LAU BILDUMA, ERREALITATE BAT

  • Liburutegi Nazionalaren proiektuaz jardun dugu aurreko orrietan. Baina, proiektuak proiektu, euskal liburutegien errealitatera ere hurbildu nahi izan dugu. Horretarako euskal fondo garrantzitsua duten lau liburutegi bisitatu eta bertan lanean ari diren profesionalekin jardun dugu hizketan.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Gasteizko Sancho El Sabio Fundazioa, Lazkaoko Beneditarren Liburutegia, Koldo Mitxelena Kulturunea eta Deustuko Unibertsitateko Liburutegia. Lauak tamaina eta funtzio desberdinekoak. Baina guztiak euskal fondo aberatsen jabeak. Lauetara hurbildu gara Euskal Herriko liburutegien mundua gertutik ezagutzeko helburuarekin. Axularren "Gero"ren bigarren edizioa esku artean izan dugu, Mendibururen hamaika liburukiak ukitu, XVI. mendeko pergaminozko liburu artean ibili... Eta "Arrosaren izena"ko pertsonaien bat ginela sinestekotan geundela, beste bi pauso eman eta ordenagailuaren pantailak azken digitalizazio sistemen berri eman digu.


EUSKAL GAIETARAKO BAKARRIK.

Gasteizko Sancho El Sabio Fundazioan ederki uztartzen dira iraganeko ondarea eta teknologia berriak. Gasteizko Aurrezki Kutxaren babesean kultur gune moduan sortu zen 1953an. Liburutegi gisa 1964an ireki zituen ateak eta sorreratik bertatik helburu bakarra izan du: euskal gaiekin zerikusia zuen guztia biltzea. Euskal fondo garrantzitsu hau Jesus Olaizolaren lanari zor diogu hein handi batean, bera izan baitzen liburutegiko lehen zuzendaria. Aurki 93 urte beteko ditu eta egun hauetan Arabako Foru Aldundiak Urrezko Domina emango dio. Antonio Odriozolaren fondoen erosketarekin jaio zen bilduma; 1.200 ale baino ez zituen orduan. Etengabeko erosketa eta donazioei esker, egun 60.000 monografia dituzte bilduak, 7.400 aldizkari, 4.000 odol garbiketa (familiaren noblezia erakusteko dokumentuak) eta mapa bilduma garrantzitsua; 144.000 erregistro inguru orotara. Bilduma oparoaren katalogoa informatizatua dago eta Interneten da kontsultagarri (www.fsancho-sabio.es). Digitalizazioan lan bikaina dute egina eta lau base digital osatu dituzte (3.000.000 irudi inguru): alde batetik, ondare bibliografikoen datu basea dute, 1918 baino lehenagoko monografia guztiak bertan direlarik. Aldizkari guztien sumario orrialdeekin bigarren basea osatu dute. Hirugarrena hainbat liburutegi eta elkarterekin batera eramaten ari dira aurrera eta Euskal Herriko 11 egunkariren edukiak digitalizatzen dituzte. Azkenik, familia artxiboak daude.
Egun material berriak bildu eta antolatzen ari dira; 18.000tik gora afitxa, 5.000 pegatina, foiletoak, paskinak, jaietako egitarauak... Carmen Gomez zuzendari teknikoaren esanetan horiek guztiak "historiaren osagarri baitira. Trantsizioa Euskal Herrian, adibidez, ezin da ongi aztertu horrelako materialik gabe".
Ixilkako paperak. Ederki daki hori Aita Juan Jose Agirrek eta Lazkaoko Beneditarren Liburutegia bere ardurapean dagoenetik (ia 30 urte) Euskal Herriarekin zer ikusia duen aldizkari, esku orri, afitxa eta paper zatirik txikiena ere jasotzen du. "Liburutegi berezi samarra osatu dugu. Eta hau ez da ateratzen den guztia biltzeko liburutegia, horretarako badaude beste batzuk". 50.000 erregistro inguru ditu orain informatizatzen ari diren katalogoak. Liburuen artean harribitxi ugari erakutsi digu: lehen aipatutako Mendibururen bilduma osoa, Joanes Etcheverri Ziburukoaren XVII. mendeko alea... Baina, Frankismo eta trantsizio garaiko aldizkari eta dokumentuetan du altxorrik garrantzitsuena. "Ameriketan (edo hemen, ixilka) argitaratzen zirenak jasotzen hasi nintzen. Gainerako liburutegientzat zaila zen hura jasotzea eta ulertzekoa da arriskurik ez hartzea. Guk, beneditarrok, askatasun gehixeago genuen". "Gatazka" ETAren barne aldizkariko hiru aleak erakutsi dizkigu, eta "Hautsi"ren hamabost. Beste inon gorde ez dena dute beneditarrek eta horregatik azken hamarkaden inguruko ikerketa egiten ari direnek sarri jotzen dute publikoari zabalik ez dagoen liburutegi honetara.


PUBLIKOAREN ZERBITZURA.

Publikoari zabalik egotea zer den ederki dakite Donostiako Koldo Mitxelena kulturunekoek. Eguneko 2.500-3.000 bisitari izan ohi dituztela esan digu Carmen Bilbao zuzendari teknikoak. Ez du zerikusirik, beraz, aurreko biekin. Aurreko biak, nolabait, espezializatuak baziren, Koldo Mitxelenak era guztietako zerbitzu zabala eskaintzen die erabiltzaileei: irakurketa gelak, bideoteka, fonoteka, hemeroteka, Internet gela... Azken azterketak prestatzen ari diren ikasle mordoa topatu dugu, baina egunkaria irakurtzen ari diren jubilatuak ere ez dira gutxi.
Duela 10 bat urtetik hona Gipuzkoako Foru Aldundiko Liburutegiko fondoak eraikin honetan daude. 150.000 aleko bilduma dago bertan.
Eta zerbitzuek garrantzi handia izanik ere, horrek ez du esan nahi ondare bibliografikoa zaintzen ez dutenik. Fondo Gordeen gelan bilduma esanguratsua dute eta, besteak beste, Julio Urquijo eta Gabriel Celayaren liburutegiak bertan dira.


700.000 LIBURU IKASLEENTZAT.

Deustuko Unibertsitateko Liburutegiak ere donazio garrantzitsuak izan ditu: Esteban Bilbaorena edo Abrisketak Amerikan bildutakoaren zati handi bat. Handia da liburutegi hau, 700.000 ale baititu. Beste modu batera esanda, 9.000 metro koadro liburu. Horietatik 25.000-30.000 liburu euskal gaien ingurukoak dira eta Andres Mañarikuaren ekimenez atal bereizi bat osatu zuten horiekin. Poza, Oihenart, Larramendi, Garibai, Moret, Correa, Axular edota Kardaberazen lanak bertan dituzte. Nieves Taranco zuzendari teknikoak bereziki atal hori zaintzea gustatzen zaiela esan digu, "baina ez dugu ahaztu behar liburutegi unibertsitarioa garela eta ikasle eta irakasleen zerbitzua dela gure lehentasuna".
Lau adibide baino ez ditugu hona ekarri. Eta euskal fondo garrantzitsua duten bakarrak ez dira. Hor dira NUP eta EHUko liburutegiak, Gasteizko eta Donostiako seminarioak, Derioko Monastegia, Baionako Merkatal eta Industria Ganberako Liburutegia, Belokeko monastegia, Kaliforniako Unibertsitatea, Frantzia eta Britainia Handiko Liburutegi Nazionalak... Gure ondare bibliografikoa sakabanatuta dagoela, alegia.
Baina gurekin solasean aritu diren profesionalak bat datoz, eraikin bakar batean ondare guztia biltzeak zentzu handirik ez duela esatean. Bisitaturiko liburutegi guztietan, neurri handiago edo txikiagoan, teknologia berriek beren lekua egin dute eta sare edo liburutegi birtual baten alde agertu dira arduradunak. Euren arteko harremanekin, elkarlanarekin, gustura daude eta eskatzekotan instituzioei zera eskatzen diete: liburutegi politika sendoa, kudeaketa egokia, irizpide bateratuak, Katalogo Kolektiboa osatua, bitartekoak... Hori da liburuzainentzat Liburutegi Nazionala.

