EZ DIRA HARRI PUSKAK

  • Haiek bilakatu dituzte gure mendiak eta bailarak museo erraldoi baten gisan, baina hirietako museoak ez bezala, megalitoena estalperik gabe eta bizirik mantentzen da, biziki hauskorra izanik halaber. Bidaia luze hura eginik, askotan jausi dira gaur egungo aurrerakuntzapean. Baserritar edo basomutilen ezjakintasunak suntsiturik, altxor-bilatzaileen maltzurkeriak birrinduta, zenbat izango dira betirako desagertu direnak? Triskantzatik libratu diren gehienek egoera tamalgarrian diraute, itxuraldatuak eta aurri bizian; bakan batzuk dira oraindik lurretik harro altxatzen direnak.Megalito bat galtzen dugun bakoitzean, gure talde-memoriak eraso mingarria pairatzen du, haiengan aurki baitezakegu gure arbasoei buruzko informazio aunitz: nolakoak ziren, nondik zetozen, bizimoduari zein kulturari buruzko xehetasunak...Galera etengabe hau geldiarazteko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Sailkatutako Kultura Ondasun gisa deklaratu ditu Gipuzkoako megalito guztiak eta hauek osatzen dituzten Estazio Megalitikoak. Tamalez, Euskal Herriko lurralde bakoitzean ondare megalitikoaren egoera legala ezberdina da; hala ere, ezin ukatu izendapen aitzindari hau gure arbasoen harri zaharrak zaintzeko bidean lanari ekiteko abiapuntu ezin hobea izan daitekeela.

2001eko uztailaren 22an
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Gipuzkoako megalitoak «monumentu multzo» izendapenaz, Sailkatutako Ondasuntzat jotzen dituen espedientea jendaurrean zabaltzeko epea ireki du. Izendapen honekin kultur interesa ezagutzen zaie megalitoei eta hauek kokatzen diren eremuetan egin daitezkeen jarduerak, eskuhartze eta erabilerak zehazten dira halaber.

Izendapen aitzindari hau lortzeko bidea, aldiz, ez da makala izan. 1979ra atzera egin behar dugu, Aranzadi Zientzia Elkarteak Gipuzkoan ezagutzen ziren megalitoetan seinaleak ezartzeari ekin zion garaira hain zuzen ere.
1982an argitaratu zen lehenengo Gipuzkoako Karta Arkeologikoa, bertan ordura arteko ezagutza guztia biltzen zelarik. 8 urte beranduago, ikerketa eta aurkikuntza berrien poderioz, bigarren Gipuzkoako Karta Arkeologikoa argitaratu zen 1990ean. Ordurako, paratu zirenetik hamar urte pasa ondoren, hastapeneko egurrezko seinale hauskor ia guztiak deseginda zeuden, megalito aunitz suntsituak izan ziren eta beste asko desagertzeko peril larrian.
Lan eta saiakera askoren ondotik, iaz aurkeztu zen Eusko Jaurlaritzan Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik megalitoen seinaleztatze proiektua, Inbentariatutako eta Sailkatutako Kultur Ondasunaren Babesletza, Aberaste, Zaintze eta Sustapenerako Subentzioetara bideratua izan zena.
Horrela sortu zen hiru urte iraungo duen Megalitismoa Babesteko Proiektua eta izendapen hau proiektuaren hasiera besterik ez da.


IZENDAPENAREN NONDIK NORAKOAK.

Zertan datza izendapena eta zer ekarriko du? Arestian aipatu gisan, espedientean zerrendatzen dira, banan-banan, gaur arte Gipuzkoan ezagutzen diren megalito guztiak, megalitotegietan elkartuta. Horren ondoren, momentuz Gipuzkoan soilik ezarriko den babesteko erregimena landu da.
Erregimen honen arabera, megalitoetan hiru babes-eremu bereizten dira: 1. eremua, megalitoa zehatz-mehatz kokatuta dagoen azalera izango da; 2. eremua, megalitoaren inguruan 5etik 10 metrotara zabaltzen den ingurunea; eta 3. eremua, megalitotegia bera, hots, megalito taldea barnebiltzen duen alde zabalena. Adibidez, kokatuta dauden mendi-kordala bera izango da.
Eremuen babes maila ere zehaztu da eta adibidez 1. eremuan aztarnategia ikertzeko eta zabaltzeko zientzia eta kultur jarduerak soilik onartuko dira.
Proiektu handi hau abian ezartzeko, izendapenaren ondoren, informazio kanpaina zabalari ekinen zaio, alde batetik udaletan eta beste aldetik zuzenean megalitoak kokatzen diren lurren jabeengana joaz. Udaletara eginiko bisiten bidez, hauen partehartzea lortzeko asmoa dago.
Informazio kanpaina eta gero, seinalaztatzearena etorriko da eta Eusko Jaurlaritzak subentzionatutako harrizko seinalea dagokion megalito bakoitzari paratuko zaio, azken lan hau udaletxeek bere gain hartuko dutelarik. Udaletxeen ardurapean geldituko da halaber megalitoaren garbiketa eta zaintza. Aurten 125 megalito seinalizatzeko asmoa dago eta datorren urteko seinaleztatzearen egitaraua gainontzeko 110 monumentuekin beteko da.
Epe luzera arkeologo kualifikatuek indusketa programari ekingo diote, megalito gehienen balore arkeologiko guztia ustiratzeko xedez.
Hondarrean, monumentuen baloratze kanpaina espezifikoa ezarriko da, turismo eta kultura ikuspegitik. Araba eta Bizkaiari dagokionez, seinaleztatzeari laster ekingo diotela aurreikusten da, epeak eta erritmoa oraindik finkatu gabe badaude ere.

SEINALEAK ETA GARBIKETA.

Goian aipatu bezala, Eusko Ikaskuntzaren eskutik etorri zen Gipuzkoako megalitoak seinalizatzeko lehenbiziko saiakera 1979an. Urte urrun hartan paratu ziren seinaleak egurrezkoak ziren, informazioa ematen zuten latoizko txapa hauskorra eramaki zutela. Egurrezko seinale hauek kusian bihurtu ziren ehiztarien itu edo gizalegerik gabeko mendizale eta igandezaleak berotzeko su-erregai.
Haien ondorengoak, Gipuzkoako Foru Aldundia, zenbait udaletxe eta Kutxaren laguntzaz jarri ziren txuriz margotutako hormigoizko seinaleak izan ziren. Hormigoiak basatien erasoak egurra baino hobeto jasan bazituen ere, gaur egun gelditzen diren horrelako seinaleak berriei lekukoa emateko kenduko dira.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntzaz aurten jarriko diren seinaleak Debako kareharri grisezkoak dira, 1 x 0,23 x 0,16 metrotako neurria dute eta lurretik metro erdia altxako dira. Gainean, megalitoaren informazioa emango duen xafla, landutako, ilundutako eta altu- eta baxu-erliebez grabatutako altzairu herdoilgaitzeko pieza izango da. Ikusten denez, material gogorrenak erabili dira ahalik eta iraunkorrenak izan daitezen.
Seinalaztatze kanpaina duela hilabete abiatu ondoren zenbait megalito ederki garbitu eta seinalizatu dira. Lan honetan Aranzadiko teknikoez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait departamentuetako langileek ere parte hartzen dute, inguruko sastrakak kenduz eta megalitoak publikoarentzat ikusgarri utziz.


Beste seinale batzuk Euskal Herrian zehar.

Gorosti Elkartearen Historiaurrea taldea aspalditik hasi zen Nafarroako zenbait megalito seinalizatzen hormigoizko pieza gogorrez, baina ekimenaren bultzatzailea zen Mikel Ezkurdiaren heriotzak seinalizazio kanpaina bertan behera uztea ekarri zuen.
Araban, megalito garrantzitsuenak soilik daude seinalizatuta, Arabako Errioxakoak, Aizkomendi eta Sorginetxe kasu. Mendietako megalitoen artean, bakan batzuk daukate haiei buruzko informazioa duen seinalea, industua izan zen Entziako Mendiluze harrespilak adibidez. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez herrialdeko megalito gehienak more koloretako seinale ikusgarriaz hornitu ziren. Urrundik nabarmentzen diren seinale hauek autopistako panoen antza dute eta zoritxarrez ikus-efekto itsusia eragiten dute inguruko paisaian. Hauetako asko ehiztarien edo beste armadunen tiroek zulatuta ageri dira, edo are okerrago, lurrean guztiz botata eta apurtuta. Lapurdin eta Behe Nafarroan ez dago bertako megalitoak seinalizatzeko ekimenik. Komenigarria litzateke laster Zuberoako adibidea jarraitzea, han Arbailako megalitoak seinalizatzen hasi baitira.


GIPUZKOAKO MEGALITOEN INBENTARIOA, MUNDU OSOAN EREDUGARRI.

Lan hau guztia beste lan eskerga batean oinarritzen da, urtez urte osatutako megalitoen inbentario edo erroldan hain zuzen ere. Gipuzkoako Karta Arkeologikoa bezala ezagutzen den lan horretan, megalito bakoitzaren informazioa biltzen da fitxategi modukoaren bidez. Bi argitalpen ezagutu ditu, bata 1982an eta bestea 1990ean, eta aurrerantzean aurkituko diren megalito berrien fitxak eranskin gisa gehituko zaizkio.
Euskal Herrian eta orohar Europa osoan dagoen megalitoen inbentariorik biribilen eta gaurkotuena dela esan daiteke zalantzarik gabe. Araba eta Bizkaiari dagokienez, 80ko hamarkadan egin ziren karta arkeologikoak zaharkituak geratu dira gerora eginiko berrikuntza eta aurkikuntzak direla-eta. Nafarroan, aldiz, inoiz ez da errolda sakonik egon. Hala ere, horretan dihardu David Velaz arkeologoak eta heldu den urtean Nafarroako megalitismoari buruzko bere tesia argitara emango da menturaz. Iparraldean, azkenik, Jacques Blot-en lan solteak besterik ez daude.
Megalitoen ikerketan tradizio zientifikorik zaharrena badu ere, Frantziako megalitoen inbentarioen egoera ez da hobea. Aspalditik ekin zieten «Inventaire des megalithes de France» delako bilduma osatzeari, baina denboraren poderioz akatsez beteta eta zaharkituta daude. Katalunian, Galizian, Portugalen edo Andaluzian bertako megalitoei buruzko lan solteak egonik ere, nehun ez da Gipuzkoako Karta Arkeologikoren maila lortzen

Zer da megalitismoa, Kultura megalitikoaren ezaugarri nagusiena, zala ntzarik gabe, harrizko ehortze-monumentu erraldoien eraikuntza da. Fen
Kultura megalitikoaren ezaugarri nagusiena, zalantzarik gabe, harrizko ehortze-monumentu erraldoien eraikuntza da. Fenomeno megalitikoa geografikoki eta kronologikoki biziki zabala da eta adituak ez dira ados jartzen haren hastapena kokatzerakoan. Batzuentzat Mediterraneo aldetik hedatu zen eta besteentzat Portugal edo Atlantiko aldetik. Egia dena zera da, megalito erraldoiak Kristo aurreko IV milurteko erdian (3.500 urte K.a.) eraikitzen hasten direla. Hirugarren milurtekoan Europa osoan zehar zabaldu ondoren, bere iraupena bigarren milurtekoan barna Burdin Aroraino iritsiko da. Ez da inolaz ere ahaztu behar megalitismoaren aniztasun geografiko eta kronologikoa. Ondorioz arkitektura moten aldetik, erritoen aldetik eta beste ezaugarrien aldetik ezberdintasun handiak gerta daitezke. Sustraian zibilizazio eta erlijio baten hedapenaz hitz egin behar da, tokian tokiko ñabardurak kontuan harturik. Zabaldutako erlijioa, hildakoen gurtza, hil ondorengo bizitzako sinestea eta Eguzki eta Ernalmen jainkosaren gurtzan oinarritzen zen. Honetaz gain, megalitismoak lurraldetasuna, paisaiaren dominioarena eta monumentalismoaren ideiak ekarri zituen, besteak beste.

Euskal Herrian fenomeno megalitikoaren sorrera Neolito garaikoa da eta Burdin Aroraino heltzen da, zenbait aldakuntza nabarmenekin. Eraikuntzen egitura eta formak arras desberdinak izanik ere, Euskal Herrian aurki daitezkeenak lau taldetakoak dira:
- Trikuharria: Neolitotik Brontze Garairaino zabaltzen den ehortze taldehilobia. Harri handiz (ortostatoak) osatutako hilobi-ganbarak dira. Orokorrean bakunak, korridoredunak edo galeria estalikoak izan daitezke. Hala ere trikuharrien arteko barianteak anitzak dira, garaien edota zonalde ezberdinen arabera.
- Tumulua: Lurrean eraikitako harriz eta lurrezko meta. Tumuluak ganbara megalitiko motaren bat barnean har dezake. Batzuetan, ganbararik ez dagoenean, ehorzketaren ordez errausketa egiten da. Estruktura hauen artean ere ezberdintasun handiak daude garaien eta zonaldeen arabera. Esaterako, Bretainako Carnac aldeko tumulu erraldoiak askoz ere zaharragoak eta handiagoak dira Euskal Herriko tumulu sinpleak baino.
- Harrespila: Harriz eraikitako zirkulua, diametro zehatzik gabea eta banaka zein multzoka ager daitekena. Euskal Herrian, errauste hil-erritoei lotuta daude. Mendialdean kokatzen dira eta kronologikoki Kristo aurreko lehengo milurtean zabaltzen dira. Dena den, Ipar eta Mendebaldeko Europako harrespilek (Cromlech, Neoliko garaikoak) ez dute zerikusirik gure Burdin Aroko harrespilekin (Baratz). Hemen hitz egin beharko genuke gure lurraldetako manifestazio propioaz, Piriniotako Harrespila gisa ezagutzera eman denaz.
- Zutarria: Lurrean zutik ezarritako harritzarra. Zaila da noizkoak eta zertarako ziren zehaztea, baina ziurta daiteke trikuharrien garaikideak direla, harri luzea (Zutarria edo Menhirra) lurrean landatzeko ohitura Burdin Aroraino hel daitekelarik

«Hilharriak» taldea, harri zaharren bila asteburuero

Bospasei lagun biltzen dira asteburuero, larunbatetan batez ere, zaletasun bakarra buruan dutela: mendietako bidexidorren bazterretan edota baso ilunetan gordetzen diren ahantzitako harri misteriotsu horiek iraganalditik berreskuratzea. Gehiengoarentzat esanahi gabeko harri pila besterik ez denarekin hainbeste denbora eta lan iraungitzen dute, non badirudien mendeetan galdutako mezu ezkutua irakurtzeko gai direla.
Bateren bat arkeologo profesionala izan bada, gainontzekoak haatik, irakasleak, administratiboak, komertzialak dira. «Hilharriak» izena, aldiz, ez da elkarte zehatz batena, zaletasun bera duen lagun taldearen emaitzak eta lanari berezko izaera emateko asmoz sortutako marka baizik. Luis Millan, talde honen partaide eta bultzatzaileak azaltzen digu zertan datzan haien lana:
«Lehenik eta behin, argi gera bedi gure lana irabazi-asmorik gabekoa dela, zinez maite dugulako eta hura egiten gustura sentitzen garelako aurrera jarraitzen dugu jarduera bitxi honekin. Eta zer egiten dugu? Bada, larunbatero, taldeko laupabost lagun bildu (beti taldeko partaide guztiek ezin baitute etorri) eta hara! Mendira! Euskal Herriko edozein bazterreta harrien bila; baina ez edozein harri, guk bilatzen duguna megalitoa baita.»
Horrela esanda lagun hauek megalitoak bilatzeko untxari saldo eroa osatzen dutela ematen badu ere, ez da hala. Millanek jarraian azaltzen digun gisan, irteerak planifikatuak daude:
«Gure irteeren helburua datu bilketa da, hau da, megalitoen datuak gero monumentu bakoitzaren fitxan islatzen direnak, datu base erraldoia osatuz. Gainera, saiatzen gara ahalik eta datu zehatzenak biltzen, adibidez, kokapenaren koordenadak, orientazioa, harri guztien neurriak eta ezaugarriak, material grafikoa... Lehentasunek agintzen digute, esaterako, fitxetako datu gabeziak; orduan, monumentu bakoitzera joango gara datu xerka. Bestetan, monumentu berri baten aurkikuntzak markatzen du gure irteeraren helburua. Gertatu izan da ere bestelako lan bereziak sortzea, Nafarroako megalitoen inbentarioarekin gertatu dena kasu. Inbentario hau David Velaz arkeologoa prestatzen ari da eta zenbait datu falta zitzaionez, bada guk lagundu diogu horiek lortzen.»
«Fitxa hauek guztiek monumentuei buruzko informazioa gordetzeko balio dute, gero, profesionalen edota afizionatuen artean banatzeko, Nafarroako kasuan bezala edo Aranzadi Zientzia Elkartearekiko daukagun elkarlana kasu. Hala ere, aitortu behar dugu gaur egun darabilkigun asmoa datu base hau interneten jartzea dela, mundu osoarentzat eskuragarri uzteko. Baina, dedikazio eta finantziazio arazoak direla eta, momentuz ezinezkoa egiten zaigu nahiko genukeen abiaduran aurreratzea. Eta zinez, domaia da, ezen eta antzeko datu baserik ez baitago Europa osoan, bederen edonorentzat irekia dena. Beraz, arlo honetan, internetek eskaintzen dituen baliabideei esker iniziatiba hartuz, Euskal Herria aitzindari izan daiteke eta bide batez eredugarri bilakatuko ginateke mundu osoaren aurrean.»
Elkarrizketa aitzina jo ahala «Hilharriak» mendira paseatzera doan lagun taldea soilik ez dela susmatzen hasi gara, proiektu handi baten inguruan bildutako arbasoen harri zaharrekin txoratutako zale taldea baizik:
«Aipatu behar da ere noizbait gure irteeretan megalito berriren bat topatzeko suertea izaten dugula eta 2000. urtean 44 megalito berri aurkitzeko parada izan genuela, batez ere Nafarroan. Aurtengo ‘uzta’ oparoa izango dela ere esan dezakegu, megalito andana atzeman baitugu jadaneko. Honetaz landa, beste lantxo batzuk egiten ditugu: adibidez, megalitoei buruzko afitxak eta postalak atera ditugu, jendearen kontzientziazioa pizteko giza-ondare diren monumentu hauen aurrean. Euskal Herrian egiten ditugun asteburuetako txangoetaz gain, beste irteerak antolatu izan ditugu inguruetako herrialdeetara, Errioxa edo Pirineotara adibidez, non megalito berri batzuk aurkitzeko aukera izan dugun ere. Oporretan ibilbide luzeko bidaiak ere antolatzen ditugu lurralde urruneko megalitoak ezagutzeko asmoz: Bretaina, Portugal, Granada...»
Badakizue, gure mendietako harrizko altxor ezkutu hauek aurkitzeko gogoa baduzue eta bide batez, haren kontserbazioan lagundu, «Hilharriak» taldearekin une interesgarri bezain alaiak igaroko dituzu

Parke megalitikoak
Megalitoen baloratzeko egitarauaren barruan, Europako zenbait lurraldetan aspaldian praktikan jarri zen parke megalitikoen ideia, hots, megalitoak ugari diren eremuetan zirkuitu turistiko-kulturalak sortzea, megalitoak eta eraiki ziren garaia hobeto ulertzeko azpiegiturak jarriz eta zonaldeko eskaintza turistiko-kulturala aberastuz bide batez. Gainera baloratze egitarau hauekin batera, parkearen barruan kokatzen diren megalitoak betirako zainduta gelditzen direla esan daiteke. Askotan parkearen sorrerak museoa edo interpretazio zentruaren eraikuntza ekarri du, batzuetan zinez zentru erreferentzialak bilakatuz megalitoen esparrua ulertzeko orduan, Bretainako Carnac-ekoa edota Deux-Sevres-eko Bougoneko museo zoragarria kasu.
Bretainian ugari izanik, megalitoen parke tematiko hauek Frantzia estatuko beste zonaldetara hedatu dira, gaur egun Lot, Aveyron edo Lozerekoak ere ospetsuak bilakatu direlarik.
Euskal Herrian megalitoen parkearen ideiara gehien hurbiltzen den proiektu bakarra dago, Etxarri Aranatzeko trikuharriena, hain zuzen ere. «Trikuharrien Ibilbidea» bezala ezagutzen dena Etxarriko Udalak eta bertako kanpinak bultzaturiko ideiatik abiatu zen eta gaur egun herriaren eskaintza turistikoa aberasten duen mendi txangoek ederki aurkeztu eta zaindutako dozena bat trikuharri ikusteko parada ematen dute.
Tamalez, orain arte ez da existitzen Bretainakoen antzeko proiekturik Euskal Herrian, baina bertako zenbait eremutako aberastasun megalitikoa kontuan harturik, erraza da antzeko zerbait imajinatzea, esaterako, Arabako Errioxan, Koartango bailaran, Aralarren edo Adarra inguruan.
Agian guretzat proiekturik eredugarriena gaur egun Echoko bailaran (Aragoi) martxan dagoena izanen da. Guarrinza haranttoan, natura, kirola eta historiaurrea uztartuz, bertako megalitoei buruzko parke tematikoa sortu dute, interpretazio zentru baten inguruan.
Apur bat urrunago, Granadako Gorafe herrian, aurten ere abian jarri da bertako 60 trikuharri ezagutzera emango dituen parkearen proiektua. Portugalen, adibidez, aspalditik ekin zioten megalitoen baloratze kanpainari, Alentejon kokaturik dagoen Coureleiros-eko parke famatua adibiderik garbiena izanik


Azkenak
Netanyahuk dio Rafahren aurkako erasoa burutuko dutela su-eten “akordioa egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Israelgo lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude