EUSKAL "BEVERLY HILLS"EKO MIRARI NATURALAK

  • Itsasadarraren ezkerraldea igarotako mendean meategi eta burdinoletako langileen bizileku izan bada, Bilboko burgesiak laster asko konkistatu zuen Getxo miragarria. Hiriburutik gertu, ordurarte natura aldetik ia lurralde birjin eta pribilejiatua, industrializazioak bertako aurpegia aldarazi zuen, natur mirarien artean etxe zein baino zein dotoreagoak eraikitzen hasi zirenean.

2001eko ekainaren 03an

Nerbioiren eskuinaldeko Urbazterraren dotoretasuna

Zintzilikako zubiak oso giro ezberdina bizi izan duen (eta duen) eskuinalde dotore eta aberatsagoan utziko gaitu, Getxo udalerriak betetzen duen eskuinaldean, hain zuzen. Bizitza maila inbidiagarria duen hiri hau ondo zatitutako auzuneetan banatua dago, bakoitza bere izaera propioarekin.
Areetan, berehala ezkerrerantz joko dugu, erdigunerantz, laster Neguriko aberatsen etxe jauregi zoragarriak ikusten hasten garen lekuan ezkerrerantz hartuko badugu ere, Ereaga hondartzan sartu asmoz. Hondartzaren erdian Algortarako bidea segi dezakegu, eskubi-gorantz, errepidean berriz ezkerrerantz jarraituz. Erdigunea Plentziarako norabidean zeharkatuko dugu. Hori bai, zentruko bukaeran dagoen bidegurutzean ezker-gorantz joko dugu, seinalizaturik ez badago ere.
Bide horretan, segituan Nerbioi ibaia itsasoratzen den Abraren eskumaldeko Galea lurmutur ederrean barneratuko gara. Errepidea labarren gainetik badoa ere, paraleloki, gomendagarriena ibilbide hau oinez egitea da, Aixerrotan hasi eta muturreko itsasargiraino. Dena den, kotxez eginez gero ere, beti geratuko zaigu Aizkorri Kala-Hondartza zoragarriaren inguruan prestatutako (prestatugabekoak segituz agian hobeto) ibilera ederra aprobetxatzea. Itsasargitik kilometro batera dagoen aparkalekura iritsi eta ibiltzen hasi... ez zarete damutuko.


GETXO

Getxok Nerbioi itsasadar hasieraren eskuineko aldea betetzen du, eta Bilbotik kilometro gutxitara dagoenez, iazko mendetik bertako bizitegi auzorik ezagunena bihurtu da. Izan ere, XIX. mendetik aurrera eta batik bat XX. mendearen hasieran Getxo jauregiz eta etxe ederrez betetzen hasi zen, batez ere Neguri aldea, hiri hau Bizkaiko dotoreenetakoa bihurtuz.

Fisonomia eta historia
Getxo izaera propio eta ezberdineko auzotan banatuta dagoela esan behar da: Areeta (Bilbotik hurbilena), alboan Erromo, Neguri aberatsa, Algorta (hiriko erdigunea) eta Andra Mari (jatorrizkoa). Harantzago Galea lurmuturra dugu.
Hiria Andra Mari monastegiaren (XII. mendetik parrokia) inguruan sortu zen, eta nekazariz eta arrantzalez populatua zegoen. Bilboko portuaren aktibitatea igotzean Algortako auzunea ere garatzen eta indartzen joan zen, Andra Mari 1779an berreraiki zen bitartean. XIX. mendetik turismoa hasi zen, eta berarekin burgesia uda pasatzeko bigarren etxeak eraikitzen hasi zen. Askok Getxo aukeratzen zuten.
Areetako auzunea sortzeak horretarako lagundu zuen, bertan txaletak eta udetxeak altxatu zirelako. Era berean, komunikazioak ere hobetu ziren (Bizkaia zubia 1893an inauguratu zen). Portua handitzean Areetako hondartza desagertu eta bainu-zonaldea ere lekuz aldatuko da, oraingo honetan Neguriko auzo dotorea jaioz.

Ikustekoak
Bizkaia zubiak Nerbioi itsasadarraren bi aldeak lotzen ditu, Portugalete eta Areeta, hain zuzen. 1893an egina, munduko lehen zintzilikako zubia izan zen, eta itsasontziei oztoporik jarriko ez zien lotura bat eraikitzeko arazoa konpondu zuen. Zubiko enparantza atseginetik ezkerrerantz, Areetako etorbidearen erdian Andra Mari Mesedeetakoa eliza dugu eta bertan Euskal Autonomia Erkidegoko organorik handiena dago.
Nerbioirantz itzuliz, berau amaitzen den ertzean Txurrukari eskainitako oroigarri handi eta ikusgarria geratzen zaigu; kanpoaldeko portua birmoldatu zuen gizonari eskainia, lur eta itsasoaren arteko borroka sinbolizatzen du. Bertatik ateratzen den hondartza gaineko pasealekuan zehar, edota atzeko Zugazarte kalean zehar, dagoeneko estilo ezberdinetako etxe eta jauregi ederren artean ibiltzen hasiko gara: Itxas Begi, Bake Eder...
Hala ere, hoberena Negurira ailegatzean dator, batez ere Arriluze pasealekuaren gainean dugun jauregi zoragarrien bilduma: Eguzki Alde (Asuako errepidearen kantoian, 1918koa), eta bata bestearen ondoan Lezama Legizamon (lorategiekin batera osotasun zoragarria leku ezinhobean), Aizgoyen eta Arriluze.
Pasealekua amaitzean harresiak eta itsasargi bitxia (arkuen gainetik sortzen den baserri modukoa) ditugu, Ereaga hondartza hasten den lekuan. Puntu honetan kirol portu ondotik, Abra badiaren erdi-erdian dagoen itsasargiraino ailegatu gaitezke.
Honen erdian dagoen Ereagako Jaispidetik igo eta Algortako Etorbidean ezkerrera eginez Algorta auzoan dagoen udaletxe aldera iritsiko gara. Urre koloreko hondar harlanduez eginiko eraikin honen ezkerrean Loiolako San Inazioren eliza neoerromantikoa eta eskuinean ingeles estiloko Santa Clara jauregi eder-ederra.
San Inazioren azpian jaiotzen den Miramar kalea hartuz (zer esanik ez, bista politak dituena), Maria Cristina parkea igaro eta handik gutxira Algortako portu zaharrera jaitsi ahal izango dugu. Portu zahar honen kaletxo estu eta aldapatsuak arrantzale etxe zuriska eta atseginen artean jaisten dira, Getxoren beste ikuspuntu bat erakutsiz.
Alboan dugun Usategi parketik berriz ere San Nicolas (neoklasikoa) eta Aita Trinitarien (erromaniko itxurakoa) elizetaraino igo gaitezke, eta bertan ezkerrerantz, Arrigunaga hondartzaraino jaitsi. Honen eskuinean Galea muturraren labar zuriska eta ikusgarriak ditugu ikusgai. Andra Mari eliza labarren hasieratik gertu dago. Gaur egun ikusiko duguna batik bat XVII. mendeko erromanikoa da, baina XII. mendeko antzinako tenpluaren hondar batzuk gordetzen ditu. Hurbil, Aingeru Jagolearen baseliza dugu.

Galeako Muturra
Abiapuntuan, Andra Maritik hurbil eta labarren gainean errege gisa, Aixerrota dugu, XVIII. mendean altxatu eta gaur luxuzko jatetxe dena. Labarraren gainetik doan bidezidorretako bat hartuz, Abra, portua eta ezkerraldeko zein eskuinaldeko ikustaldi paregabeetaz gozatzeko aukera izango dugu, paisaia industriala eta naturalaren nahasketa behatzeko aukera.
Bidearen azkenaldera Printzearen gaztelua edo gotorleku zaharra geratzen da. Tamalez, XVIII. mendeko osotasun interesgarri hau (harresiak, lubakia, zubi altxagarria eta dorre biribila) egoera negargarrian dago.

Aizkorri Hondartza
Galea lur muturrean bertan dugun aparkalekutik, oinezkoentzat prestaturik dagoen (harrizko baldosaz egina dago) Galeako bidea hasten da, laua eta oso erraza. Hala ere, guk nahiago dugu jendearen ibilian-ibiliaz sortzen joan diren bidezidorrak jarraitu, labarretatik edo erlaitzetik hurbilago goazelako, eta beraz, bistak are zoragarriak direlako. Itsaso zabala ezkerrean dugula, gehienez ordu erdira Aizkorri hondartza edo kalaren goialderaino iritsiko gara.
Euskal Herrian merezi duena baino askoz ezezagunagoa den hondartza basati honek lehenengoz ikustean txundituta utziko zaituzte. Eta itsasbeheran teatro natural erraldoi hau bisitatzeko aukera izan baduzue ziur itzultzeko irrikitan zaretela.
Gogorik izanez gero, uretaraino bidezidor batetik jaisteko aukera dago, eta berriz ere igo ostean, gure ibilera Sopelaraino luzatu dezakegu, Gorrondatxe eta Barinatxe ("Basatia") hondartzak bisitatuz. Edo bestela, labarren gainean eseri, mugarik gabeko itsasoari begira olatuen zurrumurrua entzun eta gure kostaldeko beste mirari horietako bat behatuz, minutuak eta orduak pasatzen utzi ditzakegu...
INFORMAZIO PRAKTIKOA
GETXO

Turismo Bulegoa:
Ereagako Hondartza. 94- 491 08 00.

Udaletxea:
Foruak 1. 94- 489 02 00.

Udaltzaingoa:
94- 489 02 02.

Ertzaintza:
Aiboa 13. 94- 444 14 44.

Osasun-zentruak:
-
Algorta 94- 600 71 00.
- Areeta 94- 600 71 70 / 71.

Alojamendua:
***H. Balneario Igeretxe Agustin - Ereagako Hondartza (Algorta). 94- 491 00 09.
***Hotel Los Chopos - Los Chopos Etorbidea 2 (Neguri). 94- 491 22 55.
***Complejo Hotelero Los Tamarises - Ereagako Hondartza (Algorta). 94- 489 02 00.
***Hotel Artaza - Los Chopos Etorbidea, 12 (Neguri). 94- 491 28 52.
***Hotel Neguri - Algortako Etorbidea, 14 (Neguri). 94- 491 05 09.
**Areeta pentsioa - Mayor, 13-1.° (Areeta).
94- 463 81 36 / 94 464 31 98.
* Basagoiti pentsioa - Basagoiti Etorbidea, 72 (Algorta). 94- 460 79 75 / 608 577 446.
* Salsidu 21 pentsioa - Salsidu, 21 (Algorta).
94- 430 24 76.
* Usategi pentsioa - Landene, 2 (Algorta). 94- 460 30 88 / 656 783 497.
"Las Arenas" Ikasle-egoitza - Amaia, 26 (Areeta). 94- 463 48 01.

Jatetxeak:
Aitor - Los Chopos Etorbidea, 31 (Neguri). 94- 430 40 86.
- Artaza - Los Chopos Etorbidea, 12 (Neguri). 94- 491 28 52.
- Casi - Los Chopos Etorbidea, 2 (Neguri). 94- 491 22 55.
- Cubita - La Galea Errepidea, 30 (Andra Mari). 94- 491 17 00.
- Cubita Kaia - Kirol portua (Algorta). 94- 460 01 03.
- Egoki - Los Chopos Etorbidea, 31 (Neguri). 94- 430 40 76.
- El Chalet - Manuel M. Smith, 12 (Areeta ). 94- 463 89 84.
- El Puerto-Zabala - Aretxondo, 14 (portu zaharra). 94- 491 21 66.
- Goiezti Erretegia - Aretxondo, 14 (portu zaharra). 94- 460 38 83.
- Igeretxe - Mayor, 28 (Areeta ). 94- 464 55 93.
- Igeretxe Agustin - Ereagako Hondartza (Algorta). 94- 491 00 09.
- Iturgitxi Asador - Itxe Bidea, 12 (Berango). 94- 668 12 86.
- Itxas Bide - Ereagako portua, 42. (portu zaharra). 94- 491 05 89.
- Jolastoki - Leioako Etorbidea, 24 (Neguri). 94- 491 20 31.
- Karola Etxea - Aretxondo, 22 (portu zaharra). 94- 460 08 68.
- Parrillas del Mar - Kirol Portua (Algorta). 94- 491 29 69.
- Tamarin II - Reina M. Cristina, 5 (Areeta ). 94- 491 29 69.
-Los Tamarises - Ereagako Hondartza (Algorta). 94- 491 05 44.
- Txo Asador - Kirol Portua (Algorta). 94- 491 12 93.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude