«BATASUNA AB-KO EGUNGO ESTATUTUEN KOHERENTZIAN DAGO»


2001eko uztailaren 15an
Garapen Eskema desmartxarekin 1992an ireki zen fasearen lehen zikloa bukatzen ari da. Artean, AB abertzaleen egitura politikoa izan da eta Batasuna sortu da berriki. AB ez al da Iparraldeko abertzaleen egitura egokia?
AB sentsibilitate ezberdineko abertzaleak biltzeko gune bat izan da bere hastapenetik. Gune honek oso erabaki inportante bat hartu zuen 1997an: bere jarduera hauteskundeen testuingurutik kanpo ere kokatzea. Erabaki hori mugimendu politiko sendoa izateko bidean hartu zen. Harrezkero hainbat barne eztabaida izan da. Euskal departamenduaren gaiaz, instituzioetako lanaz eta bortizkeriaren gaiaz jarrera aski komunak erdietsi ditugun arren, eraikuntza nazionalari dagokionez ez dugu erabateko bateratasunik lortu. Gai gaindiezina izan da. Alta, hainbat gaietan gune komun baikorrak erdietsi ditugu eta horiek nagusitzen dira ABren proiektuan. Testuinguru politiko berezi batean gaude eta Batasunakoek ezin dugu testuinguru horren abstrakziorik egin.

Hegoaldeko egoeraz ezin dela abstrakziorik erran nahi duzu. Batasuna sortu da, baina ez bide ditu ABren prozedurak eta erritmoak errespetatu.
Batasuna prozesuak hastapenetik gardentasun osoz jokatu du. Iparraldeko Batasun ildoak prozesuaren berri eman zion ABri eta sartzeko ere proposatu. ABk egutegi arazoak eta hauteskundeak tarteko, ezezko eman zion proposamenari. Baina ABk ez zuen arazorik ikusi ABko kideek Batasuna prozesuan parte har zezaten. Kanpotik so eginda, AB ezker abertzalean kokatu izan da orain arte, baina ABk ez du inoiz bere izaera politikoa ezker abertzalean formalki kokatu. Batasunan ari garen ABko jendeak bere burua formalki ezker abertzalearen egitura batean ikusten ez dugunez, prozesuan parte hartu dugu eta Batasunako kideak gara. ABk orain arte izan duen definizio ezak ez du Batasunean sartzeko pauso hau erraztu beharbada. Maleruski, ABren barne dinamikak eta Batasuna prozesua bereiziak joan dira erritmo eta moldetan. Hori egia da.

ABko hainbat sektorek ABren historiaren bilakabide logikoa hautsi duzuela mantentzen du.
Gure logika AB mugimendu sendo bilakatzea da eta bere ikuspegi estrategikoak zehaztea. Iparraldean ez dugu ezker abertzalearen bateratze estrategikorik lortu; bateratze taktikoa bai baina bateratze estrategikorik ez. ABn ez gaude ezkerrean ez eskuinean, eta oraindik ez dugu eraikuntza nazionalarekiko jarrera argitu.

Batasuna da Iparraldeko ezkerreko abertzaletasuna aitzina joan dadin egitura egokiena orduan?
Batasuna -Iparraldean ere- eraikuntza nazionalarekin koherentzian ari den militante multzo bat da. Batasuna eraikuntza nazionala aitzina eramateko ezinbesteko antolakunde nazionala da. ABn egitura hori gauzatzeko adostasunik ez dugula erdiesten ikusirik, ABko Batasuna ildoak Batasunarekin bat egin du. ABk Iparraldean ekarri dituen aitzinamenduak kontuan harturik AB bere horretan gelditzea proposatzen dugu, Batasuna ABko egungo estatutuekin koherentzian baitago.

ABko militantzia osoa elkarrekin aritzeko aukera ikusten duzu?
Badago denak batera aitzina segitzeko aukera, baina elkarrekin aritzeak bi baldintza eskatzen ditu: elkarren arteko lan eremua atxikitzea eta ikuspegi estrategikoak gure artean finkatzea. ABn ildo bakoitzak bere ikuspegi estrategikoa garatzeko eskubidea duela onartu behar da, beste ildoen garatzearen aurka joan gabe beti ere. Batasunak AB mantentzea eta elkarrekin lanean segitzea proposatzen du. Alta, ABk ez badu antolakunde nazional -Batasuna- batean sartzea egokia ikusten, onartu behar ditu gure nahia eta eskubidea. Kontua da inor ez baztertzea.

Kidetza bikoitza eskatzen duzue. Alta, zuk 1997ko ekainaren biltzar nagusian arau horren aurka bozkatu omen zenuen.
Hori Enbatak idatzi du. Gezur hutsa da hori. Nik arau horren alde bozkatu nuen, hor dago biltzar-agiria lekuko. ABn dauden Batasuneko kide ia gehienek arau horren alde bozkatu genuen. Aitzitik, 46 delako ildoa azken biltzar nagusian erabaki hori bertan behera uztearen alde agertu da. ABren araua eta izaera aldatu nahi dituzte orain, haiek ez daude kidetza bikoitzaren alde; Jakes Abeberri tarteko. Aitzitik, 1997an bozkatu zen mozio hura, iazko irailean burutu zen bortizkeriari buruzko eztabaidarako baliatu zuten 46 delakoek. Mozioaren arabera, AB ez dela ezker abertzalearen egitura bat argudiatu zuten. Koherentzia denek begiratu behar dugu.

ABko 300 kidek Batasunan ez sar-tzeko eskatu dizuete, baina ez diezue kasurik egin.
300 kidek sinatu agiria ongi ulertu badut, haiek ere Batasunaren filosofiarekin bat egiten dute. Ez omen dira prest pausoak hain azkar emateko zatiketaren beldur direlako. Guk Euskal Herri mailako ezker abertzalearen egitura politiko baten sorrera ezinbestekotzat jotzen dugu. Europa eta globalizazioaren karietara hainbat aldaketa eman denez, egoera berria dela-eta, denok bat egiten dugu ideia honekin. Euskal Herri osoak eran-tzukizun bateratu bat hartu behar duela diogu, eta horren kariz sortu da Batasuna.

Belaunaldi berri batek aparatua hartu omen duzue eta horren beldur da gehiengoa.
Batasunan proposamen bat egiten dugu beldur hori gainditzeko. Historikoki joera ezberdinak izan dira beti -ez dakit belaunaldi kontua eta jarrera den ere- eta hauen aitzinean beldurra izan da beti. Beldurra ulertzen dut. Baina aldaketak belaunaldien arabera ematen dira. Arazo honen oinarrian hainbat elementu historiko dago. Ezker abertzalearen ibilbidean lurralde zatiketari buruzko eztabaidak ondorio latzak izan ditu Iparraldean ere. Besteak beste, ETA eta IKren arteko konfrontazioa. Ulergarria da beldurra agertzea nazio mailako erakundetze baten aitzinean, beldur horiek oinarri historikoa dute. Baina ezin dugu historiaren abstrakzioa egin. Iraganean egin akatsez ikasi behar dugu eta erantzukizuna hartu geroari buruz. Hau da, nora eta nola goaz zuzendu eta zehaztu behar dugu.

Lizarra-Garaziko Akordioa zuzen-tzeko moldea eta bidea omen zen. HBren ondorengoa Batasuna da. Bien bitarteko EHn, EAE-ANV, Zutik, Batzarre eta Aralar ziren.
Hegoaldean Batasuna nola gauzatu den ez dut ongi ezagutzen. Zatiketak moldeari dagokionez soilik baldin badira, gaizki ari gara. Ikustear dago ea oinarrian desadostasun politikoak daudenentz, eta moldetan zein mailakoak diren diferentziak.
Lizarra-Garazik sekula baino funts handiagoa dauka egun, prezeski gatazka armatuak bere horretan jarraitzen duelako. Akordioak dioen bezala, elkarrizketa burutzeko ez dira aitzinbaldintzak pausatu behar. Abertzale batzuk borroka armatua mantentzen den bitartean aitzinapausoak emateko prest ez baldin badaude eta bestetzuk engaimendua formala hartzen ez den bitartean borroka armatuak segi-tzea normal ikustea egoera tamalgarria da, baina ulergarria.

Moldeaz ari gara. Borroka armatua da auzitan dagoena. Ezker abertzalearen historian ez da orain bezala inoiz auzitan jarri.
Ezker abertzalean desadostasunak daude borroka armatuari buruz, ados. Baina, Batasuna prozesuan hasieran izan diren guztiak ezker abertzalekoak dira. Ezker abertzalean oraindik ere nahikaria badago horiek denak beren barnean antola daitezen, eta aniztasunean oinarrituriko ezker abertzalea izan dadin.

Batasunan ez dauden ezker aber-tzalearen beste sektoreek, ETAren meniaren ondoko testuinguru politikoan Batasunaren egitasmoa gauzatzea ezinezkoa dela diote.
Orduan, ez zen Batasuna prozesua egin behar une honetan? Goitatu edo itxaron behar zen beste une politiko bat? Beharbada. Nik eztabaida prozesua gauzatzea ezinbestekoa ikusi dut. Sektore bakoitzaren ikusmoldeak ikusteko prezeski. Batasunak ez du lortu aniztasun hori bere baitan finkatzea, ados, baina Batasuna ezinbestekoa izan da ezker abertzaleko sektore gehienen arteko sakoneko eztabaida gauzatzeko. Eztabaida eman da eta bakoitzaren planteamenduak zeintzu diren argitu dira. Estrukturalki ez dira nahi genituen helburu guztiak bete izan, baina ezinbestekoa zen eztabaida gauzatu da. Okerragoa izango zen eztabaida eta prozesu hau egin gabe gelditzea.

Batasuna prest al dago ABko erabakien menpe egoteko?
ABren eztabaidan parte hartuko dugun Batasunako kideek ABren erabakiak errespetatuko ditugu. ABren geroari buruzko proposamenak eztabaidatuko dira eta jarrera bat trenkatu beharko da.

Batasunak ez du ABren zatiketa ekarriko, orduan?
Ez. ABren egitura politikoak du lehentasuna eta ondoren ildo politikoa gauzatzeko antolakundeak. Zein da inportanteena? Batasuna-rentzat ere, ABren ibilbideari esker lortu dugun batasuna zaintzea. Eztabaidaren oinarrian bi galdera dira: bat, ikuspegi nazionalaren eraikuntza ekarriko duen ildoa garatzea ezinbestekoa da, bai ala ez? Bi: elkarrekin aritzeko metatu dugun gaitasun hori zaintzen dugu, bai ala ez? Guk bigarren honen alde lan eginen dugu. Abertzaleek edozein sentsibilitatekoak izanik ere, elkarrekin aritu beharko dugu. ABk antolakunde bezala gehiago zehazten badu bere izaera eta alderdi politikoa bilakatzen bada (ezkerreko ikuspegi ideologiko zehatz batekin), ezker abertzalearen egitura izanen den aldetik, aterabide bat emanen diogu egungo auziari. Edozein dela emaitza ere, bi antolakunde hauen arteko elkarlana eramanen dugu, hori delako gehienen nahia. Fase iragankor berri batera iritsiko da, eta Batasuna hor izanen da, ezker abertzalearen bilakabidearen zentzuan baitago.

Batasuna ezker abertzalearen abangoardia da Hegoalde nahiz Iparralderako. Iparraldean ABren proiektuarekin talka egin du ordea. Ez al duzu anakronismo akats bat ikusten? Esate baterako, Batasunaren estrategiaren ildoan antolatu al daiteke Udalbiltza?
Batasunak duen irudiarekin gaitasunik izanen ote dugu eraginkorki lan egiteko Iparraldean? Batasunak defendatzen duen ildoa egokia ote da ere Iparraldean lan egiteko? Nik baietz uste dut. Batasunaren nahia euskaldunon eskubideak Euska Herri osoan errespetatzea eta onartzea da. Iparraldean ez gara EAEn bezala, EAEn eskubideen onarpen maila bat dago eta hemen beste bat. Euskararena, kasu. Euskaldunon eskubide zibil osoak onartuak izatea Iparraldean ez da anakronikoa. Hizkuntza eskubide horiek ez badira errespetatzen eta garatzen orain, hogei urte barne ez dugu behar den iritzi kritikoa izanen euskararen geroa ziurtatzeko.

Iritzi kritiko honek ez ote du Batasuna mesfidantzaz ikusten esaten delako honek ETArekiko menpekotasuna duela, eta herritarren gehiengoak honen borroka moldea errefuxatzen duelako?
Hori erraiten du jendeak, bai. Baina Batasunan ere badaude borroka armatuaren kontrakoak. ABko azken biltzarrean Batasunako zenbait kidek zentzu horretan hitz egin zuen. Badakigu, sekulako lana egin beharko dugu Iparraldean, sekulako erasoak jasan beharko ditugu eta gu kriminalizatzen saiatuko dira. Nik ere ETAren su-etena nahi dut eta Batasunean egon nahi dut

BIZGARRI BERRIA AUZITAN
BIZIGARRI BERRIA AUZITAN

Iaz elkarrizketatu genuelarik, Iparraldeko politikaren bizigarria izendatu genuen baxenafar hau. Lizarra-Garaziko Akordioaren garaian Arnaldo Otegik hartu zuen Gerry Adamsen ospea, Iparraldean berak hartuko ote zuen itxaron genuela erran diogu txantxetan. Irribarre herabeti batekin erantzun digu. Politikarako dohain eskasik ez du, ezta bere xedeak denboran egokitzeko lan eskasik ere.


Azkenak
Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira

Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak berak onargarritzat duen kutsadura maila. Maiatzaren 10ean kalera aterako dira... [+]


2024-05-08 | Hik Hasi
Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpena

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 2024ko Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpen prentsaurrekoa egin du astearte goizean. Bertan parte hartu dute EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrek eta Hik Hasiko formazio arduradun Mikel... [+]


Beste preso bat hil da espetxean, oraingoan Basaurin

Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den bosgarren presoa... [+]


Eguneraketa berriak daude