IRAGANEAN UTOPIA ZENA EGINGARRIA BIHURTU DU ELB-K

  • Frantziako nahiz Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganberako bozak izan berri dira. Iparraldeko bozak -sei urtetik sei urtera- Pirinio Atlantikoetako departamendu mailan burutzen dira ezinbestean. Azkeneko lau bozketaldien ondoren ELB sindikatua jalgi da garaile.

2001eko otsailaren 18an
Duela hogei urte, Ipar Euskal Herriko Ganbera sortzea helburu nagusia zuten ELB sindikatua sortu zutenek. Hainbat laborarik FNSEA sindikatua utzi zuen -Pirinio Atlantikoak departamenduan nagusi dena oraindik ere- beste gizarte eta laborantza proiektu mota bat bultzatzeko. Azkeneko bozetan, ELB Iparraldeko sindikatu bozkatuena izan bada ere, Paueko Ganberako ordezkaritzari dagokionean, sindikatu abertzalearen gehiengoa sinbolikoa eta erlatiboa da oraindik ere.


KANPAINA ONTSA LANDUA.

ELBk oso ontsa landu du bere kanpaina, lau ardatzetan oinarrituz: laborari berriek plantatzeko lagunduz, hauen ekoizpenak neurtu eta partekatuz, laborantza iraunkorra sendotzeko nahia agertuz eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera eskatuz, eta orobat "Euskal Herriak bere laborari guztiak behar ditu" lema ozenki aldarrikatuz. ELBko Eric Dolosor bozeramaileak honela adierazi zuen ideia hau: "Laborantzan ezin da hamar moldetan aritu, Ipar Euskal Herriko laborariak hazkuntzari lotuak dira funtsean. Etxaldeak tipiak izanik, laborari hauek kalitatezko mozkinak erdietsi behar dituzte. Gure lema nagusiari kasu eginez, mendian nahiz zelaian edo itsasaldean, laborari guztiak laborantza iraunkorrean ari daitezen nahi dugu. Gure ustez, hobe da etxalde bat ezen eta hiru".
Jokamolde horiek kontuan hartuz abiatu zuen ELBk bere kanpaina, Mixel Berhokoirigoin gamartarra zerrendaburu izaki. FNSEA (Frantziako Nekazari Sindikatuen Federakuntza Nazionala) Biarnoko Cofederation Paysanne (CP) -ELBren ildokoak- eta Cordination Rurale aurkeztu ziren, bestalde. ELB eta CP ez dira departamendu mailan aurkezten, eta horrek biziki baldintzatzen du boz emaitzen araberako ordezkaritza. Izan ere, ELB Iparraldean garaile jalgi izan arren, bi ordezkari baino ez ditu izanen Paueko Laborantza Ganberan. Departamendu mailako emaitzak hauxek izan dira: FDSEA eta CDJA taldeek (lehena FNSEAren sindikatu nagusiaren kidea) bozen % 52,85 lortu dute. ELBk, berriz, bozen % 23,71. Emaitzen arteko aldea ez dator bat Ganberako aulkien kopuruarekin: FDSEA-CDJAk 21 aulkietatik 17 izanen ditu eta ELBk bi besterik ez. Beste bi aulkiak Biarnoko Confederation Paysannek eta Coordination Ruralek beteko dituztelarik. Frantzia mailan, FDSEA-CDJAk bozen % 53,57 lortu dituzte, azkeneko bozetan baino sei puntu gutxiago, alabaina. Confederation Paysannek, berriz, sei puntu irabazi ditu, bozen % 26,39 lortuz.
Laborariak dira Ganberako ordezkari gehienak eta ELBren ezarpena laborarien artean dago. Alabaina, Laborantza Ganberako aulkiak arlo ezberdinetako ordezkariz beteta daude; 40 kide guztira: laborariak, lur jabeak, laborari erretiratuak, kooperatiba eta bankuetako langileak eta giza kutxakoak. Herri eta hiri handietan kokaturiko arlo hauetako langileak FNSEAren aldekoak dira eskuarki.


GANBERARIK IZANEN OTE?

ELBk Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbera eskatzea zentzuzkoa da guztiz. Iparraldeko arazo politiko handienetako bat berezko instituziorik ez izatea da. Populazioaren %64ak Euskal Departamendua eskatzean, bere problemak bideratuko lituzkeen instituzio bat exijitzen du. Kultura, politika nahiz ekonomia alorrean instituzio propioa izatea azken urteotan herritarrek eginiko eskaera jakintzat emana da. Euskal laborariak Iparraldeko ekonomiaren oinarria diren aldetik beren instituzioa behar dute, halaber. Alabaina, galdera berriz ere pausatzen da: Euskal Departamendu bat sortzea ezinezkoa bada, Parisko agintariek ez dutelako nahi, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren kasuan, berdin ote da? Mixel Berhokoirigoin ELBko zerrendaburuak honela argitu digu auzia: "Euskal laborarien eskakizunak erdiesteko Ganbera berezia sortu behar da Euskal Herrian. ELB sindikatu bozkatuena izanik euskal laborariek nahikari hori dutela agertu da. Bigarren sindikatua ginen bitartean, Euskal Laborantza Ganbera ez zela beharrezkoa zioten Pauen, baita departamendua behar zela Laborantza Ganbera sortzeko. Gure sindikatuak legea aztertu du, eta jakin dugu badela Ganbera berezi bat sortzea lehen ministroaren dekretu bidez. Ez da inolako lege berririk ez berezko departamendu bat behar geure instituzioa izateko. Orain bide politikoa eta administratiboa landu behar dugu"


ELB-KO LAN ZUHURRA.

Euskal Laborari Batasunak kanpaina zuhurra eramateaz gain, gaurkotasunezko gaiak karrikaratu ditu kanpainan zehar. Esate baterako, ELB mendiko laborantzan nagusi izaki, bere azkeneko emaitzak hobetu egin ditu mendiko eskualdetan. Kantonamendu guztietan handitu du bere boz kopurua, eta Mauleko kantonamentuetan izan ezik sindikatu nagusia da mendi aldean. Haatik, etxaldeak handiak diren kantonamenduetan ere bere emaitzak hobetu ditu, hala nola Bastida, Hazparne, Uztaritze eta Ezpeleta kantonamenduetan, kasu. Kostaldeko kantonamenduak FDSEAren eremuak izanagatik -laborariez bestera, laborantzari loturiko langileak bertan bizi baitira-, ELBk bere borroka fermuki planteatu du. Lurren kudeaketa publikoaren eskakizuna plazaratuz, adibidez. Baionatik Garazira doan bide nagusia blokeatu zuen kanpaina bitartean, kostaldeko lurren espekulazioa salatzeko. ELBko laborariak kosta eta barnealde arteko kantonamenduetara etorri ziren manifestatzera, bertako eskualdeetan -Ezpeleta eta Uztaritzeko eskualdeetan, bereziki- burutzen ari den gehiegizko espekulazioak eta lurren banaketa bidegabeak salatzeko.
Kanpaina burutu bitartean, bestalde, behi sektoreko laguntza banatzeko plangintza definitu zen Pauen. Parisko Gobernuak diru laguntza berri hauen bidez behi eroen krisiak laborarien artean eragindako galerak ordaindu nahi dituzte, nolabait. Alta, laguntza hauen erdiesteko baldintza berezi batzuk jarri ziren Paueko Laborantza Ganberan. Funtsean diru handia mugitzen duten laborari hazleentzako izanen dira laguntzak, eta finean, etxalde tipietako laborariek edo mozkin kopuru tipia ekoizten dutenek ezin izanen dituzte diru laguntza horiek jaso. Gauzak horrela, ELBk honela salatu zuen diru laguntza politika: "Euskal Herriko hazleak mesprezatuak izan dira Pauen. Plangintza honen arabera hazle tipiak desagertarazi nahi dituzte. Kurioski, kalitatezko haragiaren ekoizle laborari tipiak direlarik".


BOZ SISTEMAREN ALDAKETA.

ELB sindikatuak ustekabe bat hartu zuen kanpainan zehar. Bozkatzeko sistema aldatua izan baitzen azken hauteskundeetan. Departamenduko prefetak, Herriko Etxe guztietan bozkatzeko partez, kantonamenduko hiri nagusietan baino ez zela bozkatuko adierazi zuen. Laborantza Ministerioak departamenduko prefeten esku utzi zuen bozkatzeko moldea. Frantziako departamendu gehienetan bakoitzak bere herrian bozkatzeko aukera mantendu bazen ere, bitxikeria gisara-edo, Pirinio Atlantikoetako prefetak sistema aldaketaren aukera hautatu zuen. Postaz bozkatzeko aukera bazegoela adierazi zuen prefetak. Postaz bozkatzeko aukera betidanik izan da alta, eta aukera hau aipatzean, laborari askoren begietara bere erabakia zuritzeko era baino ez zen izan prefetuarena. Bozen ibilmolde honi buruzko gorabeherak Eric Dolosorrek berak honela azaldu digu:"Herri askotan laborari kopurua tipia da, eta prefetak dioenez, laborarien konfidentzialtasuna galduko ote den beldur da jendea. Beraz, herri tipi batean, ELBri boza ematean badakite denek zeinen alde bozkatu duten, edo berdin bertze sindikatuaren alde delarik". Sistema aldaketaren atzean bada beste asmo bat, nonbait: "Pentsa, afera ez da nolanahi gauzatu. Prefetak hiru eskaera egin behar izan ditu: lehena, Laborantza Ganberari berari, bigarrena Kontseilu Nagusiari eta hirugarrena, auzapezen elkarteari. Hirurek baimena eman dute, bistan da. Ados, oso demokratikoki egin dute hautua. Alta, konfidentzialtasuna hori gal-tzearen beldur baldin badira, zergatik ez dute egiten molde horretan hauteskunde guztietan. Hauetan konfidentzialtasuna galtzen bada, berdin guztietan ere, ezta?"
Eric Dolosorren aburuz jendea ez da usatua etxetik bozkatzera, alta, aukera hori aipatu du prefetak. ELBko eledunari entzunez kontraesanak ageri dira bozkatzeko sistemaren gibelean: "Duela 6 urteko bozetan Euskal Herriko boz emaileen %66ak eman zuen boza, departamendu mailan boz emaleen %63ak eman zuelarik. Baionako Merkataritza Ganberako hauteskundeetan etxetik bozkatzen da, eta kontent ziren bozemaileen
%25ek boza eman baitzuen, eta estatu mailan %23k. Jendeak bazuen nahikaria bertzerik gabe bozkatzeko. Gibelasmo bat egon da hor".


NAGUSIA ORAINO NAGUSI.

Sinbolikoa eta erlatiboa izanagatik alimaleko garrantzia du ELBren garaipenak. Iparraldeko laborariak Ganbera propio batean ordezkatuak baleude, ELBk laborantza politikaren zenbait ildo aldarazi lezake. Laborantza Ganbera eztabaidagai da, eta FNSEAko ordezkariek beren nagusitasuna arriskuan ikusten dute engoitik. FNSEA sindikatuko Luc Guyau burua Zuberoan izan zen hauteskunde kanpainan FDSEAri laguntzeko -Mauleko kantonamenduan nagusi da oraino sindikatu hau-. FDSEAko Sauver Urrutiaguerrek emaitzak ezagutzean ezin izan zuen bere ezinegona gorde: "Emaitzen erranahia aztertu beharko dugu, naski. Gu ELBrekin elkarrekin lanean aritzeko prest gara" zioen Domin-txineko laboraria eta zerrendaburuak.
FDSEA sindikatua utzi eta ELB sindikatua sortu zuten laborariek egindako lana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Zaila izanda ere, iraganean utopia zena egingarria ageriago da hemendik aitzina.

Eric Dolosor, ELBko bozeramailea
Eric Dolosor, ELBko bozeramailea
Euskal Laborarien Batasunaren arrakasta azken hogei urte hauetako borrokaren ondorioz etorri da. Ipar Euskal Herriko laborariek hainbat arlotan eraman borrokez galdetu diogu Arbonako laborari eta ELBko eledunari.

Behien gaia da ELBk landu duen alor garrantzitsu bat. Laborariek eraman borrokaren bilana eginen al diguzu?
1984tik 1996ra arte plantatu ziren gazte laborariek ezin izaten zuten esnea ekoiztu, esne-kuotak zirela medio. Europatik ezarri kuotak finkatuta zeuden laborarien artean bana-tzen ziren; inbertsioak ere ongi plantaturiko laborari bakar batzuen artean egiten ziren. 1996an Baionako DDA (Atlantikoetako Departamenduko Zuzendaritza) okupatu genuen zortzi egunez eta ekintza haren bidez esneen kuotak aldatzea lortu genuen. Departamenduan ari ziren 110 laborari gazte bakoitzeko 20.000 pintako ekoizpena erdietsi zen. Harrezkero, politika hobeago bat ezarri zen eta urtero ematen diren esne kuoten parte bat gazteendako izaten da. Inbertsio handiak egin dituzten gazteendako ere laguntza bideratu izan da.

Ardien gaia ere gogotik landu duzue. Iparraldeko ar-tzain gehienak ELBren inguruan biltzen dira.
1992an, ardien nahiz ardi-esnearen prezioaren apaltze handia eman zen eta ELBko laborariek -artzainak buruan buru- laborantza politika azkar eta berri bati atxiki behar zela aldarrikatu genuen. Mozkinak azkartu eta sor-markak sortu behar zirela deliberatu genuen. Ossau-Irati sortu zen, besteak beste. Barnealdeko ekonomiaren %90 laborantzan oinarritzen da. Azkartze bat behar zen eta beharrei eran-tzun izan zaio azken urteetan.

Sektore hauek diru laguntzen bidez azkartuz joan dira. ELBko laborariek laguntzeko moldeetan zuen irizpideak dituzue, diru laguntza zuzenak eskatzen dituzue.
Baiki. Behi eroen aferaren karietara, kasu. Aratxe bat sal-tzen delarik 1.500 libera (38.000 pezeta) galde egiten dira buru bakoitzeko, behi bat delarik 2.500 libera; haragitako edo arrazako behiez ari naiz. Abelburu horiek galduz gero, guk laguntza zuzenak galde egiten dugu. Hau da, laborari batek lau aratxe galdu baldin baditu 6.000 libera eskatzen dugu. Eta ez hiru urteren buruan bere inbertsioaren araberako diru laguntza ematea. Europako agintariek erraiten dute hori ez dela egiten ahal, gu borrokatzen ari gara eta erdietsi dezakegula uste dugu. Guretako egokiena eta hoberena diru laguntza zuzena da, azken buruan gizartearendako gutxien kostatuko duena. Elikagaien etorkizuna da jokoan eta funtsean hori ziurtatu behar da.

"EUSKAL HERRIKO LABORANTZA GANBERAREN ERDIESTEKO ESKUBIDEA DUGU"
Laborantza industrialaren eta produktibistaren bultzatzaileentzat Euskal Herriko laborantzak, baserri ttipiz eta askotan neketsuez osatuak, ez zuen "normalez" aterabide handirik. Baina, laborantza ez da bakarrik parametro ekonomikoez eta zenbakiez egina; oinarria da oroz gainetik gizon eta emazteen bizi nahian eta beren ofizioaz duten konzepzioaz.
Ekonomistek programatua ez izanagatik gure laborantzak ihardoki du, eta beste eskualdeek baino hobeki! Eremu hertsietan laborari ainitz bizi da, gazte ainitz planta-tzen da. Bada Euskal Herriko laborantzan asko lekuetan ikusten ez den berezitasuna: kultura, ekonomia edo sozial mailan. Etxea, lurra, ofizioarekin bada harreman berezia, intimoa. Bada ere hortzez eta haginez lotzeko nahikeria. Lur hortarik sortu zen ELB duela 20 urte "bizipide hobe bati buruz!". Hori zen sindikatuaren lema nagusia bere sorreran. Ez zen ustegabetarik "hobe" baten helburua eta ez "gehiago" batena.
Hogei urtez ELBk lan eta borroka egin du Euskal Herriko laborariei beren baitan konfiantza emaiteko lehenik; eta konfiantza bi mailetan: euskaldun bezala gai zirela eta ginela gure aferak guhaurek eskuetan hartzeko Paue inguruko notableen menpe egon gabe beti. Gai ginela ere gure baserri tipiagoetan bizi egiteko, elkartasuna biziarazteko, biziaren kalitatea atxikitzeko. Inposatu nahi ziguten modelo industrialari bizkarra eman diogu. Aurrerapena zenari omen konparatuz atzeratuak ginela sinetsarazi nahi ziguten. Eta orain "atzerapen" hori aurrerapena gerta daiteke! Erresistentzia horren bultzatzailea izan da ELB: diskurtso mailan, ekintza mailan.
Euskal Herriko laborantzako zati guzietan lan eginez ELBk bere bidea egin du, eta emeki-emeki laborarien sustengua lortu. Emaitzak hor dira : 1983an %29 eginez, 1989an %41, 1995an %47 eta orain %51 pasatuz! Orain izan ditugun emaitzak espero genituen, baina kanpaina batean asko mugimendu bada, eta egia erraiteko beldurra bagenuen. Dena den, laborariek beren sustengua eta konfiantza agertu dute. Garaipen garrantzitsua da, ez baita ELB sekula aiserian eta demagogian jokatu. Ekintza, gogoeta, kritika, proposamenak uztartzen jakin du euskal sindikatuak analisia eta proiektu progresista baten inguruan. Euskal Herriko dinamikan partaide da, laborari, euskaldun, eta Frantzia, Europa eta munduko beste laborariekin partaide-tzan.
Egun, hauteskundeak irabazirik, gai gara eta eskubidea daukagu Euskal Herriko Laborantza Ganberaren erdiesteko: horri buruz borrokatuko gara fermuki! Borrokatuko gara eta lortuko dugu! Eta frogatuko dugu posible dela beste modelo baten biziaraztea. Orain tresna hori lortu behar dugu: Euskal Herriko laborarien bizi nahiari beren zerbitzuko izanen den ganbara hori eman behar zaio. Bestela gure laborantzak, hogei urteren berantarekin, beste lekuetan ikusten den beherakada segituko du. Jadanik gure herrian ere sentitzen hasiak garena.


Azkenak
Aroztegiko epaiketaren kronika (bosgarren eguna)
Frogarik gabe, zigor eskaera gogorra auzipetuen gainean

Fiskalak eta akusazio partikularrak zazpi auzipetuen zigor eskaerak berretsi dituzte, 46 hilabeteko kartzela zigorra eta 56.000 euro enpresei egindako kalteen ordain gisa. Auzipetuen abokatuek absoluzioa eskatu dute. Epailearen eskuetan geratu da erabakia.


Arabako zentral fotovoltaikorik handienari baimena eman dio Espainiako Gobernuak

231.000 panel jarriko dituzte, Arabako hego-mendebaldeko ehun hektareatan zehar: Armiñonen. EUskal Herriko bigarren eguzki parke handiena izango da.


2025-05-23 | Gedar
Preso politikoei harrerak egitea debekatzen saiatuko dira berriz Espainiako Estatuan

PPk Senatuan proposatu du, gainera, euskal preso politikoek damua erakutsi behar izateko xantaia areagotzea.


2025-05-23 | ARGIA
Arantxa Tapia fitxatu duen enpresak diseinatuko du Jaurlaritzaren mila milioi euroko inbertsioa

Maiatzaren 22an EAEko Legebiltzarrak mila milioi euro zorpetzeko lege proiektua onartu du “zientzian, teknologian, enpresan eta industria sektorean eragiteko”. Naiz hedabideak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak KPMG Asesores SL enpresari eskatu dio plana... [+]


2025-05-23 | Irutxuloko Hitza
Aldi baterako alokairu kontratuen “iruzurra” salatu du Donostiako Stop Kaleratzeakek

Donostiako Parte Zaharreko maizter batek 11 hilabeterako alokairu kontratua bost urterako legezko kontratu bihurtzea lortu du.


Netanyahuk dio ‘Palestina askatu’ dela gaur egungo ‘Heil Hitler’

Washingtonen Israelek duen enbaxadako bi langile tiroz hilda agertu eta gero egin ditu adierazpenak Netanyahuk. Israelgo Gobernuak zuzenean lotu ditu Washingtongo erasoak eta  Europako zenbait gobernuburuk Gazako sarraskiaren aurka egindako adierazpenak.


Seaskaren baliabideak emendatzeko eskatu diote Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko parlamentariek

Maiatzaren 21ean bidali diote gutuna Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko sei parlamentariek. Dagoen ikasle kopurua ikusita, ikastoletarako aurreikusi dituzten lanpostuak "aise gutxiegi" direla deitoratzen dute gutunean. Kexua adierazteko... [+]


Eibarko Udalak jai batzordeari jarritako oztopoak salatu dituzte

Eibarko San Juanetara begira, Eibarko jai batzordeak udal-gobernuaren eta alkatetzaren aldetik jasotzen ari duen jarrera salatu du. JHH Jaixak Herrixak Herrixandakoak batzordeak luzatu proposamenak "arrazoirik gabe" errefusatu dituztela deitoratzeaz gain, Udalak... [+]


2025-05-23 | Elhuyar
Ipar globaleko konpainia gutxi batzuk dira baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazken arduradun nagusiak

Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]


“Arau askorekin jaten ikasten badugu, agian ez ditugu gorputzaren beharrak nabarituko”

Mireia Centeno Gutierrez psikopedagogoak haurren elikaduraren inguruko zenbait gako eman ditu; hala nola jatera behartzeak eta jakiak debekatzeak dituen ondorioak aipatu ditu.


Aroztegiko epaiketaren kronika (laugarren eguna)
Taldean erabakita, dena era baketsuan egin zutela esan dute auzipetuek

Ostegunean auzipetuek deklaratu dute, eta haien adierazpenetatik honakoa laburbildu liteke: Lekarozko plazan edo akanpadan biltzen ziren herritarrek taldean erabakitzen zuten zer egin; oro har, obren eremura joan eta makinen aurrean era pasiboan jarri.


2025-05-22 | ARGIA
Bizilagunekin plataformak ‘Donostia Tropikala’ festa egingo du maiatzaren 30ean

Ekimen honekin tonu alai eta ironikoan salatu nahi dute aldaketa klimatikoa eta turistifikazioa elkar elikatzen ari direla, eta horrek "gure hiria eta lurraldea merkatuaren logikaren esku uzten" dituela.


Eguneraketa berriak daude