Batazbestekoarenean" bizi da, bai, jende asko eta asko. Gehiena. Bestela ez litzateke "batazbestekoarena" izango. Etxe handia da "batazbestekoarena", erosoa, nahikoa logela eta komun asko dituena. Lege bat da nagusi etxe hortan: soldadutzarako ematen zuten aholku hura segi behar da. Alegia, inoiz ez inon ez da nabarmendu behar. Ez txarrerako eta ez onerako. Etxe handia da, erosoa, ikusmirak ditu ordea, nire gusturako pattalak, urriak.
Azken egunotan bapo jasan dut "batazbestekoarenean" bizi direnen erasoa. Ez da bortitza izan, baina bai izugarri atorrante eta ernegagarria. Asko erretzen omen dut, gehiegi; kirola asko egiten omen dut, gehiegi; asko argaldu omen naiz, gehiegi; lan asko egiten omen dut, gehiegi... Batazbestekoarenean bizi denaren ezaugarri bat da hori: konstatazio baten ondoren balorazioa botako dizute, biak maila berean, biak natural, hain zuzen ere, batazbestekoan bizitzera ohitua dagoenak ezbaia arrotz baitu eta epaia berezko.
Modekin doa gainera, batazbestekoaren etxeko apainduria. Orain hogeitaka urte erretzea ondo ikusten zuten, eta kirola egitea txoroen kontua zen, zeregin hoberik ez zeukatenena. Gero, kirola egitea zen sanoa eta erretzea infernuko su gorria baino kaltegarriagoa. Eta lana... lehen zenbat eta gehiago hobe. Orain... Norbanakoak iritzia aldatzen duen bezala, batazbestekoanekoek joera aldatzen dute. Eta joera aldatzea beti da txukunagoa iritzia aldatzea baino. Joera aldatzeaz gain, batazbestekoarenetik lasai asko botatzen dute "gehiegi" edo "gutxiegi"ren juzkua. Neurriaren jabe ere badira nonbait.
Huskeriak dira ordea, arestikoak. Adibide txatxu, hutsalak. Politikan gertatzen dena argigarriagoa da agian. Batazbestekoarenekoak "hitz"ean hartu dute babes, "elkarrizketa"n. Eta bai batean bai bestean ados egon arren, sumatzen dut, askotan hitza eta elkarrizketaren aldarriak ez direla ongi geratzeko moduak baizik. Komenientzira ulertzen dira hitza eta elkarrizketa. Eta komenientzira uler daitezkeenez, denentzat balio dute, batipat batazbestekoarenean habia eginda bapo bizi direnentzat.
Gabon-jaien boladan, etxean sentitzen dira batazbestekoanekoak. Hain gara onberak guzti guztiok! Musu, besarkada, "eguberri zoriontsu" eta "urteberri on", batazbestekoaren urte-sasoirik maitatuenean gaude. Gainerakook jasan egin behar izaten ditugu jaiak. Baina ez oldartu gabe. Gehiegikeriarik egiten, esaten, pentsatzen... ez duen jende-multzo handi horrek, zertan ematen du denbora? Ze piper du bizitzak batazbestekoarenean bizita? Ez dut sekula hainbeste ulertzeko gaitasunik izan.