ALDERDI POPULARRA EUSKAL EKONOMIAREN KONKISTARA

  • Endesa eta Iberdrolaren absortzio bidezko bat-egitearen iragarpenak mahai gainean jarri du PPren gobernuak, itzaletik, euskal enpresa garrantzitsuenak kontrolatzeko asmoz egindako erasoaldia, egoitzak Madrilera eramateko eta enpresen buruan lagunak jartzeko.

2000ko azaroaren 12an
Nahiz eta berriena Iberdrola eta Endesaren arteko bat-egitea izan, garbi dago PPren erasoaldia lehenago hasi zela, esaterako, duela urtebete BBV eta Argentariak bat egin eta BBVA sortu zenean. Hori guztia PPren gobernuak euskal abertzaletasunaren aurka ekindako erasoaren alderdi bat besterik ez da.
Asko dira PPren gobernuak eraso honi ekiteko dituen interes ekonomiko eta politikoak, nahiz eta erabakiak enpresa pribatu horienak direla esan eta gobernuak gizartearen erabaki estrategikoetan inolako zerikusirik ez duela sinestarazten saiatu. Batetortze bitxiak gertatzen dira, esaterako, Endesa eta Iberdrolaren bat-egitearen ondoren sortuko den sozietate berriaren buruan, bi urteko epe baten ondoren, Aznarren lagunetako bat jarriko da lehendakari gisa, Manuel Pizarro. Eta esan gabe doa Iberdrolak Bilbon duen egoitza Madrilera joango dela. BBVAren kasuan, oraingo lehendakariaren ordez, hau da, Ybarraren ordez, Francisco Gonzalez jarriko da, hau da, Aznarren beste lagun bat. Aipatu beharrekoa da bi lehendakari berri horiek ez datozela Neguriko familietatik eta ezta familia handietatik ere, eta horregatik errazagoa dela PPren gobernuak itzaletik bultza ditzakeen estrategiak burutzea.


PIZARRO ETA GONZALEZ, AZNARREN BI LAGUN.

Beste ezer baino lehen esan beharra dago aldaketa hauek ez dutela esan nahi Endesa, Iberdrola eta BBVAko lehengo lehendakariak euskal abertzaletasunaren esparrukoak edo guztiz independenteak zirenik. Ez. Ez Iñigo Oriol eta ez Emilio Ybarra ez dira euskal abertzaleak izan, eta ez dira euskal abertzaletasunaren lagun izan. Guztiz kontrakoa. Tradizio espainiar eta are frankista duten familietakoak dira. Baina haien izendapenak euren familiek sozietate horietan zuten garrantzi ekonomikoagatik egin ziren. Beraz, bertako kontseilariek, Neguriko oligarkiako famili handietakoak gehienak, izendatu zituzten kargu horietarako.
Eta, gainera, Negurikoak izateagatik eta Euskal Herrian tradizio handiko familien oinordeko direlako, harrotasunez defendatu izan dute beren enpresen egoitza Bilbon edukitzea. Egoitza hori Bilbon izateak zergak Bizkaian ordaintzea esan nahi du, eta Iberdrolaren kasuan urtean 50.000 milioi pezeta (2.000 milioi libera) inguru izan daitezke, eta BBVAren kasuan 100.000 milioitik gora pezeta (4.000 milioi libera). Horri guztiari enpresa handi hauek, zeharkako lanpostu ugari sortaraziz, hainbat enpresa txikitan duten indar eragilea gehitu behar zaio.
Euskal Herriko energiaren sektorean badira abian hainbat proiektu, hasiera batean Iberdrolak ere bermatzen zituenak. Bizkaiko badia eta Bilboko Portuko instalazio bergasifikadorearen kasua da, azken honen eraikuntza lanen hasiera egun hauetarako aurreikusten zelarik. Orain, egoitza aldaketaren ondoren eta bat egindako bi enpresa horietako administrazio kontseilu berriek erabakiko dituzten estrategia berrien ondorioz, ikusteko dago zenbaterainokoa izango den euskal proiektu energetiko hauen aldeko apustua.


ERABAKI GUNEAK MADRILERA.

Iberdrolaren Bilboko egoitza desagertu eta Madrilera joateak, Iñigo Oriol Iberdrolaren lehendakaritzatik desagertzeak eta Ybarra BBVAren lehendakaritzatik aurrerantzean kentzeak enpresa horietako erabaki ahalmen guztia Madrilera joatea ekarriko dute, beraz, horien agintea ez da bertako akziodun nagusiak diren familien esku egongo, baizik eta kasuan kasuko Gobernuko lagunen esku, oraingoan PPko lagunen esku. Eta horien egoitzak Madrilera joango dira. Iberdrolaren kasuan, bat-egitea gauzatzen bada, ziurtasun osoz horrela gertatuko da. Eta BBVAren kasuan ere, datozen urteetan horrela gertatuko den itxura osoa du. Hurrengo orrialdeko koadroan jasoko ditugun datuek hala nabarmentzen dute.
Endesa eta Iberdrolaren bat-egitea gauzatzen denean, gaur egungo bi lehendakariak izango dira lehendakarikide 2002. urtera bitartean. Endesaren aldetik, Martin Villa, PPren gobernuak hor jarria bere garaian, eta Iberdrolaren izenean Iñigo Oriol. Epe hori igaro ondoren lehendakaritza bakarra bereganatzeko Manuel Pizarro izendatu dute. Teruelen 1951n jaioa, Aznarren lagun mina da, eta, aldi berean, enpresa eta ekonomia gaietan aholkatzen dio. Esan izan da kargu guztiz distiratsu baterako hautagai izan dela betidanik PPren eskutik. Ministerio sailetarako erabili zen bere izena, baita Espainiako Bankuko Gobernadore izateko eta Telefonicaren moduko enpresen buru izateko ere. Madrilgo Burtsako lehendakari izan da eta, gaur egun, Endesako kontseilari izateaz gainera, CECA Espainiako Kutxen Elkarteko lehendakaria da.
Euskal enpresa handi gehienak, nahiz eta pribatuak izan, kontrolatzeko asmoz PPk ekin dion erasoa, euskal abertzaletasunaren aurkako erasoaren alderdi bat da. Hori da euskal enpresarien artean eta euskal abertzaletasunaren ingurune politikoan dagoen ustea.

BBVA-REN ZUZENDARITZA ARGENTARIA TALDEAREN ESKU GERATZEN ARI DA
BBVAren egoera oso berezia da. BBV eta Argentariaren arteko bat-egitearen ondoren, bankuaren zuzendaritza nagusia eta erabaki gune gehien-gehienak, hau da, zuzendaritzako organigrama osoa, garai bateko BBVko kideek dute, hain zuzen ere bere garaian Banco Bilbaokoak zirenek, eta gerora Banco de Vizcayarekin bat eginez BBV sortu zutenek. Azken aldi honetan gertatzen ari diren mugimendu batzuen arabera, egoera hori aldatzen ari da Argentaria taldekoen mesedetan. Aldaketa hori PP ahalik eta enpresa gehien kontrolatzeko egiten ari den erasoaldiaren barruan kokatzen da.
Emilio Ybarra lehendakari eta Argentariatik zetorren Francisco Gonzalez lehendakarikide izanik, BBVA orain arte BBVko exekutiboek zuzendurik egon da, Pedro Luis Uriarte buru zutela kontseilari ordezkari gisa. Horretaz jabetzeko, nahikoa da zuzendaritzako organigrama edo zuzendaritza batzordea deitu ohi dena begiratzea. Zuzendaritza batzordeko 17 kideetako lekurik garrantzitsuenak BBVtik etorritakoek betetzen dituzte. Besteak beste, aipatutako Ybarra eta Uriartez gainera, honako hauek dira kide horiek: Luis Bastida, Jose Maria Abril, Jose Luis Carranza, Javier Echenique, Mario Fernandez (Garaikoetxearen garaiko lehendakariorde ohia), Jose Ignacio Goirigolzarri eta Jose Ramon Gerediaga. Nahiz eta ofizialki gezurtatu egiten duten, datorren urterako, akziodunen batzar nagusian, BBVtik datozen zuzendari horien kopuru handi bat bankua utzi beharrean izango dela entzuten da, 56 urteko adinera iristen direlako eta, indarrean dagoen legeriaren arabera, aurretiko erretiroa hartzeko egoeran izango liratekeelako.
Bestalde, bat-egiteko akordioaren arabera, Emilio Ybarrak lehendakaritza utzi egin beharko du 2002. urtean eta, bere ordez, orain arte lehendakarikide egon den eta Argentaria taldetik datorren Francisco Gonzalez sartuko da. Zenbaitek dioenez, Zuzendaritza Batzordea Argentariako bere gizonez betetzeko prestaketetan ari da Gonzalez. Eta, nonbait, eraso horretan "desagertarazi" beharreko gizon nagusia Pedro Luis Uriarte da, kontseilari ordezkaria, bera izan baita orain arte eta oraingoz bankuaren negozioko hariak mugitzen dituena. Ez da kudeatzaile txartzat jotzen. BBko zuzendaritzakoa, Garaikoetxearen garaiko Eusko Jaurlaritzako Ogasun kontseilari ohia eta BB eta BVren artean eta BBV eta Argentariaren artean izan ziren bat-egiteen partaide garrantzitsua, Uriarte banku kudeatzaile handitzat jotzen da. Baina botere politikoak, Gonzalez igoarazteko eta Madriletik erakundea kontrolatzeko estrategia duenak, ez du begi onez ikusten "euskal abertzaletzat" hartzen duelako. Eta beste balizko makrooperazioren bat balego ere, Uriartek lehendakaritza hartzea saihestu nahi lukete. Uriarteren etorkizunak, dirudienez, zalantzazkoa izaten jarraitzen du gaur egun.
Garai bateko BB eta BBVko buruak bere lekutik kentzeko estrategia, itxuraz isilean eta zuhur baina etenik gabe ari dira gauzatzen. Bat baino gehiagoren ustez, Gonzalez lehendakaritzaz jabetzen denean eta botere gune guztiak bereganatzen dituenean, BBVAk gaur egun Bilbon duen egoitza Madrilera eramaten saiatuko dira. Madriletik planifikatutako estrategia horrek guztiak irudia eta komunikazioa behar duen heinean, finantza erakunde ororen funtsezko alderdi hori ere bere eragina jasaten ari da BBV eta Argentariaren arteko bat-egitearen lehen unetik. Departamentu horrek funtsezko aldaketak izango ditu laster batean Ybarrak lehendakaritza uzten duenean. Berarekin batera Antonio Fernandezek utziko du bankua, hau da, erakundeekiko harremanetarako zuzendari orokorrak, eta, beraz, komunikazio arloko zuzendariak. Lehenik Sanchez Asianen laguntzaile fidela izan zen eta, gerora, orain arte, Ybarrarena. BBVAn denak batera sartutako garai bateko Argentariako komunikazio eta irudi taldea izango da BBVAren erakundeekiko harremanak eta informazioa kontrolatuko dituena. Javier Ayuso, kazetaria eta Francisco Gonzalezen konfiantzazko gizona, izango da haren arduradun nagusia.

FONDO PUBLIKOEKIN EGINGO DITUZTE AURRETIKO ERRETIROAK
Endesa eta Iberdrolaren arteko bat-egitearen proiektua iragarri baino ordu batzuk lehenago, Endesaren zuzendaritzak aurretiko erretiroetarako plan bat adostu zuen CCOO eta UGTrekin; plan horrek 50 urtetik gorako 5.000 langile ingururi eragingo lioke. Dagokion erregulazio espedientearen ezarpenaren lehenengo bi urteetan langileek langabezia kobratzea aurreikusten da, eta horrek 3.000 milioi pezetako kostua eragingo lieke fondo publikoei (INEMi). Iberdrolaren kasuan ez da horri buruzko ezer ezagutzera eman, baina ziurra da antzeko ezaugarriak izango dituen erregulazio espediente bat egongo dela. Sindikatuetan Endesaren antzeko kopuru batez hitz egiten da, horren arabera, sozietate berrian 10.000 aurretiko erretiro inguru egongo da.
Nolanahi ere, akordio hori Lan Ministerioak onartu beharko du, erregulazio espedienteak fondo publikoen bidez ordaintzen direlako, Gizarte Segurantzaren bidez edo INEMen bidez, langileen -formalki kanporatuak- soldataren zati bat ordaintzen baitute aurretiko erretiroa hartzeko adinera heldu arte. INEMek ordaintzen duena enpresek osatzen dute, langileekin adostutako kopurura iritsi arte.
Horrek esan nahi du, mozkin handiak lortzen dituzten enpresek (Endesak 212.653 milioi pezeta irabazi zituen iaz eta Iberdrolak 127.000 milioi) fondo publikoak erabiltzen dituztela langileen kostuak murrizteko. Eta larriena zera da, bat-egitearen berria zabaldu baino egun batzuk lehenago, Espainiako Gobernuko presidenteak berak, Jose Maria Aznarrek, publikoki arbuiatu zituela aurretiko erretiro planak bere politikaren barruan, hain zuzen ere PSOEren Gobernuan oso eskuzabal erabili zen jokabidea, hainbat sektore birmoldaketa egiteko. Aurretiko erretiro politika arbuiatzeko hauxe esan zuen Aznarrek: "Hautsi beharra dago adinaren mitoa eta 50 urtetik gorako langileek errealitate berrietara egokitzeko gaitasunik ez duten ustea". Zentzuzkoak balira eta esandakoaz behar den koherentziaz jokatuko balute, Lan Ministerioak atzera bota beharko luke Endesak mahaigaineratu duen espedientea edo Iberdrolak proposatu dezakeena.


Azkenak
Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security enpresa isaraeldarrarekin sinatu duen kontratuaren aurkako kexak aurkeztu dituzte

Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security S.L. segurtasun-enpresa kontratatu zuen apirilean. Horren aurrean, kexak aurkeztu dituzte dozenaka herritarrek Metro Bilbaoren bulegoetan, Bilbo-Palestina Herri Ekimena eta Nodo BDZ-Bizkaiak deituta.


48 eragile batu dira Donostian turistifikazioaren aurka antolatutako manifestaziora

BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko Donostiako plataformak ekainaren 15erako deitu du manifestazioa. Turistifikazioa salatu eta hiri eredu alternatiboa aldarrikatuko dute.


2025-06-04 | Caitlin Johnstone
Analisia
Baliteke arratoiak genozidioaren itsasontzitik alde egiten hasi izana

Urtebete eta erdiz sarraski genozidak gauzatu ondoren, Erresuma Batuko zenbait hedabidetako kontseilu editorilek hitza hartu dute, bat-batean, Israel Gazan egiten den sarraskiaren aurka. Establishmenteko gizatxar mediatikoek aldaketa usaina hartu diote haizeari.


Asteazken goizean du desalojo eguna Gasteizko Korda espazioak, eta “erresistentzia” egitera deitu dute

Astelehenean bilera egin zuten gune okupatuko kudeatzaileek 21 Zabalgunea sozietate publikoko ordezkariekin, baina ez zuten inongo akordiorik lortu. Goizeko 8:00etatik aurrera Alde Zaharreko espaziora hurbildu eta erresistentzian parte hartzera deitu dituzte herritarrak.


Israelek janaria jasotzera joaten diren palestinarrak hiltzen jarraitzen du: 27 hil ditu asteartean, eta 90 zauritu

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, AEBek eta Israelek kontrolatzen dituzten laguntza humanitario banatzeko zentroetan 102 palestinar hil dituzte azken zortzi egunetan: "Gerra krimen beldurgarria da, nahita egindakoa eta behin eta berriz errepikatutakoa". Erasoa... [+]


Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati, hil zorian zegoen ume bat artatzeko ospitaleko baliabideak “lan ordutegitik kanpo” erabiltzeagatik

Faltan Botatzen Dugu plataformak eman du gertakariaren berri, eta zaintza aringarrien zerbitzuaren "egoera kritikoa" salatu du. Medikuak haren kontakizuna argitaratu du sare sozialetan, eta jakinarazi du lana utzi duela denbora batez: "Ezinezkoa zait baldintza... [+]


Analisia
Diruz konpondu dira “etxe barruko arazoak”

Urteroko oroimen eta sari banaketa ekitaldia egin du Ertzaintzak Arkautin, Eusko Jaurlaritzako agintarien parte hartzearekin. Duela bi urteko kronikatik aurtengora auziek edota gaiek berdintsuak izaten segitzen badute ere, nabarmena da begiratzeko moduak nola aldatu diren.


Bilboko epaitegi batek arrazoia eman dio ‘phishing’ biktima bati eta Santander bankua zigortu du

Kontsumitzaileen eskubideen defentsan, epaileek ebatzi dute bezeroak ez duela arduragabekeriaz jokatu eta bankuak 1.923 euro itzuli beharko dizkio biktimari.


Amnistia Legea konstituzionala dela ebatziko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak

PPk ezarritako helegiteari erantzunez, legearen testua ia bere osotasunean konstituzionala dela dio auzitegiaren ebazpen proposamenak. Hala ere, legea pertsona gutxi batzuentzat dela dioen argudioan arrazoia eman dio eta herritar guztiei aplikatzea proposatu du.


“Eskola txikiak, herri eta auzo txikiak, bizirik gaude, eta hori ospatzeko elkartuko gara”

Herri txikiak bizirik dauden eremuak direla eta bizirik jarraitzeko herriari begiratuko dion eskola gakoa dela aldarrikatuko dute, aurten ere, Gipuzkoako Eskola Txikien Festan. Ekainaren 8an ospatuko dute, igandean, Ezkio-Itsason, landa guneko herri txikiak hezkuntzarako zein... [+]


2025-06-03 | Mikel Aramendi
ANALISIA | Shangri-La 2025
Elkarrizketa eta harenga nekez etortzen dira bat

Asiako herrialde gehien-gehienak bertan izateak oso izaera eta giro berezia ematen diolako, eta hedabide-estaldura ere halakoa duelako, aparteko sona lortu du hogei urteren buruan IISS-International Institute for Strategic Studies britainiarrak Singapurren antolatzen duen Asia... [+]


Ukraina eta Errusia berriz bildu dira Istanbulen, Kievek Moskuren gerra hegazkinei drone bidez eraso egin berritan

Duela bi aste bezala, mila preso inguru trukatzea adostu dute Ukrainak eta Errusiak, eta batak besteari 6.000 soldaduren gorpuak ere itzuliko dizkio. Trukea egiteko, Moskuk hiru eguneko su-etena eskatu du fronteko hainbat eremutan, eta Kievek Putin eta Zelenski aurrez aurre... [+]


Israeldarren %82 daude Gazako biztanleak bortxaz kanporatzearen alde, inkesta baten arabera

%56k, gainera, bortxazko kanporatze hori "are gehiago zabaltzearen alde" daude: horien esanetan, 1948an Israelek okupatutako lurretan ez litzateke arabiarrik bizi beharko.


Eguneraketa berriak daude