PROFESIONALEN AHOTSA

SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA (GASTEIZ)

Harro dago Carmen Gomez Sancho El Sabio Fundazioko arduraduna liburutegi honetan egindako bilketa lanaz, baina zerbait aukeratzekotan, euskarazko fondoa hautatuko lukeela dio, "zalantzarik gabe". "Euskal Herrian oso liburutegi onak ditugu, oso helduak zentzu guztietan, eta profesional onek kudeatuta". Liburuzainen lan gogorra "eta, askotan, militantea" gizarteak behar bezala ez duela onartzen uste du. Liburutegi Nazionalaz galdetuta, "ez dakit ez ote den beranduegi" izan da bere erantzuna. Liburutegia eraikin batean biltzea alboratu daitekeela dio, funtzioak betetzea dela lehentasuna. Kudeaketa on bat eta Katalogo Kolektiboa eskatuko lizkioke Liburutegi Nazionalari, "eta ez dadila sinbolikoa izan". Teknologia berriek bibliotekonomian duten garrantziaz jardun du liburutegiaren fondoen digitalizazio bikaina erakutsi digunean. "Hala ere, liburuek, objektu bezala, xarma, morbo berezia dute" .


LAZKAOKO BENEDITARREN LIBURUTEGIA (LAZKAO)

Montserrateko beneditarren monastegiko liburutegian urte bete eman ondoren, bertan ikasitakoa Lazkaoko Beneditarren Liburutegian aplikatzen ari da 1973az geroztik Aita Agirre. Pergamino eta inkunableak gustura erakutsi dizkigu, baina Frankismo zein trantsizio garaiko dokumentu, aldizkari eta paperak ditu kuttunenak. Liburutegi Nazionalaz aritzean bere zalantzak azaleratu dira: "Hasieratik liburutegi handi bat izan bagenu Madrilen edo Bartzelonan bezala...". Teknologia berrietan oinarritutako sare moduan ikusten du gehiago. "Nik bakarrik eramaten dut liburutegia eta eskulana falta da. Badakit pribatuak garela, baina garai batean eta oraindik inork bete ez duen hutsunea bete dugu. Mari Karmeni bekario pare bat eta diru apur bat eskatuko nizkioke". Mari Karmen Garmendia Kultura Sailburuaz ari da eta bere doktoradutza egitean, bertatik pasa zela esan digu.


KOLDO MITXELENA KULTURUNEA (DONOSTIA)

Gipuzkoako Foru Aldundiko fondo bibliografikoak Koldo Mitxelena kulturunean eman du azken hamarkada, baina 16 urte dira Carmen Bilbao zuzendaria liburutegi honetan lanean ari dela. Egunero liburutegira hurbiltzen diren 2.500-3.000 bisitarien "eromenari" egin behar dio aurre Koldo Mitxelenak. Baina horrek ez du esan nahi fondoen bilketa, zainketa eta etengabeko berrikuntza alboratuta dutenik. Lurralde Historikoen Legeak lurraldekako liburutegien eskumena Aldundiei ematen badie ere, "Lege Gordailua ez dago gure esku eta horrek gure lana mugatzen du". Lehen oso garbi omen zuen Liburutegi nazional baten beharra eta "orain liburutegi birtual moduan ikusten dut gehiago. Behar dena liburutegi politika bat da, irizpide bateratuak emango dizkiguna. Jaurlaritzak ez du hori landu eta oso egoera kaxkarrean gaude, zentzu horretan. Egin eta egiten den lana, askotan borondatez egin dute profesionalek. Teknikari talde iraunkor eta sendoa falta da".


DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO LIBURUTEGIA (BILBO)

Deustuko Unibertsitateko eraikin nagusiari gero eta toki gehiago jan dio apurka liburutegiak. Horregatik Nieves Taranco liburutegiko zuzendariarekin ibaiaren beste aldean, Guggenheimen aldamenean, eraiki nahi duten liburutegiaren proiektua izan dugu hizpide. Liburutegien arteko harreman onak azpimarratu ditu eta berak ere ez du Liburutegi Nazionala eraikin batean bilduta ikusten, baizik "ekintza eta kudeaketarekin lotuta". "Liburutegi Nazionala aspalditik da beharrezkoa eta, Lege Gordailutik abiatuta, euskal bibliografia bat osatzea litzateke punturik garrantzitsuenetakoa". Katalogo Kolektiboa ere lehentasunen artean ipintzen du, "baina ez Udal Liburutegien Katalogoa, liburutegi guztiena baizik: publikoak eta pribatuak, unibertsitarioak eta erlijiosoak...". Teknologia berrien laguntza eskertuta ere, "liburua esku artean izatearen plazerra ukatzerik ez nuke nahi"


Azkenak
“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude