"EUSKAL ABIZENEN METODOAREKIN OSO KRITIKOA NAIZ"

  • Euskal diasporako etorkin asko eta asko ezagutzen du antropologo iparramerikarrak. Elkarrizketa patxadatsuek diasporaren historia osatzen laguntzen diote. Horretan ari da Douglass; euskaldun bakanen historiei osotasun bat eman nahian.

2000ko urriaren 29an
William Douglass Reno-Nevada Unibertsitateko Basque Studies Center-en (Euskal Ikasketa Zentroa) sortzailea da. Antropologo iparramerikarra euskal diaspora ikertzen aspaldi hasi zen. Gero Reno-Nevadako Unibertsitatean euskal ikasketen programa sortu zuen. Hamar bat liburu idatzi ditu euskal gaiari buruz; besteak beste, "Muerte en Murélaga", "Amerikanuak" (Jon Bilbaorekin batera) eta "Azúcar amargo". Iaz Gasteizen burutu zen Euskal Komunitateen Munduko II. Biltzarran "Lagun Onari" saria eman zion Eusko Jaurlaritzak, euskal kultura zabaltzen egindako lanagatik. Unibertsitateko lanetatik jubilatu arren, bere lanarekin jarraitzen du. Orain antipodetan ibilitako euskaldunei buruzko liburua ari da moldatzen.

Euskal gaiak aztertzen dituzu. Zergatik aukeratu zenuen gai hau?
Luzea da azaltzen. Antropologoa naiz eta antropologia sozialean doktoratu nintzen. Euskal Herrira joan nintzen lan bat egitera. Nafarroako Etxalar eta Bizkaiko Murelagan izan nintzen eta han 1961etik 1963ra bitartean, emigrazioa aztertu nuen. Hori baino lehen, hirietarako emigrazioa aztertu nuen. Gero, esperientzia hartan oinarrituta, Renon norbaitek erabaki zuen euskal ikasketen programa bat antolatzea, batez ere euskal presentzia handia zelako Ameriketako mendebaldean, baina baita ere euskal kulturan eta europarrean interesa zutelako. Chicagoko Unibertsitatetik atera nintzenean kontratatu ninduten, 1967an. Ikerketa erakunde batean hasi ginen hemen, campusean, unibertsitate sistemaren barruan. Gure lana ez zen irakaskuntza, ikerketa baizik. Hurrengo urtean Jon Bilbao etorri zen eta gero egitasmoa pixkanaka indartzen joan zen.

Zer egin zenuten programaren lehen urteetan?
Lehenbizi sortu egin behar izan zen, eredurik ez zegoelako. Asmatu egin behar zen. Behar eta aukera batzuei erantzun behar zien, hemen, Amerikako mendebaldean eta Amerikako mundu akademikoaren barruan. Aldi berean zentzua izan behar zuen Euskal Herriko irizpide globalak kontuan hartuta. Garai hartan gure eginkizuna desberdina zen gaur egungoarekin konparatuta. Frankismoaren garaia zen orduan. Euskal Herrian ia ezinezkoa zen esfortzu akademiko-kulturalak sortzea, ez zegoen Euskal Herriko Unibertsitaterik, Deustuko Unibertsitatea bazen, baina ez zituen euskal ikasketak lantzen. Gure programa euskal gaian interes akademikoa zuen uharte txiki bat zen. Urte horietan Euskal Herrian oso zaila zen euskalduntasuna antolatzea eta adieraztea. Ondoren, han izan diren aldaketak kontuan hartuta, programa haren betebeharra aldatu egin zen.

Bada horrelako beste zentrorik?
Nik dakidala ez, bakarra da. Dena den, euskal kolektibitateen artean badaude esfortzuak, tarteka-marteka, euskara irakasteko, hitzaldiak emateko euskal historia eta kulturari buruz.

Ipar Amerikako mendebaldeaz gain, Hego Amerikan eta Australian euskal emigrazioaren arrastoa ere jarraitu duzu.
Bai. Hasieran ez zen hain nabaria, baina gero segituan sortu zen: euskal diaspora, diaspora asko ziren, diaspora baten izaera ulertzea ezinezkoa zen denak kontuan hartu gabe. Emigranteak berak aukera handia zuen garaiaren arabera, bere baldintzen arabera, bere harremanen arabera, ahaidetasunen arabera... Emigrante bakoitzaren erabakia ez zen izaten berezitasunik gabeko aukera, askotan idiosinkratikoa zen. Buenos Airesen osaba bat izanda, oso litekeena zen Buenos Airesera joatea eta ez Idahoko Boisera. Baina batzuetan ez zen hori gertatzen. Buenos Airesen osaba izanda ere Boisera joaten zen emigrantea. Osabaren berriei esker, Argentinako ekonomia ez zegoela une egokian jakiten zelako agian. Euskalduna Boisera joaten zen, ezagunik izan gabe. Euskal diaspora askotan zatitzen da eta bakoitzak bere historia du. Baina historia komuna ere bada eta euskal diaspora globalean elkarlotzen da.

Zerk bultzatzen zuen emigrantea bizitzeko tokia aukeratzerakoan, beharrak ala nahiak?
Biek batera. Idiosinkrasiaren munduan ari zara sartzen. Euskal emigrazioa edo Irlandakoa edo besteren bat azter dezakegu, baina azken finean, emigrantea bera da erabakia hartzen duena. Erabaki haien emaitzak elkartzen ditugu eta batzuetan, historialari edo ikertzaileok orokortu egin dugu bakarkako erabaki horien emaitzetan. Baina emigrantearen ikuspuntutik begiratuta, nik uste dut beraiek ez zituztela kalkulu berdinak egiten. Askoz ere idiosinkratikoagoa izaten da. Batzuetan adibidez, batek film bat ikusten du eta Amerikako mendebaldeaz maitemintzen da. Ondoren, hara doa. Ez da mugitzeko arrazoia, baina azken finean horregatik edo eleberri bat irakurtzeagatik joaten da. Esate baterako, ez du Hego Amerikara bidaiatzea erabaki, beharbada ez zitzaiolako eleberri "gauchesca" bat egokitu. Kontu handia eduki behar da emigrazioaz eta bere motibazioez orokortzerakoan.

Mundu osoan izan ziren euskal emigranteen kopuru bat eman al daiteke?
Inork ez daki hori, kasu gehienetan ez direlako euskaldun bezala kontatzen, espainiarrak edo frantziarrak bezala baizik. Hego Amerika eta Australian berdin. Euskaldun bezala sartzea oso zaila zen. Estatistika ofizialak ere ezin dira onartu, faktore asko sartzen direlako hor. Estatistika zehatzik ez dugu honi buruz. Zeharka badira modu batzuk kontatzeko, baina estimazioak dira.

Zein izan zen emigrazio gehieneko garaia?
XIX. mendearen bigarren erdian izan zen handiena. Masa inmigrazio hau ez zen Euskal Herrikoa bakarrik izan, Europa osokoa baizik. Estatu Batuetan eta Hego Amerikan, independentzia lortu ondoren, herrialdeak jendeztatzeko politika jarri zen abian. Australian ere garapena bultzatu zen jendea erakarriz.

Afrika eta Asian ez al da euskaldunik izan?
Foko txiki batzuk badaude, baina beste era bateko etorkina da. Afrikara dihoan misiolaria ere emigrantea da nire iritziz. Baina modu kolektiboan identifikatzeko moduko neurrian ez da gertatu. Hegoafrika saiatu zen euskaldunak erakartzen, baina ez zuen arrakastarik izan. Kanada, Australia, Zeelanda Berria, Estatu Batuak eta Hego Amerikako beste herrialdeekin konpetitzen ari zen jendea erakartzeko, baina Hegoafrikak beste arazo batzuk zituen eta ez zuen arrakastarik izan. Dena den, bateren bat izango da.

Pangea egitasmoa dela-eta, kontinente bakoitzeko sakonunerik handienak aztertzeari ekin berri diogu. Ipar Amerikan izan ondoren, Australiara eta Hego Amerikara goaz, euskaldun asko bizi diren tokietara. Zer esango zeniguke bi leku hauei buruz?
Gauza asko dago gai honi buruz publikatuta, batez ere Hego Amerikari buruz, Australiari buruz gutxiago. "Azúcar amargo" izeneko liburu bat argitaratuta daukat. Liburuan Australiako euskaldunen eta italiar talde baten arteko konparaketa egiten dut. Oraintxe ari naiz beste liburu bat egiten, antipodetako euskaldunei buruz. Baina, ez duzue euskaldun asko aurkituko Australian. Nire ustez, euskaldunak eta beren ondorengoak ez dira milara iristen. Bukatu da emigrazioa.

Antipodetan, Australiaz gain, bada beste herrialderen bat euskaldun taldearekin?
Zeelanda Berrian-eta izango da norbait, baina oso gutxi izango dira. Dena den, batzuen erreferentzia badut. Australiara, espedizio ofizial antolatu bat izan zen mende honetako 50eko hamarkadan, baina geroztik asko jaitsi da etorkin kopurua. Azukre-kanabera moztera joan ziren, baina berehala mekanizatu egin zen uzta-lan hori. Batzuk gelditu egin ziren, makinak erosi zituzten eta granjaz granja ibiltzen ziren.

Azal ezazu antipodetako liburu horrena.
"Azucar amargo" baino liburu historiografikoagoa izango da. XIX. mendean euskaldun gutxi batzuk Australian izan zireneko datu batzuk baditut: itsasgizonak, abentureroak... Canberran jaso ditut datu batzuk, horien artean nazionalizatu nahi izan zuten batzuen artxiboa eskuratu dut, euskaldun batzuk agertzen dira tartean. Datu horietatik abiatu nintzen eta maiatzean hilabete osoa igaro nuen Australian datuak eguneratzeko asmoz. Euskaldun eta italiarren inguruko lana 1982 inguruan egin nuen eta horrekin idatzi nuen "Azúcar amargo". Geroztik askotan itzuli naiz Australiara. Liburua erabat eguneratzeko beste hilabete bat igaroko dut eta liburua bukatutzat joko dut.

Euskaldunen arrastoa jarraitzeko zer egiten duzu, zertan oinarritzen zara, nola topatzen dituzu diasporako etorkinak?
Biderik onena, pixkanaka, ezagunen bidez "elur bola" deitzen dugun lagina egitea da. Euskal abizenak kontuan hartuta ere saia gaitezke, baina hori oso mugatua da. Oso kritikoa naiz metodologia horrekin, hau da, edozein euskal abizen duenari deitzearena ez zait egokiena iruditzen. XVIII. mendeko lagun bat Zacatecasen euskalduna izan daiteke edo ez. Bere ekintzen arabera dago hori: euskaldun batekin ezkontzen bada bai, meategi batean beste bi euskaldunekin bazkide baldin bada... Bere abizena baino datu gehiago baldin badaude euskalduna dela esateko lagun hori interesatzen zait, baina abizenarengatik bakarrik ez. Mundu berri honetan erraza da nahastea, euskal abizena duen mestizo eta ladino asko dagoelako. Beltzak ere bai. Mundu berrian abizenengatik lan egitea oso arriskutsua da.

Diasporako kideekin elkarrizketak egiten hasi zinenean nola hartzen zintuzten, uzkurra zen jendea ezer kontatzeko? Beraien bizitzak inorentzat interesa izatearekin harrituko ziren bada.
Ez. Hasieran denok uste dugu bizilaguna itxia dela, baina ez da beti horrela gertatzen. Norbait gutaz interesatzen denean erantzuten hasten gara. Horrelako adibideak askotan gertatu zaizkit antropologo bizitzan zehar. Adinekoengandik asko ikasten dugu antropologook eta sarri joan behar izan dut adinekoak bisitatzera. Zahar hauek elkarrizketatzera joan eta familiak esan ohi dit ez duela ezer kontatuko, ez zaiola gustatzen bere bizitzaz hitz egitea, inoiz ez duela gai horiei buruz familiarekin hitz egiten... Gero, berarekin eseri eta elkarrizketa aurrera doan heinean, oso pozik dago adinekoa ordura arte inork ez duelako interesik agertu bere kontuetaz. Egia esan, aurkako kasuak ere badaude.

Zein hizkuntza erabili ohi duzu elkarrizketetan?
Batez ere gaztelera erabiltzen dut, baina Amerikako mendebaldean eta Australian batez ere ingelesa. Dena den, Australian euskaldun bati italieraz egin behar izan nion elkarrizketa, garai hartan Australiara joan ziren euskaldunek hala ikasi zutelako, barraketako hizkuntza ikasi zutelako.

Diasporako lurralde horietan, non gorde da hobeto euskal kontzientzia, kultura, hizkuntza?
Oso zaila da orokorrean hitz egitea. Beti masa kritikoaren gaia jorratu behar da. Nortasuna mantentzeko eta adierazteko gutxiengo biztanleria kopuru bat behar da. Australian adibidez, oso gutxi dira eta oso sakabanatuta daude kontinente handian zehar. Bizpahiru euskal elkarte sortu dira, baina, hala ere, zaila da euskal nortasuna mantentzea. Amerikako mendebaldean diasporako kideak gehiago dira, Argentinan asko dira. Herrialde honetako adibidea interesgarria da. Oker ez banago 60 elkarte baino gehiago daude eta gutxi gorabehera 18.000 bat bazkide daude. Ondorengoak kontuan hartuz, milioi bat euskaldun dagoela esaten dute batzuk. Baina mantentzen al dute euskal argentinarrek beren nortasuna? 18.000 horiek bai, mantentzen dute nortasuna, baina badira beste 50.000 ezer egiten ez dutenak. Arrazoi askorengatik ez dira elkartzen, baina oso euskaldunak sentitzen dira. Hala ere, bistakoa da euskaldunen ehunka mila ondorengoek ez dutela "erlijioa praktikatzen". Argentinan, beste edozein herrialderekin alderatuz gero, euskal nortasunaren adierazpena handia da. Baina gutxienez aitona euskalduna duen kopurua kontuan hartzen badugu konparaketa ez da alaitzekoa.

Gerra Zibilaren ondorengo emigrazioa oso desberdina da, kulturalki ere bai.
Bai, noski. Gerrak intelektual eta profesional asko sakabanatu zituen, batez ere Latinoamerikan, Ipar Amerika eta Australiara ez ziren asko etorri. Euskal emigrazioa mundu anglosajonera langileen emigrazioa izan da batez ere. Destinoaren arabera moeta desberdinetako langileak. Iritsitakoan lan desberdinak egin zituzten. Australia adibidez ardi gehien dituen herrialdea da, baina nik dakidala ez da euskaldunik izan artzantzan. EEBBetan berriz, gehienak, garai batean behintzat artzainak izan ziren


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude