Lizarra eta Garaziren ondokoa. Uniformitasunaren izenean gurea bezalako herri ukatuen eskubide unibertsalen aldarria deslegitimatzeko espainolek egin duten saio intelektuala. Lizarra-Garazik ekarri zigun esperantzaren zutabeetara hedabide azkarrenek igorritako misil informatiboak, nik ezagutu dudan kanpaina lotsagabe eta ustelena izan da. Beldurgarria.
Eta Espainiako konstituzioaren oinetakoan kabi-tzen ez eta sartzeko prest ez ginen klaustrofobiko guztiak kriminalizatze aldera espainolek martxan ezarritako motore inkisitoreari "Libertad" esan diote. Oinetakoa ala faxismoa. "Bastayaka" manipulatu izan dute gure hiru euskal herrialdetako egoera politikoa eta soziala, biktima eta borreroen artekoa bailitzan legokeen hemengo elkarbizitza gatazkatsua. Ez zioten aukera xumeena ere eman Lizarra-Garaziri, haren aurkako estrategiak soilki Ajuria-Enea konkistatzeraino eramango zituelakoan urrezko karrozan.
BAINA Moncloako agintarien kalkuloek hutsegin diete. Orain arteko absten-tzioak eta euren askatasun ezak abertzaleak egiten gintuztela indartsuago ustearekin bero-bero zeudenak, emaitzek hoztu egin dituzte derrepentean, igandeko gauerdi alderako bisaiek salatzen zuten moduan. Konjelatuak. Partehartzea inoiz baino ugariagoa izan da eta bakoitzak nahi izan dionari eman dio bere bozka. Beraz, PPk sekulako ostia bildu du, hotsa Moncloan ere entzun zuten. Batetik ez du lortu EAJ-EAk Ajuria-Enea abandona zezaten, eta bestetik EAEri eta euskal abertzaletasunari buruz eman irudia Espainian irentsi baldin badute ere, hemen inork gutxik jan du.
PSE-PSOEk berriz, berdinkentaren bila doanaren saria izan du. Ni fu, ni fa. PPren erasoaldiaren beha, aldeko korner batzuren xerka edo kasurik onenean ugazaba berriak eskainitako balizko penaltiren baten zain egon da. Paktu antiterroristaren beroan epel.
Aspalditik ikusten nuen ezker abertzalearen porrota. Inguru militantea EHrengandik urruntzen ari zela eta Lizarra-Garazik sortutako kemenez hustuta. Odola aitzen ari zitzaiola. Aurreko hauteskundetan parte ez hartzearekin, zenbaiti besteren bati bozka emateko bidea ireki zion. Eta EAJ-EAra orduan lehen aldiz joanak, oraingo honetan ere bide bera egin dutela irudipena daukat. Estrategian baino prozeduran ikusten diot nik EHri ahulezia. Nire inguru hurbilean, militanteak izanik ere haserre eta iritziak janez bizitzen asperturik daudenak gehiago dira, bere eremuak ongarritzen jarraitzeko adina indar dutenak baino. Ez dakit EHren zuzendaritzara zer nolako informazioa heltzen den herrietatik. Ez dakit heltzen dena ere kontrastatzen ote den. Dakidana da, zuzendaritzarengandik aldendutakoak asko ezagutzen ditudala, erabakiak goitik behera etortzeaz nazkaturik daudenak. Eta ez dira Aralarren dabiltzan mendigoizaleak. Beraz, ez nau harritu joan igandeko porrotak.
IGANDEAN bertan, Urruñako aste kulturalaren bukaera ospatzen genuen bazkari herrikoi batekin. Sukaldean nengoela adiskide bat hurbildu zitzaidan bozketei buruzko iritzia galdezka. Bionak trukatu ondoan, ezkorra ikusten ninduela esan zidan. Lanak egin ondoren lagun baten etxera jo nuen. Bertan, militante batzuek zeuden bisitan. Gai bakarrean aritu eta porra bat egitea otu zitzaion baten bati. Zortzi bat ginen. EHri zegokionez ezkorrenetakoa izaki eta eguerdian entzundakoa errepikatu zidaten: "Ezkor habil oso". Gero gauean Arnaldok dezepzionatu egin ninduen beldurrarena aipatzean porrotaren arrazoi ia bakartzat. Eta nik emandako botoa inutiltzat jo nuen. Bederatzikoa zen nire iragarpen ezkorra. Arzalluzek, Atutxak, Ibarretxek eta konpainiak jakin beharko dute bildu dutena txukun kudeatzen. Ados. Baina, Arnaldok asmatu beharko du ezker abertzaleak zuen ondasuna berreskuratzen beldurtiak barne