«HERRI BORONDATEAK ORDENAMENDU JURIDIKOAN IZAN BEHAR DU»


2001eko urriaren 07an
Nazioarteko politikatik abiatuko gara: EEBBen aurkako erasoak zein eran eta neurrian eragingo du Europako gatazka politikoetan oro har, eta Euskal Herrikoan orobat?

Ez da erraza neurtzea eraso horrek izango duen eragina, ez Europako gatazketan ezta munduko besteetan ere. Epe motzera begiratuta, terrorismoaren aurkako elkarlan maila indartuko duela ematen du. Nik neronek, erasoak munduan dauden gatazkei begira jartzea nahi nuke eta beren konponketa bilatzen hastea. Beti ere, gatazken konponketa beren sustraietara eta muinera joanez konpontzen direla mantenduz.

Bada, zurea ez da PPk eta PSOEk gertatutakoaz duten tesi bera. EE-BBen aurkako erasoak Euskal Herriko gatazka politikoa «fenomeno terrorista» huts bezala kontsideratzera bultzatu behar gaitu, euren ustez.
Ez nator bat tesi horrekin, ezta Eusko Jaurlaritza ere. Nazioarteko politikaren hainbat analista ere ez dator bat tesi horrekin. «The Economist» aldizkariak, esaterako, beste interpretazio bat burutu du euskal errealitateari buruz. Alegia, euskal gizartean indarkeriazko arazo bat badagoela egon, baina honen konponbideak mota guztietako neurriak -polizialak barne- behar dituela. Hau da, hemen, lehenik denok arazo politiko bat dagoela onartu behar dugu eta berau hiru oinarri hauen gainean konpondu behar dugula onartu ere: proiektu politiko guztiei zor zaien errespetua, indar politiko guztien arteko elkarrizketa eta euskal gizartearen borondateari zor zaion errespetua.

Artean, Europako Parlamentuan Watson txostena onetsi da EAJren aldeko botoarekin. Itxura batez, EAJk PPren estrategiari sostengua eman dio.
Hasteko, EAJ, PP sortu baino berrogei urte lehenago ari da Europako Batasunaren eraikuntzan. Europako politika EAJren helburuetako bat da, batasun politiko hau lortu ahala eraiki nahi dugu Europa. Batasun honek eremu politiko ezberdinak garatzea eskatzen ditu. EAJren helburua, Europa eremu polizial eta judizial bakarra izatea da. Hau da, ekonomia alorrean mugarik ez badago, bada, herri eta nazio bakoitzaren nortasuna bermatu ahal izateko ez dadila izan mugarik ere eremu judizialean. EAJk txosten horren alde bozkatzea ez da harritzekoa, Europa eraikitzeko aldarrikatzen ditugun eskuduntzetan urrats bat baita. Giza-eskubide alorrean eraginkorra izango den itun bat gauzatzea helburu dugu. Nizako goi-bileran urrats bat eman zen giza-eskubideen aldeko itunean, nahiz itun horrek, zorritxarrez, juridikoki oraindik ez duen bidea nahiko urratu. Baina, dudarik ez dut, bide horretan urratsak emango ditugu. Euskal abertzaletasuna (eta naziorik gabeko abertzaletasuna) Europa komun baten alde ari da lanean, estatuak, aitzitik, eremu juridiko komun honen kontra izan dira betidanik.

Europaren eginbidean bermatuta al daude Euskal Herriko gatazkan atxilotzen direnen giza eskubideak?
Bermeak estatu bakoitzak dituen legediak dira. Baina, bide horretan estatu guztiak bat etortzeko komenigarria litzateke bermeak Europa guztira zabaltzea. Europako Kontseilua hor dago, askok ez badaki ere, berean ez daude soilik Europako Batasuneko estatuak, Europako ekialdeko estatuak ere biltzen dira Kontseilu honetan. Giza-eskubideen itun eta epaitegi nagusi bat dago berean eta Europako Batasuneko hiritarrek badute beren instantziak aurkeztea. Europako herritarrek giza-eskubideen eremuan berme bat eskatzen dute eta gu giza-eskubideen politika indartzearen alde lanean ari gara.

Eremu juridiko eta polizial bakarra gauzatu nahi izan arren, espainol polizia eta Ertzaintzaren arteko elkarlana gauzatzeko borondate falta dela esan duzu zuk zeuk.

Elkarlan borondate falta hori ez du Ertzaintzak ez Eusko Jaurlaritzak izan. Borondate falta Espainiako Gobernuak izan du eta dauka. Esaterako, orain bi urte, Eusko Legebiltzarrak Ertzaintza Schengeneko akordioaren partaide izatea eskatu zuen. Segurtasun eremuan eskuduntza osoa dugunez gero, bada, logikoa da Europa mailan sortzen diren esparru horietan partaide izatea. Zoritxarrez, nahia ez da gauzatu, baina hori aldarrikatzen dugu. Izan ere, Ertzaintzak bere eskuduntzak dituen polizia integrala den aldetik, Espainiako eta Frantziako estatuek burutzen dituzten elkarlan batzordeetan Ertzaintza egotea da logikoena, autogobernuaren muinean hori dago-eta.

Abuztuan «gerra zikina»ren zantzuak dituen kasu berri bat izan zen Donostian. Tankera honetako atentatuak ez dira egundo argitu. Ertzaintzak -egungo marko juridiko honetan- polizia integral baten gisan diharduela uste duzu?
Ertzaintza polizia eraginkorra da, eta Donostiako leherketa horren inguruan lehentasun osoa du kasua argitzeko. Ikerkuntzaren ardatz batzuk martxan daude, baina ziurtasunik izan aurretik Ertzaintzak ez ditu bere hipotesiak ezagutzera eman nahi izan. Kasu hau guztiz argitzeko eta astakeria burutu zuten errudunak justiziaren aurrean jartzeko konpromisoa hartu dugu. Ertzaintzak delitu baten aurrean ez du inoiz beste aldera begiratzen eta polizia eraginkorra denez gero emaitzak izango dira.

Eusko Jaurlaritza bi bider osatu da ia legealdia hasi aurretik. Lehen gobernuan EAJ eta EA zeuden eta bigarrenean IU-EB batu da. Javier Madrazok Gobernuan egoteko mirari bat beharrezkoa izango zela esan zuen. Miraria gauzatu da, beraz?

(Irriak...) Nik ez dut mirarietan sinesten, lanean eta borondatean sinesten dut. EAJ, EA eta IU-EBk borondatea azaldu dugu akordio batera iristeko eta lanari ekinez lortu dugu, lehenik eta behin, gure herriak kontsentsu eta akordio zabalak behar dituelako. Akordio honen abiapuntuan bakegintza eta normalkuntza politikoari buruzko gogoeta eta bide komun bat dago. EAJ, EA eta IU-EBk ibilbide honetako parte bat egina dugu elkarrekin eta aurrerantzean izan ditzakegun zailtasunak eta ezberdintasunak gainditzeko akordio bat lortu dugu.

IU-EB Jaurlaritzaren energia politika, politika fiskala edo AHTren proiektuarekin kritikoa denez gero, funtsean, normalizazioaren eta bake prozesua da kontatzen duena?
Jakina, hori da klabea. Gobernu honen kudeaketa gaiei inolako garrantzirik kendu gabe, legegintzaldi honetako helbururik nagusiena bakegintza eta normalkuntza politikoa da. Jakina politika energetikoan ezberdintasunak ditugula, baina adostu ditugun puntuak gauzatzen ahaleginduko gara. Ez nuke esango gai sektorialetan berdintasun osoa lortu dugunik, baina gerturatze garrantzitsuak izan dira eta akordioaren puntu komunek elkar lagundu dute Gobernu Ituna sinatzen.

Hala ere, Javier Madrazok AHTren proiektua atzeratuko dela dio .
Beharbada bai, zorroztasun osoz jokatu behar dugulako. Ezer baino lehen, AHTk eragin dezaken ingurune-inpaktua ondo neurtzeko beharrezko ikerketak egin nahi ditugu ingurumen alorrean. Ingurumenaren ikerketa serio baten beharra dugu eta hiru alderdiok kontsentsua lantzen ahaleginduko gara.

IU-EBrekin akordioa ez al da PSE-EEn nahiz Batasunan «higadura» eragiteko estrategia batean sartzen?
Ikuspegi edo pentsaera hori ez dakit kritikak edo analisiak diren, ez dakit PSE-EEk edota Batasunak eginak diren ere. Akordio honek herri honetan abertzaleak eta ez abertzaleak bakegintza politikan adostasunak lortzeko gauza garela erakusten du. Halaber, erakusten du ere alderdi bakoitzak dituen proiektuak errespetatuz posible dela politikaren esparru ezberdinetan elkarlanean aritzea. Aldi berean, batetik, akordioak alderdi sozialistari pentsarazi beharko lioke ea zergatik ez den gauza politika propio bat egiteko herri honetan, hau da, ea PPren uztarritik segitu behar duen politikagintzan.
Bestetik, Batasunak hartu duen bideak nora eramango duen pentsatu beharko luke, Batasunak ez baitu politikoki diskurtso propiorik. Azken bi urte hauetan, berriz ere, ETAk markatu dio estrategia politikoa, eta honek ezker abertzale osoa amildegi politikora darama. Herri honetan badaude beren burua ezkerrekotzat jotzen duten beste indar batzuk, IU-EB esaterako. Bizitzeko eskubideari eta giza-eskubide guztiei errespetua gordez, apustu politiko bat egiten ari dena. Horrek Batasunaren baitan gogoeta moduko bat piztu beharko luke.

n Gobernu honek 600.000 hiritarren sostengua jaso badu ere, ez dira boto-opariak. Hala ere, Gobernuaren osaketak berak ez du irudi oso egokirik erakutsi, ez duzu uste?
Gobernu baten zabalkuntzak egokipenak eskatzen ditu, eta kide berri bat sartzen denean tentsio uneak sortzen dira, baina prozesua konpondua eta amaitua dago. Carlos Garaikoetxea lehendakariak esan zuenez, familia politiko berberean ez dugu ika-miketan ibili behar, aitzitik, gure helburu nagusiak lortzeko indarrak batu behar ditugu. 600.000 botoak ez dira opariak, noski, boto horiek behar bezala kudeatzen saiatuko gara eta berauek ardatz izango dira kanpainan agertu genituen oinarriak finkatzeko: elkarrizketaren prozedura eta Euskal Herriaren borondateari zor zaion errespetua.

Legebiltzarrean urriaren 25ean burutuko den osoko bilkuran erakutsiko bide du Jaurlaritza honek bere ekimen berria. Zertan datza?
Goi-mailako batzorde bat osatzea proposatuko dugu. Berean gure politikaren proposamenak, neurriak, prozedurak eta denborak agertuko ditugu.

Zein helburuz?
Gernikako Estatutuaren ahalmenak onartzeko, egungo euskal gizarteak behar duen eskuduntza mailara iristeko eta marko juridikoa egokitzeko helburuz. Egungo autogobernu maila gizartearen beharrei egokitu beharra dago.

Zein zentzuan?
Gure gizartearen egoera ez da duela 20 urtekoa. Neurri ekonomiko eta gizarte baliabide berriak behar ditugu. Aldaketa handiena Europako Batasunan sartzearen ondoren etorri da, beraz, eskuduntza maila egokitu beharko dugu Europako markoan eta prozeduretan parte hartzeko.

n Estatutua guztiz betetzeak ez luke marko juridikoaren aldaketa ekarriko, hala ere.
Ez. Gure planteamendua euskal gizartearen borondatea onartua izatea da; maiatzaren 13an herriaren gehiengoak onetsi zuena, alegia. Borondate hau oraingo marko juridiko honen barnean bildu behar da. Estatutuak -osorik garatuta- borondate eta eskubide hau jasoa izan dadin ahalmenak ditu.

Zergatik ez du Jaurlaritzak autodeterminazioaren aldeko aldarrikapen bat egiten osoko bilkura horretan?
(Irriak...) Herri honen borondateak ordenamendu juridikoan izan behar du. Guk herri honek erabakitzen duena ordenamendu juridikoan sartua izan dadin konprometitu gara. Hori lortzeko bidea eta nola gauzatu nahi dugun agertuko dugu Eusko Legebiltzarrean urriaren 25ean

ZIENTZIALARI BAT POLITIKAN
1963an jaioa Zumarragan. Gazte-gaztetik -EGIko kidea zela- erakutsi zituen politikarako bere dohainak. Kimikan lizentziatua da. Zientziarako jakintza eta ezagutza zorrotzak igartzen zaizkio politikan. Jaioterrian zinegotzia eta Bruselan eurodiputatu izana da. Donostian bizi da donostiar batekin. Gasteiz-Donostia bidea egiten du egunero. Bi seme-alaba ditu: hiru urteko Asier eta zortzi hilabeteko Oihana.

«Ideia batean sinesten baduzu, politikagintzan aritzeko tentazioa dar amazu»
Argiako zure lehen elkarrizketan (1984an) EGIko kidea zinen. EAJko burukide «posibilitistei helburuak gogoratzen» zenizkien. Nola bizi duzu egun posibilismoa Jaurlaritzako kargutik?

Bizi behar den tentsio puntu batekin. Abertzalea naiz, eta posibilitista izateak betidanik amestu dudan nazioa helburu izatea suposatzen du, herri hau nazioa izan dadin pragmatismo neurri bat erabili behar duzula jakinda ere. Posibilismoa eta pragmatismoa kontuan hartu beharreko bi baldintza dira. Politika, enpresa, lagunen nahiz familiaren proiektuetan beti aurkituko dituzu tentsio puntuak. Helburuez eta helburuak lortzeko bitartekoez gogoeta orekatua egin behar duzu. Bi parametro hauek gogoan eraman behar dituzu eta biak uztartuak garatu.

Alderdiaren eta EGIren hizkera ezberdinak aipatzen zeituen elkarrizketa hartan. EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren hizkerak ezberdinak dira ere gaur egun.
Egia da. Instituzio bat ordezkatzen duzunean zure hizkera eta zure mezuak orekatu behar dituzu, ez zara zeure edo zure alderdiaren iritzia ematen ari. Instituzio baten izenean aritzeak zuhurtasun gehigarri bat eskatzen dizu. Ez dut uste alderdiaren eta Gobernuaren mezuak ezberdinak direnik. Egia da, politikagintzan eginkizun batetik bestera alda gaitezke urte batetik bestera, dinamikoak gara, denak aldatzen gara eta gure diskurtsoak ere bai, zorionez; eskerrak hola den! Baina, ziur naiz Europako Parlamentuan burutu nuen edozein diskurtsoaren %99, 9 sinatuko nukeela gaur egun.

Ikusten al duzu zure burua Lehendakari gisa?
Ez dut hori sekula pentsatu. Badakit topiko bat dela, baina politikagintza betebehar bat bezala hartu dut. Azken 22 urteetan jardun izan naiz politikan eta «profesionalki» duela sei urte hasi nintzen Europako Parlamentuan. Ikerkuntza eta teknologia munduan aritutakoa naiz urte askotan eta nire lanbidea asko gustatzen zait. Etorkizunean ikerkuntza eta teknologiaren munduan lan egin nahi nuke .

Zure buruaren jabe sentitzen zara politikagintzan?
Zorionez, nire buruaren jabe naiz -kakotxen artean hau ere bai-. Ideia batean sinesten baduzu, hazi hori baldin badaramazu zure barruan, politikagintzan aritzeko tentazioa daramazu beti. Bederatzi urtetan jardun nuen ikerkuntzan eta une batez politikan konpromiso sendoago bat hartzea suertatu zitzaidan. Askatasunez egindako aukera izan da neurri handi batean. Jakinik ere, ezin duzula uste edota sinesten duzun moduan ehunetik ehun bizi ahal. Horregatik, proiektu politikoetan nahiz bizitzan nire irritsak mugatu egiten ditut


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude