NI EZ NOA KLASERA


2001eko irailaren 09an
Ikasturte berria hasi da dagoeneko, eta El Corte Ingleseko «Cortikole»ez harantzago, buruko min ugari ekarriko zion bati baino gehiagori. Ikasle gehienek egin dute unibertsitateko automatrikula, erosi dituzte ikasturte guztirako koaderno eta folioak (nahiz eta Gabonak orduko lagunei idatzitako eskutitzez beteko dituzten), koloretako boligrafoak amaitu ere egingo ziren denda bat baino gehiagotan, eta ikasleen bizitzaren gogortasuna azpimarratuz, "gaurkoa azkenengo parranda" esango dute larunbatero lizentziatugai gehienek otsaila bertan dela gogoratzen duten bakoitzean. Gero, gehienei, otsaila gainera iritsiko zaie eta urduritasunak jota hiru Lucky pakete erreko dituzte egunean. Ikasleen bizitza gogorra denez, ez zaielako Winston amerikarra erretzeko heltzen aurrekontua.

Baina, zer gertatzen da unibertsitatera joan gabe ikasten dutenekin? Noiz hasten dira azterketak prestatzen? Oporrak nola hartzen dituzte, urte guztian ote daude oporretan? Gaur egun gero eta handiagoak dira klasera joan barik lizentziatura bat edo beste egiteko aukerak. Zientzia aplikatuetatik kanpo, ez da beharrezkoa izaten egunero unibertsitatera joatea. Izan ere, zientzia aplikatuek praktika handia eskatzen dute, eta beharrezkotzat jotzen da gaur egun klasera joatea.
Unibertsitatera hurbildu gabe ikasteko aukerak anitzak dira. Gero eta gehiago dira, esate baterako, norbere etxetik egin daitezkeen masterrak. Horren adibide dira Eusko Ikaskuntzak eskaintzen dituen master biak eta lau ikastaroak. Masterren kasuan, 680 ordu dira ikasleek bete behar dituztenak, bai Ingurugiro Zuzenbide masterrean eta bai Nazioarteko merkataritzaren gainekoan. Ikastaroen kasuan, 250 ordu. Lau dira ikastaroak: Euskal Ikasketak (Jakinet), Kazetaritza Digitala (Kaje), Finantza Merkatua (Fine) eta Hizkuntza Plangintza (Isnet). Ikastaroak dira, ez direlako masterrak izateko beharrezkoak diren 500 orduetara iristen.
Orduak kontabilizatzea ez da erraza izango ikasleak aurrean ez direnean. "Programaren arabera kontabilizatzen ditugu orduak. Testak, kasu praktikoak eta bestelako materiala bidaltzen diogu ikasleari, betetzeko beharko dituen orduak kalkulatuta» azaldu du Pilar Diez Arregi Eusko Ikaskuntzako ikastaro birtualen arduradunak.
Azterketa, ostera, zelan? Galderak posta elektrokinoz bidaltzen dizkiete ikasleei eta denbora ematen zaie erantzuteko. Ikasleak, jakina, apunte guztiak aurrean izan ditzake. Askok pentsatuko dute, "horixe erraza!". Hala ere, denbora neurtua da eta galderak asko izaten omen dira. Beraz, abila izan behar da denbora horretan galdera guzti-guztiak apunteetan bilatzeko.
Egunerokotasunean, berriz, posta elektronikoa eta telefonoa erabili daitezke ikastaroko arduradunarekin kontaktuan izateko. Gainera, Pilar Diez Arregik azaldu duenez, "asko bulegora ere etortzen dira, eta ez dago batere arazorik jendea hemen hartzeko".
Jenderik gehiena, lizentziatura amaitu ostean aukera baten bila, edo espezializatzera joaten da master edo ikastaro birtualetara Diez Arregiren iritziz. Ikastaroak, izena ematen duen ehuneko handiak gainditzen ditu. Uzten dituztenek, ordea, lanpetuegi daudelako uzten dituztela uste du Eusko Ikaskuntzako ikastaro birtualen arduradunak.
Hala ere, paradoxiko xamarra dirudien arren, askotan matrikulak ezin izaten dira internet bidez egin. Lizentziaturako tituluen fotokopiak behar izaten dira, eta horiek normalean, posta arruntez bidaltzen dituzte Eusko Ikaskuntzara. "Eskanerra daukatenek oso ondo, internetez bidaltzen dute, baina gehienek ez dute aukera hori", dio Diez Arregik.
Ikasturte honetarako, gainera, UNED delakoak ere (Universidad Nacional de Educación a Distancia) , gehitu egin ditu internet bidez egin daitezkeen lizentziaturak. Orain, 11 ikastaro gehiagotan izango da tutorea posta elektroniko bidez eskuratzeko aukera. Berez, baina, UNEDek eskaintzen dituen ikastaroak 45etik gora dira. Gaur egun, lizentziaturarik gehienak egin daitezke UNED bidez: informatika, psikologia, gizarte hezkuntza, ingeles filologia, historia…
Gainera, UNEDen web orrialdean sartuz gero, ikasleen orrialdeetarako bidea dago. Esate baterako, zientzia politikoetako ikasleen web gunea. Behin ikasleen web gunera sartuta, denetarik dago barruan: txata, apunteak trukatzeko bideak, eztabaida foroa… Ia-ia ikastegian egotea bezalakoa da. Apunteak eskatzeko, azterketen berri izateko, edota, norbere lizentziaturarekin lotura duten gaien gainean hitz egiteko erabili ohi dute ikasleek haien web gunea.
Gainera, UNEDen bidez hainbat esperientzia finkatu da: irratia eta telebista internet bidez. Ikusentzunezko lizentziaturen atalean sartuta dago hori. Joan den 25 urteetan behar egin du UNEDek ganorazko irratia lortzeko, eta gaur egun lortu du hori. Irratia eta telebista dauzka UNEDek bai bere informazioa ikasleei helarazteko eta bai ikasleak kultura mundura hurreratzeko ere erabiltzen dituenak.

