"ADISKIDETASUNA DA SALBAZIO SOKA SENDOENA"

  • Gogoeta garaikideak dakartza Joxerra Garzia legazpiarrak "Egonean doazen geziak" Alberdanian plazaratu berri duen liburu urdinean. Bere geziak bezala, egonean biderako prest, hausnarketa eta solasaldirako prest alegia, agertu zaigu idazlea.

2000ko abenduaren 10an
Liburuan zer dagoen? 382 gezi (gezia: armetan arinena). 382 metaforismo: metafora, aforismo, gogoeta, kontaera, gaur egungo bizitza den txiste mingotsaren inguruango iritzi. Umore on ala minez idatzitako liburu poetikoa ala politikoa. Mugimenduan jaurtiak izan eta guregana datozen geziak. Puzzlea, metapuzzlea.

Nola irakurtzekoa da "Egonean doazen geziak"?
Publikatu behar zenean azkeneko ahalegin handiena egin nuen ordenamendu moduko bat egiten. Gezien jokoarekin "Lau-Hiru-Bi-Bat,zero" jarri nien orduan, kapritxoz. Gustatuko litzaidake lehenengo irakurketa behintzat segidan egitea, lau atal horiek halako hari bat baitute. Intentzioz behintzat, nik azkeneko atalean daudenak aurrekoa irakurrita zuenarentzat idatzi nituen.
Lehenengo zatian, "Lau"n, generoen arteko nahasketaren erreibindikazio bat egiten da. Gauza bat poesia izateko ala ez izateko gutxienekoa da egitura grafikoa, ezta? Lerro etenak eta abar. Poesia erreibindikatzen da genero nagusi moduan eta genero horretan inportanteena da hizkuntzaren beharketa lan bat egitea, hau da, hizkuntzari dezakeena eta ez dezakeena esaten ahalegintzea. "Hiru" atalean hemengo egoerari buruz erreflexio gehienak sartu ditut, beharbada gordinenak edo biluzienak. Gaur egun askorentzat norbanakoaren baitan -eta gehienera bikotearekiko- bukatzen da kezken mundua. Nik hirutasun hori, edo izaera sozialaren hirugarren dimentsio ezinbesteko horren erreibindikazioa egiten dut hemen. "Bi" atalean daude bariatuenak, eta batez ere maitasuna, lagunak, eta halako kontuak. Eta gero "Bat, zero" berriro ere da laura etortzeko modu bat, gutxi gorabehera berriz ere generoei buruzko kontua. Baina irakurketa egin baldin bada hasieratik, hara iristen denak gutxi gorabehera jakin behar luke jada nola ikusten ditudan gauzak.
Gero, noski, irakurketa horren ostean, orduan bai izan daiteke unea pixka bat "surfing" edo "zapping" eginez irakurtzeko. Propio eginda dago: batzuk oso aforistikoak dira, beste batzuk poetikoak, beste batzuk pasadizo kontaerak -borroka handiak izan nituen editorearekin gehienetan narratiboenak edo pasadizokoak direnak kentze aldera, eta nik esaten nion ezetz, erreibindikazio hori zegoela justu hor-. Orduan, bertsolari artean nabilela tipo batek zerbait kontatu eta niri kontaera horrek bereziki hunkitu baninduen bere garaian, nik uste dut horrek eskubidea daukala sakontasun-usteko beste batzuekin batera egoteko liburu berean.

Dena segidan irakurrita, "Bi" zati hori momentu batzutan oso ezkorra aurkitu dut. Izan ere, Ezaren apologia egiten duzu zuk, baina heldu da momentu bat zeinetan esperantza non jarriko ote zenuen kezka sortu zaidan. Deskribatzen duzun "eternitatearen amaigabe" hori ez al da nahiko latza ere?
Nik uste dut esperantza hor jarrita dagoela, oso zehatz esan gabe, baina azken batean hirugarren dimentsio horretan esperantza bada zorion klase bat-edo izateko esperantza. Nik behintzat hori ezin dut ulertu inplikazio sozialik gabe, hau da, mugimenduetan inplikaziorik gabe, eta gero, noski, norberak bere inguru pribatuan eraikitzen dituen... bueno uste dut garbi dagoela adiskidetasuna dela salbazio soka bakarra, edo behintzat, sendoena. Asko daude: lagun ona, laguntasun moduak, maitasuna laguntasun moduan ulertuta... hortik doa pixka bat. Baina beti ere horretan gotortu gabe, "Hiru"an dauden beste kontu horiei aurre eginez. Eta gero egongo litzateke erreflexio bat esateko: bueno, eta lagun dituzunak, eta beste gai horretan lagun ez dituzunak, horiekin maila pribatua eta maila publikoa nola ezkontzen den, eta bueno, hori jada norberak erabaki beharreko kontua da, ezta?
Liburuaren aurkezpenean bertan, jendearen iritziz behintzat, agian bi toki diferenteetan egon gaitezkeen Koldo Izagirre eta biok egotea niretzako oso inportantea izan zen. Iruditzen baitzait gero eta gehiago gabiltzala bakoitza berean, eta ematen du kokapen ideologikoak eragin erabatekoa daukala, edo pasatu dugun urte eta erdi lasai horren ostean berriro ere dena hondatzeko arriskua dagoela, ez bakarrik goi mailakoa, baizik eta maila pribatuan ere bai.

Zuk errealitate politikoari oso lotuta idatzi dituzu metaforismo batzuk, adibidez ekidistantziari buruzko gogoeta horiek. Hemen izan ere, gogoeta, gezi asko dago, 382 hain zuzen, eta zuretzat agian batzuk beste batzuk baino inportanteagoak izango dira.
Badira dibertimendu hutsezko batzuk, baina printzipioz ordenean jarrita daude: lehenengo "Hiruko"ak daude ipinita, momentu honetan diskurtso nagusia norbanakoen askatasuna eta bizitza pribatua baitira; nik ez nuen jarri nahi lehenengo dibertimendua eta gero bukaeran hori. Justu liburua kaleratu den momentuan egoera nahiko gaiztoa zen, eta bestela ere nik uste dut hemen bizi denarentzat ez dela "ni bizi naiz, badaukat bizitza pribatu bat, eta gero tarteka joaten naiz lan publikoa egitera", ez da hori. Uste dut ezin dela bereizi maila bat bestetik. Ekidistantziaren hori aspaldiko kontua daukat, eta bai, nik garrantzia handia ematen diot ekidistantziaren gai horri. Hain zuzen ere askotan jaso izan dudalako, idatziz eta bestela, ekidistantzia gorde nahi izatea irain moduan. Orduan, beste aldetik, erreibindikazioa egiten dut definizio horrekin: berdin urruti egotea gauza bat dela, eta bietatik berdin hurbil egon nahi izatea beste gauza bat. Ekidistantziaren kontzeptuari buelta eman eta iraintzat erabiltzen dena laudoriotzat hartzen dut.

Poesiaren inguruan badago gogoeta indartsu bat: poetaren ametsarekin bat egiten duzula-edo, esango nuke. Maria Zambranoren hitzak aipatzen dituzu: "Poetak, filosofoak ez bezala, ez du osotasunik nahi. Errealitate poetikoa nahi du".
Oro har, nik poesiari gutxienez lau egiteko eskatzen dizkiot. Bat da lehenengo onanismoa, hau da, autoplazerra: idazten gozatzen ez duenak seguru asko nekez gozaraziko du liburu horretan. Iruditzen zaidana da bolada batean hori izan ote den hemen egin izan dugun poesiaren alde bakarra. Bigarren, komunikazioa. Eta nik uste dut hori asko arindu dela eta konturatu garela horretaz poesia hori publiko aurrean formato ezberdinetan ematen hasi garenean. Hirugarrena izango litzateke pertinentea izatea. Eta laugarrena, halako balio liturgiko sakratu bat, bizitzan une gogorrenei edo pozgarrienei hitza emateko. Esango nuke jende asko gaudela gizarte honetan nagusi den liturgia katolikoa onartzen ez dugunak, baina ez garela gai izan alternatiba bat bilatzeko. Orduan bi aukera dauzkagu: lagun bat hiltzen zaigunean, edo elizara joan eta txintxo-txintxo egin, edo bestela, mutu egon. Horretarako ere balio ez badu, orduan niri ez zait interesatzen.
Nik uste dut lau funtzio horiek ezin ditzazkeela poesiak bete, hizkuntzak bete, hizkuntzaren beraren kontrako borroka egin gabe. Hizkuntzak informazio mailan esan daitekeen guztia kodifikatuta dauka, baina bide kodifikatu horietatik ezin dugu esan lehendik esanda dagoena baino. Neurri horretan, hizkuntzari esanarazi behar zaio dezakeena eta ez dezakeena, eta nik hala ulertzen ditut Maria Zambranoren hitz horiek, eta horregatik gustatzen zaizkit hainbeste. Esaten dudana, eta esaten ez dudana ere esatea, alegia.

Posmoderniaren ajeei ere egurra ematen diezu. "Jainkozurtz" gauden honetan diskurtso galera larri xamarra dago; datu eta informazio gehiegi dago, baina gero oso zaila da horiei zentzu bat ematea edo diskurtso baliagarri bat eraikitzea: "Informazioaren trailerrak zapalduriko katuak dirudite gaur egungo hainbat eta hainbat artikulu eta hitzaldik."
Kritikatzen dudan posmodernia hori denean da gauza bera: disoluzio bat. Gu zentzu batean gara modernoak, sinetsi izan dugu utopia bat eta abar. Eta orain batetik aldarrikatzen da izaera sozialaren desegitea, norbanakotasuna... diskurtso liberal basati hori dabil bakarrik, eta horren aurrean errebolta moduko bat dago. Hauxe aurkitzen dugu: merkatu librea, norbanakotik gorako identitateek
-herriek, nazioek- ez dute eskubiderik; ideologia bukatu dela esaten dute, merkatu librearena, liberalismoa eta ideologiaren bukaera bera ere ideologia bat ez balira bezala.
Analisi marxistara ohituta daudenentzat, esaten dugu: Hau nola sinetsi daiteke? Eta sinetsi daiteke dabilen ahots bakarra komunikabideetan sinetsi bezala dabilelako, eta orduan posmoderniak dakarren ideologien desegitearen teoria hori hainbeste zabaltzea esplikatu liteke bakarrik komunikabideetan lorito funtzioa betetzen duten asko daudelako. Niretzako, adibidez, momentu honetan euskal gatazkari dagokionez gatazkaren elementu indartsuenetariko bat komunikabideak eurak dira, salbuespen txiki-txiki batzuk ezik. Diskurtsoa artikulatzen da pentsamendu bakar horrek dioena errepikatzean, eta horren kontra badago beste diskurtso bat berdin artikulatuta: zuri-beltzeko diskurtso bat da. Horregatik esaten dut koloretako telebista asmatzeko beharrik ez zegoela errealitatea zuri-beltzean agertzeko. Bi alde enfrentamenduan zuri eta beltz ari direnean, benetan ñabarduren bidez bakarrik dago bat egitea, adostasunera ailegatzea, edo irtenbideak topatzea.

Poetika eta politika uztartzean datza, beraz.
Erreflexio bat dago ez egoera politikoari buruz, baizik egoera politiko honetan poesiak bete dezakeen funtzioa zer nolakoa litzakeen. Metaliteraturatik dagoena ez da nik metaliteratura egiteagatik, eta politikatik dagoena, ez da politika egiteagatik. Baizik eta egoera horri buruzko erreflexioa nola egin litekeen poetikatik, eta zein poetika behar den erreflexio hori egin ahal izateko. Niri ez zait interesatzen diskurtso politikoa bere horretan, ezta diskurtso poetikoa, ez badu deus esaten errealitateari buruz. Beraz, nola lotzen diren bi horiek: horixe da galdera nagusia.


Azkenak
Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude