Gorputz itxura aldatzeko kirurgia estetikoak eskaintzen dituen teknika desberdinak eta nutrizioak gaur egun dituen joerak aztergai izan dira jardunaldi batzuetan.
OSASUNA
Gorputz itxura aldatzeko kirurgia estetikoak eskaintzen dituen teknika desberdinak eta nutrizioak gaur egun dituen joerak aztergai izan dira jardunaldi batzuetan.
Maiatzaren 22an Donostian jardunaldi bat egin zen "Gorputz ingeradaren kirurgia estetikoa" izenburupean. Bertan, Gipuzkoako Poliklinikan kirurgia estetikoko zerbitzuburua den Pedro Cormenzana doktoreak esandakoaren arabera, Gipuzkoan gorputz ingeradaren (edo itxuraren) arazoak direla-eta operatzen diren 100 pazientetik 95 emakumezkoak dira, eta horietatik gehienak bularrak eta izterrak "ukitzea" eta konpontzea aukeratzen dute, horien atzetik aldakak eta sabela etorriz.
Emakume horien adina 18 urtetik 50era bitartekoa da, eta pazienteak gero eta gazteagoak direla nabarmendu zuen adituak. Gizonei dagokienez, gutxiago dira, noski, eta espezialistarengana joaten direnean bularraldean, aldaketan eta sabelean beren gusturako duten gehiegizko gantza kentzeko eskatzen diote zirujauari.
Pedro Cormenzanak esan zuenez, azken urteotan gehitu egin omen da operatzen diren pazienteen kopurua, "beste herrialde batzuen konparazioan, oraindik ere oso atzeratuak goazen arren". Bide horretatik azaldu zuen gorputz ingeradaren kirurgia estetikoaren barruan era askotako operazioak egiten direla: liposukzioak (gantza kentzeko), abdominoplastiak (sabeleko itxura txukuntzeko), izter eta ipurmasailen tiramenduak (bertako zelulitis, "kartutxera" eta belaxkatasunak desagertzeko) eta bularreko kirurgiak (tamaina handitu nahiz txikitzeko). Gainera, gaur egungo teknika berriekin (liposukzio ultrasonikoarekin, adibidez) emaitza oso onak lortzen dira, eta pazienteak jasaten duen eragina oso txikia izan ohi da.