, askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna Trinitate laikoa bailitzan beren ondasun propiotzat dutenek, berrikitan hogei bat euskaldunei eskutitz baten bitartez Estatupeko lurraldeetatik lekutzeko agindua jakinarazi diete. Aspalditik bertan bizia antolatua duten euskal biztanle hauek, hilabetea dute etxea, lana eta urtetan eraikitako guztia abandonatzeko besterik gabe. Frantziako Gobernuko André Viau ordezkariaren bidegabezko erabakia guztiz politikoa da, omen, inongo oinarri juridikorik ez duena. Baina zer axola dio horrek, agintariek hauek Frantziarentzat etsai lanjerosak direla ebatzi baldin badute? Eta ez ditut ikusi eta ez ditut entzun, bestela giza eskubideen alde hain suharki oihuz mintzo diren toleranteak, ura hiperretan boteilatutakoa soilki dela edangarri sinetsita bizi diren tolerante eskastuak. Tregua, beharrezkoa dugula. Estatuena ere. Horrela, agian informazio iturri orotariko urek beren bidea egin zezaketen. Eta toleranteen urgabezia berdindu