Harea hatz artetik bezala, ezarian ezarian, ale bakar bati ere eutsi ezinik doazkigu azkenaldian eskuartetik arrazoiak eta ideiak, birrinduta, pentsamentu bakarraren zapalgailuak erasotuta. Penduloa jo eta mutur muturrean dabil, eskuineko bazterretik mugitu ere egin gabe, hantxe trabatuta, ataskatuta. Entzun egin behar da gero, entzun, Euskal Herriko Unibertsitatean erakunde politikoetako irakasle den baten ahotik, autodeterminazioak independentzia esan nahi duela automatikoki, eta hori, jakina, demokraziaren kontra doala. Ez da pasadizoan eta pentsatu gabe botatako ideia, telebixioko saio batean azaldu eta berretsia baizik. Bere burua intelektualtzat duen batek esana eta berresana. Eta hau ez da perletako bat besterik.
Hitz batzuk madarikatuta daude, sorgindu egin dira, aipaezin bihurtzeraino, biraorik iraingarriena balira bezala. Adibidez, elkarrizketa, edo hobe esan -madarikatzaileek gaztelaniaz jarduten baitute- "diálogo" hitza. Baita katalanerazko ordaina ere, "diàleg", gaztelaniazko elebakarrek ere ondo ulertzen dutena. Ernest Lluch-en senitarteko eta lagunek haren hilketaren kontrako manifestazioan erakutsi eta aldarrikatu zutenez geroztik maldizioen zakuan sartu da. Hartaraino gertatu da hori, Lluch-i Donostian antolatu dioten omenaldia ere liskarbide bihurtu dela. Izan ere, madarikazioaren zakuan erortzen da hemen "todos a una"-ra ez doan guztia. Kornetapeko martzialtasunaren ilara hausten duena edozein txuskerok kondena dezake.
Martxa honetan ez da inor libratuko zigorretik. Udalekuetako motxiletan eta AEK-ko ariketetan estreinatutako gurutzada Eusko Ikaskuntzaraino iritsi da oraingoz, Auñamendiren Entziklopedia sareratu berria tarteko. Badirudi hiztegia hartu eta "eusk" erroa ageri duen izen oro sartu dutela behatokian, susmopean, hatz salatariak delituren bat aurkituko duen ziurtasunaz. Inkisidoreak bere lana egin eta gero lainezaz gainezka diharduen koruak hartzen du txanda. Libretoak opera bufakoa lirudike, ez balego jokoan, dagoen guztia, hau da, urtetan zehar Herri baten hizkuntza eta hari dagokion jakintza garatu eta duintzeko belaunaldiz belaunaldi egindako ahalegina.
Halako tamainako astakerien aurrean erantzuna makalegia, ahulegia, izaten ari da, bai erakundeen aldetik, baita eragile sozialen aldetik ere. Barkamen eske bezala askotan, entzungorrarena eginez hurrena, jaurtitakoak sinistu ezinik edo. Salbuespen modura tanto parea konta litezke, hau da, urriaren 28an Donostian eskubide demokratikoen alde eta desobedientzia zibila aldarrikatuz egindako manifestazioa eta abenduaren 16an Bilbon irakaskuntza propioaren defentsan burututakoa. Horietatik ez legoke urruti Durangoko Azokaren azken edizioak lortutako arrakasta. Eguraldi epelaren bultzadari esker beste epeltasun baten egarria ere soma zitekeen jende andanaren artean: kultur ondare jakin baten zeinuak konpartitzeko gogoa eta harrotasuna. Inkisidorea oporretan egon bide zen abenduko zubi luze horretan. Lastima, Euskadi-Maroko Futbol Selekzioen partiduan orgia nazionalista ikusi zuenak Durangokoa nola kalifikatuko zukeen galdu dugu.