BETIKO GAIXOTASUN BATEN MITOA ETA ERREALITATEA

  • Depresioa gizakiak betidanik ezagutu duen gaixotasuna da; ez da berria, nahiz eta gaur egun berataz inoiz baino gehiago hitz egin. Arazoa, adituen esanetan, jendeak askotan zertaz hitz egiten duen ez dakiela da, gehienetan depresioa eta tristezia, malenkonia eta gogorik eza nahasten baititu. Depresioa gaixotasun psikiatriko bat da, eta horrelaxe tratatu behar da gaizkiulertzerik egon ez dadin. Gauzak horrela, "usteak erdi ustel" esaldiak gai honetan nagusi izaten jarrai ez dezan, besteak beste, Alvaro Iruin adituarekin izan gara. Berak gaitz honetaz informazioa eskaini eta berau desmitifikatzen lagundu digu.

2000ko urriaren 08an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Gaur egun inoiz baino gehiago hitz egiten da depresioari buruz, eta askok jaio berri den mende honetako gaitza izango dela pronostikatu dute, baina horrek ez du gaixotasunaz beraz lehen baino askoz gehiago dakigunik esan nahi eta ezta ere, oraindik tristezia arrunta eta gaixotasun baten artean ezberdintzen ikasi dugunik. Aspalditik datorkigun gaia denez, bere atzetik mendetan garatutako mito eta usteak dakartza, askotan medikuntzarekin zerikusi gutxi dutenak.


DEPRESIOA ZER DEN ETA ZER EZ DEN.

Lehenbizi gauza bat argi utzi behar dugu, hots, adituentzat depresioaz hitz egiten dugunean "depresio klinikoa" delakoaz ari garela, hau da, laguntza klinikoa behar duen gaixotasun zehatz batetaz. Ez da norbait edo zerbait galdu ostean sentitzen dugun oinazea, ezta bizitzaren beheranzko ziklo bat, bizitza igoera zein jaitsiera ugarik osatzen baitute. Maite dugun norbait galtzean goibel sentitzen gara, baina ez diogu eguneroko gauzak egiteari uzten; depresioaren eraginez askotan bai.
Aditu hauen esanetan, depresioa gorputz osoari, gogo-aldarteari eta pentsamenduei eragiten dien gaixotasuna da, norberak jaten edota lo egiten duen moduari, desio sexualari, norberari buruzko iritziari edota orokorrean bizitza kontzeptuari. Gainera, malenkoniak gizartea eta gaixoaren arteko harresi bat ezartzen du, bigarrena isolamendu-egoeran barneratuz.
Beste alde batetik, gaixotasuna denez geroztik, psikiatrek oraindik ez dute zehatz-mehatz zerk eta nola eragiten duen ezagutzen, gai horretan askotxo falta baita ikertzeko.


BETIDANIK GUREKIN IZAN DEN GAITZA.

Nahiz eta gaur egun inoiz baino gehiago hitz egin arazoari buruz, ezin dugu gaixotasun hau berria denik pentsatu, depresioa gizatasuna bezain zaharra baita. Esaterako, Kristo aurreko 1990. urtean idatzitako olerki batek "Bizitzeaz nekaturik zegoen gizona" zuen izenburu. Hala ere, hainbat mendetan zehar kutsu erromantikoa gorde izan du, nahiz eta gaixotasun oso zabala izan medikuek ez ziotelako osabiderik aurkitzen. Ondorioz, orduko filosofo eta olerkariek bizitzan zehar beharrezko garaitzat jotzea erabaki zuten.
Hainbat artista eta intelektualek tratatzeari uko egiten zioten, beren sortzeko sentiberatasuna galtzeko beldur. Honekin lotuta, denok entzun dugu noizbait horrelako kasuren bat, "jenio" baten lanik kotizatuenak bere garai pertsonalik ilunenean sortutakoak izan omen direla, batzuetan droga eta bestelakoen bidez apropos bilatutako garai ilunenetan, alegia.


ARRAZOI NAGUSIA, GENETIKOA ALA ETXEAN IKASITAKOA.

Gure gizartean hain zabala den ideiaren aurka (depresioa eragile sozialek sortzen dutela) gaixotasun honetarantz eraman dezakeen arrazoirik garrantzitsuena eta oinarrizkoena deprimituarengan berarengan bilatu behar da, genetika ala heredentzia arazoak direla-eta. Alvaro Iruinek, Donostiako Ospitale Psikiatrikoko gerenteak aipatzen digun bezala: "Gizarteari denaren errua bota baino lehen komeniko litzateke gaixoaren historial familiarrari begirada bat eskaintzea, gizartearen eragina baino sendi-heredentziaren eragina -bai genetikoki etorria zein etxean ikasitakoa- frogatuagoa dagoelako".
Beraz, guregandik kanpoko faktoreek muga bateraino eragiten gaituzte soilik: "Zuk eta biok ikusten ditugun gizarte eta giza-estereotipo berberak ikusten dituzten pertsona batzuk deprimitu egiten dira, baina beste asko ez; arazoa zera da, gure gizartean depresioa tristeziaz nahasten dela, eta eragile sozialak garrantzitsuenak iruditzen bazaizkigu zeragatik da, depresiotzat depresio ez dena katalogatu dugulako; ez banago pozik ez nago pozik eta kito, baina horrek ez du esan nahi deprimitua nagoenik" jarraitzen du Iruin sendagileak askoren usteak ezeztatuz.
Gainera, normalean gero eta gaixotasun larriagoa izan orduan eta heredentziaren erru handiagoa izan ohi da. Hori bai, heredentzia ez da automatikoa, eta seme-alaba gaixo eta osasuntsuen arteko konbinaketak infinitoak dira, aurrekoak ez baitu esan nahi guraso depresiboengandiko seme-alaba guztiak deprimitu behar direnik, ezta gutxiagorik ere.
Beste alde batetik, heredentziaren garrantzia hau hasieratik argi utzirik, eta beti gaixotasuna garatzeko oinarri genetiko ala ikasi bat behar dugula izan kontuan hartuz, jadanik egoera depresibo arinetaz aritu gaitezke, gizartean "depresio"tzat hartzen den horretaz, alegia. Gure jarrera eta portaerak eragiten dituzten estereotipoz inguratuta bizi gara, lehiakortasuna eta perfekzioaren idealak hala nola eta ondorioz, pertsona askok ez dio bizitzari benetako arrazoirik aurkitzen, artifizialegia iruditzen zaio.
Maria Jesus Soriano psikologoak "Depresioaren Garaia" artikuluan aipatzen duen moduan, "Emakume eta gizon osasuntsuak emakume eta gizon askeak dira, direna direla onartzeko ausardia erakusten dutenez gero. Horixe da beren koalitatea, eta horrelakoak ez izatea beren defektu eta gaixotasun bakarra litzateke. Depresioa, beraz, 'izan'aren gaixotasuna da".
Gauzak horrela, lehenbizi goibeltasunera eta gero -agian- depresiora bultza dezaketen zenbait eragile sozial, (beti ere kontuan hartu azken arrazoia pertsonarengan berarengan dagoela eta honako hauek adibide sinpleak besterik ez direla) eremu hauetan aurki genitzake: lan-mundua (lehiakortasun eta borroka gero eta sutsuagoak), perfekzioaren ideia (estetikaren estereotipoak kasu), kontsumo-gizartea (etengabe besteak duena desiratzea, dena nahi izatea), emakumetasuna (andre izateagatik gizartean bete beharreko bigarren mailako rola), bizitza-etapak (bizitzan heltzen joan beharrean gaztaro mentalean geratu).


MALENKONIAREN SINTOMA PSIKOLOGIKOAK.

Arrazoi hauen guztien eraginez, kanpotik ikusita behintzat (gaixoa ez baita askotan konturatzen), deprimituek beren esperientziak deformatzen dituzte, gertaera zehatz ala garrantzia gutxikoak porrot ala errefusatze pertsonala bihurtuz. Edozein egoera, exageratu edo orokor bihurtzen dute, dena euren aurka dagoela ikusten dute eta gertaera positiboak kontuan hartzeari uko egiten diote.
Prozesu hau hobeto ulertzeko, Albert Ellis-ek ABD eskemaren bidez azaldu zuen, hainbat adibideren bitartez azal daitekeena:
A. 40 urte bete behar ditut (gertaera).
B. Zahartzen ari naiz, ez dut ezertarako denborarik, ez dut ezer garrantzitsurik egin, sexualki huts egingo dut... (gertaerari buruzko pentsamendua).
D. Depresioa, ezinegona, isolamendua, bikote-aldaketa, angustia... (ondorioa).
Albert Ellisen esanetan, jendeak uste du D A-ren ondorioa dela, baina ez da horrela, B-ren ondorio delako, hots, depresioa ez da gertaeren errua, gertaerei buruzko gure pentsamendu negatiboen errua baizik; gertaera berari buruzko pentsamendua baikorra izanez gero depresioak ez du zereginik.
Horrela, Alvaro Iruinen esanetan, "B edo gertaerari buruzko pentsamenduak horretan gera daitezke, besterik gabe, eta ez depresioan bukatu, prozesua ez delako batere automatikoa; edota, beste aukera batean, baliteke pentsamendu txar horiek dituzunerako, dagoeneko, deprimitua izatea eta horrenbestez, prozesuari itzulia ematea". Beraz, hemen ere ez dago beti orokortzerik, esan ohi den moduan "pertsona bakoitza mundu bat" delako

MALENKONIAZ ESAN DIRENAK
"Suizidioan pentsatu nuen. Eta une haietan nire ardurarik handiena zera zen, "New York Times"en nekrologia-orrialdea idatziko zuena ez nintzela neu izango".

ART BUCHWALD
"Orain gizakien arteko miserableena sentitzen naiz. Sentitzen ari naizena giza-sendi osoaren artean banatuko balitz, ez legoke Lurrean aurpegi zoriontsu bakar bat ere. Etorkizuneko uneren batean hobeto sentituko banaiz ezin dut esan. Hain gaizki sentitzen naiz ezen ezin baitut etorkizunik ikusi, nahiz eta sentitzen naizen moduan jarraitzea ezinezkoa den. Bi aukera besterik ez ditudala uste dut: Hil ala hobeto sentitu".

ABRAHAM LINCOLN
"Gizartetik aldendu nintzen, nahiz eta ez nuen horrelako asmorik. Nire buruaren preso bihurtu nintzen, eta ziega batean sartu nintzen; eta orain ezin dut askatzea utziko lidakeen giltza aurkitu".

NATHANIEL HAWTHORNE
"Pertsona ezkorra airean espetxeak eraikitzen dituen pertsona da".

WALTER WINCHELL
"Behin ospitale psikiatriko batetik bota ninduten, beste gaixoak deprimitzen nituelako".

OSCAR LEVANT
"Natura lasai eta zoriontsudunak ez du ia adinaren pisua nabaritzen, baina alderantzizko jarrera duenarentzat gaztaro zein zahartzaro berdin dira zama".

PLATON
"Ez zaitez inoiz joan kontsultan dituen landareak hiltzen zaizkion mediku batengana".

ERMA BOMBECK
"Buruak bere espazio propioa sortzen du, eta berez zerua infernu eta infernua paradisu bihur ditzake".

JOHN MILTON
"Badago esfortzu gehiago jartzen dugun ezer, gu geu ez-zoriontsu bihurtzen baino?".

BENJAMIN FRANKLIN
"Bizitza laburregia da perretxiko batekin itotzeko".

STORM JAMESON
"Bizitza gozamen txikiez egina dago. Zoriontasuna garrantzirik gabeko arrakasta horiek eraikia dago. Arrakasta handiak urriegiak dira. Eta arrakastatxo horiek guztiak biltzen ez badituzu, handiek ez dizute benetan ezertarako balio izango".

NORMAN LEAR
"Zein bizitza miragarriagoa izan dudan! Lehenago konturatu ahal nuen!"

SIDONIE GABRIELLE COLETTE
"Ez da aberatsa ondasun ugari duena, burua pozik duena baizik".

MAHOMA
"Norberak nahi duen bakarra zoriontsu izatea balitz hori erraza litzateke; baina guk besteek baino zoriontsuago izan nahi dugu eta hori beti da zaila, besteak benetan direna baino zoriontsuago direla uste dugulako".

MONTESQUIEU

Azkenak
Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude