ETXE ZAHARKITUAK BIZILAGUN BERRITZAILEENTZAT

  • Guggenheim museoaren itzala luzea da, benetan. Gasteiz eta Iruñeraino behintzat iritsi da eta bi hiriburuotan arte garaikide gune bana zabalduko da etorkizunean. Guggenheim efektuaz baino gehiago, Guggenheim sindromeaz hitz egin beharko dugu; badirudi hiri batentzat hil ala bizikoa bihurtu dela arte garaikideko gune bat izatea. Hemendik lauzpabost urtera Bilboko Guggenheimetik Gasteizko Artiumera salto egin eta hemendik Nafarroako Arte Garaikideko Zentrora joan ahal izango dugu. Donostiako Tabacalerako eraikin zaharrean ere tankerako gune bat egitea erabakitzen badute, ibilbide artistikoak etapa bat gehiago izango du. Edozeinek pentsa dezake arte garaikidea osasuntsu dagoela gurean eta hainbeste proiekturekin Euskal Herria punta-puntan jarriko dela alor honetan. Baina titanioaren distiratik haratago begiratuta, modernotasun nahiaren azala altxata, beste mundu bat ageri zaigu. Arte proposamen berriak daude alde batetik, esparru zabalagoak etengabe konkistatzen ari diren joerak, objektu fisikoari indarra kendu eta planteamentuei balio handiagoa ematen dieten sortzaileak. Beste aldean, modernotasunez barnizatutako politika kontserbadoreak, hausnarketarako lekurik ez duten proiektuak, betiko arte objektuak zintzilik jartzeko eraikinak.
Azken hamarkadatako artelanak erakusteko metro koadro kopurua asko ugaldu da azken urteotan Euskal Herrian. Eta oraindik eta gehiago ugalduko da datozenetan. Lastima! Arte garaikidearen osasuna ez baita metro koadrotan neurtzen. Artearen munduan dihardutenek, behintzat ez dute neurgailu gisa erabiltzen.
Datorren urte hasieran Gasteizko Artium arte garaikideko museoa zabalik izango da eta berriki Iruñean Nafarroako Arte Garaikideko Zentroa eraikitzeko hitzarmena sinatu da. Hau guztia Bilboko Guggenheim Museoaren lehen urte arrakastatsuen ondoren. Arte garaikidea gurean garai onak bizitzen ari dela dirudi. Baina agian horixe besterik ez da, irudia. Azkenean proiektu hauek mesedegarriak al dira? Erantzuna helburuen araberakoa da. Horregatik beste galdera bat egin beharko genioke geure buruari. Zertarako dira museo eta zentro hauek? Arte garaikidea zabaltzeko, noski, hiria arte zirkuituetan sartzeko... Baina erantzun ofizialen atzean, beste erantzun batzuk topatu ditu Ismael Manterola EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasleak: "Interes ekonomikoak daude tartean. Guggenheimek ekonomikoki arrakasta izan du eta eredu hori jarraitu nahi dute". Baina ikusteko dago Guggenheimen izenik ez daukan proiektu batek horrelako arrakastarik lortuko ote duen. "Politikariek irudi moderno bat ere eman nahi dute" dio Manterolak, "pipiak janda daude eta barniz geruza moderno batez estali nahi dute. Baina kontserbadoreak dira eta arte garaikidea ez dute sentitzen. Populismo hutsa da. Boom mediatikoa da euren helburua".
Fernando Illana artista eta Gasteizko Trayecto galeriako arduraduna da. Bere aburuz, honen guztiaren atzean arazo estruktural bat dago. Kultura industrialaren kontzeptua zabaldu eta mundu guztiak onartu du eta horregatik proiektuak irizpide ekonomiko, sozial edota politikoen arabera egiten dira, "planteamentu teoriko eta kontzeptualei tokirik utzi gabe". Irudiaz ere mintzatu da Illana: "Orain hiri bakoitzak bere museoa nahi du, alkatea eta parkeak dituen bezalaxe. Azkenean, politikarien eta kultur eragileen lana edozer gauza sortzeko aitzakia bilatzea bihurtu da. Mundu globalizatu honetan bakoitzak bere tokia nahi du. Bonba atomikoak botatzen badituzu zure tokia izango duzu, baina ez dituzunez botako, bada, Artiuma egin beharko duzu".


GUGGENHEIM EREDUA.

Guggenheimek jendea ekarri duela ezin da zalantzan jarri. Puntako erakusketak ere ekarri ditu. Baina horren ondorioz galeria, kritiko edo kolekzionatzaile gehiago al dago? Ezer aportatu al die bertako sortzaileei? Azkenean zein da Guggenheimen ekarpena? Ismael Manterolak garbi du erantzuna: "Turistak". Fernando Illanaren iritziz Guggenheim ereduak kalte egin du: "Eraginkortasunaren eredu paradigmatiko gisa gehiegi publizitatu dute. Baina nik ez dut inondik ikusten artistentzat mesedegarri den proiekturik".
Ia Euskal Herria osoa Guggenheim museoko aretoetatik pasa da. Baina horregatik Euskal Herrian mundu guztiak ba al daki arte garaikideaz? "Bisitaria lehen bezala geratzen da" dio EHUko irakasle Ismael Manterolak, "ez da oinarrizko lanik egiten horrek ez duelako errentagarritasun politikorik".
Orrialde hauen albo banatan azaldu ditugun proiektuak ez dirudi Guggenheimen eredutik eta, beraz, museo klasikoaren eredutik aldenduko direnik. Museoen eskema tradizionalari jarraituz, eraikin bat egin edo moldatu eta obrak ipintzen dituzte ikusgai. "Bilduma osoa edo zati bat erakutsiko den, behin behineko erakusketak bi edo hiru hilabete iraungo duen... hori da eztabaidatzen dutena" dio Fernando Illanak, "baina nik ez nuke horretan ordu erdi baino gehiago pasako. Hori ez baita arazoa. Arazoa kontzeptuetaz ez eztabaidatzea da".
Oraindik goiz da Nafarroako Arte Garaikideko Zentroak erabiliko dituen irizpideak ezagutzeko eta Artiumen kasuan, eredu berririk ez badago ere, oraindik ikusteke dago museoaren kudeaketa taldeak zernolako lana egingo duen.
Zentzu honetan itxaropentsu izateko arrazoiak badira. Hori uste du behintzat Santi Eraso Donostiako Artelekuko zuzendariak. Esparru artistikoaren kudeaketarako Artiumeko fundazioak Daniel Castillejo hautatu du. Castillejo lan garrantzitsua egindakoa da Gasteizko Arte Ederren Museoan zein Amarica Aretoan. Artiumen etorrerarekin desagertuko den aretoa hau, Santi Erasoren esanetan , "azken urteetan Euskal Herriko erreferenterik garrantzitsuena izan da: programazio jarraia izan du, eraginkortasun handia erakutsi du artistekiko harremanetan, modernotasunaren eta garaikidetasunaren arteko oreka mantendu du, formula berriei ateak zabaldu dizkie... Espero dut Artiumek, Dani Castillejoren lanaz, bide horretatik jarraitzea". Baina mamua hor dago: "Endogamikoak bilakatzen gara, geure zilborrari begira gabiltza, eredu bera behin eta berriro errepikatuz. Artiuma ere hor erori daiteke".
Ismael Manterola ere ez da oso baikor ageri eta zalantzan jartzen du proiektu batek zein besteak ezer aportatuko ote dioten arte garaikideari.
Illanaren ustez Artiumeko bilduma oso zabala izanik ere, ez die egungo artearen inguruko problematikei erantzuten, bildumak ez baitu kontzeptu klasikotik ihes egiten. "Bildumak zirkulatzen duten objektu hutsak dira eta hartzailea masa kontsumitzaile bihurtzen da. Kultura kontzeptu horretan garrantzitsua erakusketa da, ez arte lana. Arte lana desagertu egiten da".
Eredu klasikoa eta artearen kontzeptu industriala eta ekonomizista kritikatzen dira. Baina, orduan, zein da eredu baliagarria? Nolakoak izan beharko lukete eredu berriek? Zein kultura kontzeptu jarraitu behar da?


ARTE ZABALDUA.

Arte modernoaren sistema hiru ardatz nagusien gainean eraiki da: egilea, objektua eta estetika bera. Arte sistema horrek 70eko eta 80ko hamarkadak arte bizirautea lortu zuen, baina gero goitik behera erori da, berau sustengatzen zuen egitura eta inguruko baloreak erori diren bezala. Erasoren hitzetan, "Horretan azken sortzaile belaunaldien jarduerak zeresan handia izan du eta baita teknologia berriek ere". Horrek guztiak desmaterializazioa eta desobjektualiazioa ekarri ditu artera. Artistarentzat, ekoizten ari den objektuak gero eta garrantzia gutxiago du, eta gero eta gehiago pentsatzen ari den proiektuaren zentzuak. Orain arteko egitura (galeriek, museoek, zentroek... osatutakoa) ez da nahikoa. "Orain artea beste sare zabalago batean mugitzen da, beste diziplina askorekin konpartitzen duen sarean. Artea zabaldu egin da" dio Artelekuko zuzendariak. Testuinguru horretan, burutuko ditu Artelekuk berritze lanak (ezkerreko orrialdean agertu bezala) eta testuinguru horretan da kritikagarria arte garaikidearen inguruan egiten ari den politika. Finean, eredu berriak artearen bide berriei erantzuteko eskatzen dira.
Baina duela hilabete batzuk Arabako Foru Aldundiak bere bilduma garaikideari obra berri bat erantsi zion. 50 milioi pezeta ordainduta Dalíren mihise bat eskuratu zuen. Hori arte garaikidea al da? Manterolaren aburuz, "modernoa da, baina ez da gaur egun egiten den artea". Museo bat eraikitzea erabakitzen duenak arte garaikidearen kontzeptu hori badu, noski, eredu berrien inolako beharrik ez da.
Fernando Illanarentzat "arte garaikidea beste gauza batzuetara eramaten zaituen tresna da eta, hortaz, edukiak, esanahiak ez daude objektu fisikoan. Arte garaikidea pentsamenduan datza". Horregatik ez dute balio ezagutzen diren ereduek "arte garaikidearen problematikak askoz ere konplexuagoak direlako".


GALERIAK.

Zein toki dute galeriek arte garaikidean? Arte galerien funtzioa berez artisten lanak promozionatu eta saltzea da. Baina sarritan zubi lana ere egin behar izaten dute edo, Fernando Illanak dioen moduan, "kudeaketa publikoak egiten ez duen lana. Kudeaketa publikoak bestelako lana egin izan balu, galeriek kontserbadurismora joko lukete. Saltzea da euren helburua eta artelan fisikoari eutsiko liokete. Baina logikak agintzen duenaren alderantzizkoa gertatu da beti hemen". Erakundeek jarrera atzerakoia agertu izan dute arte joera berrien aurrean eta galeriek bete behar izan dute erakundeek bete ez dutena.
Euskal Herrian arte garaikidearekin lan egiten duten galeriak ez dira oso ugariak, eta Guggenheim bezalako fenomenoek, lehen esan dugu, ez ditu galeria berriak ekarri. Aurreikus daiteke, beraz, ez Artiumek ezta Nafarroako Arte Garaikideko Zentroak ere, ez dutela horrelako fenomenorik ekarriko. Galeria guztiek ez dituzte proposamen arriskutsuak plazaratzen, baina "hemen norbait arriskatu bada, galeriak izan dira" dio Gasteizko galeristak, "azkenean arriskatu behar ez duena arriskatu da".


TABACALERA.

Hemendik urte gutxira, Donostiak ezik, Hegoaldeko beste hiriburu guztiek arte garaikideko zentro eta museoa izango dute. Baina hiri guztiek euren arte garaikide gunea behar dutela dirudien garaietan Donostiako tabacalerako eraikin zaharrean museo bat egingo ote duten esaten da azken aldian. Baina Donostiak arte zentro eraginkorra badu, Arteleku, eta ez dirudi turismoa erakartzeko arazorik duenik gainera. Santi Eraso ez da arte guneak ugaltzearen aldekoak "denak oso antzekoak, kutsu tradizionalekoa badira. Donostian ez nuke horrelako proiektu baten aldeko apusturik egingo". Baina aldarrikatzen dituzten eredu berriak aurrera eramateko aukera izan daiteke Tabacalerakoa. Santi Erasok aukera ugari eskainiko lukeen espazio baten aldeko apustua egiten du: "McDonalds kultura beste kulturekin nahastuta, aukera guztiak eskainiko lituzkeen espazioa". Garrantzi berezia ematen dio aukera guztiak toki berean egoteari, ghettoak sortzeko arriskua baitago. "Bestela sinbolikoki garrantzitsua izatera irits zaitezke, baina erreperkusio publikorik gabe". Kulturune bat izan beharko luke, ez arte gune bat, artea zabaltzen doan neurrian beste hainbat diziplinarekin nahastu baita. Gutxienez, "ez dadila izan koadroak zintzilikatzen dituen egoitza hutsa". Horrelakoak lehen ere baditugu nahikoak.

ARTIUM MUSEOA
Javier Gonzalez de Durana Artium-eko zuzendari izendatu eta lehenago zuzendaritzarako proposatu zuten Maria Martinen inguruko polemika itzalita dago dagoeneko. Kritikak ez dira, ordea, amaitu. Orain proiektuaren indefinizioa leporatzen zaio Arabako Foru Aldundiari.
Bitartean arte garaikideko museo berri hau kudeatuko duen fundazioa osatu da eta eraikinaren lanak aurrera doaz. Aurtengo azaroaren 1erako amaitu nahi dira lanak eta ez dirudi arazo handiegirik izango denik epeetan sartzeko. Museoa bi eraikinetan egongo da banatua eta orotara 13.000 metro koadroko azalera izango du. Horietatik 4.200 metro koadro erakusketarako erabiliko dira (orain arte bilduma garaikidea Arte Ederretako museoan zegoen gordeta eta honen erakusketa ahalmena ez da 1.000 metro koadrora iristen). Aldundiko fondoen erakusketa iraunkorra 1.500 metro koadroko bi aretotan jasoko da eta erakusketarako guneez gain, hitzaldietarako areto bat ere aurreikusten da Jose Luis Caton arkitektoaren proiektuan.
Orotara 3.500 milioi pezetako aurrekontua du Artiumen proiektuak. Azarorako eraikina amaituta egongo bada ere, arduradunen esanetan museoaren ateak publikoari zabaltzea ez dute 2002. urteko otsaila arte aurreikusten.
Epe laburra da edonola ere eta arte garaikidearen munduan jarduten duen hainbat pertsona eta erakunde kezkati mintzatu da. Eraikina ez da kezka arrazoi nagusia, hirigunean kokatuta egoteak etorkizunean bere balizko anpliazioa muga badezake ere. Museoaren edukia eta berau erabiltzeko irizpideen inguruko kezkak zabaldu dira. Egun arteak hartu dituen norabide berriak kontuan hartu behar baditu, museoaren proiektua bideratzeko hausnarketa beharko litzateke adituen esanetan. Artiumeko arduradunek irizpideen inguruan informazio gehiegi zabaldu ez badute ere, proiektuak museoaren eskema klasikoa jarraituko duela dirudi. Eta artearen forma eta euskarri berriek bestelakorik eska-tzen dute.
Eraikuntza berria estreinatzeke badago ere, datozen hilabeteotan ez bada betiko irizpideetatik at lan egingo duen gune berritzailea sortzeko biderik ipintzen, Artiumak ez die arte garaikidearen problematika eta beharrei erantzungo. Gunea zaharkitua geratuko da ate eraiki berriak zabaldu baino lehen ere.

IRUÑEKO ARTE GARAIKIDEKO ZENTROA
Iragan martxoaren 16an Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Beaumont Fundazioak sinatutako akordioaren arabera, lau urte barru Iruñeko Arte Garaikideko zentroak ateak zabalduko ditu. Hiru aldeetako bakoitzak proiektuari egingo dion ekarpena ondorengoa izango da: Beaumont Fundazioak arte garaikideko bilduma eskainiko du, zentroaren oinarri gisa, Nafarroako Gobernuak eraikinerako baliabide ekonomikoak jarriko ditu eta Iruñeko Udalak hiriburuko Ziudadela eskainiko du egoitza bertan eraiki dadin. Udalak zein Gobernuak euren arte garaikideko bildumak ere eskainiko dituzte.
Kokapena dagoeneko erabakita badago ere, egoi-tzak ez du oraindik proiekturik. Lehenik, Nafarroako Arte Garaikideko Zentroko Fundazioa osatu beharko da eta ondorengo urratsa Fundazioak proposamenen lehiaketarako deialdia egitea izango da.
Egoitza eraiki bitartean, egun Ziudadelan bertan dauden hainbat areto, Mistoen Aretoa, Labea eta Bolborategia, moldatuko dituzte lehen fase batean. Egunotan, gainera, Nafarroako arte garaikideari buruzko erakusketa dago zabalik Armen Aretoan, Ziudadela girotzen hasteko asmoz-edo.
Gasteizekoak bezala, Iruñeko proiektu honek arte garaikidearen munduan zalantzak sortu ditu. Artiumaren kasuan atzean bilduma bat bazegoen, Iruñean Udalaren zein Gobernuaren bildumak nahiko mugatuak dira. Beaumont familiaren bilduma ez da ezaguna, ez baita inoiz Iruñean erakutsia izan. 60 eta 70eko hamarkadetako obrak dira nagusi, eta azken urteetako joera berrien aldetik ez da oso interesgarria. Gainera, ezin da ahaztu familia batek osatutako bilduma dela eta ez helburu publiko bati erantzuteko sortua.
Zentroak erakusketa iraunkorraz gain, behin behineko erakusketetarako aretoak izango omen ditu, baita hi-tzaldietarako eta ikusentzunekoetarako aretoak, liburutegia eta liburudenda ere. Baina azalpen hauek ez dira oraingoz nahikoa kulturaren inguruan mugitzen direnentzat, eta proiektuaren itzalak ugariak dira. Nafarroan ez dago arte garaikidearen inguruan giro garrantzitsurik. Gainera, lehenago ere Nafarroan bazen arte garaikidearekin lotutako beste proiektu bat: Oteiza Fundazioa. Nafarroako Gobernuak biei aurre egingo al die ekonomikoki? Oteiza Fundazioaren proiektuaren kalterako izan daitekeela diote batzuek. Eta Oteiza Fundazioan Ikastolen Elkartea parte hartzekoa zela jakinik, gaizki pentsatzeko aukera ere eman dio bati baino gehiagori.
Horrelako zentro baten beharra ikusten dute batzuek, beste batzuek zalantzan jartzen dute. Baina behin aurrera egiteko erabakia hartuta, guztiek garaikidetasunarekin konprometitu dadin eskatzen dute, ekintza zentro bat izan dadila eta ez duela hamarkada batzuetako koadroak zintzilik jartzeko egoitza hutsa.

ARTELEKU: GUNE EREDUGARRIA ALDAKETA GARAIAN
Duela 14 urte sortu zenetik Donostiako Arteleku arte zentro eredugarria izan da Euskal Herrian zein gure mugetatik kanpo. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean jaiotako gune honek artisten formazio eta promoziorako lan handia egin du, zubi lana. Unibertsitatetik arte mundura eman beharreko jauzia egin du hainbat artistak Loiola auzoko eraikin industrialean.
Baina arte mundua etengabe aldatzen ari da eta arte lanak, objektu fisiko gisa, gero eta garrantzia txikiagoa du. Euskarri eta kontzeptu berriak ugaldu ahala, artea desmaterializatzen ari den heinean, Artelekuko baliabideak zaharkituak geratzen joan dira. Bertatik osteratxo bat egitea besterik ez dago hau ikusteko. Ordenagailuen gela beteta dago, liburutegia (arte garaikidearen inguruko 16.000 ale dituena) txikia geratu zaie eta bitartean tailer erraldoi mordoa hutsik dago eta erabiltzen direnetan artistak bere mahaian dihardu lanean, espazio handiegi horretako txoko batean. Burdina eta egurra lantzeko gunean aktibitate gutxi dago eta goiko terrazan mihise erraldoiak erabiltzen zireneko arrastoak besterik ez dira geratzen. Atzeko patiora irten eta eskuinean harrizko bloke handiak daude abandonatuta; ezkerrean, burdinazko hondakin mordoa.
Azken bizpahiru urtetan arte munduaren marko aldakorraren inguruko hausnarketan jardun eta gero, proiektu berri bat eztabaidatu eta eraikinaren berritze lanei ekingo zaie egunotan. Lanak datorren udaberrian amaituko dituztela aurreikusten da.
Egun Artelekun dauden tailerrak ez dira erabat desagertuko. Egur eta burdin tailerra atzeko patioan eraikiko den pabilioi batean kokatuko dira eta serigrafia nahiz litografia tailerrak kokatzeko gehigarri bana eraikiko zaio egoitzari. Lehen solairuan tailerrek betetzen zuten tokia teknologia berriei eskainiko zaie hemendik aurrera eta liburutegiak gaur baino hiru aldiz toki gehiago hartuko du hemendik urte betera. Egungo erakusketa areto klasikoa handitu egingo dute eta, erakusketez gain, edozein ekintzetarako izango da erabilgarria. Gainera, jangelak eta sarrerak toki zabalagoa hartuko dute.
Funtzioez gain, eraikinak berak itxuraldaketa bat jasango du eta berritze horretan atzeko fatxadak garrantzia berezia izango du. Zementuzko paretak bota eta beirazko azalera handiak aurreikusi dituzte. Atzealdea indartzeko asmo horrekin gauzen ikuspuntu desberdinen garrantzia azpimarratu nahi dute Artelekuko arduradunek.
Jarduera artistikoa berbideratzeaz gain, Artelekuren ekintza esparrua zabaldu nahi dute. Zabaltze prozesu horretan, dagoeneko hainbat ekimen ari da burutzen elkarlean: Consonnirekin, A+T-rekin, DAErekin... Arteaz gain beste diziplina batzuk ere tokia izan dezaten nahi dute. Espetxea, kuartela eta komentuaren artean kokatuta, dibertsitatea bultzatu eta aukera bermatuko duen espazioa bilatuko du Artelekuk.

EGUNGO ARTEA ERAKUTSI ETA PROMOZIONATZEKO GUNEAK EUSKAL HERRIAN
Guggenheim, Artium eta tankerako proiektuen oihartzun mediatiko erraldoiaren itzalean Euskal Herrian bada arte garaikidearekin lan egiten duen hainbat gune. Ia gehienak hiriburuetan daude kokatuak, bertan baitaude arte garaikidearen erosle eta ikusle nagusiak.

Araba. Arte garaikideko galeria bakarra, baina interesgarria, dago Gasteizen: Trayecto Galeria. Kontserbadurismotik ihesi, proposamen arrisku-tsuak jaso ohi ditu. Erakusketa aretoei dagokienez, interesgarria izan da halaber Amarica Aretoaren ibilbidea. Tamalez, Artiuma dela eta bere ateak itxiko ditu aurki.

Bizkaia. Galeriak ugariagoak dira Bilbon: Windsor, Vanguardia, Lumbreras... azken hau gehien saltzen duena da, baina bere jarduera nahiko kontserbadorea da. La Brochak, adibidez, bertako artistei eta gazteen lanei beste batzuk ematen ez dieten garrantzia ematen die. Berriki zabaldu den Bilkin galeriak ere bide berritzaileari ekin dio. Aretoen artean Rekalde izan da urteetan arte garaikideko proposamen interesgarriak plazaratu dituena, baina honek ere aurki itxi ditzake bere ateak. Bilbo Arte zentroa ere badu Bizkaiko hiriburuak. Artelekuren eredua jarraituz sortua, erakusketa areto bat badu eta hainbat ekintza burutzen ditu, baina ez du lortu Donostiako zentroaren emaitzarik. Eraikuntzak berak asko mugatzen du bere jarduera.

Gipuzkoa. Altxerri, 16 eta DV dira Donostiako galeria nagusiak. Azken hone, adibidez, balio ziurretara jo ohi du, baina azken aldian gazteen proposamenekin ere ari da lanean. Erakusketei dagokienez, Koldo Mitxelenak eta San Telmo Museoak berak arte garaikideari toki egiten diote. Kursaal berriak ere badu erakusketa areto zabala, Kutxak kudeatua, eta oraindik ikusteko dago zein bide hartuko duen. Arteleku zentro eredugarria ere Donostian dago, berritze obrak noiz egingo zain. Azkenik, DAE (Donostiako Arte Ekindidea) ere aipatu behar da; azken aldian erakusketak antolatzeari uko egin dio DAEk egungo artean erakusketa ez baita erreferente bakarra.

Nafarroa. Lehenago ere aipatu dugunez, Nafarroak ez du tradizio berezirik arte garaikidearen munduan. Moises Perez Albenizek zuzentzen duen izen bereako galeria berria da Iruñeko promozio gune bakarra. Arte Garaikideko Zentroa bideratu baino lehen Oteiza Fundazioaren proiektua zen lurralde honetan arte garaikideak zuen ekimen arrantzitsuena. Zentro berriak aurrekontuetan Oteiza Fundazioa bigarren maila batera zokoratuko duela pentsatzekoa da. Eta ekintza interesgarriak aurreikusten baziren ere, Fundazioa Oteizaren lanen museo hutsa bilakatuko ote den beldur dira oriotarraren zaletuak.

Iparraldea. Ikuskizun tristea eskaintzen du arte garaikideak Iparraldean. Arte kontuetan Iparraldea Hegoaldea baino kontserbadoreagoa da oraindik. Frantzian museo garaikide onak badira, Bordelekoa kasu, baina testu inguru horretan Iparraldea zokoratua dago. Logikak aginduko luke arte garaikidea kostalde jendetsuagoan biltzea. Eta bertan badaude museo interesgarriak Baionako Bonnat Museoa kasu. Baina arte garaikidea albo batera utzia dago hemen, Miarritzeko Grand Palais-en bezala. Getariko museak garai batean gauza interesgarriak egin zituen aspaldi honetan isil samar dago. Barrualdean, Nafarra Behereko Izuran ekimen interesgarriren bat egiten da eta Mauleko Uztaro elkarteak eta Ederlan erakustokiaren ahalegina ere aipagarria da l
ETA EUSKAL ARTISTAK ZER?
Guggenheimekin gertatu bezala, Gasteiz eta Iruñeko proiektuetaz hitz egitean beti zalantza bat sortu ohi da. Euskal artistek toki berezirik izango al dute? Bertako lanak positiboki diskriminatu behar al dira?
Javier Gonzalez de Durana Artium Museoko zuzendariak honela erantzun zion galderari "Euskaldunon Egunkarian": "Nik ez dut nahi euskal artisten gela bat soilik euskaldunak direlako. Euskal artistei egin diezaiekegun mesederik handiena atzerriko eta Espainiako artistak bezala tratatzea da". Fernando Illana artista eta galerista Duranarekin ados dago, baina horrek tranpa bat duela dio: "Euskaldunentzat ez litzateke ezer berezia egin behar. Baina iparramerikarrentzat ere ez". Ismael Manterola EHUko irakaslearen ustez "museo batek bertako ekintzen suspertzaile bezala jokatu beharko luke" eta "New Yorken lan egiten duen artista bat eta Bilbon aritzen dena maila berean egon daitezke". Illanak adibide bat ipini digu: "Schnabel artista ona al da? Ez. Nik artista asko ezagutzen ditut hemen homologarriak direnak eta, noski, Julian Schnabel baino askoz hobeak". Konplejo kontua dela dio eta bertako enpresak edo zinema bultzatzen diren bezala, bertako artistak ere bultzatu beharko liratekeela. Atzerritarrei adinako tokia emango baliete bederen...


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude