"ESTATUTUA GAIZTAKERIA HANDIZ ERABILI DA MADRILEN"

  • EAJko Nafarroako Foru Legebiltzarreko parlamentaria da, EAJk jeltzaleen zatiketaren ondoren Nafarroan izan duen lehena. EArekin batera aurkeztu izanaren ondorioa. Nafarroa zein EAEko egoera politikoaz jardun dugu, biak ezagutzen baititu ongi.

2001eko urtarrilaren 21ean
Euskarazko bide seinale eta errotulazioen ezabatzeari ekingo zaio Nafarroako eremu mistoan. Eusko Ikaskuntzari erretiratu zaion dirulaguntza ere hor da. Okerretik okerrera goaz.
Bai, bai. Euskarari dagokionez, kontsentsu maila bat lortua zegoen, eta Nafarroako erakundeek euskara Nafarroako zerbait bezala onartua zuten, ez askok nahiko genukeen gisa bultzatuz, baina onarpen maila batekin. Orain, ordea, atzerakada izugarra egiten ari da, neurri atzerakoiekin. Ez da errepresio zuzenekoa, debekuarekin eta abar, baina ezkutukoa bai. Izugarri intolerantea da, eta Europan hizkuntzen urtea den honetan, ez da halako neurririk ezagutzen. Nori egiten dio kalte eremu mistoan bide seinaleak euskaraz ere egoteak? Eusko Ikaskuntzaren kasua, beste gehiegikeria bat gehiago da. Euskara Nafarroako ondare galdu ezina da, nafar guztiok gurea bezala hartu behar duguna eta espero dut logikak gauzak bere lekuan jarriko dituela.

Logikak, ordea, bere kabuz ez du ezer lortzen. Batzuk euskarak aurrera egin duela konturatu dira eta erreakzionatzen ari dira. Zer egin behar da?
Gure aldetik dugun guztia jarriko dugu logikak, arrazionaltasunak eta modernitateak atzerakoitasun horiek gaindi ditzaten. Nafarren gehiengoak arrazionaltasun horren alde egingo duela uste dut eta nafar intelektualek ere bai. Dena den, erantzukizuna ez da bakarrik UPNrena, ulergaitza bada ere PSNk ere gai honetan bere sostengua eman baitio UPNri. Gizartea da hizkun-tza aurrera ateratzen duena, eta gure zeregina da gizartea horretan lagun-tzea. Europan hizkuntzek gero eta balore handiagoa dutenean, hemengo troglodita batzuek halakoak egiten dituzte.

Dena den, sektore euskaltzale eta abertzaleetan ezik, ez dirudi gai hauek alarma handia sortzen dutenik.
Gizarte modernoetan, eta komunikabideen zereginaz, gizartea gero eta desideologizatuago dago; edozein eratan, gai honekiko ez da irakurketa guztiz negatiboa egin behar. Hor dago euskarazko hezkuntz ereduen aurrerapen handia. Gizartea legearen aurretik joan da gai honetan. Desideologizazio gehiago edo gutxiagorekin, jende askok Nafarroako ondare bat bezala sentitzen du euskara; Nafarroako intelektualei dagokie sentimendu hori zaintzea eta indartzea, euskara ideologien gainetik dago eta.

Nafarroan, ordea, eskuineko pertsona talde garrantzitsu batek, gizartearen tresna gehiegi ditu bere eskuetan, PSN eta beste eremu sozial eta politiko batzuk erakartzen ari dena.
Egia da, oraindik ere bada halako oligarkia bat, baina ez du Nafarroako gizartea ordezkatzen. Adibide bat jarriko dizut: duela gutxi Foru Legebiltzarrean errenta aitorpenetako kenketen inguruan onartutakoaren arabera, 2 milioi pezeta (80.000 libera) irabazten dituen famili bateko aita batek 20 milioi pezeta irabazten duenaren erdia kentzen du zergetan. Hori injustizia galanta da, zalantzarik gabe, baina batez ere adibide gisa balio dit. Arrazoi desberdinak medio, PSN abstenitu egin zen, EH ez zen egon... hots, atera den legeak ez du Nafarroako gizartearen gehiengoak pentsatzen duena ordezkatzen, inondik inora. Berdin gertatzen da euskararen gaiarekin. Nafarroako gizartearen gehiengoak zer demontre nahiko du eremu mistoko bide seinaleetatik euskara kentzea! Gehiengo handi bateko askok pasibitatez ikusten du hori, eta beste askok ongi ikusten du. Begira zer gertatu zen izatezko bikoteen legearekin, jendeak Nafarroaren irudi bat du eta gero inon baino lege aurrerakoiagoa egiten da.

Nola ikusten duzu UPNren itzalaren atzean ari den PSN?
Sozialismoak indar handia duen herri batekoa naiz; demokraziaren aurreko sozialismoarekin harrreman handia izan dut eta harrituta nago sozialismo nafarraren garapenarekin. Ikuspegi sozialetik EAEko kideek baino atzerakoiago joka-tzen ari dira, ez dute sozialismo moderno batetik espero daitekeena ematen.

PPk eta PSOEk egin duten itunaren bertsioa sinatu dute hemen UPNk eta PSNk. Nafarroako Ezker Batuak eta beste batzuek, aldiz, Iruñeko Itunaren erreferentzia bilatzen dute. Garai bateko itunetara itzultzeak ekar al dezake onurarik gaur egun?
Alderdian beti defendatu izan ditugu negoziazioa eta elkarrizketa. Garai batean sinatutako akordio haiek gehiengo zabalenak sinatu zituen -HBk ezik gainerako guztiek-; gaur egun, ordea, hirugarrengo batzuekiko elkarrizketa saioak galerazteaz gain, Konstituzioaz eta Estatutuaz desberdin pentsatzen duten guztiak baztertu nahi dira. Mundu guztia elkarrizketaz ari denean, baztertzailea den edozein akordiok porrot egingo du.

Zein balorazio egiten duzu EAk eta EAJk duzuen elkarlanaz?
UPN eta PSNren akordioak atea ixten die beste edozelako ekimenei. EHren jarrera ere ez da eraikitzailea eta ETAren jarduerak izugarrizko zailtasunak jartzen dizkio guk landu nahi dugun mugimendu demokratikoari. Testuinguru horretan kokatu behar da parlamentuko gure lana. Legebiltzarrean elkarlana ondo sinkronizatua dugu EAk eta EAJk, eta ekimen interesgarriak eraman ditugu aurrera; Nafarroak dituen arazoei elkarlanean aurre egiteko moduan dira EAJ eta EA. Hori bai, hiru bakarrik gara, eta horrek ere asko mugatzen du gure lana. Oposizioko gainerako taldeekiko harremanak ere, oro har, onak dira.

Oraindik asko falta da hurrengo foru hauteskundeetarako, baina diozunagatik, berriz elkarrekin joatearen aldeko apustua egingo zenuke?
Abertzaleek elkar ulertzearen aldekoa izan naiz beti eta bizi dugun egoera kontuan izanik are gehiago. Bakoitzak bere izaera mantenduz elkarlanean aritu gaitezke eta, gainera, guztion artean abertzaleen esparrua sendotzea lortu behar dugu. Jakina, biolentziak izugarri mugatzen du gure proiektua gizarteratzea, azkenean biolentziaren bidez proiektu nazionalista kriminalizatzen dutelako. Gizarte guztiarentzat da kaltegarri biolentzia, baina bereziki proiektu abertzalea kaltetzen du. Biolentziak jarraitzen duen bitartean, EHrekiko elkarlana ez da posible.

Garaikoetxearen gobernuan izan zinen eta gero Ardanzarenean. EAJ haren nostalgiarik sentitzen al duzu?
Bai. Halako krisiak ez dira atseginak, harreman pertsonalak dira tartean... tristeziaz gogoratzen ditut une haiek. Baina errealitatea den moduan onartu behar da. Noski, diktaduraren ondorengo urte haiek ilusio izugarrikoak izan ziren, gobernu bat eratzea, zeuden behar guztiei erantzutea... izugarria izan zen. Gogoan dut, esate baterako, nola sortu genuen Derioko laborategia, orain "behi eroen" analisiaz arduratzen ari dena. Ez dut Estatutua jainkotuko, baina onartu ezin dudana da aurrera egiteko tresna baliagarria ez dela izan esatea. Izugarri aurreratu da, ezin da Estatutuaren aurreko egoera eta egungoa konparatu. Ondo gogoratzen dut lehen soldata soziala onartu zenean, eta nola helegin zion Gonzalezen gobernuko Matilde Fernandezek. Estatu mailan onartu zen lehen soldata soziala izan zen. Hobeagoa izan zitekeela? Jakina, baina orduan egin zitekeena zen. Berdin beste gauza askorekin, adibidez Arabako Errioxan euskararekin egin dena.

Azken bi urteetan EAJn ere Estatutua gainditu behar dela esan da. Zuk zer uste duzu?
Estatutua gaiztakeria handiarekin erabili da, Madrilen beti erabili da tresna negoziatzaile gisa eta horrek kalte handia egin dio. Egurrerako tresna bat harrirako erabiltzen baduzu, hondatu egingo duzu. Hori gertatu zaio Estatutuari. Ez guk nahiko genukeen beste, baina 80tik 82ra Estatutua nahiko azkar garatu zen. Hortik aurrera, Auzitegi Konstituzionalak egin dituen interpretazioen arabera, murrizketa etengabea izan da. Beraz, garai batean asegarria zena gaur egun ez da. Bitxia da, garai batean Estatutuaren aldekoak ez zirenak gaur egun sostengatu egiten dute, eta orduko aldekook gaur egun gainditu nahi dugu. Denborarekin eskaera sozial guztiak aldatzen dira, eta gaur egun gizarteko sektore handi batek beste zerbait eskatzen badu, hori normalitate osoz aztertu behar da, horrek ez du zerikusirik biolentziarekin.

Beraz, zu Estatutua gainditzearen aldekoa zara. Nola gainditu behar da? Hori da gaur egun dagoen eztabaida handietako bat.
Niri Estatutua gainditzearen terminoa grafikoegia iruditzen zait. Kontua ez da Estatutua gainditu behar dela, gaur egun baliagarria da oraindik, ez da guztiz garatu eta lortu behar dena hori da, guztiz baliatzea. Beste kontu bat da, bai Foru Komunitatean eta bai EAEn egon daitezkeen autonomia maila handitzearen eskaerei kasu egin behar zaiela, beti ere bertako populazioaren gehiengo osoak hala eskatzen badu. Kontzentzu zabalak baldin badaude, nik ez dut inongo tresnarik baztertzen: diputazioak, Udalbiltza... hori bai, beren sustraian eta hasieratik demokratikoak badira. Adibidez, ulertezina da Trebiñon oraindik erreferendumik ez egin izana XXI. mendean sartu garen honetan.

Jaurlaritzaren eratze prozesua bizi izan duzu eta bere bizitzan parte hartu luzez, EAJ indartsua da EAEn... Nafarroan ordea, EAJ txikia da, parlamentario bakarra oposizioa ia gauza ezinean...
Oso egoera desberdinak.
Ez dut inuzentea izan nahi, baina ilusioarekin ari naiz. Nafarra eta altsasuarra naiz eta ez dut konplexurik abertzale ez diren nafarren aurrean, edota Euskal Herriko gainerako biztanleekiko. Behin eta berriz errepikatzen dut, Euskadiko gainerako lurraldeetan Nafarroarekiko maitasuna eta mirespena topatu izan dut beti. Legebiltzarrean atzean nago eta ongi ikusten dut parlamentu osoa, eta asko sofritzen dut honen osaketa nolakoa den ikusi eta gero ateratzen diren legeak ikusita; batak ez du bestea islatzen. Dena den, nazionalismoan batzuetan gure baitan eta betiko kontuetan gehiegi biribiltzen gara agian. Akaso gizarteari beste gai batzuk ere interesatzen zaizkio.

Jaurlaritzan nekazaritza kontseilariordea izan zinen lehenbizi eta gero kon-tseilaria. Oso modu orokorrean esanda, zer deritzozu "behi heroen" auziaz eta ematen ari zaion erantzunaz?
Luze joko luke gaia ondo aztertzeak, baina zerbait laburbiltzen saiatuko naiz. Oro har esanda, oso egitura juridiko ahulak ditugu globalizazioak dakartzan arazoei aurre egiteko. Merkatuan dauden indargune izugarri batzuek, erreferente etikoen galera ekarri diote gizarteari. Eraginkortasuna ez dago elikagaien kalitateari nahiko lotua, eraginkortasuna batez ere neurgailu ekonomikoei lotua dago eta ez kalitateari begira. Horregatik, noizean behin arazoak sortzen dira, garai batean koltza olioarena adibidez edo gaur egun "behi eroen" hau, horren berria ere ez dena. Horrez gain, kudeaketa publikoa informazio egokiaren gainean oinarritu behar da eta horretarako behar bezalako egitura teknologikoa behar da. Harritu egin nau horren gai teknikoetan Ministerioko per-tsonaia politikoak parte hartzen ikusteak. Dena den, gai honek elikagaien kateak bere osotasunean dituen gabeziak agerian uzteko balioko duelakoan nago.

HANDIRA OHITUTA, TXIKIRA ARITU BEHAR
Jose Manuel Goikoetxea, 49 urteko altsasuarra da. Ikasketaz eta lanbidez albaitari, 1980tik 1988ra nekazaritza kontseilariordea izan zen, eta 1988tik 1995era eremu berean kontseilaria. Agrupación Alsasuarrarekin (EAJ, EA, EE eta independenteak) Altsasuko alkate 1991tik 1995era. Gasteizen handira aritu ondoren, txikian aritzea zer den ikasten ari da Iruñean. 1983an afiliatu zen EAJn.


Azkenak
2025-06-04 | ARGIA
Osasun arreta euskaraz bermatzeko zortzi eskaera egin dituzte EHEk eta Aintzatek

Osasungintzako 501 langilek bat egin dute zortzi eskaera zehatz dituen manifestuarekin. Helburua, osasun arreta euskaraz eskaini, eman eta bermatzea, “edonon eta edonoiz, maila guztietan eta ahoz zein idatzizko harremanetan”.


48 eragile batu dira Donostian turistifikazioaren aurka antolatutako manifestaziora

BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko Donostiako plataformak ekainaren 15erako deitu du manifestazioa, Europa Hegoaldeko beste hainbat hiritako eragileek bezala. Turistifikazioa salatu eta hiri eredu alternatiboa aldarrikatuko dute.


Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security enpresa israeldarrarekin sinatu duen kontratuaren aurkako kexak aurkeztu dituzte

Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security S.L. segurtasun-enpresa kontratatu zuen apirilean. Horren aurrean, kexak aurkeztu dituzte dozenaka herritarrek Metro Bilbaoren bulegoetan, Bilbo-Palestina Herri Ekimena eta Nodo BDZ-Bizkaiak deituta.


2025-06-04 | Caitlin Johnstone
Analisia
Baliteke arratoiak genozidioaren itsasontzitik alde egiten hasi izana

Urtebete eta erdiz sarraski genozidak gauzatu ondoren, Erresuma Batuko zenbait hedabidetako kontseilu editorialek hitza hartu dute, bat-batean, Israel Gazan egiten den sarraskiaren aurka. Establishmenteko gizatxar mediatikoek aldaketa usaina hartu diote haizeari.


Ertzaintza Gasteizko Korda espazioa desalojatzera agertu da, eta “erresistentzia” egitera deitu dute

Joan den astelehenean bilera egin zuten Kordako kudeatzaileek 21 Zabalgunea sozietate publikoko ordezkariekin, baina ez zuten inongo akordiorik lortu. Husteko agindua, hortaz, indarrean da. Ertzaintza bertaratu egin da gauerdian, eta espazioaren barruan itxi dira hamar lagun... [+]


Israelek janaria jasotzera joaten diren palestinarrak hiltzen jarraitzen du: 27 hil ditu asteartean, eta 90 zauritu

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, AEBek eta Israelek kontrolatzen dituzten laguntza humanitario banatzeko zentroetan 102 palestinar hil dituzte azken zortzi egunetan: "Gerra krimen beldurgarria da, nahita egindakoa eta behin eta berriz errepikatutakoa". Erasoa... [+]


Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati, hil zorian zegoen ume bat artatzeko ospitaleko baliabideak “lan ordutegitik kanpo” erabiltzeagatik

Faltan Botatzen Dugu plataformak eman du gertakariaren berri, eta zaintza aringarrien zerbitzuaren "egoera kritikoa" salatu du. Medikuak haren kontakizuna argitaratu du sare sozialetan, eta jakinarazi du lana utzi duela denbora batez: "Ezinezkoa zait baldintza... [+]


Analisia
Diruz konpondu dira “etxe barruko arazoak”

Urteroko oroimen eta sari banaketa ekitaldia egin du Ertzaintzak Arkautin, Eusko Jaurlaritzako agintarien parte hartzearekin. Duela bi urteko kronikatik aurtengora auziek edota gaiek berdintsuak izaten segitzen badute ere, nabarmena da begiratzeko moduak nola aldatu diren.


Bilboko epaitegi batek arrazoia eman dio ‘phishing’ biktima bati eta Santander bankua zigortu du

Kontsumitzaileen eskubideen defentsan, epaileek ebatzi dute bezeroak ez duela arduragabekeriaz jokatu eta bankuak 1.923 euro itzuli beharko dizkio biktimari.


Amnistia Legea konstituzionala dela ebatziko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak

PPk ezarritako helegiteari erantzunez, legearen testua ia bere osotasunean konstituzionala dela dio auzitegiaren ebazpen proposamenak. Hala ere, legea pertsona gutxi batzuentzat dela dioen argudioan arrazoia eman dio eta herritar guztiei aplikatzea proposatu du.


“Eskola txikiak, herri eta auzo txikiak, bizirik gaude, eta hori ospatzeko elkartuko gara”

Herri txikiak bizirik dauden eremuak direla eta bizirik jarraitzeko herriari begiratuko dion eskola gakoa dela aldarrikatuko dute, aurten ere, Gipuzkoako Eskola Txikien Festan. Ekainaren 8an ospatuko dute, igandean, Ezkio-Itsason, landa guneko herri txikiak hezkuntzarako zein... [+]


Ukraina eta Errusia berriz bildu dira Istanbulen, Kievek Moskuren gerra hegazkinei drone bidez eraso egin berritan

Duela bi aste bezala, mila preso inguru trukatzea adostu dute Ukrainak eta Errusiak, eta batak besteari 6.000 soldaduren gorpuak ere itzuliko dizkio. Trukea egiteko, Moskuk hiru eguneko su-etena eskatu du fronteko hainbat eremutan, eta Kievek Putin eta Zelenski aurrez aurre... [+]


2025-06-03 | Mikel Aramendi
ANALISIA | Shangri-La 2025
Elkarrizketa eta harenga nekez etortzen dira bat

Asiako herrialde gehien-gehienak bertan izateak oso izaera eta giro berezia ematen diolako, eta hedabide-estaldura ere halakoa duelako, aparteko sona lortu du hogei urteren buruan IISS-International Institute for Strategic Studies britainiarrak Singapurren antolatzen duen Asia... [+]


Eguneraketa berriak daude