EREMU MISTORIK GABEKO NAFARREN HASERREA

  • Baina lehenago, Nafarroako euskalgintzako alor ezberdinetan dihardutenengana jo nahi izan dugu haien iritzia biltzeko, haien kezka eta haserrea jasotzeko, eta etorkizunari begira hartu beharreko bidearen zailtasunak jorratzeko.
Eremu mistoan gaude (beharbada zuzenagoa litzateke eremu mistoa "zenaz" hitz egitea). Iruñera iristen ari gara eta bide seinaleen aurrean autoa mantsotzen dugu, "Iruña Iparraldea" edo "Landabengo industrialdea" bezalakoak irakurtzeko azken aukera ote den geure buruari galdetuz. Nafarroako Gobernuak Euskararen Foru Dekretu berria indarrean jartzea erabaki zuenetik beste hainbat galdera ere dabilkigu buruan eta erantzunak biltzeko asmoz Burlatara jo dugu lehenik.
Bertako euskara teknikari Isidro Rikartek garbi du UPNk euskara Nafarroan itotzea bilatzen duela. Bere ustez, dekretu berriak "praktikan eremu mistoa desagerrarazten du, eta eremu euskalduna misto bihurtzen. Hizkuntza gutxitu batek hedapen geografikoa behar du eta hori murriztu dute. Funtzio batzuk ere bereganatzen ditu eta, hain zuzen, funtzioetan eredu paradigamtikoena dena, administrazioaren zerbitzua murriztu dute".
Iruñeko Karrikiri elkartekoek ere murrizketak dituzte hizpide: "Euskara esparru pribatura mugatu nahi dute, prestigio soziala kenduz eta esparru publikotik desagerraraziz. Badakite euskara bezalako hizkuntza batek eremu pribatuan iraun dezakeela, baina ez betirako".
Dekretuak administrazioan eragiten du zuzenki: errotuloak aldatzen ari dira dagoeneko, euskara ez da administrazioko postuetan meritu gisa hartuko... Absurdoaren mugak gainditu dituztela garbi uzten du Karrikirikoek emandako adibideak: "Orain ari diren langile euskaldunek, teorian, departamenduko kontseilariaren baimena beharko dute hiritarrekin euskaraz aritzeko".


UPN-REN KOHERENTZIA.

UPNko Gobernuaren erasoak bazterrak berotu baditu ere, Iruñerrian giro hotza da gaur. Iruñeko Irrintzi dorreko hamairugarren solairuan dagoen Euskalerria irratiko antena parera iristean ederki nabaritu dugu. Otsailaren 24a da, Oinarriak-ek deituriko manifestazioaren bezpera, eta Euskalerria irratikoak ekimenarekiko atxikimenduak jasotzen ari dira etengabe. Mikel Bujandak dioenez, "UPNk euskarari bere a priorismo politikotik begiratzen dio, eta euskara beraien proiekturako kontraesan bat da. Horri ekiteko nahiko indar baduela ikusi duenean, bere planteamenduekin koherente izaten saiatu da, ez gehiago eta ez gutxiago. Dekretua horren erakusle bat da. Azkenean, Euskararen Legea eztabaidatu zenean agertutako planteamenduetara itzuli da".
Gauza bera esan digu Jon Alonso idazle eta itzultzaile iruindarrak. Bere ustez UPNren euskararekiko jarrera bi motorrek mugitzen dute: "Bata elektorala; alde batetik botoak galdu ditzakete, baina eskuin muturreko beste batzuk irabazi ere bai. Bestea gorrotoa da".
Batzuk zein besteak bat datoz dekretuak eremu euskaldunari bai, baina bereziki, eremu mistoari kalte egiten diola esatean. Eta bat datoz, halaber, UPNren erasoen jomuga garrantzitsuenetakoa D eredua dela aipatzean. Jon Alonsoren esanetan, "D ereduaren igoera geldiarazi edo jaitsiarazi nahi dute eta horretarako gizarteari ikusarazi nahi diote euskarak ez duela ezertarako balio". Apurka-apurka baina etengabe D ereduak gora egin du Nafarroan. 3 urteko haurren %30etik gora matrikulatzen da euskal ereduan. Iruñerrian %40 inguruan kokatu dezakegu portzentajea, toki batzuetan ederki gainditzen bada ere; Burlatan %50era iritsi da dagoeneko. Isidro Rikarteren ustez, "Gobernua oso kezkatuta dago D ereduko matrikulazio datuekin. Administrazioan hartutako erabakiekin euskaraz ikasteko instrumentu garrantzitsu bat kaltetzen da: motibazio praktikoa". Finean euskarari balioa eta prestigio kenduz, gurasoek pentsa dezakete: "Zertarako bidaliko ditut seme-alabak D eredura, ez badu ezertarako balio, ez badio lan bilatzen lagunduko?". Alor honen inguruan sakontzeko guraso batengana jo dugu.


AURREMATRIKULAZIOAREN ZAIN.

Jose Luis de Miguel Sanduzelai ikastetxe publikoko guraso elkarteko lehendakari, eta Sortzen Gurasoak eta Sortzen-Ikasbatuaz-eko kide da. Gainera Orkoiengo Osasun Etxean jarduten du mediku eta bertara hurbildu gara. Osasunbidean euskararen aurkako neurririk hartuko ote duten ikusteke dago eta, oraingoz, gaztelerazkoaren azpian "Osasun Etxea" dioen errotulazioa ez dute kendu. Jose Luis de Miguelentzat dekretu berria "euskararen kontrako eraso bat gehiago da". Eta iazko azaroan ikastetxeek jasotako Nafarroako Gobernuko zirkular bat aipatu digu. D ereduko ikastetxeetan gaztelera lehen hezkuntzako bigarren zikloarekin batera hasten da ematen. Zirkular horretan, ordea, hiru urtetatik has daitezen eskatzen da. "Ikuspegi pedagogikotik astakeria handia da" guraso honentzat. Erantzuna berehala bidali zioten Gobernuari eta ordutik ez dute gaiaren berri izan. "Ikastetxe handietan guraso elkarteak indartsuak dira eta gaia kontrolatzeko aukera gehiago dute. Baina txikiak horrelako gauzak irentsi egiten dituzte askotan". Zirkularraren ondorioz Lekunberriko ikastetxean 5 urtetatik hasi dira gaztelerarekin eta Betelun 3 urtetatik.
Egun gutxi barru aurtengo aurrematrikulazio kanpainaren emaitzak jakinaraziko dira eta gurasoak zain daude. Batzuk beldurra dutela esan digu Jose Luis de Miguelek, D ereduaren gorantzako joera horren inflexio puntua aurrikusten baitute. Hori saihesteko, lehen aldiz, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-ek kanpaina bat abiatu dute, Euskara Kultur Elkargoa eta Udalbiltzaren laguntzaz. Dena dela "emaitzak ditugunean aurrera egin beharko dugu eta euritea badator aterkia zabaldu beharko dugu".


ZER EGIN?

Beldurtuta, suminduta, kezkatuta, haserre... daudela adierazi digute Nafarroan euskalgintzaren alor desberdinetan jarduten dutenek. "Ni ezkor nago" dio Isidro Rikartek, "ez nuen uste ausartuko zirenik, eta egin dute. Oinarriak-ek 52.000 sinadura bildu eta egun gutxira, gainera". Bere ustez erreakzionatzen ari dira oraindik, irensten. Eta zai daude, noraino iritsiko diren oraindik jakin gabe. Karrikirikoek, aldiz, baikortasunez heldu nahi diote gaiari: "Haserre bizi hori indar positibo eta eraldatzaile bilakatzen saiatu behar dugu, urdaileko ultzera atera ez dakigun". Hala ere, Jon Alonsok arriskua ikusten du: "Zenbat eta neurri astoagoak erantzuna ere gogorragoa izango da, eta ez naiz indarkeriaz ari. Konbibentzia arazo bat sor daiteke. UPNk hori nahi badu, horretara iritsiko gara".
Inork ez du zalantzak jartzen UPN une honetan indartsu dagoela. Eta euskalgintzak bere ahuleziak ditu. Isidro Rikarteren hitzetan, "nazionalismoa ahula den lurralde batean ETAren jarduerak kalte egiten dio giro euskaltzaleari. Euskara oso konfesionala da eta proiektu zehatzekin lotzen da. Euskara desaktibatu egin behar dugu". Mikel Bujanda iritzi berekoa da: "Euskalgintzak indarkeriatik desmarkatu behar du".
Jon Alonsok, aldiz, bestelako iritzia du: "Euskararen inguruan ez da adostasun sozialik lortu. Politizatua dagoela? Hori esatea pertsona batek bi hanka dituela esatea da. Hizkuntzak beti daude politizatuak ezinbestez. Eta azkenean euskara politizatzen gaizki egiten ari garela esaten duena ere baza politiko bat jokatzen ari da. Joera handia dago euskalgintzan geure buruari harriak botatzeko. Baina egoera honetan lortu dugun guztia lortu badugu, horrek esan nahi du ez garela hain tontoak eta hain intoleranteak".
Lehen erreakzioak dagoeneko abian dira, otsailaren 24an 27.000 lagun bildu zituen manifestazioa lekuko. Administrazioko langileak ere ez daude geldirik; esaterako, Hizkuntza Politikarako Departamentura hurbiltzen denak euskarazko errotuluak kendu dituztela ikusiko du, baina baita kartulinaz egindako beste batzuk ordeztu dituztela ere.
Helegite legalak ere aurkeztu dira alor ezberdinetatik. Bujandarentzat tresna guztiak baliogarriak dira, baina "garrantzitsua litzateke helegite desberdinek gutxieneko koherentzia izatea, ez dadin gertatu batzuen eta besteen argumentuak elkar indargabetzea". Isidro Rikartek gai honi ere ezkortasunez begiratzen dio: "Horrelako afera legal batek luze joko du eta kasurik onenean ere, bitartean kalte handia egingo du".
UPNren indarrak eta euskalgintzaren ahuleziak ez du egoerari aurre egiteko zirrikitu handirik uzten. Dena dela, "gure portaerak ez du erreaktiboa izan behar, ez dugu erreakzionatu behar une jakin batean eman diguten makilkadari erantzunez. Koherentziarekin jokatu behar dugu". Mikel Bujandaren hitzak dira hauek eta guztiak erantzunak iraunkorra behar duela diote. UPNko Gobernuaren erasoa gogorra izan da, baina aspalditik datorren politika orokor baten barruan kokatu behar da. Horregatik solaskide izan ditugunek neurri gehiago espero dituzte hemendik aurrera eta hurrengo jomuga gisa hezkuntza aurrikusten dute gehienek. Udaletako euskararen ordenantzekin ere ezin da jakin zer gertatuko den; Dekretuak baino maila gutxiago dute eta Iruñeko Udalak eskatutako txostenek ordenantzak egokitu beharko direla diote. Burlatako euskara teknikariak dionez, "urtetako lan eta ahalegin handiaren ondorioz, ordenantzak egitea lortu dugu; orain hori guztia galtzea oso kezkagarria da". Azkenean, ezaguna da UPNk euskararekiko duen jarrera eta ez dirudi hurrengo hauteskundeetan ere Sanz buru duen alderdiari garaipenak ihes egingo dionik. Epe luzera begiratu eta lanean jarraitzea omen da irtenbide bakarra solaskide izan ditugunen esanetan.
Iruñetik irten eta bide seinaleak bere horretan daudela ikusi ahal izan dugu. Noiz arte?

"ERANTZUNA BATERATU BEHAR DUGU"
Nafarroan azken urteotan batik bat herri ekimenak egindako lanari esker irabazitako legitimitate eta onespen soziala zokoratu eta desagerrarazi nahi dute. Jokabide honen aurrean Nafarroako euskaltzaleok eta gizarte osoak erantzun bateratu bat eman behar dugu eta ahalegin horretan ari da Oinarriak. Azken finean Nafarroako herrialde osoak ofizialtasuna aldarrikatu behar du. Nafarroan legea ez da inoiz euskaltzaleen aldekoa izan eta hala ere gizarteak jakin izan du aurrerapausoak ematen. Baikortasunak izan behar du gure ikurra. Horrek mesede bat ekarriko digu: orain arte euskaltzalegoa atomizatua egon bada, kolpe hauek erantzun bateratu bat ematera behartuko gaituzte, eta Oinarriak bezalako bilgune indartsu batetik erantzunak eman daitezke eta emango dira" .

"EDOZEIN ASTAKERIA EGIN DEZAKETE"
Administrazioko dekretuak aipatzen du ez duela eraginik irakasleen perfiletan. Baina gurea orain ari dira prestatzen. Ikusten genuen bazetorrela eta beldurrez gaude, edozein astakeria egin dezaketelako. Ez dute legitimitaterik egiten ari diren astakeria hauek guztiak egiteko. Irakaskuntzak euskararen berreskurapenean izugarrizko pisua du eta irakaskuntza arloko erakundeok zerbait egin beharko dugu. D eredua defendatu beharko dugu. Gizarteak euskararen aldeko apustua egiten du eta horren lekuko izango da aurtengo aurrematrikulazioan ere datu onak izango ditugula. Datu horiek dira gizartearen nahia adierazten dutenak. Ikusi beharko da zirriborro hori zertan den, gure erantzuna prestatzeko. Zirriborro horretatik ereduen birkokapena etor daiteke, D eredua galarazteko asmoarekin" .

"ESTRATEGIA ALDAKETA BEHAR DA"
Dekretuaren helburuetariko bat D eredua da. Horregatik matrikulazio kanpainan inoiz baino ahalegin handiagoa egiten ari gara. Bestalde, euskal sektore guztiak bezala gogoeta iraunkor batean gaude. Dena den, hemen egitura problema bat dugu. Gobernua harrotua dago eta horrek ez dio ekartzen inolako kostu ekonomiko ez sozialik, euskaltzaleon orain arteko jokabideari esker. Gure haserrea azaldu behar diogu Nafarroako gizarteari, nafar ez abertzaleei, nafar ez euskaldunei, nafar ez euskaltzaleei. Gure mezua horra iristen ez den bitartean honek ez du konponbiderik izanen. Oraingo egoera politikoan, ETAk tiroka jarraitzen duen bitartean oso zaila zaigu gure mezua ailegaraztea. Hala ere saiatu beharko dugu, orain arte landu ez ditugun bideak jorratuz. Horrek sakoneko estrategia aldaketa bat dakar" .

"DEKRETUAK ERABILERAN ERAGITEN DU"
Dekretuak zuzenean ez du eragiten euskalduntze-alfabetatzean, baina argi dago maila honetako neurri batek eragina duela jendearen konfiantzan, euskara erabiltzeko aukeratan... Gure ardatza euskara ikasten ari denak erabili ahal izatea da eta alde horretan bete-betean jotzen du. AEKren apustua Oinarriak-en buru belarri lan egitea da eta gertatutakoak gertatu ikusten dugu ezinbestekoa dela lan bateratu eta ikuspegi orokorrekoa aurrera eramatea. Etorkizuna kezkaz beteta ikusten dut, erasoa ez delako unean-unekoa egiturazkoa baizik eta ez da aldaketarik aurreikusten. Euskararen aldeko elkarteek erantzukizun handia dute etorkizunean. Ezinbestekoa da euskaldunen kontzientziazio finko eta tinko bat lantzea eta jarrera zehatzetan, egunerokoetan, aurrera egitea.

"ZUZENEAN ERASOTZERA PASA DIRA"
Kezkagarria iruditzen zait UPN eta PSNren jarrera. Hizkuntza normalizazioa oztopatzetik zuzenean erasotzera pasa dira. Jarrera hau ez da berria, eta ez da bakarrik Nafarroakoa, hor bada PPk duela zenbait urte prestaturiko euskararen kontrako politikari buruzko dokumentu bat eta eraso hau hor kokatu behar da. Seinalizazioen gaiak badu balio sinbolikoa eta hizkuntzaren prestigioari kalte egiten dio, erabilera bera ere oztopatu egiten du eta euskara ikasteko motibazio instrumentala ere bai. Nafarroan ez dira asko horrek bultzatuta euskara ikasten hasi direnak, baina edonola ere ez digu mesederik egingo. Erantzuteko era desberdinak daude: batetik betiko errezeta, euskara ez dakitenek ikastea eta badakigunok erabiltzea; bestetik beharrezkoa da gure kezkak, haserrea... kaleratzea. Eta epe luzerako erantzun bateratua osatu behar dugu.

"GOBERNUA GEZURRETAN ARI DA"
Administraziotik eta kaleetatik euskara desagertzea nahi du Gobernuak, bereziki eremu mistoan. Marmarikoak berriro lanean hasi gara eta erasoaren kontrako kanpaina gogor bat egin nahi dugu. Gizartea elebidun ikusten dugu eta administrazioa hala nahi dugu, elebidun. Erantzuteko zirrikitu bat legala da. Baina garrantzitsuena gizartean ireki beharrekoa da. Zentzu horretan 24ko manifestazioa izugarria izan zen, baina ez da erantzuna hor amaituko. Gure aldetik, duela hilabete Diputazioko 800 langile bildu ginen asanblada batean. Kartel eta inprimakiak aldatzen hasi dira, baina euskarazko berriak sortu eta ordezkatzen ari gara. Gobernutik ezinda ezer espero eta gezurretan ari dira etengabe. Non dute muga? Ez dakigu. Hala ere, baikorra naiz. 24ko manifestazioak ez diela eragin diote, baina hor ere gezurretan ari dira.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude