ERRUTINAREN TRISTURA BESTERIK EZ


2001eko irailaren 16an
Opor osteko sindromeak edo gaiak badu mamia. Baliteke, ordea, gizarte-gaia bihurtu izana horrenbeste oratu izateagatik. Alegia, baliteke ere mamigabekoa izatea edo mami gutxikoa. Oporrak opor, honela gaztigatu digu Iñaki Murua irakasleak orriotan berriki:«Garbi dagoena zera da, urte osoa pasatzen dugula udako hilabetea noiz iritsiko eta, oporrak hasi orduko hauen amaierarekin kezkatzeari ekiten diogula...». Gakoa eta galdera hauxe da nonbait:«Zertarako dira oporrak»? Baserrikume izaki, galde diezaiotela Iñakiren gurasoei biziriko opor ondoko sindromeaz. Gure aro sasimodernoaren sasi-sindrome edo sasi-depresio baten aurrean ote gaude?

GAKOAK eta DATUAK.

Adituen esanetan, sasi-depresio honek ez du medikuen artarik behar. Pertsonok opor garaian ohiko errealitatearekin kontaktua galdu baino ez dugu egiten. Hainbat datuen arabera, mendebaldeko gizarte modernoan populazioaren %5 eta 10aren artekoak jasaten du serioski lanerako itzulera. Sintomak honako hauek dira: aldarte txarra, estresa eta antsietatea. Badira ere kontrako sintomak jasaten dituztenak: «lanerako adiktoak» deitutakoak. Lanbidez landide, giza zerbitzuetan dihardutenak daude zerrendaren buruan: irakasleak, medikuak, kazetariak eta «etxekoandreak»... Etxeko langileak, alegia. Hauen sindromea baina, opor garaiko ohikeriaren ostean (ohiko lanaren bikoitza eginda) urteko ohikerian murgildu behar dutelako da. Oro har, nortasun perfekzionistadunak omen dira opor osteko sindromea delakoa gehien jasaten dutenak. Badago, bestalde, eragile natural ezkor bat: udazkena.
Kontuak kontu, adituek oporren osteko sindromea ez dute modu hertsi eta kliniko batez sindrometzat jotzen, ez da izate patologiko bezala ezagutua, ez dago katalogatua. Alta, bada (adituek berek -edo beste adituek- diotenez) sindromeak hamar bat egunez irauten badu depresioa bezala jo daiteke eta patologien katalogoan sartu ere. Kasu! Hastapenean sindrome bezala izendatzeko duda-mudak izan arren, segituan (adituen iritziz eta hedabideen eraginez) aise lerra gaitezke patologien labirintoan barrena, baita gaia edo sintoma puztu ere.


HEDABIDEEN LABIRINTOAN.

Hedabideen labirintoak agentzietan eta interneten du iturburua. Irratiak, telebistak, egunkariak eta aldizkariak informazioaren labirintoa luzatzeaz arduratzen gara, nonbait. Informazioaren jatorria unibertsitatean aurki daiteke. Ondoren, hedabideoi informazioa hartzea, aztertzea eta zabaltzea dagokigu. Aurten, Valentziako Unibertsitatearen Psikologia sailak «Opor osteko sindrome depresiboari buruzko txostena» burutu eta zabaldu du. Bolbora-hautsa bezala hedatu da komunikabideetatik. Txostenak dioenez, Espainiako populazioaren %35ak (25 eta 40 urte artekoa) opor osteko sindromea pairatzen du. Jose Gil Martinez psikologaren arabera, sindromea pairatzen dutenek, «erreta izan» izeneko sindromearen eskalan puntu altuak ematen dituzte. EFE agentziak zabalduriko txostenak dioenez, psikologo hauek erlaxazioa, autohipnosisa, yoga edota meditazioa prososatzen dute sindromea gainditzeko.
Sintoma, sindromea, depresioa, patologia... Hedabideek opor osteko sindrome edo gaia sobera oratu dugun edo oratzen ari ote garen beldur eta kexu agertu da bat baino gehiago honezkero.


KRISI FAKTORE BAT, AGIAN.

Sintoma patologia izatera irits ote daitekeen kezkatuta jo dugu Idoia Agirre psikiatrarengana:«Ez da patologia ez. Bestela dena litzateke patologia. Patologian badago ipar, hego, mendebalde eta ekialde bat. Koordenada horietan zer dagoen aztertu behar da, baina iparra galdu gabe. Oporretako itzulera krisi fakore bat izan daiteke, norberaren dinamika afektiboan aldaketa bat suposatzen duelako; nork bere buruaren gogoei adi egotetik errealitatearen presentzia handiago batera pasatzen baita», adierazi digu.
Psikiatra honek esan digunez, lotsa pixka bat ematen du gai honetaz hitz egitea. Gure gurasoek ez zuten halakorik nozitu, alajaina! Gure gizarte hedonista honek muntaturiko «sindromea» ote da opor osteko gaia? Eta hedabideek berek opor ostean duten gaien beharrak bultzaturik sortua. Beste mila arazo baditugu izan eta burua galdu samar ez ote gabiltzan, inpresioa du Idoia Agirrek.
Nolanahi den ere, krisi egoera bat da behintzat; aldaketa egoera bat dago gure baitan. Gure gizartea hain hedonista izanda, normal da halakorik gertatzea. Areago -gizarte honek bere erdian baino bere muturretan pibotatzen duenez- badaude oporrik nahi ez dutenak, oporrek lekuz kanpo ezartzen batituzte.


hedabideetan sindromerik ote da?

Komunikabideok, bistan denez, gai errepikari batzuk lantzen ditugu urtean zehar. Efemerideei loturikoak edo sasoiei lotuak; kasurako opor sasoiaren ostekoa. Arrazoia? Gai berriak topatzea zaila izatea. Sailetako arduradunek, jakina, oso erraz eskuratzen dute aldian aldiko agertu ohi den gaiari buruzko informazioa. «El Diario Vasco» egunkariko Felix Ibargutxi kazetari legazpiarrak honela ikusten du gaia:«Opor ondoko sindromea deritzana, komunikabideek sortutako gaia da, nolabait. Gero, gizartean era askotako kasuistika dago, jakina. Esaterako, seme-alabak dituzten guraso gazte batzuk desiatzen daude normalitatean sartzeko; eskola hasteko zain daude umeak arrastoan sartzeko». Zenbaitengan sindromerik izan daiteke eta beste batzuentzat opor ondorena lasaitasunera itzultzeko garaia da, beraz. Gehienok nolanahi ere, etsi-etsian itzultzen gara lanera, inolako sindromerik gabe.
Felix Ibargutxi kazetari beteranoari itzulera nola asmatzen duen galdetu diogu, bestalde:«Nire kasu partikularrean lanera gairik gabe itzultzea gogorra da, eta nirea bezalakoa da kazetari askoren kasua. Gaia aurkitzea da lana. Batzuk zer entzungo gatoz eta bestetzuk zer aginduko. Azken hauek lasaiago datoz». Gaia bilatu behar duen kazetariak, oporretara joan aurretik gairen bat edo beste loturik uzten du. Felixek anekdota gisa azaldu digu bere kasua:«Iraileko lehenengo igandean Legazpiko Artzain Eguna denez, nire itzulera babestua sentitzen dut. Lehen egunerako gaia eta materiala hor daukat mahai gainean heltzeko prest». Alegia, oso komenigarria da opor osteko lurreratze pista prestatua uztea sindrome nimiñoena uxatu ahal izateko.
Donostiako Herri Irratian Xabier Riezu esataria aurkitu dugu. «Allo, allo!» magazina burutu du urtean zehar, eta udaldian, berriz, «Eutsi goizari» saioa zuzendu du. Bere kasua berezia da, ez baitu ia-ia oporrik izan. Itxuraz, oraingoz ez dio opor osteko egoerari eutsi behar izan:«Nik -beste batzuk bezala- oporrak ez ditut, edo ez ditut oporrak besteek bezala bizi. Programa bat bukatu eta datorren programa ari naiz jada diseinatzen».
Programa bat kudeatzen, zuzentzen, eta gainera -Xabierren kasuan bezala- aurkezten baldin baduzu, ez omen dago depresiorako astirik. Irailaren erdian programa bat bukatu eta urriaren hasieran itzuliko da urtealdiko saiora. Opor osteko sindromearen kausaz baja laboralak izan badira:«Nik ez daukat baja hartzeko aukerarik ezta gogorik ere. Irrati etxearekin, lankidearekin eta entzuleekin dudan konpromisoak berak ez dit uzten. Niri lan hau gustatzen zait eta ez dut depresiorako tarterik. Arduratuta ibiltzen naiz zenbait egunetan, baina estres pixka bat ere beharrezkoa da».

Xabier Riezuk ez du bere lankideengan opor osteko sindromea sentitu. Bai ordea, lanbidean erretzen den jendea. Ez garaiaren edo sasoiaren kausaz, bizitza aurrera doalako baizik. Kazetari pasioa galduz doan jendea da, baina ez opor osteko eraginez. Arestian «erreta izan» sindromea aipatu dugu, bada, kasu hauek katalogo horretan sar daitezke, beharbada. Sindromea gainditzeko gakoa lanbidearekiko pasioa mantentzean datza, ilusioa alegia. Gehiegizko ilusioak ez diezaigula estresik sorrarazi gure baitan, eta aldi berean, urduritasun puntu bat mantentzea komeni omen zaigu, bestela lanaren ohikerian eror gaitezke, eta ohikeriak depresioa eragin. Hau katramila!

Herri Irratitik Euskadi Irratira joan gara. Bertan, «Lauretan Babel» irratsaioaren aurkezlearekin hitz egin dugu, Susana Mujikarekin:«Ni oso gustura itzuli naiz lanera. Egoera edo sintoma hau gauza oso pertsonala da. Gainera, nire kontratua mota dela-eta, nik uztailan eta abuztuan libratu dut. Bi hilabeteko oporraldia izan dut eta askorako eman dit: hondartzara eta mendira joateko, irakurtzeko, lasaitzeko eta aspertzeko. Beraz, desiratzen ez baina oso gustura itzuli naiz lanera».
Oporraldiko azken bi asteetan programa pentsatzen hasia omen du Susanak, ilusioa pizturik eraman zuen eta horrela dakar. Sindromea Eguberrietan hurbiltzen omen zaio Susana Mujikari. Artean, udazkena amaiera aldean sentitzen du tristura puntu bat, orduaren aldaketa medio eguna asko laburtzen baita. Atseden beharra eta nahia etortzen zaizkio. Neguko tunela da Susana Mujikaren sindrome bakarra.


ETXEKOANDREAK ZER?

Eta etxean lan egiten dutenen kasuan zer? Zeren eta oporretan izan arren familiaz arduratzen segitzen baitute «etxekoandreek». Arrasateko ICTEra (Hirugarren Adinarako Zentro Komunitarioa) jo dugu. Raquel Barnecilla psikologoaren inpresioak jaso ditugu:«Etxekoandreek opor garaian izanagatik lanean segitzen dute, familiaren urteko ohiko martxan baino lan gehiago burutzen dute. Badaude ‘oporrak galdu izanaz’ kexatzen diren emakumeak. Oporretara doaz, baina -esaterako- alokatutako etxean segitzen dute lanean».
Raquelen aburuz, oporren osteko sindromea gainditzeko egokitzapen alditxo bat behar da, ohiko martxara adaptatzeko beta; besterik ez. Bizpahiru aste gutxi gorabehera. Paradoxiko dirudien arren etxekoandreek ere errutinara ohitu behar dute: semea-alabak jaikiarazi, etxeko lanak eta erosketak egin, eguerdi aldean umeen bazkaria apailatu edota bi ordu beranduago senarrarena. Are paradoxikoago da hauetako batzuentzat etxera itzultzea liberazio moduko bat izatea:«Zenbait pertsonentzat ohikeriara itzultzea ez da arazoa. Oso jende estrukturatua da, dena oso ondo antolatuta dauka eta oporrek beren bizimodua desegiten diete. Etxera itzultzeko beharra dute», dio Raquelek.
Beraz, aldarte oneko edo txarreko egotea, pozik edo triste, tristuraren sintomak besterik ez dira. Depresioa besterik da, gure aldartearen desoreka, eta beraz gaitza. Hartara, patologiaren kasu batez aritu beharko genuke. Oporren osteko sindromea ez da kasu klinikoa. Hedabideok sintoma hau nola tratatzen dugun ikusteak kezka sorrarazi du ere ICTEn:«Abuztu bukaeran oporren osteko depresioaz asko idatzi eta hitz egin da komunikabideetan, eta hori izugarria da. Tristuraren sindromea depresioa bezala tratatzea akats izugarri larria da. Komunikabideak herritarrek kalean darabilten hizkuntza popularizatzen ari dira. Hau da, pertsonok batzutan ‘deprimituta’ gaudela diogu, eta finean ‘akituta’ gaudela esan nahi dugu».

Hots, depresioa gaitz serio eta larria da. Gizabanakook, berriz, gure sintomak puztutzeko joera dugu nonbait, hitz exageratuak darabiltzagu, ez dira zuzenak, baina balio digute gure ezinegonak besteengana indar handiagoz helarazteko:«Hedabideek sintoma hori opor osteko sindrome gisa izendatu izana exagerazio bat da», dio Raquelek. Finean, triste gaude oporretan irabazi duguna lanera itzultzean galtzen dugulako. Hor ez dago depresiorik. Kontua da errutinako orduetara itzuli behar dugula: iratzargailua entzun, autoa hartu, bideko trafikoa nahiz nagusia jasan ere bai.


GOIZERO GOIZERO LANERA NOA.

«Goizero goizero lanera noa» dio kantu baten leloak. ‘Etxekoandreak’ eta lanbide liberaletan ari direnak ez bezala, lantoki finko bateko ordutegiarekin konplitu behar dutenek beste gisa batez bizi dute lanerako itzulera. Irailaren 3an, 900 langile, hilabeteko oporraldiaren ostean, itzuli ziren Fagor Taldeko hiru kooperatibetara: Donostialdea, Markina, Arrasate eta Aretxabaletan kokatuak. Mediku bat, bi ATS eta seguritate tekniko bat arduratzen dira Fagorreko langileen osasunaz. Honela erantzun digute talde honetako kideek lanaldira itzuli berritan:«Gure esperientziak erakusten digunez -elkarrekin dihardugun jendearen egoeraren arabera-, opor osteko egoera arazo arin bat besterik ez da. Nork ez dauzka, hilabete bateko oporraldiaren ostean, lasai-lasai, ordutegirik gabe, jolas-jardunean ibili ondoren, lan bezperan sentsazio bitxiak?».
Hots, lanera itzultzeko bizpahiru egun falta direnean normala da, larritzen hastea, apetitoa galtzea eta sumintzeko joera erraza izatea. Eta jakina, azken gauean lorik ondo ez egitea:«Hori horrela da, eta normala ere. Eta normala da ere, bizpahiru egunetan, aste batean gehien jota, laneko martxan sartzea. Besterik gabe».
Fagor Taldeko sendagileen esanetan, arazoa sintoma hauek luzatuz gero agertzen da. Sitomen iraupenak langilea depresiora bultza dezake eta orduan patologia ere agertu. Hilabetera iristen bada, arazoa ez da opor osteko arazoa ez sindromea. Bestelako patologia bat da.
Bestelakoan, Fagor kooperatibetan opor ondorengo balizko sintomak ez dira ezberdintzen emakume eta gizonen artean, ez eta enpresako ardura mailen artean. Orainokoan inork ez du baja hartu behar izan delako sindrome honengatik. Azkenik, hainbat gomendio luzatu digu Fagorreko sendagile taldeak:«Gai honi alor eta maila guztietan daukan baino garrantzia gehiago ematen zaio. Garbi dagoena da, gutxi-asko, danok esperimentatzen dugula sintomatologia hau pixka bat. Erremedio hoberena lasai eta positiboki hartzea da».
Oporretako lasaitasunez, alegia. Izan ere, ditxosozko eta balizko sindrome hau «jasateko» dugun suerteaz ohartuko bagina, ziur aski ez genuke berberaz horrenbeste hitz egingo

"Oporren ondorengo sindromea edota ez ote hamar duroko trapua?"
Izena duen guztiak izana omen du. Hala dio, behintzat, euskal esaera zaharrak. Baina beldur naiz aspaldiko gure aurrekoen sena horrek ez ote duen oraingo honetan kale egiten, oporraldien osteko estresak jota agian.

ARGIAko lagunek oporren ondorengo sindromeaz edo nekeaz iritzia emateko eskatu zidatenean, baietz esan nien, sindrome hori gauza ongi finkatua izango zelakoan. Baina horra non konturatu naizen azken urteotan ia ezerezetik abiatuta bezala, pixkanaka puztuz joan den kontua guztion ahotan dagoela, oporraldiak amaitu eta berriro ere lanera (edo eskolara, edo eguneroko gure bizimodura) itzultzen garen honetan. Interneteko edozein bilatzailetan sartzea besterik ez dago (Yahoo edo Google izan dira nik neuk bisitatu ditudanak), horietan erreferentzia ugari aurkitzeko. Baina izenburu ponpoxoekin bataiatutako horren azpian ba ote dago benetako sindromerik?
Izan ere, medikuak oso zaleak gara edozein egoera izen berriekin bataiatzeko, eta horrela egunez egun sindrome edo gaixotasun berriak agertzen dira komunikabideetan. Eta oraingoan hizpide duguna (ingelesez jatorrian "post holidays blues" bezala izendatua izan zena, hau da opor-osteko tristura edo itzuliko genukeena) gauza nahiko berria izateaz gain, ez da oraindik patologia finkatu bezala onartzen. Beraz, hotsak sortu bai, ugari eta edonon, baina zertxobait aztertzen hasiz gero, badirudi hemen ere beste esaera zaharrak zioena gertatzen dela. Alegia, urrutiko intxaurrak hamalau, bertaratu eta lau.
Esandakoak esanda ere, egia da denboraldi bat oporretan eman ondoren, berriro ere eguneroko errutinara itzultzen garenean gorputzak egokitu egin beharra daukala. Oporren ostetik lanera itzultzeak nolabaiteko ondoez fisiko eta mentala sortzen du, eta horri esan izan zaio oporren ondorengo nekea edo sindromea. Egokitzapen-kontua besterik ez da, batzuentzat arazo handirik gabe joaten dena, ia konturatu ere egin gabe, eta beste batzuentzat ordea, sintoma desberdinekin agertuko dena: nekea, geldotasuna, asperdura edo higuina, tristura, eta egoera horretatik abiatuta soka gutxi-asko luzea, depresioan eta antsietatean jausi daitekeena. Baina normalean egun batzuen buruan gure gorputza egoera berrira ohitu egiten da, eta gehiago nahiz gutxiago kostata izanda ere, egokitzapena gertatzen denez, hortxe desagertzen da oporren ondorengo sindrome ditxoso hori.
Beraz, irakurle, bost xentimoko pupuari ez diezaiogun hamar duroko trapurik ipini

"HEDABIDEAK IRUDIKAPEN SOZIALA ERAIKITZEN ARI DIRA ETA HORREK KALTE HANDIA EGITEN DU"
Sabino Aiestaran, EHUko irakaslea Psikologia Sozialeko sailan

Psikologian eta soziologian aditua zaren aldetik, zein da oporren ostean bizi omen dugun sindromeari buruzko zure iritzia?

Lehenik, arazoa hori baldin badago, oso gutxik gustuko lana egiten duelako da. Hori azpimarratu beharra dago aurrena. Arazo honen aurrean zerbait egin dezakegu aurrerantzean, hau da, bakoitzari dagokion lana aurkitzen saiatzea. Horrela opor osteko depresio delako hori gutxiagotuko litzateke.

Gaiari ondo heltzen ote diogu?
Ez. Gaur egun, zailtasunen aurrean berehala erabiltzen dira estresa eta depresio hitzak. Sindrome horiek, ordea, eguneroko lanek eta ezinek sortzen dituzten arazoak dira. Arazo normalak direnak, bestalde. Ez dira opor osteko sintomak, behintzat.

Orduan uste oker bat dago zure ustez?
Bai. Gaur egun hedabideek askotan erabiltzen dituzten hitzak dira horiek, eta halako irudikapen sozial bat sortzen ari dira eta gara, oso negatiboa gainera. Orduan, jendeari bere buruaz errukitu behar duela esaten ari zaio nolabait. Horrekin sekulako ahuldadea sortzen ari gara.

Gure gizartea ahula dela edo sortze bidean ari garela diozu, orduan.
Gure gizartean jendeak ahultasun handia dauka, ez dauka frustrazioak gainditzeko indarrik. Frustrazioak eremu eta arlo guztietan dauzkagu, ados. Jakina, oporretatik itzultzen garenean frustrazioa ere badugu, baina edozein esparruan dugun frustrazio bat (txikiagoa edo handiagoa) besterik ez da. Hori gainditzen ikasi beharra daukagu.

Egiteko horretan hedabideen rola zalantzan jartzen duzu, antza.
Hedabideek kalte handia egin dezakete, badakite ondo irudikapen soziala eraikitzen ari direla, eta horrek kalte asko egiten dio pertsonari. Oporren ondoren jende asko hasten da esaten deprimituta dagoela. Ideia sortzen hasten da eta ondorioz, bai benetako arazoa sortu ere

«Gure unibertsitatearen tamainak egoera leuntzen laguntzen du»
Juan Jose Otaño, Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Irakaskuntzan eta zehazkiago unibertsitate mailako ikasleek nola bizi dute eskolarako itzulera?
Ikasleak kurtso berri bat hasterakoan emozio bikoitzak ditu, anbiguoak ere batztutan. Alde batetik, gogoa dauka kurtsoa hasteko, etortzeko erakargarritasun bat sentitzen du. Ez irakaslea ikustera datorrelako, baina bai bere ikaskide eta lagunekin elkartuko delako, harremanak berrartuko eta indartuko dituelako.

Zeintzuk dira bikoiztasun horren beste alderdiak?
Kurtso berria eta ezezagunaren aurrean gertatuko denaren beldur da nolabait ikaslea, kezka, antsietatea urduritasuna eta zalantzak azaleratzen zaizkio.

Bi egoera muturreko hauen artean bizi da, beraz?
Bai. Baina, ikasleak kezka eta zalantzak akuilu bezala erabiltzen ikasi behar du, kurtsoan burubelarri sartzeko.

Estres hitza, esaterako, ezin dugu erabili kasu honetan.
Estres hitza erabili bai, baina denok zerbait egiteko estres pixka bat behar dugula esateko. Ez badugu, ez dugu benetan betebeharrak gutxieneko intentsitate batez hartzen.

Fenomeno hau ez da berria, denok bizi izan dugu egoera hori ikasle izan ginenean.
Bai, ikasle izan ginen garaian tristura moduko bat genuen gelara sartu aurretik. Ez da fenomeno moderno bat. Denok onartu behar dugu, oro har, hobeto bizi garela oporretan. Aisialdia oso erakargarria da guztientzat.

Aldaketa nabaritzen dugu eta ikasleek ere bai?
Jakina, ikaslea ere nahi duena egitetik zerbait ‘behartuta’ egitera pasatzen da. Nahiz eta gero betebeharra gustukoa duen eta bere buruarekin pozik dagoen. Iratzargailua jarri behar du berriz ere, denboraren menpe izatera itzultzen da.

Zuen unibertsitatean, bere txikian, modu berezi batez tratatzen duzue eskolarako itzulera?
Ezer berezirik ez dugu egiten. Baina gure unibertsitatearen tamainak egoera leuntzen laguntzen du. Bereziki gure fakultatean, ikasleekiko hurbiltasun bat daukagu. Honek bere abantailak eta desabantailak dituen arren, hurbilagotik hitz egiten dugu egoera honi buruz.

Ba al dago egoera honi aurre egiteko elementurik?
Elementu edo faktore batzuek eragina dute egoera horretan. Bat, oporrak nola pasatu dituzun aztertzea da. Beste elementu inportante bat lana edo aktibitatea da. Nik hemen unibertsitatean egiten diren ikasketak bereizten ditut, batzuk oso erakargarriak dira eta bestetzuk astun samarrak. Kurtsoko ikasgaiak, batzuk politak dira eta beste batzuk jasangaitzak. Mailak ere bere garrantzia du, lehenengo maila zoragarria da ikasleentzako. Unibertsitatea hastea, irakasle eta gelakide berriak ezagutzea.

Bigarren mailaz geroztik egoera aldatzen ote da?
Diplomaturaren bigarren mailan, hiru urteko karreretan batez ere, karrera tunel bat bihurtzen da. Lizentziaturan berriz, bigarren ziklo bat dago, tunelaren zentzua galtzen dute ikasleek. Guk ‘humanitateak enpresetan’ lantzen dugu, ikasleek kanpora begira prestatzen hasten dute karrera bukaerako proiektuak. Beste elementu inportantea irakaslea da. Ikaslearen itzulera erraztu dezake irakasleak ikasketen funtzionalitatea eta praktikotasuna eskainiz. Hirugarren elementua ikasle norberaren nortasuna da. Ikasleek beldurra diote egoera berrira egokitzeari, batzutan, irakaslearen aldaketa zaila egiten zaio ikasleari. Irakasleok ikaslea protagonista sentiarazi behar dugu. Irakaskuntzak bere inguruan biratu behar du


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude