ZAHAR HIL ARTE GAZTE BIZI

  • Duela 100 urte gure inguruko bizi-itxaropenak 40 urteak doi-doi harrapatzen bazituen ere, milurteko berri honen hasieran ia bikoiztu egin da, eta zientziak laster jende gehienak mende bete bizitzea lor dezakeela uste da. Bai, gero eta gehiago bizi gara, baina ez gara horrekin konformatzen, eta orain helburua saihestezineko heriotzari lapurtzen dizkiogun urteak ahalik eta hoberen igarotzea da, gaurko eta biharko nagusien bizitza-kalitatea hobetzea, alegia.

2001eko urtarrilaren 14an
Betirako gaztaroaren elixirra aurkitzen den arte aurreko leloaren lehen zatia betetzeko, mende osoa bizitzea alegia, gakoak ohikoa izaten jarraitzen du: bizitza-kalitate egokia, batez ere dieta osasuntsuan eta bizitzaren ikuspegi positiboan gorpuzten dena.


DIETA OSASUNTSUAREN GARRANTZIA.

1991n Estatu Batuetako Arizonan "Biosfera 2" izeneko proiektuari ekin zioten. Helburua bizitzaren eboluzioa isolamenduan aztertzea zen, eta horretarako zazpi ikertzaile burbuila moduko espazio itxi batean bi urtez bizi izan ziren. Esperimentuaren emaitzetako bat hauxe izan zen, gutxien -baina era berean hoberen- jaten duena gehiago bizi dela.
Gorputzak hainbat bizi-elikagai behar-beharrezkoak ditu (zink, burdina, bitaminak...) eta berauek botika-konplexuen bidez hartu nahi ez baditugu, astronauten antzera, adituek dieta mediterraniarrari edo antzeko bati ekitea aholkatzen dute. Beste modu batera esanda, amerikarren "hanburgesa-eta-patata-frijituak" menuak lehenbizi loditzera eraman gaitzake (Estatu Batuak pertsona lodien portzentajerik handiena duen munduko herrialdea da), eta horrek gure bizitza-kalitatea urratzeaz gain (hainbat gaixotasunen eragile baita) bizitza bera laburtu ohi du. Ez beti, noski, zahartze-prozesuan genetikak eta gurasoengandik jasotako herentziak garrantzi handia duelako, baina bai gehienetan, erretzearen kasuan gertatzen den bezala, erretzaileak bataz beste 12 urte gutxiago bizi ohi baitira.
Gutxi jatea eta ongi jatea, beraz, "zahar-baina-gazte" izan nahi duenarentzat lehen agindua izan beharko litzateke. Helburua erregimen gogorrik egin gabe (beharrezko ditugun zenbait elikagaien falta izan dezakegulako) gure pisu ideialaren inguruan ibiltzea denez, hasteko elikagai arriskutsuak saihestu behar dira (koipea, azukreak, aurrezprestatuak...) eta horien ordez fruta eta barazkiekin ahalik eta gehien elikatu. Azken finean, elikaduraren inguruan urrezko legea gosea aseta denean jateari uztea litzateke. Edariei dagokienez, berriz, ezinbesteko uraz gain, egunean bat edo bi basokada ardoren onuran gero eta ahobakartasun handiagoa dago, pasatu gabe jakina.

Kirola eta eguzkia, zaharren bi lagun zahar. Jadanik nagusi direnentzako ohitura osasuntsu bat erregularki kirola egitea da, gihar eta hezurren aurretiazko zahartzea eta hauskortasuna saihesten dituelako. Honez gain, bihotza, birikak eta kirio-sistema ere gazte mantentzen ditu. Badira edozein adinez praktika daitezkeen kirolak, hala nola, egunean ordubetez ibili, gimnasia praktikatu edota yogan aritzea, edozein garaitan aproposa den eta benetan gaztetzen duen sexua praktikatzeaz gain, noski. Gimnasia eta yoga, gainera, gorputza indartsu mantentzeaz gain (malgutasuna, mugimenduen koordinaketa eta gorputz-atalen egoeran eragina dute) erlaxamendurako, arnasa ongi hartzen ikasteko eta adimenak egoera onean jarraitzeko oso egokiak dira. Nahi bada, medikuarekin kontsultatuz eta zuhurtasunez, bestelako kirolei ere ekin dakieke, baina argi edukiz helburua ez dela izerdi patsetan bukatzea, gorputza etengabeko mugimenduan izatea baizik. Denok dakigu hobeto funtzionatzen duela egunero erabiltzen den kotxearen motorrak, denbora luzez geldirik izan denak baino, eta gizakiengan antzera gertatzen da.
Baina ez da gorputza kirola egin behar duen bakarra guregan, adina ez baita bakarrik gure itxuran bizi. Hori bezain garrantzitsua da burmuina gazte mantentzea eta horretarako hau ere lanean jarri behar da. Prentsa ala liburuak irakurri, gurutzegramak egin, xakean ala beste mahai-joko batean aritu, musika entzun, solasaldietan parte hartu... buruaren zirkuitu guztiak erabateko funtzionamenduan iraunarazten duten denbora-pasa egokiak dira. Ez ahaztu jakiteko eta egunean egoteko jakingura gaztetasun eta bizipozaren seinale dela.
Eguzkia ere bitamina eta energia positiboen iturri garrantzitsua izan da betidanik, eta aurrekoarekin oso loturik dago, denok dugulako eguraldi onez kirolari ekiteko erraztasun handiagoa, baina era berean ezin da berarekin larregi jolastu, azalaren aurretiazko zahartzearen eragilerik garrantzitsuena delako.

Atsedena gauez, baina BAITA egunez ERE. Eguna hainbat gauza egiteko aprobetxatu behar da, baina gaua iristen denean gorputzak atsedena eskatzen du, eta edozein adin izanik jaramon egin behar zaio. Ongi eta nahikoa lo egitea ezinbestekoa da osasunarentzat. Ordu horietan kirio-sistemak bere funtzionamendua moteltzen du eta berau indarberritzen du. Gutxi lo egiteak bizitza-kalitateari kalte egiten dio, bai psikologikoki (arreta eta kontzentrazio gabezia, energia falta, haserrealdiak...) zein aurpegi eta azalean, eta honek guztiak azkenean osasunean izaten du isla.
Baina ez dago zertan loa bakarrik gauerako utzi behar. Gaur egungo langileek jasan behar izaten duten eta bizitza-kalitatea murrizten dien gaitzik zabalduenetako bat lan-estresa da, hots, lehiakortasun etengabeak, presak eta tentsioak sortutako gaixotasun psikikoa, jende gehienak "erreta" egotearekin lotzen duena. Tira, bada adituek honen aurka aholkatzen duten soluzioetako bat egunero ordubeteko siestatxo bat egitea da, hain zuzen ere tentsio horretatik deskonektatzeko. Horrez gain, lanean ordu bakoitzeko hiru bat minutuko etenaldi txikiak egin, kafe larregirik ez hartu eta noizbehinka begiak itxi eta pentsamendu atsegin batean kontzentratzea gero eta larriagoa den arazo honi aurre egiteko beste teknika interesgarri batzuk izan daitezke.


AZTERKETAK ETXEAN EDOTA EGOITZAN.

Aldiroko osasun-azterketen gaia ere ez da baztertzeko modukoa, ez horixe. Adituen iritziz, hauek beharrezkoak dira gure bizitza luzatu nahi izanez gero, tumoreak beraien hasieran eta oraindik osatzeko garaian antzemateko era bakarra suposatzen dutelako. Horrela, medikuek bizpahiru urtero azterketa orokorra eta analisiak egitea aholkatzen dute, urtero 45 urte betetzetik aurrera. Honez gain, emakumeen kasuan, azterketa ginekologikoak urtero burutu beharko lirateke, balizko obulutegi, umetoki edota bularrezko minbizirik antzemateko. Bularren autoazterketaz, berriz, aholkua 25 urtetik gora egiten hastea da, eta 35 urtetik gorako emakumeengan, berriz, hilean behin burutzea.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi sendi askotan "gai tabua" dena: nagusientzako egoitza. Jadanik zahartu den lagun batentzat bere betiko etxea utzi eta bera bezalako pertsonekin bizitzera joateaz pentsatzea bakarrik oso gai zaila izaten da. Beti izaten da hainbat aukeren artean azkena, ezatsegina eta segurtasun eza sortarazten duena. Nagusi gehienek nahi dutena zahartzaroa beren seme-alaba eta biloben artean igarotzea da, eta posible izanez gero hauxe litzateke soluziorik onena, baina, tamalez, gaur egungo gizarteak gero eta leku txikiagoa uzten die hiru belaunalditako sendi zabalei eta, ondorioz, gero eta gehiago dira azkenean bakarrik bizitzera ohitu behar duten zaharrak.
Egoitza hauek tarteko soluzio gisa sortu ziren, eta eskaintza zabalegia ez den arren (gehienek itxaroteko zerrenda dute) hainbat kasutan soluziorik egokiena dira. Gero eta gehiago, egoitza hauen helburua zera da, nagusiak etxean aurki ditzakeen giro eta bizitza-baldintzak erreproduzitzea, eta askotan pertsona hau egoitza batean etxean baino lasaiago, ziurrago, hobeto zaindurik eta lagunek inguraturik egongo da.


GAZTE SENTITU, GAZTE BIZI.

Zahartzearen prozesua izaki bizidun guztietan gertatzen den gauza naturala eta beharrezkoa da, bestela bizitzaren eboluzioak bere funtsa galduko bailuke. Zientziak eta medikuntzak moteldu egin dezakete, baina ez gelditu, bizitzaren oinarrien aurka litzatekeelako. Zahartzarorik ez badago gaztarorik ere ez, eta heriotzarik ezean bizitzak bere esanahi osoa galduko luke. Gure gizarte hau, dena den, betidanik saihestezina onartu ezinean mugitu da, eta, ondorioz, zerbaitek (adinaren gaixotasunen bat, seme-alaben joanaldia, lagunen heriotza...) urteak aurrera azkar doazela erakusten digunean erreakzioa krisi psikologikoa izan ohi da, naturala dena tragedia bihurtuz.
Bizitzak garai ezberdinak ditu eta denek dauzkate puntu on eta txarrak, denetara egokitu behar dugu. Pertsona nagusi baten kasuan jarriz, seme-alabak nagusi badira, geuregan pentsatzen has gaitezkeela esan nahi du. Gazte gineneko kirolekin jarraitu ezin badugu beste batzuk aurkituko ditugu. Bidaiatzea gustatzen bazaigu oraintxe dugu denbora gehiago eta erantzukizun gutxiago. Azken finean, zahartzaro luze eta zoriontsuaren gakoa bizitzak eskaintzen digunaren irakurketa positiboan datza.
Egun 60 eta 80 urte artean dituzten nagusiek oraingoak baino gaztaro zailagoak bizi izan dituzte, sakrifizio handiei aurre egin behar izan diete eta behingoz bizitzaz gozatzeko garaia heldu zaie.

Zahartzaroari positiboki aurre egin. Pertsona bat zahartzen ari dela eta bere bizitzaren zatirik handiena joana dela konturatzen denean ez dio zertan geratzen zaion bizitza zatiari etsipenez begiratu behar. Horretarako, hau da, bere zahartzaroa hobea izan dadin, alderdi psikologikoa funtsezkoa da, eta beraz, ondorengo aholkuak oso lagungarriak izango zaizkio.
Ezer baino lehen pentsamendu negatiboei egin behar zaie aurre, malenkonia eta une goibelei gure positibotasun osoa gainjarriz, eta zalantza zein beldurren aurrean arriskatu. Antzerako adineko jendearekin ez ezik, belaunaldien arteko kontaktuak oso onuragarriak dira, eta -isolamenduan erori baino- bilatu behar dena gizartean are gehiago integratzea da. Aisialdirako ekintza askok ez dute adinik ezagutzen eta jende oso ezberdina ezagutzeko aukera ematen dute, gazte zein nagusia. Mesprezatu gabe, psikologikoki edozertarako prest egon behar da, dela haurren futbol-talde baten entrenatzaile bihurtu edo aerobic-klasetan izena eman: gogoa ireki eta aurrera.
Bidaiak egitea zahartzaroan une goxo ugari bizitzeko eta gogoratzeko beste modu polit bat da. Prestaketekin urduri jarri baino, jende, leku eta ohitura berriak ezagutzean zentratzea, aurreiritziak etxean uztea (janari exotikoekin kasu) eta jendearenganako mesfidantzei uko egiteak bidaia hauetaz gozatzen lagunduko dute.
Beste alde batetik, pertsonak nagusitzean norbere izaeraren ohitura txarrak areagotu egiten dira, eta bizitzaz gozatzeko kalte egin dezakete; beraz, eskuzabaltasuna norberagandik hasten dela kontuan harturik, oso komenigarria da besteei entzuten jakitea eta gehiago hitz egitea, garrantzirik gabeko eztabaidak alde batera utziz.
Nagusi izateaz gozatzeko beste eragileetako bat gure zentzuak (ikusmena, entzumena...) egoera onean mantentzea da, hauexek baitira kanpoko errealitatearekiko zabalik ditugun ate eta leihoak. Betaurrekoek, entzuteko aparailuek eta bestelakoek leiho horiek zabalik manten daitezen laguntzen dute, eta honek bere aldetik pertsona nagusia hainbat gauza egiteko gai sentitzea eta "ezindu-sindromea" ezabatzea dakar. Fisikoki eta psikologikoki gai sentitzeak lanpetuta egotera ekartzen du, eta honek, bizitzaren aurrean jarrera positiboa izatearekin batera, existentziari zentzua ematen lagunduko dio, hau da, zahar izan baina gazte sentitzeari.

ZIMURDURARIK GABEKO GAZTAROA
Argi dago jendeak gero eta garrantzi handiagoa ematen diola norbere itxura eta estetikari. Jakina da, baita ere, urteen igarotzea inon baino lehenago ispiluaren aurrean nabaritzen dela. Zimurdurak, "oilar-hankak", begi-poltsak, zelulitisa... denborak aurrera egin ahala agertzen doazen eta gero eta sakonagoak diren arazo estetikoak dira; arazo, gero eta gizon-emakume gutxiago daudelako beraiekin bizitzeko prest, inposatzen ari den joera orokorra saihestezineko zahartzaro hori disimulatzea delako.
Azpeitiko Ione eta Maikar estetika-zentroko arduradunak, adibidez, gure nagusiak gero eta irtirinagoak direla azaltzen digu: "Gero eta jende nagusi gehiago hurbiltzen da; gure kasuan batez ere emakumeak, aurpegiko bizarrak kentzera; kontuan izan -denborak aurrera egin ahala eta bista txartoago- eurek etxean egiteko zailtasunak dituztela; bestela, zimurdurak kentzera eta bestelako tratamenduak jasotzera ere etorri ohi dira, baina arazo nagusia bizarrena da".
Bizarrekin gertatzen den bezala, badira -zaharra izan gabe ere- ezkutatu beharreko beste hainbat arazo txikiago eta handiago, eta azkenaldian gero eta erreparo gutxiago jartzen zaio kirurgia estetikoaren eskuetan jartzeari. Gehiago gertatzen da emakumeen kasuan, ohitura edo kultura arrazoiengatik-edo, baina gizonak ere hasi dira berau erabiltzen. Lehenbizikoek batez ere aurpegiko zimurdurak ezabatzea eskatzen dute, liftinga (aurpegiko azala lisatzea) eta bestelako teknikak erabiliz, baina baita begiko poltsak, "oilar-hankak" edota zelulitisa ezabatzea. Gizonen arazo nagusiek, berriz, sabelaren bolumenarekin, burusoiltasunarekin edota aipatutako begiko poltsekin zerikusia dute.
Hauek arazo guztiei aurre egiteko lehen ebakuntza txikiak egin ohi ziren, eta oraindik azala lisatzea edota gehieneko koipea ezabatzea (liposukzioa) eskatzen duten arazoetan horrela izaten jarraitzen du, ebakiak askoz txikiagoak diren arren, baina gaur egun laserraren erabilera arrunta bihurtu da, eta teknika batzuk eta besteak nahastuz emaitzak fidagarriagoak suertatu ohi dira.

ATZO 40 URTEREKIN ZAHAR, GAUR 80 URTEREKIN GAZTE
Goi Paleolitikoan (duela 35.000 urte), gaur egungo gizakiaren arbasoak 20 urte baino gutxiago bizi ziren; erromatar inperioaren garaian ere, bizitza-itxaropenak bere horretan jarraitzen zuen, 25 urte inguruan (Grezia klasikoan, salbuespen gisa, gaur egungo adinak arruntagoak ziren), eta beste hogei mende behar izan ditugu (XIX. mendearen amaiera arte) estatistika hau 40-50 urteak arte igotzeko. Beraz, bizitza luzatzearen prozesu honen iraultza bukatu berri den XX. mendean bizi izan dugula esan dezakegu, hau da, azken 100 urtetan aurreko 37.000tan lortutakoa bikoiztea lortu dugula, gaur egun ezagutzen ditugun eta lehenago ezinezkoak ziruditen 80 urteak harrapatu arte. Eta estatistikak goranzko bidean jarraitzen du.
Eustat-en datuen arabera, 2010ean Euskal Autonomia Erkidegoko gizonak batez beste 76,4 urte biziko dira (2000. urtean 75,1), eta emakumeak, berriz, 85,3 urte (83,6 orain). Gure inguruko herrialdeekin konparatuz, bertoko gizonak bizi direna Europako Batasuneko batez bestearekin oso parekatuta dagoela esan genezake (74 urte inguru), portugaldarren 71 eta suediarren 76en artean. Baina emakumeen kasua argiagoa da, Europa osoan gehien bizi direnak baitira, bigarren postuan dauden frantziarrak baino zertxobait gehiago eta danimarkarrak (77) baino dozena erdi urte gehiago.
Bitxikeria bezala, eta "Guinness" liburuak erakusten digunaren arabera, gizaki batek bizi izan duen eta ziurtaturik geratu den denborarik luzeena 122 urte eta 164 egun izan dira, Jean Louise Calment (1875-1997) emakume frantziarraren kasuan. Emakume bitxi honek 13 urterekin Vincent Van Gogh pertsonalki ezagutu eta 14rekin Eiffel dorrea eraikitzen ikusi zuen, mendea bete arte bizikletan ibiltzen zen eta 113 urterekin "Vincent eta biok" filmean parte hartu zuen, historiako aktorerik zaharrena bihurtuz. Ah, eta erretzeari 120 urterekin utzi zion.

ENRIKE ARRIOLA: "GURE NAGUSIAK INOIZ BAIN GEHIAGO ETA HOBETO BIZI DIRA"
Donostiako Matia Fundazioan mediku eta geriatra, Arriola doktorea Erein argitaletxeak plazaratu berri duen "La Edad de la Vida: Hacia un envejecimiento saludable y competente" liburuaren zuzendari eta koordinatzailea da. Lan honetan hainbat arlotako 25etik gora profesional eta adituk hartu dute parte, eta emaitza pertsona nagusiei zuzendutako gidaliburu praktiko, sakon (alderdi espirituala, legala eta abar jorratzen ditu) eta irakurterraza da.

Zein adinekin kontsideratzen da pertsona bat zaharra?
Zaharra nor den eta zahartzaroa zer den definitzen saiatzen garenean hurrengo ondoriora heltzen gara: zaharra ez da, pentsatzen den moduan, dagoeneko adin batera heldu dena, adina pertsona horren ezaugarrietan datu bat gehiago besterik ez delako; beraz, adinak bakarrik ez digu bere bizimoduaz eta izaeraz ezer esaten, 60 urte dituen batek 80 dituela eman dezakeelako, eta alderantziz. Nagusien gizataldea oso talde heterogeneoa da, eta ondorioz, "zaharra" generikoki definitzea oso zaila da.

Nola egiten diote aurre gure nagusiek zahartzaroari?
Lehenbizi etsipenez; 40 eta 60 urte artean denbora aurrera doala konturatzen goaz, eta azkenean, 70 urtetik aurrera, jarrera lasaia nagusitu ohi da, heriotza gertu ikusten baita; zure ingurukoen heriotzak bizitzen zoaz eta zure azkenak ez du larregi beldurtzen.

Gero eta jende nagusi gehiago izateak zer nolako eragina izan du medikuntzan, geriatrian eta abar?
Medikuntza dezente aldatu da. Nik karrera amaitu nuenean, duela 22 urte, pertsonak behin jubilatu ostean laster hiltzen ziren, handik 2-4 urtetara; gaur egun, ostera, jubilatuek 15 urte erraz bizi izaten dituzte. Gaixotasun gehienak 15 urte horietan pilatzen dira, eta, datu bat ematearren, Gipuzkoako nagusiak populazioaren %18 badira ere, ospitaleratuen erdia eta osasun aurrekontuaren %70 suposatzen dute. Prozesu honek geriatren heziketan aldaketa handiak ekarri ditu, baina baita, esate baterako, kontsumoaren arloan, gaur egun nagusiek lehen existitzen ez zen merkatu zabala suposatzen dutelako.

Beraz, nola bizi dira orokorrean gure nagusiak eta nolakoa izango litzateke, zure iritziz, zahartzaro ideiala?
Ekonomikoki, dituzten pentsioak hobe badaitezke ere, bizitza-maila eta aukeren aldetik inoiz baino hobeto daude, nahiz eta oraindik egoera oso ona izan ez eta asko hobetu behar den. Beste alde batetik, zahartzaro atseginari buruzko definizio aproposa hurrengoa izan daiteke, Joaquin Calvo Sotelo akademikoak eskainitakoa: "Burua argi, gorputza oinazerik gabe, bihotza pozik, zenbaki beltzak kontu korrontean eta gorriak odolean, seme-alabak, bilobak eta lagunak, betebehar atsegina eta gauean liburu bat eta emakume (ala gizon) baten muxua izatea".


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-29 | ARGIA
Aldatu Gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan

Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala... [+]


Pedro Sánchezek karguan jarraituko du

"Joko garbia" eskatu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta "hausnartzeko" deia egin: "Munduari erakutsiko diogu nola defendatzen den demokrazia". Ulertzera eman du "indartsuago" itzuliko dela.


2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Hezkuntza komunitateak protestara deitu du Palestinako haur eta nerabeen alde

Gasteizko dozena bat ikastetxe eta institutuk pasa den astean egin zuten publiko komunikatua, eta astelehen honetan Bilboko beste hogei eskola batu zaizkie, publiko zein Ikastola. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere tartean daude. Sinadura bilketa abiatu dute.


Eguneraketa berriak daude