bost ikasleren esperientziak.

Baina ikasleek zelan ikusten dituzte etxetik ikasteko ikastaroak? Denetik dago arlo horretan ere. Maite Izagirrek, esate baterako, bigarren lizentziatura ateratzeko jo zuen UNEDera, "Magisteritza eginda neukan, baina aukera gehiago izateko beste lizentziaturaren bat ateratzera jo nuen. Azkenean, Filosofiarekin hasi nintzen". Badaki ez duela irteera lar izango, baina "gustuko dut filosofia eta lana izan, badudanez, bada aurrera".
Bere ustez kanpotik askoz ere hotzagoak ematen dute urrutitik ikasteko baliabide berriek: "Azken finean, irakaslea edo tutorea beti daukazu ondoan nolabait esateko. Posta elektronikoz, telefonoz, bere bulegora joanda… edozein aukera erabilita berba egin dezakezu berarekin. Berez, ez dago hain urruti, nik Bilbotik Portugaleterako bidaia baino ez nuen egiten irakaslea ikusi gura nuenean".
Dena dela, mito asko dagoela iruditzen zaio. "Jende askok ematen du izena erraza delakoan, baina honelakoetan ere ikasi egin behar da. Norbere erritmoa norberak marka dezake, baina ikasi egin behar da", aitortu du Maite Izagirrek. Ez da erraza, ez, norbere erritmoa markatzea ere. Izan ere, askok hortxe aurkitzen dituzte arazorik larrienak.
Jon Etxebarriak, esate baterako, lan kontuen erruz erabaki zuen ikasketak fakultatetik kanpo egitea. Bere kasuan, ez zituen berekasa edo etxetik egin: "Matrikula beste guztiek bezala egin nuen, baina klasera joan gabe azterketetara aurkeztuta aprobatzeko asmoarekin". Ez zitzaizkion gauzak berak uste bezala atera: "Batzuek esaten dizute erraza dela, Psikologia ez dela lizentziatura zaila... Baina kosta egiten da. Hasieran gogoz hartzen duzu, baina gero, lana dela edo beste zer edo zer dela, utzi egiten duzu. Lehenengo ikasgai batera ez zara aurkezten, gero lan bat ez duzu aurkezten, eta azkenean guztiz uzten duzu datorren urtean hartuko duzula esanez". Hala ere, ez da hori izan bere kasua. Izan ere, hiru urte daramatza datorren urtean hartzeko gogoz, baina oraingoz, anaiaren tabernan jarraitzen du lanean. "Agian ez nuen matrikula bakarra ere ordaindu behar", damutzen da erdi irribarreka, "edo agian ez nuen utzi behar". Zalantzan dago bera ere. Praktika baduela iruditzen zaio eta askotan, horixe da fakultateko ikasleei gertatzen zaiena. Karrera amaitzen dutenean, praktika falta dutela eta kexatu egiten dira. Jon Etxeberriak dioenez, "ezingo dut gauza bera esan. Tabernan psikologia asko lantzen da, baina nire kasuan teoria da falta zaidana. Ezin dut bakoitzaren patologia zehatza diagnostikatu". Beraz, momentuz alde zaharreko bufetean jarraitzen du EHUko Donostiako fakultatekoa bertan behera utzita.
Iratxe Jimenezen kasua oso bestelakoa da. Praktikak zirela eta fakultatetik urrundu zen, baina lehenengoan bukatu zuen lizentziatura. Gaur egun kazetaritzan lizentziatua da nahiz eta lanik ez izan. "Ikasten zauden artean hainbat aukera ateratzen zaizkizu. Hala ere, asko alboan uzten dituzu. Interesatzen zaizuna kredituak betetzea da, eta horretarako praktikak egin behar dituzu. Gero, oso zaila da zerbait aurkitzea, eta behin urteak joan direnean berriro hastea, mundu horretan sartzea, kosta egiten da". Hala ere, berak ziur daki nahi duenak urrunetik, nahiz fakultatetik, nahiz etxetik ere, ikasketak gaindi ditzakeela: "Goizean jaiki eta norbere buruari egunean zehar egin behar duena programatzen laguntzea da kontua. Programazio horretan, atal bat ikasketei emanez gero, azkenean lortu egiten da. Borondatea behar da, eta ez pentsatu lanean nagoela eta dirua daukadala eta dena utzi".
Bere barruan, baina, ordu asko kontatzen ditu ordenagailu aurrean. Askotan lagunekin irten gabe. Lanera (nahiz eta praktikak izan fitxatu beharra izaten da) joan, apunteak lortu… "Denboraldi batean lagunak ez nituen ia ikusi ere egiten, baina merezi izan zuen ahaleginak". Orain, kazetaritzatik apur bat urrunduta dago, baina esperientzia hura inork kenduko ez diolakoan dago. Nahiz eta, askotan, praktiketan egonda ere, unibertsitatea faltan izan zuela onartzen duen.
Igor Abrisketak aitortu digunez, "Ukalondoak mahaian atxikiz gero, sinestezinak diren emaitza asko lortzen dira". Bere kasua, Maite Izagirrerenaren antzekoa da. "UBI amaitu nuenean lanean hasi nintzen. Badakizu, gurasoen etxetik atera nahia…", dio edonork dakien zerbaiten gainean berbetan ariko balitz bezala. Gero, handik urte batzutara, ikasketa mina sartu zitzaion. UNEDeko informazio orriak lortu zituen eta Zientzia Politikoetan saiatu zitekeela bururatu zitzaion.
"Ez nuen ezer egin. Ez nintzen batere saiatzen. Nire kontura lan egiteko ez nuela balio pentsatu eta dena bertan behera utzi nuen. Beti uzten nuen dena biharko, eta azkenean bihar iritsi egiten zen", aitortu du gasteiztarrak. Azkenean, orain dela urte pare bat, lepoan 29 zituenean, gauzak serio hartzeko ordua zela iruditu zitzaion. "Berriro deitu nuen UNEDera eta matrikula egin nuen. Gauzak benetan hartu nituen eta apurka-apurka ari naiz. Orain, emaitzak ikusita, ilusioa egiten dit ikaslea naizela esateak. Batzutan inoiz ezagutu ez dudan fakultateko giroaren nostalgia izaten dut: kafetegia, azterketak, apunteak fotokopiatzea… polita izan behar du eguneroko horrek", esan du barrezka.
Agian, lizentziatura lortu eta gero unibertsitatera joatera animatuko dela aitortu du, baina zaharra izango dela uste du 18 urteko hasiberriekin nahasteko.

Ezin da eskua jaso eta galdera egin.

Denek ez dute esperientzia ona izan. Saioa Ruizek ez du uste urrunetik ikasteak merezi duenik. "Niri hotza iruditu zitzaidan tratua. Ni Bermeon bizi naiz eta Bergararaino joatea ezinezkoa egiten zitzaidan gehienetan", esan du. Beraz, irakasleekin izandako tratu guztiak posta elektronikoz eta telefono bidez izan dira.
Urruntasuna sentitu egin izan du berak, eta azkenean ez ditu Magisteritzako ikasketak amaitu. Etxetik ikasteko aukera asko daudela dio, baina ez du uste ondo ateratzen direnik. "Ordu piloa sartzen nituen, baina gero ez zegoen inor zalantza bat galdetzeko orduan... bai, baina posta elektronikoz bat bidali eta erantzun arte itxaron behar izaten nuen. Ez dakit, ez da klasean hatzamarra altxatu eta galdera bat egitearen modukoa nahiz eta hori saldu nahi izaten diguten", aitortu du berak.
Ez du aurpegi gozoa jartzen bere esperientzia kontatzen duenean. Bere ustez, klasean lantzen diren hartu emanek asko laguntzen dute ikasketetan. Giroari garrantzia handia ematen dio, eta ez du uste bere burutazio bat denik, "Nirekin batera jende gehiagok utzi zuen diplomatura alde batera. Gertatzen dena da, saldu behar duenak ezin duela hori esan". Hala ere, berriro animatuko balitz unibertsitatera joango litzatekeela esan du: "Orain beste gauza batzutan nabil, baina berriro sartuko balitzait irakasle izateko gogoa EHUra joango nintzateke dudarik gabe".
Bost ikasleon kontakizunak adierazten duen moduan, badago, fakultatetik kanpora lantzen den unibertsitatea ere. Jendeak gero eta gehiago begiratzen ditu era horretako aukerak. Ordenagailuak, internet, zertarako diren galdetzen du batek baino gehiagok askotan. Horra hor adibide bat. Onerako ere badira teknologia berriak, eta hezkuntza munduko aplikazioek erakusten dute hori ondo baino hobeto.
Irakasleek, hala ere, ez dituzte hainbeste arazo ikusten. EHUko gida liburuan ere, badaude klasera joatea derrigorrezkoa ez den hainbat lizentziatura. Gainera, ikasleei praktikak eskaintzen zaizkienean, klaseko orduak galdu beharra izaten dute askotan. Beraz, zabala da honezkero, klasera joan gabe lizentziatzea posiblea denaren kontzientzia.
Gainera, EHU bera ere hasia da ziber ikasgelak antolatzen. Kazetaritza fakultatean, datorren ikasturterako etxetik egiteko ikastaroak antolatu dituzte. Ikasleak nahikoa izango du bere ordenagailuaren aurrean eseri eta datorkion materiala jasotzea. Tutore bi izango ditu, eta berak landu beharko ditu bere irakasgaiak. Agian, ikasturte honetan ondo irtenez gero, hurrengo urtean aukera zabalagoa izango da.
Apurka-apurka unibertsitatea ere teknologia berrietara egokitzen ari da. Denborarekin dena eraldatzen da, eta hezkuntza ere buelta ematen ari da. Garai bateko liburu lodiak, posta elektronikoz bidalitako apunte multzoarengatik ordezkatzen ari dira. Denborak esango du hoberako diren ala ez; ikusiko baita emaitzak zeintzuk diren. Orain arte, denen gusturako esperientziak ikusi dira, baina klasera joanda ere, asko dira lizentziaturak bertan behera uzten dituztenak


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude