"HEREN BAT GARA, BAGARA NOR BILTZAR NAGUSIA DEITZEKO"

  • Ez da txikia Udalbiltzaren inguruan dagoen saltsa-maltsa. Izen bat, baina bi zuzendaritza, bi errealitate. EH, AB eta zenbait alkate independentek osatutako Udalbiltzako Batzorde Eragilearen bozeramailea eta Amorotoko alkatearekin aritu gara korapiloaz.

2001eko apirilaren 29an
Markinatik Lekeitiorako bidean, azken herri honetara heldu baino lau bat kilometro lehenago ezkerrera hartu eta gora joz, errepideak Amorotora darama, herrixka eder eta zaindura. 370 biztanle ditu. Alkatesa eta sei zinegotzi biltzen dira osoko bilkuran. Maribi Ugarteburu 32 urteko emakumezkoa da alkatea. Pentsaera politiko desberdinekoak baina abertzaleak dira guztiak. Zerrenda bakarrean aurkeztuta hautatu zituzten herritarrek, gainerako herrietan legez udal hauteskundeetan, baina zerrenda osatzeak badu bere bitxitasuna. Bi igande lehenago herritarrek, auzoka, 18 urtetik gorako herritarren artean gustukoenak hautatzen dituzte, horietako lau izango dira zerrendako lehenengo lauak. Hurrengo igandean, gainerako herritarren artean berriz egiten da hautaketa, eta lehenengo hiruekin osatzen da zazpikotea; hurrengo hiruek ordezkoen hirukotea osatuko dute. Hauteskundeetarako zerrenda prest dago eta hauteskunde egunean bozketa formalizatu besterik ez da egiten. "Demokrazia erabat zuzena" dela diosku Ugarteburuk.

Amorotoko alkate independentea zara, zazpi hautetsietatik denak zarete abertzaleak baina pentsamolde desberdinetakoak. Udalbiltzako saltsetan aritzeak ekarri al dizu arazorik?
Ez, ez dit arazorik ekarri, adostasuna dugu maila horretan, nahiz eta iritzi kritikoren bat edo beste badagoen.

Dagoeneko ezaguna dirudi, baina akaso ez dago horren argi. Labur esanda, zer da Udalbiltza? Nork osatzen du? Nola funtzionatzen du? ?
Udalbiltza Euskal Herriko udal ordezkarien biltzar bat da. Atxikipen librea du, herrialde guztietako udal ordezkariak ditu eta, beraz, udal oinarridun erakunde nazionala da. Nork osatzen duen? Parte hartu nahi duten udal hautetsi guztiek. Nola funtzionatzen duen? Udalbiltzak bilakaera nahiko korapilotsua izan du eta azalpen luzeagoa eskatzen du. Unean uneko abagune politikoak gehiegi baldintzatu du bai bere jaiotza bai bere gaur egunera arteko ibilaldia. Iaz 15 kidez osatutako batzorde iraunkorrak, EH eta ABko kideak zuzendaritza talde horretatik kanpo uztea erabaki zuen. Erabaki horren izaera antidemokratikoa ikusirik eta Euskaldunan jarritako helburu eta eginkizunak oraindik eginkizun besterik ez zirela ikusirik, lan horiek egin eta Udalbiltzaren izaera demokratikoa bultzatuko zuen udal hautetsi taldea sortu zen...

Beraz, talde hau eratu arte Udalbiltzak ez zuen izaera demokratikorik? ?
Ez zuen araudirik. Orduan, nor da nor erabakitzeko zeinek parte hartu behar duen eta zein kanpoan geratu? Norbait izatekotan Batzar Nagusia. Guk Batzar hori egitea eskatu genuen eta bertan aterako zena errespetatuko genuela ere adierazi genuen. Baina ez zitzaigun kasurik egin. Gu EH, AB eta independenteen Udalbiltza bezala aurkezten bagaituzte ere, horrek ez du esan nahi Donostiako Biltzar Nagusiaren ondoren sortutako Batzorde Eragilea itxia dagoenik. Orain guk barne araudi proposamen bat egin dugu, Euskal Herriko udal eta udal talde guztietara bidali dugu proposamena eta orain proposamenak eta zuzenketak jasotzen ari gara. Dena den, hurrengo Batzar Nagusira arte ez da ezer onartuko.

Udalbiltza bakarra dagoela diozu baina bi zuzendaritza ditu. ?
Bai, hala da, eta ni guk egiten dugunaz aritu naiteke. Borroka armatuak irauten zuen bitartean Udalbiltzak ezin zuela funtzionatu argudiatzen zuten EAJk eta EAk, eta hainbat hautetsi ez ginen ados horrekin. Ekuazio bera udaletxe, diputazioetara edo Eusko Jaurlaritzara eramanez gero zer gertatzen da, hauek ere ezin dutela funtzionatu? Batzar orokorra sortu aurretik Udalbiltzaren aldeko hautetsiek behin baino gehiagotan saiatu ginen Zuzendaritza Batzordearekin komunikazio kanalak irekitzen eta behin ere ez genuen erantzunik jaso; alderantziz, ematen ziren mugimenduek bazterketa bilatzen zuten, eta horregatik erabaki genuen aurrera egitea. Bagara nor -heren bat- eta horregatik deitu zen Kursaaleko batzarra.

Udalbiltza bakarra baina bi zuzendaritza badaude eta bakoitzak bere bidea badarama, hori bi Udalbiltza dira. Hala ikusten da. ?
Hala ikusten da bai, tamalgarria da eta denborak kontu horiek argituko dituelakoan gaude. Kursaalean bildu ginenok Euskaldunan finkatu zenarekin ari gara, ezer kendu edo jarri barik.

Baina konsziente izango zarete Udalbiltza hau ez dela hasierakoa.
Zati bat da, eta bestea beste zati bat.
Udalbiltzak alderdien interesetatik kanpo egon behar duela diozu, baina horretan ilusioa jarri zuenak alderdien estrategien erabat menpe daudela perzibitzen du. Euskal Herrian ez da horren samurra alderdiek markatutako politikaren harietatik ihes egitea. ?
Alkate independente bezala, hori dugun kalte eta oztopo handi moduan ikusten dut.

Hor zaudete alkate independente batzuk eta ABkoak, baina EHren Udalbiltza gisa perzibitzen da zuek gidatzen duzuena. ?
Baina ez da egia. Kopuruz gutxi gara ABkoak eta independenteak, baina egon hor gaude. Udalbiltzak orain bizi du bere unerik korapilotsuena eta guretzat ere zaila da. Apurka, eta epe luzera begira, erakutsi beharko dugu Udalbiltza tresna baliagarria dela. Alderdien arteko liskarrak, hauteskunde lehiak eta unean uneko egoeren gainetik egon behar du Udalbiltza moduko erakundeak.

Zuen ustez zein gutxieneko beharko litzateke hor barruan elkarlanean aritzeko? ?
Galdera hori erabaki baztertzaileak hartu dituztenei egitea nahiko nuke. Guk etengabe Batzar Nagusia deitzea eskatu genuen eta ez zitzaigun kasurik egin; azkenean guk deitu genuen batzarra, guztiei irekia, eta ia mila hautetsik eman zion atxikimendua, nahiz eta EA eta EAJren presioengatik gero guztiak ez ziren joan. Agente politiko batzuek benetan hausnartu beharko dute Udalbiltzaren zereginaz: benetan nazio eraikuntzarako motore instituzionala da, ala ez dute hainbestean garatu nahi. Beren lehentasunen artean badago ala ez dago? Gure lehentasunen artean badago eta elkarlana norabide horretan bideratuko dugu.

EAJk eta EAk, oker ez banago, nazio eraikuntzarako tresna gisa ikusten dute Udalbiltza, baina behin ere ez dute esan lehentasuna duenik. Esan nahi du horrek hasieran ez zela bere izaera ondo adostu? ?
Euskaldunan onartu ziren oinarriak oso anbiziosoak ziren eta nazio eraikuntzan eragiteko instituzioa zela esan zen. Euskal Herria nazio agertaraziko zuen erakundea, baita nazioartean ere, herrialdeen arteko kohesioa bultzatuko zuen... egundoko lana jarri zion bere buruari. Zer gertatzen da, su-etena amaitu eta behera datorrela? Nazio eraikuntzak hori baino sendoago izan behar du. Gure apustua zabaltasunez jokatzea da eta elkarlanaren unea iritsiko dela uste dugu.

Zer da nazio eraikuntza? ?
Liburuetan oraindik jartzen duenez, Euskal Herria herri edo nazio gisa agertzen da oraingoz. Edozein modutan, eremu guztietan zatitua dagoen herria da. Nazioa izateko osagai guztiak ditugu, historikoak, kulturalak, hizkuntzazkoak, eskubidezkoak... baina tresna praktikoak falta ditugu. Beraz, nazioa praktikan eta eguneroko bizitzan izan ahal izateko alor guztietan tresnak eskuratzea da eraikuntza nazionala.

Kursaaleko biltzarrean alor desberdinetako hamaika batzorde jarri zenituzten martxan. Oso gainetik bada ere kontaidazu zertan ari diren. ?
Identitate Batzordea, adibidez, Nazio Aitormenaren Agiriarekin ari da buru belarri. Bestetik, Zuberoan 2010 proiektua lantzen ari dira bertakoak, eta Udalbiltzaren zeregina izango da beste erakunde batzuek finantzatzen ez dituzten atalak finantzatzen laguntzea.
Kontseiluarekin ere joan den ostiralean hitzarmen bat sinatu genuen hizkuntz eskubideen behatoki bat martxan jartzeko. Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna bultzatuko duen foroa ere lantzen ari da euskara batzordea. Zirriborroa nahiko aurreratua dago jadanik.
Komunikabideen eremuan, Topaguneak badu herri komunikabideen sarea indartzeko proiektu bat eta beraiekin harremanetan jarri gara, mapa bat osatu eta herri komunikabiderik ez dagoen edo ahul dauden eremuak detektatu eta lagundu nahi dira. Euskal Herriari buruzko web orri bat ere egin nahi dugu, besteak beste.
Lurralde antolaketaren taldean, estatitistika mailako Euskal Herriko era guztietako datu bilketa egiten ari dira, orain arteko gehiena zatitua dago eta. Hori izatea funtsezkoa da beste lan batzuei ekiteko.
Sozio-ekonomian egutegi sozio-laborala prestatzen ari dira sindikatuekin-eta, nahiz eta oraindik hotz samar dagoen. Horrez gain, barne turismoa sustatzeko zereginetan ari dira. Irakaskuntzan euskal kurrikuluarekin ari dira eta Iparraldeko Oztibarreko ikastola ere lagungu nahi da. Nazioartean oraintxe doaz Ipar Amerikako euskal etxeen kongresura eta, oro har, diaspora eta euskal etxeen kontuekin ari dira. Euskal Herrian datorren urteko amaiera aldera egingo den estatu gabeko nazioen kongresuaren prestatze lanetan ere ari dira. Kultura batzordean, kultur teknikarien arteko topaketa bat antolatzen ari dira.

Eta finantzazioa? ?
Hor da kontua. Proiektu hauetako askok ez dute diru inbertsio itzelen beharrik, beste batzuek bai. Udalbiltzarako diru partidak gordetzen ari dira udal askotan, guk aurrekontuen %1 izatea proposatzen dugu; gero bakoitzak ahal duena egingo du.

Eta zein Udalbiltzarako gordetzen da dirua? ?
Gu ez goaz inoren lana oztopatzera. Udalbiltzarako dirua bat egin dezaketen proiektuentzat da, horregatik proposatu genuen izenburu zabala.

Hori galdetzen dut pentsatzen dudalako EAJk eta EAk kontrolatutako udaletxe batek, adibidez, ez duela finantzatuko Batzorde Eragileak bultzatutako proiektu bat. ?
Hori kontraesan bortitza litzateke eta espero dut halakorik ez gertatzea. Proiektu horiek ez dira gureak, guztionak baizik. Kontua ez da nork, zer baizik.

Bai, baina badakigu, herri honetan nork horrek ere garrantzi handia hartzen du. ?
Bai, baina hori apurtzen hasi beharra dago. Horregatik ematen diogu garrantzi handia Udalbiltzaren hasieratik martxan jarritako proiektuekin jarraitzeari eta horiek laguntzen ari diren eragileekiko elkarlanari

KAZETARITZATIK ALKATETZARA
Leioako Campusean egin zituen kazetaritza ikasketak eta Orain SAk argitaratu zuen "Hemen" astekarian jardun zuen. 89an Egin Irratian ekin zion eta bertan aritu zen esatari gisa laupabost urtetan. Haren itxiera arte jarraitu zuen kolaboratzaile gisa. Kazetaritzatik aldendua dago gaur egun, baina ez komunikabideetatik, besteak beste, Kursaalean eratutako lan batzordeetako komunikazio batzordeko koordinatzailea da eta.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude