DOLAREA: SAGARRAREN ARDATZA

  • Ia baserria adinako dolareak eraikitzen zituzten XVI. eta XVII. mendeetan. Etxea eta tresna gauza bera zen. Dolare-baserria desagertu zen, ordea. Sagar puskei patsa ateratzeko izerdi patsetan ibili beharra ere ahalik eta gehien saihestu da. Motor elektrikoak hasi ziren lanean. Egurrak eta burdinak altzairuaren konpetentzia ezagutu dute. Kontua sagar puskak muztio bihurtzea da.

2001eko urtarrilaren 21an
Dolare izenez ezagutzen da patsa estutzeko tresna. Sagar puskak dolarera heltzen dira eta ordu batzutan beratzen edukitzen da jotako sagarra, patsa, alegia. Horrela, estutzeko lana erraztu egiten da. Dolarearen ardatzaren inguruan zabalduta ipintzen da patsa. Hiru zati nagusi izan ditu, orain dela gutxi arte, dolareak: aska, ardatza eta taula edo egitura.

ESKUZKO DOLARE TRADIZIONALA

Jakoba Errekondo eta Iñigo Garcia de Eulatek egindako "Euskal Herriko sagardoa" lanari jarraituz, patsarengan eragiten duen hasierako egiturak egur taulez osatuta zeuden. Egitura hau patsola eta giltzek osatzen dute. Egitura honen muturrean dagoen ardatzak sagarra estutzen du; zurezkoa edo burdinazkoa izan daiteke ardatz hau. Honen inguruan dagoen urkatxua biraka jaitsi egiten da, patsa zapalduz. Lau kantaleraz osatutako egurrezko edo harrizko aska baten barruan dago patsa. Patsaren gainean hodiak izeneko kanalak jartzen dira; kanal hauetatik askara erortzen da muztioa. Honek saria du, zirrikituz beteriko itxitura bat eta zirrikitu horietatik askara zulo batera doa zukua, eta zulo horretatik tinara. Sistema hau eskuz edo motorrez eragindakoa izan daiteke. Nahi adina alditan egiten da zanpatze lana, harik eta muztio guztia kendu arte. Estutze prozesuan, tarteka, patsa ebaki egiten da eta izkinako sagar puskak erdialdean pilatzen dira. Horretarako, pikatzeko pala, haitzurra eta kortea (palaren antzeko tresna) erabiltzen dira.

BASERRI GOTIKOETAKO DOLAREA

"Dolare-baserriak" ikertzen Alberto Santana eta Manuel Izagirre historialariak izan dira aitzindari. Segidako azalpenak, berriz, Josu Tellabide etnologoak eman dizkigu. XVI. eta XVII. mendearen lehen erdialdeko baserrietan, baserri gotikoetan, dolareak baserriaren ia bi solairuak hartzen zituen. Etxea eta tresna gauza bera zen. Tresneria honek garai bateko erromatarren dolareetan zuen oinarria. Dolareak libre uzten zuen txokoetan bizi ziren baserrikoak. Gipuzkoan eraiki ziren bereziki era honetako dolare baserriak, Debako haranetik Oiartzuneraino gutxi gorabehera.

Ia 12 metroko luzera zuen zeharkako habe lodi bat zuten. Habe hau, dolare-haga alegia, baserria eusten zuten dolare habeen gainean zegoen: bi dolare habe izkin batean eta beste bi erdialdean. Dolare haga honen beste muturrean 8 metroko ardatza zegoen; beheko solairuraino iristen zen eta harritzar baten gainean kokatuta zegoen. Zeharkako dolare haga honek egurrezko egiturarengan presioa egiten zuen, eta aldiberean honek patsarengan. Beheko solairuan zeuden pertsonek dolare haga altxa egiten zuten ardatza biraderaren bidez biratuz. Altxagarriak ipintzen zizkioten goian eusteko. Gero, dolare haga hori bere pisuarengatik jaisten zen, patsarengan presioa eginez. Pixkanaka altxagarriak kenduz zihoazen. Muztioa beheko pisuan zegoen ontzira, tinara, erortzen zen.

Aspalditik egiten zuten euskaldunek sagardoa baserriko habeetan oinarrituta, 1394ko Debako Udal-Ordenantza honek adierazten duen bezalaxe: "Otrosi hordenamos que cualquier persona que cortare ßrboles (...) para alguna ni algunas cosas salvo para maste e verga e quilla para narros e vigas de lagar". Urnietako Aierdi eta Lizartzako Etxeaundi dira esate baterako garai honetako dolaretxeak. Sagarra txikitzetik muztioa ateratzen den arte burutzen den ekintzari joaldia deitzen zaio. Joaldi bakoitzean zazpi tonako indarra egin eta hiru tona sagar txikitzen zirela uste da. Joaldi batek astebete irauten zuen. Gaur egun, horrelako tresna bat bera osorik ez da gelditzen.

BASERRI BARROKOETAKO DOLAREAK

XVII. mendetik XIX. mendera arte baserri barrokoak eraiki ziren. Baserri hauei arkupe baten antzeko luzapena egin zitzaien. Zenbait aldaketa eman zen eta honekin batera, sagardoa egiteko modua ere aldatu egin zen. Dolareek zurezkoak izaten jarraitzen zuten, baina txikiagoak ziren. Habe batek bi dolare haga eusten zituen. Dolare haga hauetan egurrezko azkoin batzuk (emeak) zeuden; azkoin horietan zurezko (gerezizkoak gehienetan) torlojo edo ardatzak zeuden (arrak). Bi, hiru edo lau ardatzekoak izan zitezkeen. Pertsona askoren artean, ardatz hauek biratzen zituzten biradera batzuen bidez. Ardatz honek bere azpiko egur puskan eragiten zuen, eta honek aldi berean, patsarengan. Urnietako Azkonabieta baserriko dolarea dugu adibideetako bat. Orain dela 50 urte arte sagardoa bertan egiten zuten.
 
URKA

XIX. mendearen hasieran burdinazko ardatza zuten dolareak sortu ziren. Zoluak berdina izaten jarraitzen bazuen ere, dolare sistema aldatu egin zen. Kasu honetan ardatza zoluaren erdian oinarrituta zegoen eta ez zen mugitzen; mugitzen dena urka da, ardatzaren burua. Urka palanka baten bidez eskuz mugitzen zen eta ardatzari bueltak ematen zizkion. Urkak egiturarengan presioa egiten zuen, eta honek, aldi berean, patsarengan.

Gero eta hobeto aprobetxatzen dute baserriko txokoa. Ondorioz, dolareak leku gutxiago hartzen du baserrian. Garai honetako dolareak Frantziatik ekarritakoak dira gehienak. Hauek ere ardatz bat baino gehiagokoak izan daitezke. Cherbourgeko Sigmon anaien eta Mayfarthen dolareez gain, Logroñoko Marrodan eta Rezola, eta Wurtembergeko Kleemanen dolareak erabili izan dira Gipuzkoako sagardotegietan. Geroxeago, Gerra Zibilaren garaian gutxi gorabehera motorra ipini zitzaion dolareari. Beraz, eskulana gutxitu egin zen. Gerra Zibilak sortutako hutsunearen ondoren, gotiko garaiko tresneria aprobetxatu zuten dolareak berriro martxan jartzeko.

Askak eta egiturak beren garapena izan dute. Egurrezkoen ondoren, hormigoizko aska (sagarrari azidotasuna kentzen dionez ez da egokia) etorri zen. Egiturari dagokionez, berriz, burdinazkoak egin zituzten hasieran, (burdina ez da egokia sagardoarentzat) urtutako burdinazkoak gero. Gaur egun, bai aska eta bai egitura poliesterrez edota "Posi" pinturaz jantzi dituzte. Presioa egiten duen egitura lauki bateratu bat da gaur egun sagardotegietan.

Askarik gabeko dolareak ere badaude. Zutikako egur oholez osatutako itxitura borobila da. Bururik gabeko upel baten antza du. Zirrikituak ditu eta bertatik muztioa ateratzen da. Ardatza dute eta eskuzkoak edo motorrez eragindakoak izan daitezke.
1921eko datu batzuen arabera, 600 dolare zeuden Gipuzkoan. Handik hamar bat urtera 774 sagardogilek ordaindu zuten zerga. Garai hartako sagardogintzaren oparotasuna Gerra Zibilak itzali zuen. Gainera, garai hartan sagardo lantegiak egon ziren: bata Berrobin (suak fabrika erre zuen) eta bestea Añorgan.

Azken bost urteotan prentsa pneumatikoak jartzen ari dira sagardotegietan. Altzairuzko zilindroak dira, etzandako dolareak. Botoiez betetako koadro batean aginduak ematen dira, estutze lana programatu egiten da. Emango zaion presioa eta patsa lehortzen emango duen ordu kopurua aldez aurretik erabakitzen ditu sagardogileak. Neurri ezberdinetako prentsak daude. Hernaniko Zelaia sagardotegian bi prentsa dituzte eta bakoitzak 6.000 kilo sagar hartzen ditu. Ohiko dolare batean 12.000 kilo sagar sar daitezke. Horixe da, esate baterako, Martuteneko Barkaiztegi sagardotegiko dolareetako batek jasotzen duena. Altzairuzko zilindro honetara heltzen dira sagar puskak. Barnean toldo antzeko bat dauka; toldo hau airez betetzen da eta sagarra dolarearen hormaren aurka estutzen du. Dolarearen zirrizkuetatik altzairuzko tinara erortzen da muztioa. Bost minutuz patsa estu-estu eduki ondoren, toldoa hustu egiten da. Orduan, zilindroak bueltak ematen ditu barruko patsa astintzeko. Behin baino gehiagotan egiten da operazio berbera, muztio guztia kendu arte. Sei ordutan betetzen du bere lana. Ia hiru egun behar izaten dira ohiko dolare batean muztioa egiteko. Beraz, dolare mota honek eskulana saihesten du eta sagardoaren kalitatea bermatu ere bai. Hogei bat sagardogilek dagoeneko jarri dute honelako dolarea Gipuzkoan.

"Banda prentsa" deritzona da beste dolare modernoa. Sagardogileren batek proba egin duen arren, sagardo naturala egiteko egokia ez dela ondorioztatu dute. Sagarra xehe-xehe eginda uzten du, eta honekin batera sagar haziak ere apurtu egiten ditu. Honek zapore arraroa ematen dio sagardoari. Sagarra gazia bada oso kalitate ona ematen du dolare honek; baina, sagarra mikatza bada, garraztasun gehiegi kentzen dio. Normandian, Asturiasen... sagardo gasifikatua egiteko oso hedatua omen dago sistema hau.

Dolare honek bere matxaka du. Sagarra xehe-xehe eginda uzten du. Zilindro baten barruan sartzen da sagarra. Bertan dagoen ardatzak sagarra bueltaka ibilarazten du. Zilindroaren horman dauden zerra muturrek txikitzen dute sagarra. Zilindroak berak dituen zirrizkuetatik sagar puskak ateratzen dira eta dolarera pasatzen dira. Dolarea arrabola batzuez eta beraietatik pasatzen den nailonezko zinta batez osatuta dago. Zinta honen tartean doaz sagar puskak. Zinta hau pixkanaka estutzen doa. Beraz, sagarra geroz eta gehiago txikitzen da. Orduko 10.000 kilo egiten ditu.

Dolare hidraulikoak olio hidraulikoz funtzionatzen du. Batzuen ustez sagardotarako tresna egokiena den arren, eskulana eskatzen du. Astigarragako Zapiaineko sagardogilearen iritziz, "dolareak ona izateko bi ezaugarri behar ditu: errentagarritasuna, sagarretik %75 ateratzea eta kalitatezko sagardoa egitea. Dolare hidraulikoak biak betetzen ditu, baina eskulana du".
KARRETO BARRIKA
Garralia sagardoa garraiatzeko gurdiaren gainean ipintzen zen ontzi luze berezia zen. Beranduago karreto barrika ere deitu izan zaio. Sagardotegietatik hirietara edota baserri batetik bestera sagardoa banatzeko erabiltzen zuten. Idi pareak tiratako bi gurpileko gurdia edota galera (lau gurpilekoa) erabiltzen zen garraiatzeko. Egur ohol gogorrez egina eta burdinazko uztaiez lotua zegoen garralia. Luzeenak lau metro zituen eta sagardo kopuru ezberdinak hartzen zituen. Añorgako Bidarte baserrian oraindik erabiltzen dute 1.500 litroko garralia. Inguruan mantentzen den handiena dela uste da. Gaur egun sagardoa egiteko erabiltzen dute. Berrehun urte baino gehiago izan ditzakeela uste dute. "Karreto barrikarekin Donostiako Alde Zaharrera eta Antiguako Lopezenera ere jaisten zen gure aitona sagardoa partitzera. Donostiarako bidea ez zen gaur egunekoa, hormigoizkoa, lohiez betetakoa baizik" dio Juan Jose Izagirre baserriko nagusiak, umetako oroitzapenetan murgilduta. Dolarerik ez zutenek bakoitzak bere sagardoa egiten zuen. Gaur egun, furgoneta eta kamioietan eramaten dute sagardoa alde batetik bestera botilatan sartuta.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude