"LUR BAT HARATAGO KAUSITZEN BAITA ASKATASUNA"

  • "Lur bat haratago" Joan Mari Irigoienen azken nobela da. Liburuaren orri kopurua zein edukina dela-eta berriketa zenbait ekarri du euskal literaturaren munduan. Elkarlanean etxeak plazaratua, ezbairik gabe, literatur adituen kritika merezi du literatur obra honek.

2001eko apirilaren 01ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Joan Mari Irigoien altzarraren "Lur bat haratago" izan zen iazko Durangoko Azoka gehien inarrosi zuen nobela. 652 orriko liburu honek hainbat esamesa eragin zuen literaturazaleen artean. Eguberri garaian plazaratu zelarik, egileak honela ihardetsi zuen urte berri honetarako desio batez galdetu ziotenean:

"Nire eleberriaren zain zeudenei berau irakurtzeko pazientzia izan dezaten desiratzen diet urte berrian".
"Lur bat haratago"ri buruz denetarikoak entzun dira. Batzuek halako nobela idaztea denboraz kanpo dagoela diote, bestetzuek atenporala dela. Hots, datozen mendeetan ere berdin irakurriko dela. Baikortasunez zein mesfidantzaz begiratu zaio nobelari. Zenbatek irakurriko ote du oso-osorik?, galdetu du, halaber, baten batek. Euskal idazleen artean ea nobela potoloena nork idazten duen nolabaiteko norgehiagoka dagoela, esan duenik ere bada.


LITERATURA GAUZA SERIOA.

Esamesa horretatik beretik abian gara egilearekin:

"Nik ez dut halakorik sumatu; baditut lagun idazleak eta gure artean ez da inolako norgehiagokarik. Literatura hori baino askozaz serioagoa da. Liburu bakoitzak eskatzen du garapen bat eta koordenatu batzuetan mugitzea. Liburu honek honelako koordenatuetan mugitzea eskatzen zidan, Axularren prosa profitatu nahi nuen bai gauzarik xumeena bai gauzarik korapilatsuena esateko".
Joan Mari Irigoienen literaturaren bidean gibelera egin dugu une batez, "Oilarraren promesa" lehen nobelaren garaira itzuli, eta oilar haren promesak nobela honekin loturarik ote duen jakin aldera.

"Ez zait iruditzen lotura dagoenik. Ordea, esan dezaket argi eta garbi, euskara ikasteko eta euskararen sakontzeko xedearekin izkiriatu nuela 'Oilarraren promesa'. Lehenago Irungo Literatura saria irabazia nuen 'Hutsetik esperantzara' izeneko poema liburuarekin. Euskarari buruz behar nuen ezagutza ez nuela ikusirik, idazteari gogor ekitea erabaki nuen".
Handik sortu zen "Oilarraren promesa" eta, ondoren, promesa haren nahikaria betetzeko-edo, Axularren "Gero" irakurri zuen. Erabat liluratuta geratu zen. Orain 25 urte gertatu zen hura. Axular irakurtzean, haren prosak dena adierazteko balio zezakeela ohartu zen Irigoien.

"Gogoratzen naiz, gure arteko elkarrizketan, Axularri honelatsu esan niola: 'Egunen batean itzuliko naiz zuregana'. Hogeita bost urte pasa eta gero gertatu da itzultzea. Axularren prosak gauzarik sinpleena nola konplexuena eskaintzen zizkidala ikusita, bada, arnas luzeko nobela idaztea pentsatu nuen".
Irigoienen esanetan, euskarak hamaika leiho eskaintzen ditu eta leiho horietatik bat Axularrena da. Axularrengan arnas luzeko esaldia kausitu zuen. Alegia, bazegoela hasieratik bukaeraraino orri bat betez esaldi bat idaztea, bere gorputz-zatiekin eta junturekin. Baita behin irakurri ondoren ongi ulertu ere. Hots, euskarak edozein gauza adierazteko aukera guztiak zituela ohartzeak liluratu zuen idazle hasiberri hura eta "Lur bat haratago"ren egungo idazle zaildua.

"Euskarazko arnas luzeko esaldi horiek trenarekin konparatzen ditut: honek lokomotora eta bagoiak ditu. Axularrek oso ondo lotzen zituen horiek, junturak bere lekuan jarriz: horregatik, behin irakurri ondoren beherala ulertzen zaio. Ordea, batzuetan guk horrelako prosa bat eraiki nahi izaten dugunean, bagoi bat lekutik kanpo jartzen dugu askotan eta trena trenbidetik kanpo joaten zaigu: deskarrilatzen zaigu, alegia. Eta ondorio gisa, ez dugula ezer ulertzen esaten dugu, eta euskarak ez duela balio esaldi luzeak egiteko. Alabaina, Axularrek esaten zuen bezala ez da euskararena falta baizik eta euskaldunona, erabiltzen ez dakigulako".
Nobela hau Axular birsortzeko saioa izan dela adierazi zuen Irigoienek bere aurkezpen egunean:

"Esapide hori bere neurrian ulertu behar da. Alde batetik bai, baina beste aldetik, absurdua litzateke haren kopia itsu bat egitea, gaurko irakurlea jokoz kanpo geldituko litzatekeelako. Axular oinarri harturik erabili dudala esan nahi nuen, baina irakurlea XX. eta XXI. mendekoa litzakeela kontuan edukirik. Zubiak egiten saiatu naiz. Axularrek erabili zituen eta gaur egun gutxi erabiltzen diren hitzak erabiltzen ditut, euskaldun gehientsuenentzat ezezagunak direnak, baina horien inguruan hitz sinonimoak jartzen ahalegindu naiz, bat gutxienez".


LIBERTATEA DA HOBENA.

25 urte dira Joan Mari Irigoienek Axular irakurri zuela eta beste horrenbeste Begoña emaztearekin bizi dela. Berari eskaini dio liburua eta hartara justizia egin ere, bere hitzetan. Hiru aipuren bitartez zabaltzen da obra literario hau. Lehenak, Bernat Etxeparerenak,

"Libertatea, nola baita gauzetako hobena" dio: "Liburu hau ezer bada libertateari eginiko kantua da, edo horixe nahi nuke bederen. Gero irakurle bakoitzak bere mundutik juzkatzen du lana, azken hitza bere dela".
Libertateari eskainitako kantu bat egin nahi izan du, baina ez da ziur hori lortu izanaz. Nobelaren protagonista -Joanes Etxegoien- bizitzaren aurrean nola halaxe agertu zaigu Joan Mari ere liburuaren aurrean, zalantzatsu liburuari egin dakiokeen abegiari buruz.

"Erlijioneak oro dira eguzki beraren errainu",
dio bigarren aipuak, autoreak biziki maite duen John Donne poetarena:

"Axularrek bere pentsamendu osoa ortodoxiatik planteatzen du. Nik berriz, heterodoxiaren ikuspuntutik bideratu nahi izan dut nire liburua. Axular katoliko hertsia da eta bere moralean argi ageri da. John Donneren esaldiak dioenez, erlijio guztiak dira errainu beraren islada. Protagonistak berak umetan baditu bere zalantzak. Bere osaba bat (Joanikot) protestantea da, eta giro katolikoan bizi izan arren halako haustura bizi du. Joanesek orduan ez daki zer den: katolikoa edo protestantea. Barne eztabaida izugarria bizi du".
Historia Urbiain herrian garatua dago:

"Urbiain nik irudikatutako herria da. Beti gustatu zait, istorioak osatzeko, pertsonaiak ez ezik, etxeak eta herriak ere asmatzea, ez errealitateari ihes egiteko baizik errealitatea aberasteko, eta askatasun handiagoz jokatzeko. Herri ezagun eta erreal batean finkatuz gero, bere eliza eta kaleen artean, mugatuago eta enkortsetatuago sentitzen naiz, eta horregatik irudikatu nuen edo protagonistak irudikatu zuen Urbiain".
Izan ere, Joanes Etxegoienek berak idazten du istorioa, Nafarroako historia ez ofiziala, ildo horretatik joateak istorioa fizkiozko herri batean kokatzeko aukera ematen du, XVII. mendean. Joanesek, berriz, bere izkribua André Larralderi eskaintzen dio:

"Zuri, jaun André Larralde, giristino ez-katoliko ez-protestant onest horri, ene liburu honen irakurle bakarrari".
Bere irakasle izandako André Larralde bidarraitarrari zuzentzen zaio. Salamancan irakasle izana, berezia, katolikoen eta protestanteen garaian bizitakoa. Eskarmentu handikoa. Katoliko eta protestanteen arteko liskarren ezagulea. Funtsean, Larraldek ez protestante ez katoliko baina giristinotzat du bere burua. Bidarrai herria, dakigunez, bi estatuen arteko mugan dago. Galderak jalgitzen dira hartara:

"Zer da espainola edo frantsesa?".
Historia errealean Azpilkueta teologo ezagunarekin (Doctor Navarrus) gertatu zen bezala, espainolek frantsesa zela baitzioten eta frantsesek alderantziz. André Larralderen antzera, Azpilkuetak ere bere burua nafar soiltzat jotzen zuen.


JAKITATEZ JANTZI.

Joxe Azurmendi filosofoak esana duenez, Irigoienek XVII. mendearen berreskuratze linguistiko eta historikoa egin du, baina egoera horiek gaurko kezketatik sortuak dira.

"Batzuetan nobela historikoez mespretxuz hitz egiten da. Ordea, hau nobela historikoa baino historian kokatuta dagoela esango nuke",
dio autoreak. Bere ustez, Santxo Azkarraren bizitza nobelatu egin zezakeen, historiari fidela izaki, baina, askatasunari kantu bat eskaini nahi izan dio eta askatasunez jokatu. Askatasun bila doana jakitatez jantzi beharra dago.
Joanesek jakintza lantzen du askatasunera bidean eta osaba Joanikot du gogaide:

"Joanikot gizon atipikoa da, zientzilaria. 'Collège de France'n ikasia, Pierre Gassendi filosofoarekin harremanak izan zituena. Filosofo hau, bestalde, errealitatean, Galileoaren jarraitzailea izan zen, eta Galileo ere berreskuratu nahi izan dut istorioan".
Osaba Joanikotek arlo hori islatzen du. Protagonistaren baitan pertsona batek bil dezakeen kasik guztia biltzen da. Une batean ortodoxoa izan zen; gero munduan barrena abiaturik, bizitzaren ezagutza sakona esperimentatzen du.
Mundu berriak, abenturak, sexualitatea. Joanesek epikari eta lirikari leku egiten die bere bizitzan, liburuaren hirugarren aipuak gaztigatzen digunez; aipu hau gaztelaniaz paratua da:

"Porque ese cielo azul que todos vemos ni es cielo ni es azul... ¿Y es menos grande por no ser realidad tanta belleza?",
Bartolomé Leonardo de Argensolarena da. Nobelan, Arnaud Oihenarten moldeko soneto bat ere azaltzen da, lirikotasunaren agerpide. "Lur bat haratago" irakaspen eruditu bat ote den galdetu diogu, autoreari liburuak dakarren

"Oro nahi eta oro gal"
maxima gogora ekarri diogularik:

"Liburuan dagoen informazio ugaria onerako edo txarrerako izan daiteke.
Bere arriskua ere badu horrek. Haatik, Axularren molde hertsian idatzi gabe, kutsu moderno bat eman nahi izan diot, egungo irakurleentzako moduko estiloan, informazio guztia kontakizunaren enborrean ongi txertatzen ahaleginduz".
Joxe Azurmendik naturaltasuna galdu gabeko artifizialtasun apropos eta elegantea asmatu duela dio. Euskal Herrian bizi izan zen modernitatea egungo modernitatearen isla izan daiteke:

"Esaterako, garai hartan inkisizioa izan zen indarrean. Gaurko 'pentsamendu bakarra' orduko inkisizioaren moduko da. Halako traslazioak eginez gero orduko eta gaurko puntu komunak aurkitu ditzakegu".
"Lur bat haratago" libertatearen sinboloa da, baina Irigoienek -edo Joanes Etxegoienek- dioenez askotan ez dugu gure burua ezagutzen eta gure buruaren esklabo bihurtzen gara. Irakurleak jakin behar du lur bat haratago doala, utopiaren bila zabal-zabalik. Eta irakurraldi bidaian jasotzen duen eragina bizi duen egoeraren araberako izanen dela:

"Finean, geure 'humoreen' menpe bizi baikara eta horren menpe baitago ere gure libertatea azken finean. Atzo lur bat haratago sentitzen ginen eta gaur lur bat honatago. Askatasuna, hots, utopia, kausitu nahi dugun lur hori 'Lur bat haratago' kausitzen da beti ere
Juan Kruz Igerabide, idazlea
Juan Kruz Igerabide, idazlea
Beti ere nobela historiko bat urrun samar gertatzen zaigu gaurko irakurleoi, definizioz; badirudi gaurko kezka eta interesetatik urrun gera litekeela honelako liburu bat. Gainera, idazleak erabili duen prosa zaharkituak are gehiago urruntzen du liburua gure errealitatetik. Hala ere, irakurtzen ari nintzela, hemen, oso hemen sentitzen nituen narratzailearen hitzak, eta oso hemen sentitzen nuen ustez liburu hori irakurtzen ari zen barne-irakurlea. Han izanik, hona nintzen.
Gure tragedia historikoaren harietako bat tenkatu du egileak, eta, arrabitaren sokari bezala, makilatxoaz (lumaz, alegia) negarra eta antsia atera dio, erritmo etengabean. Irakurtzen ari nintzela, Otto Pette zetorkidan gogora, gure egoera historiko absurdu bezain krudelaren metafora "unibertsal" eta global hura, honako honetan hari luze amaigabe bihurtua. Han biribil eta osotasun zena, hari da hemen, hari amaigabea, ez metafora, erreferentea bera baizik; haritik tiraka eta tiraka inoiz amaitu gabe jarrai genezake, eta liburuak beste seiehun orrialde izan ditzake, eta, hala ere, amaierarik ez. Agian gizakiaren absurduak ez du amaierarik; hor goaz Ariadnaren hariari tira eta tira, Minotaurorik aurkitu gabe, aurrera, beti aurrera, oraintxe hari horren zertarakoa ere absurdu iruditzen zaigula, ezen bai baitakigu ez garela inoiz itzuliko.
Lur bat haratago izanik, hona naiz; eta are harago naiz, aldi berean. Liburuaren historian sartu ahala, denboran atzerago ikusten ditugu etengabe erroak: zaharrak dira lur honetako minbiziaren sustraiak; era berean, kontakizuna irakurri ahala, hariak gaurko egoerara seinalatzen digu bidea, etengabe. Ikuspuntua ez da nostalgikoa, ez utopikoa; inbentario bat da, azken buruan; sentipenek, sentsazioek, balioespenek, epaiek, iritziek eta subjektibotasunaren eta objektibotasunaren arteko jokoak gidatzen badu ere narrazioa, finean jarrera eta jokabide batzuen inbentarioa da; zenbait aieru sinboliko ukaezinak izanik ere, nik uste inbentarioak duela indarra liburuan. Historia den epailearen aurrean berebiziko txostena aurkezten du egileak, eta joan egiten da, epaiketan parte hartu gabe.
Badakit hitz hauek itsas bazterrean botatako harri koxkorrak besterik ez direla; lehen inpresio batzuk ematera mugatu naiz. Idazkerak txundituta utzi nau; neurgailuz egina ematen du, ezin ukatuko dotorezia axularzaleaz; baina ez da idazkera soilik; narrazioa bera dago neurgailuz eraikia, hala material historiko nola jakintzazkoa, hala denbora narratiboa nola ekintzen bilakaera, zehaztasun harrigarriz emanez.
Hasi besterik ez naiz egin, baina ni ez nago ohitua liburuen kritika egiten, eta ez dut ohitu nahi.
Honenbestez, isil bedi ahoa, mintza bitez belarriak.


Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude