GABRIEL ARESTI 25 URTERA: HITZEKO POETA HARRIZKO HERRIAN

  • Gabriel Aresti zendu zeneko 25. urtemuga kari, poeta handi honi buruzko hainbat hitzaldi, artikulu, erakusketa edota Maskaradaren "Kaio luma zikina" antzezlana plazaratu ziren iaz. Urteurrena hizpide hartu eta Angel Zelaietaren laguntza medio burutu dugu erreportaje hau.

2001eko otsailaren 25an
Hogeita bost urte dira Gabriel Aresti (1933-1975) idazle ezinbestekoa hil zela. Zendu ondorenean bere izena eta poesia doi-doi ezagutzen hasi genituenok honelakoak entzuten genituen berari buruz: "Garaian hogeita bost urte aurreratuago bizi izandako gizona izan zen Gabriel Aresti poeta". Gaur egun, "Egun biziko balitz, non egongo litzateke Gabriel Aresti?", galdetu ohi dugu. Ideologikoki, politikoki edota literaturegile gisa, alegia. Erantzunik gabeko galdera da hori. Bego.
Idazle bilbotarra ezagutu aldera Angel Zelaieta mallabiarrarengana jo dugu. 1976an idatzi zuen "Gabriel Aresti" lehen biografia eta 2000.ean berau berritua kaleratu zuen Susaren eskutik.


ARAMIA.

Angel Zelaieta apaiza izan zen. Seminarioan errebelde fama zuen nonbait, eta gotzainak Etxebarriko San Antonio auzora bidali zuen. Etorkinen auzoa izaki, etorkinekin lan egin zuen parrokian eta euren arazoaz dezente idatzi ere. San Antonioko "Aramia" lantegian etorkin askok ziharduen. Aresti ere bertan ari zen kontulari gisa: "Gabrielek 'Zeruko Argia'n idazten zuen eta Arestirekin harremanetan jartzeko zoria izaten nuen etorkinen bidez. 'Gabriel Aresti ikusten baduzue gorantziak emon' eta langileak pozik eman ere".
Urte batzuk lehenago, seminarioko giro espiritualean murgilduta zegoen Angel. Arestiren artikuluren bat atera zain egoten ziren apaizgaiak: "Harri eta Herri'ko poemak taldean irakurtzen genituen; pozik, umoretsu. Zerbait berria ikusten genuen bere poesian, deigarria. 'Zeruko Argia'n kolpe harrigarriren bat botako ote zuen itxaroten genuen, hitz edo ideia bitxiren bat".


GABRIEL ETA JUANITO.

Gabriel eta Angel lehenagotik ezagutzen ziren jada. Gabriel Eibarren ari zen lanean eta Juanito San Martin euskaltzainaren etxera joan ohi zen; Angel Mallabiara joaten zen tarteka. Haietako batean, Gabrielek eta hirurok afari gogoangarria egin zuten San Martinen etxean : "Lehendik ezagutzen nituen biak, baina hura izan nuen bi gizon kulto elkarrekin ezagutzeko lehen parada. Ordura arte ezagutzen nituen gizon kultoak apaizak ziren, eta haiek, gure aurrean, Jainkoaren aurrean bezala berba egiten zuten. Afarietan geunden eta gizon bi hauek, gizon arruntek bezala hitz egiten zuten, elkarrekin diskutitzen zuten eta berba gordinak esan ere, 'la ostia' eta beste. Nik ezin nuen sinetsi, tabernan entzuten nituen berbak, gorbataz jantzita zeuden gizon inportante bik esatea"


TRUMOI BORTITZA.

Egun Gabriel Aresti non izango ote zen ezin jakin. Nor izan zen, ordea? Hona Angel Zelaietaren araberako Aresti: "Gabriel trumoi bortitz bat izan zen, bazter guztiak ikaran eta erne jartzen zituena. Genero literario guztiak (poesia, antzerkia, prosa), bertsogintza edo euskara batuaren auzia astintzen zituena. Ez zen Mitxelena bezalako gizon orekatua edo ordenatua. Alfabetoa zetorrela, bada, Atik Zra salto egiten zuen, eta Ztik Kra. Kulturaren alor askotan eragina izan zuen".


MELI PIKU MELATUA.

Gabriel Aresti 1957an ezkondu zen Meli Estebanekin. Hiru alaba izan zituzten: Guria, Nerea eta Andere Bihotz. Meliren arbasoak leondarrak dira jatorriz. Arestiren poesian lorratz nabaria utzi zuen Melirekiko maitasunak: "Guraso biak jaio jatzuzan / Leongo erreñu zarrean", "Melitxu Basurtuko (...) Espainiako andrea / nire aitaren etxearen habea" edota "Meli piku melatua" hitz eztitsuak lekuko. Gaur egun, Meli Esteban eta Andere Bihotz alaba Gabriel beraren Bilboko jaiotetxean bizi dira. Bere biografoaren berbetan, Gabriel Aresti zenduz gero Arestiren senitartekoak arestitarragoak bihurtu dira. "Zerk erakarri zintuen Gabrielengan?" galdeturik, honelatsu dio Meli alargunak Zelaietaren biografian: "Gustatzeko moduko gizona zen, begi ederrak zituena, gizon garaia, sendoa eta oso atsegina. (...) Izaera gogorra zuen, baina barkamena eskatzen zekien. Oroz gainetik, uste osoko eta zentzu etiko sakona zuen gizona zen Gabriel. Agian, horregatik, batzutan, kementsu eta grinatsua agertzen zen, eta polemikoa ere bai".


BIOGRAFIA BERRIA.

25. urteurrena zela-eta, "Gabriel Arestiren Mundua" Erakusketa eta Jardunaldiak burutu ziren Bilbon. Poetaren obran adituek jardun zuten bertan. Horiei buruzko liburu mardula eta interesgarria dago kalean; Aurelia Arkotxa lapurtarraren hitzaldia tarteko. Angel Zelaietak dioskunez, Aurelia Arkotxak Gabrielen bizitza ganoraz ezagutzeko libururik ez zegoela merkatuan esan zuen, aurreko liburuak agortuak zeudela, eta abar. Horrek animatu zuen Zelaieta edizio berri bat prestatzera berriz ere. Horretan ari zela Karmelo Landak egin lan handiaz jabetu zen. Arestik argitaratu gabeko lan asko landu eta ezagutzera eman du irakasle honek: "Dena berrikusita, konturatu naiz beste Aresti bat ezagutu dudala, lehen ezagutzen ez nuen beste Aresti bat. Areago, bere biografia berrargitaratu ostean esango nuke badagoela ezagutzen ez dugun Aresti bat, eta poztekoa da. Bere obra goitik behera berriro irakurtzen badugu, beste Aresti bat ikus dezakegu poemen eta eskribuen ostean".
Arestiren literatur obra libreago bat aurkitu du Angelek. Biografia berriak haren bizitzari betirako indarra emango diola eta bere obra perspektiba berri batekin irakurriko dela espero du.


GABRIELEN HARITZAK.

Hiru partetan emana da biografia: "Haritz landatua", "Haritz tantaia" eta "Harizti mehaztua". Gabriel Aresti Bilbon hazi eta hezitako "haritza" izan zen. Berroeta-Aldamar kalean goizik erneturiko eta landaturiko gaztea. Etxebitzitza bateko azken solairuan -ganberan edo- bizi izan zen haurtzaro eta gaztaroan. Aita Etxanokoa zuen, ama, berriz, Enkarterrikoa. Hiru semeetako azkena zen Gabriel. Gerra osteko frankismoaren giroan bizi zen familia arrunt bat zen arestitarra. Ez ziren frankista militanteak, baina aitak irabazleen aldeko joera zuen nonbait. Arestitar gazteak, nolanahikoak izanik ere, irakurle porrokatuak omen ziren, argiak; biblioteketan ibili ohi ziren. Juan Mari Arestik ere, bigarren semea, idatzi izan du nobela bat edo beste. Abertzale mundukoak izan ez arren, Gabriel ez zebilen oso urrun abertzaleengandik: "Gabriel, oso ume zela hurbildu zen abertzaleen ingurura. Asko prometatzen zuen gazte bat bezala ikusia zen abertzaleen artean. Haatik, hauek zuhurtziaz begiratzen zioten, jatorriz ez zelako familia abertzale bateko semea".
Hamabi urte inguruan hasi zen euskara ikasten Gabriel. Txinparta talde abertzalearen inguruan zebilen orduan. Geroago, 1959. urtean -EGI erakundeko hainbat militante ETAko bihurtzeko zorian zeudela- atxiloketa ugari izan zen Bizkaian. Gabrielen laguna zen EGIko Gabi del Moral atxilotu zuen poliziak: "Gabrielek baina, oso bizkor ebatzi zuen armen bidea, garbi zeukan hura ez zela bere bidea. Bide hura beldurrarengatik baztertu zuela diote batzuek. Gabrielek baina bere eginkizun literarioa eta poetikoa zuen buruan. 'Bizkaitarrak' deritzon poeman dioenez, berak lurra makinatu eta landu egin nahi zuen. Han amaitu zen EGIkoarekikoa".
"Harri eta Herri"ko poesia soziala landu aurretik "Bizkaitarra" eta "Maldan behera" poesia liburuak idatzi zituen Arestik. Azken honetan, poeta sinbolisten eragina ageri da. "Bizkaitarra"n Gabrielek gaztaroan jeltzale baten alabarekin izandako harremanaren zantzuak ageri bide dira. Biografia bat idazterakoan tentu eta begirunez aritu beharra dago Zelaietaren ustez. Gabrielen familiakoak bizi dira eta arestian aipaturiko emakume bera eta honen familia ere bai. Biografoak nahiago izan du hainbat gauza isildu: "Uste dut emakume hori Gabrielen lehen amodioa izan zela, eta bien harremanak utzi zituztela bere familiak Gabrielekiko zuen aurreiritzia zela-eta. Ez daukat datu objektiborik, nire inpresioa da. 'Bizkaitarra'n aipatzen duen emakumea ez du geroztik zuzenki aipatzen, baina zeharka-edo, baietz uste dut. Esaterako, 'Nire aitaren etxea' poeman aipatzen dituen aberastasunak (Gabrielek ez zuen halakorik, jakina), emakume horrenak izan zitezkeen. Nire interpretazioa da baina".


HARIZTI MEHAZTUA.

Aresti laudatua eta saritua izan zen. Jende kultuek aurreikusi zuten gazte hura errealitatea bilakatu zen. Gero, ordea, jazarria izatera pasa zen. 'Zeruko Argia'n nahiz 'Anaitasuna'n ez zioten publikatu nahi, ez zuen bere liburuentzako argitaletxe interesaturik aurkitzen. Editore lanetan ere aritu zen Gabriel Aresti: "Oso krikikatua izan zen. 'Lan Deia'n bere aurka publikaturikoak lekuko. Susa argitaletxeak eranskin modura eman dituen artikulu horiek paradigmatikoak dira, baina gaurko egoera ere halakoxea da"
aresti UNIBERTSALA OTE? Gabriel Aresti hil osteantxe eratu ziren diktaduraren ondoko euskal instituzioak. Carlos Garaikoetxea lehendakariak Arestiren "Nire aitaren etxea" poema, herri honen ikur eta ezaugarri gisara aurkeztu zuen Katalunian: "EAJko agintariek Aresti bere egin dute, eta ez dute egin herriak eskatua, baizik berek halaxe nahi izan dutelako. Aresti gizon inportantea da agintarientzat. Euskal Herriaren egoera gorabeheratsua izanda ere, Gabriel Aresti aurkeztu liteke denon ordezkari bezala, nik uste"
Nahiz eta zenbaitek Gabriel Aresti Alderdi Komunistaren inguruan kokatu izan zuten, PCEko Gregorio San Juanek Aresti errakzionariotzat jo zuen bere garaian. Honela amaitu du bere jarduna Angel Zelaietak: "Aresti euskaldunon ordezkaria bai, baina ez dela unibertsala diote batzuek. Niretzat, aurkezgarria da munduan euskaldun gisa. Arestiren poesia soziala, urgentziazko poesia dela, amatatu egin dela ere diote batzuek. Nik ezetz diot, hemendik urte askotara ere Gabriel Aresti agergarria izango dela"

ANDERE ARESTI: "GURETZAT URTE GOGORRA ETA POLITA IZAN DA ALDI BEREAN"
Zure aitaren 25. urteurrena dela kari hainbat ekitaldi burutu zen Bilbon iaz. Zer-nolako urtea izan da zure familiarentzat. Nola bizi izan zenituzten Gabriel Aresti poeta eta idazleaz buruturiko ekitaldiak?
Aitaren urteurrena dela-eta, mila gauza egin dira azken aldi honetan. Guretzat urte gogorra eta polita izan da aldi berean. Batetik, bere obra eta ideiak plazaratzeari ondo deritzogu beti. Beraz, jende pilo bati eskertu behar dizkiogu beraien ahaleginak, lana eta ilusioa. Batez ere, instituzioetatik kanpo antolatzen diren ekitaldiak ditugu gustuko, baina guztien esfortzua eskertzen dugu berdin. Bestalde, zaila egiten zaigu. Famatua den pertsona baten familia, familia da, ez famatua bera. Horregatik, batzutan ez dugu gure lekua aurkitzen horrelako ekitaldietan, batez ere protagonismoa guri ematen digutenean. Beste aldetik ere, oso maite duzun pertsona baten bizitza, aurpegia, edo ahotsa behin eta berriro berbizitzea gogorra da.
Dena dela eta, dudarik gabe, egindako ekitaldiak eta argitarapen berriak aurrepauso handia izan dira Arestiren obra eta ideiak zabaltzeko eta nolabait berreskuratzeko. Bereziki, erakusketa mugikorra oso esperientzia interesgarria izan da. Erakusketaren bidez, jende askok "Nire aitaren etxea"ren egilea ezagutu ez ezik, idazle konprometitua, euskara batuaren eraikitzailea, intelektual aurrerakoia, eta pertsona bera ezagutu ahal izan du. Maskarada antzerki taldeak eginiko saioa ere oso baliogarria izan da zentzu berean. Argitalpen berriei dagokienez, oso lan ederra egin da oro har, batez ere kontuan harturik denetarik atera dela, biografia, poesia, antzerkia... Angel Zelaietak, adibidez, izugarrizko lana egin du, eta biografiaren bertsio berria asko gustatu zaigu. Berari esker aitaren senitarteko batzuk ezagutzeko aukera polita izan dugu, Epaltzakoak hain zuzen ere. Instituzioek, Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Bilboko Udalak, ateratako liburua primeran dago, oso kalitate onekoa da, eta oso ondo pentsatua. Gero, hitzaldien edukia oso interesgarria da orokorrean.

Zure aita bezala, euskaldun berria zara. Euskal filologia ikasten ari zara orain. Aitaren obra hobekiago ezagutzeko erronka bat ere izan al da hori?
Euskara ikastea oso inportantea izan da, batez ere aitaren obra ezagutzeko eta bere izaera eta ideologia ulertzeko. Kontuan hartuta orain dela gutxi ikasi dudala, bere idatziak gaztelaniaz irakurtzen nituen, eta itzulita ez dagoena, ez nuen ezta ezagutzen ere. Orain bere obraren irakurketa berri bat egin dut, eta sumatzen ez nituen dimentsio berriak ere aurkitu ditut. Euskal filologiari buruz, denetarik aurkitu dut berau ikasten. Gehiago espero nuen. Euskal filologia ikasteak ez dit balio, zoritxarrez, Arestiren obra hobeto ezagutzeko. Eta arrazoia ez da izan dagoeneko asko nekienik.

Aurelia Arkotxa, Gabriel Arestiren obran aditua
Aurelia Arkotxa, Gabriel Arestiren obran aditua
Arestik gaur, poesia sozialak hainbeste lekurik ez duen garaian, poesiaren arrakastak berak gure artean beherakada handia (eta normala) jasan duen garaian, Arestik, diot, lekurik ba ote du gure baitan?
Egia erran, aditu eta arestizale kondatu batzuengandik kanpo nork irakurtzen ote du gaur Gabriel Aresti? Nehor gutik seguraski. Nehor gutik irakurtzen baitu ere poesia. Bizkitartean, haren salatze, oldar eta probokazioek badukete zerbait erranahi gaurko munduan.
Ordea, harriaz hainbertze idatzi zuen idazlea, ez ote dugun gero bera harrian zizeldu eta berdenboran ixilarazi, da galdera. Kritikoen hitzetan kanonizatu hitza agertzen delarik kasu eman behar genuke. Eta Aresti kanonizatua den idazlea, omen...
Ordea, nolaz obra zehazki eta serioski argitaratua ez zaion idazle bat kanoniza ote daiteke? Gogora dezagun Madrilgo argitaletxe handi batean agertu zen Arestiren "Harri eta Herri" eta "Maldan behera"ren edizio zarpailena 20 bat urtez gure liburutegi bikainenetan problemarik gabe, saltzaile, irakasle eta bertze adituen bendizioarekin saldu izan dela orain arte.
Gogora dezagun, arestizale guziek salatu edizio horretako testua hutsez betea, batzutan puskatua zela, "Maldan behera"ren espainolezko itzulpenak zakarrontzira botatzekoak zirela.
Gogora dezagun Arestiren "Maldan behera"z ez dela gaurko edizioetan bertsio fidagarririk. Batek Liburutegietako kolekzione artxibatuetan bakarrik aurki dezakeen 1960ko Euskera-n agertu zen bertsioa eskuetan ez badu, ez dezakeela nehon hutsik gabeko den bertze bertsiorik aurki. Gogora dezagun, Arestiren lanari buruz duela zenbait urte egin izan den argitaratze fidagarrienean ere lau bertso (estrofa) zuzen kontrako lekuetan agertzen direla testuaren zentzua zentzugabekerian erorraraziz... Gero, nola sinets Aresti irakurtzen dela?
Ez ote dugu finean, ezin hezia zen boza, ezin taparazia zen ahoa, ezin ixilarazia zen oldarra neurtu? Ez ote dugu azkenean idazlearen libertatea, idazleari preseski batzuetan barkatzen ez diogun hain preziatua den libertate hori kanonizatuz mugatu? Arestiri ez ote diogu berak beretzat hautatua zuen outsidertasuna ukatu?.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude