KANTITATEA ETA KALITATEA

  • Plangintza bakoitzaren nondik norakoak ezagutu ostean, ikastetxe eta zonalde desberdinetara hurbildu gara teoriatik praktikara jauzi eginez. Egoera oso bestelakoa baita Bilbo Handian, Urola Kostan edo Lapurdin. Erabilera portzentajeak gora egitea da batzuen lehentasuna, kalitatea guztiena.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Euria gogotik ari du eta lasterka sartu gara Basauriko Arizko Ikastolan. Pasiloetan emakume bat topatu eta idazkaritza non den galdetu diogu. Ez duela ulertzen erantzun digu gazteleraz eta ez da harritzekoa; Basaurin %94 inguru erdalduna da. Haurra gelan utzi berri duen ama hau ere bai. 31 urte bete ditu ikastolak, 93an publifikatu zen eta 10 urte badira "Euskaraz Bizi" proiektua abian jarri zutela. Hizkuntz Normalkuntza Proiektuaren barruan ere badaude eta berriki "Euskaraz Mintza" aplikatzen hasi dira jangela orduetan.
Euskolaurrea eta Lehen Hezkuntzan 494 haur biltzen ditu Arizkok. Haurrek gelan euskara maila ona lortzen omen zuten baina atea gurutzatu bezain pronto, erdaraz jarduten zuten. Alde batetik tutoreek hainbat kanpaina jarri dute abian ikastetxe barruan, eskolaz kanpoko jardueretako monitore euskaldunak lortu dituzte, jangelako langile guztiak ere euskaldunak dira gaur, lehen ez bezala; gurasoekin motibazio kanpainak eraman dira aurrera, Jolas-Parkeak eta Olinpidiak ere antolatu dira... "Gure ekintza eremua zabaltzen joan da" dio Arizkon plangintza honetaz arduratzen den Ixabel Asuak.
Jolas orduetan erabilera datuak biltzen jardun dute eta gustura eskaini dizkigute emaitza positiboak. Lehen eta bigarren mailan %78ak egiten du euskaraz, hirugarrenean %71k eta laugarrenean %64ak. Handik gora portzentajeek nabarmen egiten dute behera, bosgarren eta seigarren mailan, hurrenez hurren, soilik %16 eta %50ak egiten baitu euskaraz. Asuaren esanetan "hor ikusten da gazteenen artean motibazioa lortzea askoz errazagoa dela. Nerabezarora hurbiltzen diren neurrian erdararako joera gero eta handiagoa da eta zailagoa da eurak motibatzea. Erakargarri egingo zaien zeozer asmatu behar da".
Kalitatearekin ere arduratzen dira eta badakite euren ikasleek gela barruko hizkuntza menperatzen badute ere, gabezia nagusiak hizkuntza erregistro informaletan dauzkatela. Horregatik "ahaleginak gero eta gehiago hizkuntz funtzional bat lor dezaten egiten ditugu". Goizeko hamaikak dira eta txikien jolas ordua amaitu da. Eguraldi kaxkarra dela eta asko barruan geratu da. Orain 10 eta 11 urtekoen txanda da. Batzuk gazteleraz ari dira, baina euskara ere entzuten da. Bihar Euskal Herriko beste erpinera joan behar dugu, Iparraldera, eta gaurkoz gureak egin ditugu Basaurin. Udaltzainari autopistara nola joan behar dugun galdetu diogu. Honek ere ez daki euskaraz.


Kanboko eskola eta Seaska.

Lapurdiko Kanbon gaude gaurkoan, bertako eskola publikoak Hegoaldeko eskola publikoekin batera baitihardu "Euskaraz Mintza" plangintzan. Kanboko eskola aitzindari da Ipar Euskal Herrian plangintza honetan. Egun, hamabost eskola ari dira proiektuan. Kanboko eskolako ikasleak sare elebidunean murgilduta daude. Bi multzotan ari dira 6 urtetik 10 urtera bitartean. Sei eta zazpi urteko 32 ikaslek eta zortzi, bederatzi eta hamar urteko beste 10 ikaslek lantzen dute "Euskara Mintza" proiektua.
Euskaraz, matematika, zientziak, arte plastikoa eta gorputz heziketa ikasten dute, eskola-ordutegiaren erdia. Ikasle hauek gutxitan darabilte euskara eskolatik landa. Kanbo herri arras erdalduna da gaur egun. Zenbait etxe eta familitan baino ez da erabiltzen. Pantxo Mitxelena eta Maritxu Xarriton irakasleek euskara indartu aldera bi ekitaldi burutzen dituzte astean. Eguraldiaren arabera kanpoan edota barnean lantzen dituzte euskaraz trebatzeko aktibitateak: "Gorputz heziketaren bidez hizkuntza lantzen dugu. Horretarako hemengo joko zaharrak
-berezko eta bertako jokoak- berreskuratu ditugu eta haietan erabiltzen ziren hizkuntza lantzen dugu ikasleekin batera. Sokaz eta gomaz jarduten dugu, eta dantza eta kantua landu ere bai. Testu eta espresio laburrak baita ere", adierazi digu Pantxo irakasleak.
Seaska federazioan biltzen diren ikastolek aldiz "Euskaraz bizi" proiektua, Euskal Herriko Konfederakundeak lantzen duen proiektu bera lantzen dute.
Iparraldeko ikastolak euskarari buruzko diagnostiko bat burutzen ari dira uneon. Emaitzak ezagutu ostean Hegoaldean garatzen ari den hizkuntza planarekin lotuko direlarik. Seaskako pedagogiarako Alazne Petuya aholkulariak koordinatzen ditu tokian tokiko ikastoletan garatzen den proiektua: "Euskara ikastolako eremu bakoitzean zertan den ezagutu nahi dugu. Geletan, jolasgaraian, jantokian, bulegoko partaide nahiz gurasoen artean. Ikasleek darabiltzaten euskara idatzia eta ahozkoa ezagutzea ere funtsezkoa zaigu eremu bakoitzean dauden beharren araberako plangintza bat abian jartzeko".
Anartean, ekintza eta ekimen ezberdinak lantzen dituzte Seaskako ikasleek. Ikastola bakoitza mundu bat da. Hiri, herri, kosta aldea edo mendi aldeko eremuen araberakoak. Alta, hiri eremu batetik bestera alderik ere egon badago jakina. Baiona eta Hendaiako gizarteak ez dira gauza bera ere. Baserria bizirik dagoen eremuetan, gutxiengo bat izanagatik, euskara babestuago dago, bistan da.

Urola Kosta. Bagenekien gure biratxo honen hirugarren eta azken geldialdian oso bestelako egoera topatuko genuela. Batek baino gehiagok pentsatuko du zonalde horretako euskaldunen kopuru handiak ikusita (%75 ingurukoa da batez bestekoa) egiteko handirik ez dagoela eskoletako hizkuntz erabileran. Urola bailaran dago Euskal Herriko herririk euskaldunena (Azpeitia, %88,3) eta kostako herri batzuetan (Zumaia edo Deban kasu) kopuruek zertxobait behera egiten badute ere, eskualdea hizkuntzaren birika dela esan genezake. Bada duela lau urte Jaurlaritzaren Hizkuntz Normalkuntza Proiektua abian jarri eta egun 20 ikastetxetan lantzen da gaia. Miren Etxeberria Urola-Kostako Hizkuntz Normalkuntza Teknikaria da. Berak azaldu digunez herri horietako eskoletan euskaraz egiten da. "Pentsa, guraso batzuek seme-alabek erdaraz gaizki egiten dutelako kezkatzen dira" (kezka hauek ikasleak gaztelerarekin zailtasunik ez duela ikustean berehala desagertzen diren arren). Adinean aurrera joan ahala ere gazteek ez omen dute euskara baztertzen. Hortaz "hizkuntz kalitatea hobetzea da gure helburu nagusia" Miren Etxeberriak esan digunez.
Horretarako ez dute haurrekin soilik lanean jardun; guraso eta irakasleekin ere aritzen dira. Ikasleen artean irratigintza edo aldizkariak bezalako elementuak antolatu dituzte. Irakasleei, aldiz, formazio saioak eskaini zaizkie. Gurasoei dagokienez, ikastetxeetako zuzendaritza taldeetatik helarazten zaizkien idatzi guztiak errebisatu eta egokitu dituzte, guraso askoren alfabetatzean lagungarri izan daitezen hizkuntza egokia erabiliz. Guztiekin motibazioa lantzeari ere garrantzi handia ematen zaio.
Euskal Herriko beste eskualde askorekiko euren egoera "pribilegiatua" dela badakite eta, horregatik, eredu bezala jokatu behar dutela ere bai. Kantitatea dagoen tokietan, kalitatean zer hobetua badagoelako.

ESKOLA MUTUEN ERRESUMA
Aje asko ditu eskolak, baina, aje horietan bakar bat aipatu behar banu, ahozko komunikazioari dagokiona aipatuko nuke beste ezein baino lehen.
Ez, noski, apeta hutsez, eskolaren egiteko nagusiari dagokion kontua baita, izan ere, ahoz komunikatzeko gaitasunarena. Bizitzaren eta jakintzaren alor guzti-guztietatik ari zaizkigu adituak honako mezu hau errepikatzen: (jendaurrean) tajuz hitz egiten ez dakienak jai du Informazioaren Gizarte honetan. Marketingean, hedabide berrietan, enpresetan, kazetaritzan eta gainerako esparru gehienetan, gero eta garrantzitsuagoa da ganoraz hitz egiten jakitea.
Hori jakinik, behin eta berriz entzunik, gaztetxoak mututasunean hezitzen ditugu guk, hasi lehen hezkuntzatik eta unibertsitateko azken urteak arte. Komunikazioaren itsasoan igerian egiten jakitea hil edo bizikoa dela aitortu, eta metajardunaren lehorrean irakatsi nahi diegu igeri egiten.
Mundu zabaleko gaitza da hori, ez da gurea bakarrik. Gurean, ordea, are larriagoa da, batez ere etxea eta kalea erdaldun diren parajeetan. Belaunaldi oso batek, bere hizkuntza nortasuna ukatuz, euskararen aukera egin du Euskal Herriko eskualde asko eta askotan. Euskarazko eskolak sortu ere sortu dira paraje horietan. Etxeak eta kaleak ez dezakeena eskaini beharrean, ordea, hizkuntza normalduen akatsak kopiatuz dihardute eskolotako hamarretik bederatzik, euskarari dagokionez: paradigmak ardatz harturik, hizkuntzaren egitekorik behinenaz ahazturik.
Komunikazioa baita hizkuntzaren egiteko behinena, bakarra dela ez esatearren. Nork bere poz-nekeak eta euforia-etsipenak hitzaren bidez gainditu eta besteengan eragiteko gaitasuna da komunikatzeko gaitasuna. Hori da hizkuntzaren egiteko nagusia, eta egiteko horren zerbitzura jarri behar lituzke eskolak gainerako kontuak oro. Izan ere, gainerako kontu horiek guztiak (paradigmak, metajarduna, arauak...) alferrikako ez ezik kaltegarri baitira.
Alferrikako, gramatika eta enparauok hiztunon gaitasun horri buruzko hausnarketa baino ez direlako. Gaitasun hori ez duenak, ordea, zeren gainetan eraiki behar du bere hausnarketa? Hutsaren gainean, jakina. Sinetsi egingo ditu, ikasiko ditu buruz, baina ez du inoiz jakingo zer eta zertarako balio duten sinetsi eta buruz ikasi dituen kontu horiek guztiek.
Eta, hala, zer eta zertarako diren ez dakien gauzok sinetsi eta ikastera beharturik, higuingarri egingo zaio hizkuntza bera, eta erdarara joko du, arnasa bila.
Konponbidea? Utzi metajarduna, utzi aurre-iritziak, utzi normaltasun-konplexuak, eta jar dezagun eskola hankaz gora: bihur dezagun eskola egoera komunikatiboak sortzeko leku.
Mila bide dagoke horretarako: bertsoa, irratia, antzerkia, literatura... edo bide guztiak batera. Eman diezaiogun hitza ikasleari; ikus dezala euskarak, gainerako hizkuntzak bezala, bere bizitza hobetu eta edertzeko tresna dela, ezein bideo-joko baino jolas libertigarriagoak egin daitezkeela hizkuntzarekin.
Hala egiten badugu, ikasleak berak eskatuko dizkigu tresna teorikoak, eta azalduko dira, adierazi nahi dena adierazteko ezinbesteko diren neurrian, gramatikak eta kalamatikak. Egunero-egunero komunikazioa landuz ikastaro bat eman, eta "zintzaizkiokete" agertu ez baldin bada, berriz, seinale txarra izango da, noski, baina adizki malapartatu horrentzat.
"Zintzaizkiokete" bezain alferrikako kontuetan tematuta gabiltza eskolan. Igerian irakatsi ordez, flotadoreei buruzko masterra eskaintzen diegu ikasleei. Bide seguruagorik ez dago porroterako, baina eroso gabiltza, antza, porrot-bidean.
Agindua aski ez bada, egin diezaiogun elkarri bultz, uretan sartu ezean ezinezkoa baita igerian ikastea.


Azkenak
Fermin Leizaolaren mundu interesgarriak

Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.  

Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]


Lurra eta konpromisoa ardatz, Bizkaiko hamar emakume baserritarren historia kaleratu dute

Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.


2025-06-27 | Hala Bedi
Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote uztailaren lehenetik aurrera

Zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera bota eta "irtenbide bat bilatzeko negoziaketak hasteko helburuz", Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote.


LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bezperan, “sexu askapena eta harrotasuna” aldarrikatu ditu EHGAMek

Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua". 


EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


'Missa Solemnis'
Bihotzetik zeruraino

Beethovenen 'Missa Solemnis'

  • Taldeak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (zuzendaria: Nuno Coelho), Bilbao Koral Elkartea (Enrique Azurza) eta Iruñeko Orfeoia (Igor Ijurra).
  • Bakarlariak: Mira Alkhovik (sopranoa), Nerea Berraondo (mezzoa), Michael Porter (tenorea)... [+]

Baztango Udalak “euskal errepublikaren parte” dela erabaki du

Aurrez, Plentziak, Alkizak eta Gernikak euskal errepublikaren parte izatea erabaki zuten. Baztanekin, dagoeneko Euskal Herriko lau herriek hartu dute erabakia.


'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]


Adin txikikoak dituzten Gasteizko bi familia kale egoeran geratzeko arriskuan daude

Duela urtebetetik duen aldi baterako harrera proiektua eten diote familia bati, eta bestea joan den astean etxegabetu zuten, inolako jakinarazpenik jaso gabe. Auzoan Bizi etxebizitza sareak agerraldia egin du ostegunean Txagoko Komunitate Sarearekin eta Federico Baraibar... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


Frantziako Estatuak EEPn 100.000 euro gehiago inbertituko ditu, baina helburuetatik urrun

Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak inbertsio handitze guztiak berri onak direla adierazi zuen iaz. Hala ere, erakunde bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago ipintzea "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen, helburua 2050ean hiztun kopurua... [+]


Ed Rojas
“Trans legea onartu dute, baina zer gertatzen da identitate ez-bitarrekin?”

Tramite burokratikoetan murgilduta dago Ed Rojas. Kolonbian jaio eta bizi, 2022an Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen EHUn. Baina titulua amaitu eta hiru urtera, ez du lortu bere izenean jasotzea. Arrazoia? 2022an ez-bitar markagailua jarri zuen bere... [+]


Azken hamar urteetan %21 jaitsi dira iktus kasuak Nafarroan

2009tik 2023ra izandako iktus intzidentziak jaso ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Iktusa izan duten nafarren %84k arrisku faktoreren bat zuen.


Espainiako Kongresuak gobernuari eskatu dio 78ko sanferminetako gertakariak “argitzeko” eta biktimei “aitortza” egiteko

1978ko sanferminetan gertatutako Poliziaren kargak argitzea, horiei buruzko dokumentuak desklasifikatzea eta gertakarietan hildako German Rodriguez biktima gisa aitortzea eskatzen diote Espainiako Gobernuari Kongresuak onarturiko dokumentuaren bidez.


2025-06-27 | Elhuyar
Adimen naturala

Adimen artifizialak adimenari berari buruzko eztabaida berpiztu du: zer da adimena, zertan bereizten dira giza adimena eta adimen artifiziala deritzoguna, zer egitura dute oinarrian… Eztabaida horrekin batera, animalien garunen egiturari eta gaitasun kognitiboei buruz... [+]


Eguneraketa berriak daude